- EBk lortu berri duen itunari buruz berriz eztabaidatu nahi du Poloniak
- Europako Presidentetza hartuko du Portugalek bihar, eta horrelakorik ez duela onartuko esan du
- Berria, 2007-06-30 # Amagoia Mujika
Polonia ez dago konforme joan den astean Europako Erreforma Itunari buruz hitzartutakoak besterik gabe aurrera egin dezan. EBko goi bileran Poloniako agintariak, Kaczynski bikiak, arerio gogorrenak izan ziren akordioa lortzerakoan. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak kostata lortu zuen haiekin ados jartzea, baina orduan hitzartutakoan beste urrats bat egin nahi du Poloniak, udazkenean akordioa itxi aurretik: boto sistemari buruzko eztabaida berriz piztu nahi du, Europako Segurtasun Kontseiluko hainbat erabaki blokeatzeko boterea itunean idatzirik jartzeko. Portugalek, ordea, ez du «inolaz ere» hori onartuko. Bihar hartuko dio lekukoa Jose Socrates Portugalgo lehen ministroak Merkeli, EBko txandakako presidentetza karguan, eta Lisboan sinatuko dute udazkenean ituna.
Jose Socratesek esan du Portugalek lehentasuna emango diola Erreforma Itunari, Europako presidentetza duen bitartean, urte amaiera arte, eta ez du aldaketarik onartuko Bruselan lortutako trazo nagusietan. «Udazkenean Europak behin betiko ituna izan behar du». Jaroslaw Kaczynski Poloniako lehen ministroak esan du Europako erabakiak gutxiengoan dauden herriek bi urtez blokatzeko modua dutela, eta horrek idatzirik agertu behar duela itunean. EBko ordezkariek, ordea, ez dute gauza bera pentsatzen. Horien arabera, Bruselan hitzartutakoak erabakiak bi edo hiru hilabetez atzeratzeko aukera ematen du.
Poloniak EBk ezarri nahi duen boto sistema abian jartzeko epea atzeratzea lortu zuen Bruselako negoziazioetan. 2009an ezarri ordez, 2014an jarriko dute, eta 2017ra arte hainbat erabaki atzeratzeko aukera izango dute gutxiengoan dauden herriek. Baina 2014tik 2017ra atzera daitezkeen erabakien epea da orain eztabaida pizten ari dena, eta, gainera, hori idatzirik jartzea nahi du Poloniak.
Jose Socrates Portugalgo lehen ministroak bihar hartuko du ofizialki EBko txandakako presidentetza, baina jada eman du Gobernuen arteko Konferentziak Erreforma Ituna idazteko erabaki duen data: uztailaren 27an izango da. 27 estatuetako ordezkariek idatziko dute Bruselan hitzartutakoa, eta Socratesek aldaketarik ez duela onartuko esan duen arren, eztabaida sutsuak espero dira udazkena bitartean. «Lan zaila eta oso teknikoa» izango da». Idazterakoan arazoak badaude, idazketa batzordeko kideekin batera Atzerri ministroak egongo dira, aurrera egin ahal izateko.
Kaczynski anaiei ez ezik, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteari ere ezezkoa eman dio Sokratesek, baina beste bai baten inguruan. Sarkozyk proposatu zuen EBra sartu nahi duten herriei buruzko eztabaida hastea, datorren abenduko goi bileran. «Itunak nahikoa lan emango digu, eta ez dut uste beste gai labainkor batean sartu behar dugunik». Manuel Lobo Altunes Europako gaietarako Portugalgo idazkariak hori uste du. Frantziak ez du inolaz ere Turkia EBren barruan ikusi nahi, eta asteon negoziazioak hasteko bidea blokatzea lortu du.
Portugalek begi onez ikusten du Turkia EBn sartzea, eta negoziazioek jarraitu behar dutela uste du Lobo Altunesek. «Halere, Ankarak Europako Batasunaren baldintzak bete behar ditu eta, horretarako, bide luzea egin behar du».
Kosovoko independentzia ere gai eztabaidatua izango da Portugalgo presidentetzak iraun artean.
- Kaczynskitarren diktadura morala
- Europako Batzordeak jarrera homofobikoak zigortuko dituela esan du, baina EBko itunaren zirriborroak hori egitea onartzen dio Poloniari.
Poloniako herritar guztiak ez dira katolikoak, edozeren gainetik; ez dute denek sinesten gay eta lesbianak anormalak direla, edo homosexualitatea moda bat dela. Abortua bekatua dela sinestea ere ez dute ulertzen. Baina Kaczynskitarrek bai. Giza balio horiek familiaren integritatea arriskuan jartzen dute, Poloniako agintari bikientzat. Poloniako Gobernua islamikoa balitz, gobernu talibana izango litzateke, baina katolikoak dira: muturreko katolikoak.
Europako Batasunak ere men egin du bikien esanetara, baina oraindik garaiz dago nolabait onartu diona atzera botatzeko. Giza Eskubideen Itunean klausula berezi bat lortu dute non espresuki jasotzen den Europako Batasunak ez duela Poloniak irizten dion moralitatean eskua sartuko, familiaren integritatean. Europako Batzordeak esan zuen atzo ez zuela inolaz ere jarrera homofibikorik onartuko, baina ikusteko egongo da, bikien klausula onartuz gero. Hala balitz, eskoletan homosexualitateari buruz hitz egiten duten irakasleek ezingo dute Luxenburgoko Auzitegian helegitea aurkeztu, horregatik zigorra jartzen badiote. EBk neurririk hartuko ez balu, Roman Giertych Hezkuntza ministroak arazorik gabe debekatuko luke «moral publikoa, familia eta integritate fisikoa» arriskuan jarriko lukeen edozer, hau da, gay eta lesbianen kontrako zigorrak ezartzeaz gainera, berdintasunaren aldeko jarrera asko.
Poloniako adin txikikoen defendatzaileak ikerketa bat zabaldu zuen telebistan agertzen ziren panpinen joera sexuala egokia zen aztertzeko. Horietako batek «jarrera, mugitzeko modu anormala» zuen. Hori zabaldu zenean, teletubbiak desagertu egin ziren dendetatik. Ikerketa ezertan geratu ez bazen ere, jende askok protesta gisara erosi zituen panpinak. Baina ez. Bikiek ez dute ezer homosexualen kontra. «Euren klubak dituzte, eta gu ez gara hor sartzen. Hori gauza bat da, eta bestea, ezkontzea eta haurrak adoptatzea».
No comments:
Post a Comment