2007/06/28

> Erreportajea: Ekainak 28 > EHGAMEK 30 URTE BETE DITU AURTEN: ASKAPENAREN ALDEKO BORROKA LUZEA

  • Askapenaren aldeko borroka luzea
  • EHGAMek 30 urte bete ditu aurten; gaur kalera aterako da beste hainbat elkarterekin batera
  • Irutxuloko Hitza, 2007-06-28 # Amaia Portugal

Ekainaren 28a izaki, beste behin ere, hainbat elkartek Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualen Harrotasunaren Eguna ospatuko dute gaur Donostian. Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua izango da horietako bat. EHGAMek 30 urte bete ditu aurten.


EHGAM 1977an jaio zen, nahiz eta bi urte geroago izan zen gertaera tamalgarri batek jarri zuen taldea benetan lanean. 1979ko ekainaren 10ean, mozkortuta zegoen Espainiako polizia batek Errenteria-Oreretako Francisco Vicente Vadillo Francis gaztea tiroka hil zuen, eta pertsona askoren kontzientzia piztu zuen horrek. Gipuzkoako EHGAMeko kide Mikel Martin Konderen arabera, «Francis trabesti lanetan aritzen zen. Bere burua zen bezalakoa onartzen zuen, eta oso ezaguna zen herrian».


Gertaera hark jendea hunkitu zuen, eta asko kalera atera ziren protesta egitera. Haien artean, gay, lesbiana eta transexualen eskubideen aldeko talde jaioberri bat: EHGAM. Hemen gaude eta ez gara ezkutatzen edo Homosexualitatea kalera ziren taldearen aldarrikapenetako batzuk. Izan ere, aldarrikapenek garrantzia handia izan zuten garai hartan. «Isiltasuna hautsi genuen; lehen aldiz geuk hartu genuen hitza». Lehen urratsa emanda zegoen, eta EHGAMek gogor lan egiteari ekin zion. Kartelak, hitzaldiak, erakusketak...


Gainera, herriz herri ekitaldiak egin zituzten. Martinen hitzetan, «lehen jendea hiriburuetara joaten zen, herrietan gizarte kontrol handia zegoelako. Arazo hori konpontzeko, herrietara jo behar genuela erabaki genuen». Gizartea sentsibilizatzea zen helburua eta, bide batez, gay, lesbiana eta transexualen bizi-kalitatea hobetzea. Horretarako, eztabaidak ere antolatu zituzten: «Eguneroko esperientziak elkar trukatzen genituen, eta haietan oinarrituta, gure aldarrikapenak bideratzen genituen».


Ekitaldi ugari antolatzearekin nahikoa lan ez, eta EHGAMek beste arazo bati aurre egin behar izan zion 80ko hamarkada hasieran: legeztatzea. 1979tik aurrera, Espainiako Elkarteen Erregistroan sartzeko borrokan aritu ziren, eta lauzpabost urte behar izan zituzten helburua betetzeko. Dena dela, kalean onespena lortua zuten, eta horixe zen garrantzitsuena: «Legezko onarpena axola zitzaigun, baina ez horrenbeste».


Gay, lesbiana eta transexualen mugimenduaren hasierako urte korapilatsu haiek beren emaitza ekarri zuten. Atzera begiratuz gero, argi dago gauza batzuk onerako aldatu direla. Adibidez, EHGAMen eta antzeko taldeen lorpen handienetako bat 1979an homosexualitatea Espainiako Giza Arriskugarritasun Legetik kentzea izan zen. «Buelta eman zaio horri; gaur egun, homofobia zigortzen baita», dio Martinek. Era berean, mugimenduaren onarpena handiagoa da duela 25 urte baino. Horrek ere lagundu du, besteak beste, Espainiako Parlamentuak pertsona homosexualak ezkontzea ahalbidetzen duen legea onar zezan. Baita Genero Identitatearen Legea ere. Erakundeei dagokienez, aldaketa nabarmena izan da, Martinen hitzetan: «Euskal Herrian, 150 lagun inguru daude sexu aukerarengatik edozein arazo duenari laguntzeko prest».


Etorkizunera begira, hezkuntza da EHGAMen erronka nagusietako bat. Elkarteak eskoletan giza sexualitatea, bere osotasunean landu dadin nahi du. Eta hedabideei dagokienez, sexu aniztasunari ematen dioten tratamenduari ere «errepasoa» egin behar zaiola uste dute EHGAMen. Osakidetzari zuzendutako erronkak ere badituzte, EHGAMek sexu aldaketa egiteko ebakuntza serio har dezan eskatu baitio. Martinen iritziz, «asko hitz egin behar da oraindik, eta autokritika ere egin behar dugu. Ez dut uste dena ondo egin dugunik».


Festa Bulebarrean
Urtero bezala, ekainaren 28a dela eta, manifestazioa izango da gaur hainbat udalerritan; baita Donostian ere. Gay, lesbiana, bisexual eta transexualen elkarteek 19:30erako egin dute deialdia, Bulebarrean. Gainera, atzoz geroztik eta igandera arte, Kursaalak argiztapen berezia izango du. Izan ere, mugimenduok bere egin dituzten ostadarraren koloreek argiztatuko baitute gauez Zurriolako eraikina.


Gehituk ere, hamar urte aurten
Gehituk ere urteurren borobila du aurten. Izan ere, datorren urrian hamar urte beteko ditu elkarte honek. Hain zuzen ere, hamar urteotako bilakaerari dagokionez oso baikor agertu da Koldobike Mujika Gehituko kidea: «Positiboa izan da erabat».


«Kanpoko egoera ikusita beharrezkoa zelako hasi zen talde bat», azaldu du Jauregik, Gehituren sorrerari dagokionez. Hasieran taldean gizonezkoak besterik ez bazeuden ere, gero emakumezkoak ere sartu ziren, eta dezente, gainera: «Emakume asko dira bazkide orain».


Gizartean normalizazioa ematen ari dela dio Mujikak, eta legalki ere bidea egin da. Esaterako, Eusko Legebiltzarrean egin zen Izatezko Bikote Legearen onespena eta bikote homosexualak ezkontzea ahalbidetzeko Espainiako Parlamentuak aurrera ateratako legea azpimarratu ditu. «Horietan parte-hartze handia izan dugu».


Azkenaldian hainbat kanpaina ditu martxan Gehituk, elkartearen bilakaera positiboaren erakusgarri. Alde batetik, ikastetxeetan Hitz egin dezagun homosexualitateaz kanpaina egin zuten duela hilabete batzuk, eta orain balorazioa egiten ari dira. Era berean, 2005 urte bukaeran Lesgayzale kanpainari ekin zion. Donostian eta hainbat herritan, dendaz denda ibili eta atxikimendua eskatu dute kanpaina honen bitartez.


Kaldereroen konpartsa, Olentzero eta Santa Agedako abesbatzak, mendi irteerak... Hamar urteren ondoren, oso talde aktiboa da Gehitu.

No comments: