Showing posts with label Maroko. Show all posts
Showing posts with label Maroko. Show all posts

2009/11/20

> Iritzia: Gara > EMAKUME SAHARAR "ARRISKUTSUA"

  • Emakume saharar «arriskutsua»
  • Gara, 2009-11-20 # Editoriala
Lanzaroteko (Kanaria uharteak) aireportuan gose greban dagoen emakumea arriskutsua dela esango luke polizia guztiak herritarren zerbitzuko lagunak direla sinesten duenak, azken egunotan bi polizia motarekin jardun baitu sesioan. Marokoko Poliziak Aaiunen (Mendebaldeko Sahara) sartzen utzi ez eta Kanaria uharteetara kanporatu ondoren, Guardia Zibilak gauero aireportutik botatzen du. Emakume hori Aminatu Haidar ekintzaile sahararra da. Bere osasun egoera makala gorabehera, astebete darama gose greban, Marokoko Gobernua salatzeko protestan. Eta, GARAk egin zion elkarrizketan argi utzi zuenez, Gobernu espainola salatzeko ere bai.

Susmagarria da Haidarren kanporaketa eta Madrilen kolaborazioa Nazio Batuen Erakundea Mendebaldeko Sahararen gaineko negoziazioak sustatzen ari denean gertatu izana. NBEk Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidearen aldeko ebazpenak eman ditu, baita Marokok sahararren giza eskubideak urratzen dituela salatu ere; hala ere, nazioarteko komunitateak beste alde batera begiratu nahiago du, eta Gobernu espainolaren kasuan jarrera hori larriagoa da. Horregatik Haidarrek bere protestarekin, bere bizia arriskuan jarrita, nabarmen utzi du Madrilgo Gobernua, oraingoan bere deportazioaren konplize gisa. Gauza jakina da Estatu espainola -bereziki gizabanakoen eta herrien eskubideen gaineko gaietan- ez dela NBEren ebazpenak aintzat hartu zalea, eta kolonia izan zuen Mendebaldeko Sahararen kasuan haren erantzukizuna handiagoa da, bere zor historikoa kitatu beharrean, handitu egin baitu. Interes aitorrezinak -baina ezagunak- direla eta, Rabaten estrategiaren kolaboratzailea da; errege espainolaren «anaia txikiaren» kolaboratzailea, alegia.

Horiek horrela, Aminatu Haidarrek, emakume arriskutsu horrek, Estatuko herrietatik jaso duen elkartasuna azpimarratu du. Izan ere, nazioarteko komunitatearen ezaxola eta hipokrisiaren aurrean, sahararrek ezinbestekoa dute herrien elkartasuna.

2007/05/13

> Erreportajea: Literatura > ABDELA TAIA IDAZLEA: "NIRE HEROI PROPIOA NAIZ"

  • Abdela Taia idazlea: «Nire heroi propioa naiz»
  • Patxi Zubizarretak euskarara ekarri duen 'L'Armée du salut' ('Salbazioko Armada', Alberdania, 2007) aurkeztera etorri zen Abdela Taia Donostiara. Marokoko Salekoa jaiotzez, Parisen bizi da. Euskaratu berriaz gain, beste bi liburu ditu: 'Mon Maroc' (2000) eta 'Le rouge du tarbouche' (2005). Aurelia Arkotxa lagun eta itzultzaile duela mintzo da.
  • Berria, 2007-05-13 # Jon Benito · Donostia

Hiru liburu argitaratu ditu. Idatzi gehiago. Michel Foucault parafraseatzen du zerbaitetik abiatuta idazten duela esaten duenean: «Idazteko motibazioa inkontzientea da. Motibazio hori emeki-emeki errezibitzen du norberak. Baina, belopean balego bezala, lausoa da sentsazio hori. Hastapenean, norbere diferentziatik abiatuz, bizitzeko, existitzeko desira dago. Batek beretzat eta, norberarengandik, besteentzat idazten du. Nik, ezberdintasun hori, oso goizik sentitu nuen. Bistan da, homosexual izatea diferentzia horren parte da, baina ez da hori bakarrik.»


Ez da homosexuala izatea bakarrik. Marokon arrotz sentitzea da. Marokotik Parisera joatea. Parisen ere arrotza izatea. Isiltasuna nagusitzen den lekuan idatzi beharra. Diferentzia da: «Kanpotik ikusita, ni natorren gizartea sentsuala dela diote, baina ni natorren gizarte horretan apenas hitz egiten den gauza garrantzitsuez. Isiltasuna dago. Esateko zerbait baduzula jakinik, isiltasun hori infernu bat bilakatzen da.» Hitza da nortasuna, esateak ematen du nortasuna, hitzak egiten du ezberdin. Hitza da norbera. Hitzak egiten du. Esan egin behar da. Idatzi.


Ametsak
Baina: «Ez dut, inoiz, idazlea izatea desiratu. Nire amets nagusiak, nerabe nintzelarik, gaur ere bai, zinemari lotuak egon dira. Nire ametsik handiena errealizadorea izatea zen: zerbaitetik mundu bat sortzea. Ez nuen aktore edo star bat izan nahi, errealizadorea izan nahi nuen. Jainko bat bilakatu nahi nuen; nire inguruan jainkoak ziren pertsonak ikusten nituen, baina ahalik gabeak ziren. Nik jainkoa izan nahi nuen, baina ahalekin. Jainkoa orojakilea izatea da, zuk mugiarazten dituzu pertsona eta pertsonaiak, zure inguruan daude, zure ingurura mugitzen dira.» Pertsona hezur-haragizkoa da, ordea, nola hartuko ditu jainko itxurak? Nola, zinemaren edo literaturaren bidez ez bada?. Zinema zen bere irtenbidea, zineman zituen bere ametsak, baina... «Pobrea nintzen. Parisera joan nahi nuen. Zinema maite nuelako zoroa nintzela esaten zuten. Paris hain zen urrun! Nik zer nuen inguruan garai hartan? Homosexuala nintzen, amets ziren ametsak nituen, bizi guztian amets izaten jarraituko zutenak».


Paris zinema zen Taiarentzat. Eta zinema Isabelle Adjani. Emazte horrek haragiztatzen zuen zinemaren ametsa. Nola heldu hara, ordea, nola egin Pariserakoa. Itsasora botila botatzen den bezala, inoiz inork jasoko duen itxaropenik gabe, gutun bat bidali zuen FEMIS zinema eskolara. Joan ahal zuela esan zioten, baina horretarako DEUG titulua behar zuela. «Zer egin nezakeen barruan nuen amets desesperatu horrekin?.»


Zinema eskolara joan ahal izateko, Rabateko Mohamed V.a unibertsitatera joan zen. «Baina ailegatu nintzelarik hara, nire frantsesa ez zela ona konturatu nintzen. Ametsa gauzatzeko lehen muga pobrezia edo eskola ezin ordaindua nuen, baina unibertsitatean bigarren muga deskubritu nuen: hizkuntza. Hirugarren bat ere bai: nehor ez zela nitaz, nire ametsez kezkatzen. Beraz, nahi baduzu, ni heldu naizen gizartean, ni-a, norbanakoa ez zela existitzen konturatu nintzen. Taldeak du indar guztia Marokon».


Zinematik literaturara

«Horrela iritsi nintzen literaturara, sorpresaz bezala. Behar bainuen nire frantsesaren kalitatea hobetu, hartu nuen eguneroko bat, soilik frantsesez hobeto idazteko, eta nik nahi gabe, egunerokoa literatura egin zen. Eta, beraz, literaturak bere artean, bere tranpan hartu nau, eta bukaeraraino joan naiz». Zinemaren ametsa utzi eta literaturaren tranpa hartu. Jainko izaten jarraitzeko aukera bat da. Jendearengan eragitekoa. Baina nola iritsi erabakia hartzera?


«Rabaten egunerokoa idazten hasi nintzen. Baina Parisera iritsi nintzelarik, banituen bizpahiru nouvelle nirekin, eta Rene Ceccat Seuil argitaletxeko editorearekin kontaktatu nuen. Ikaragarrizko zortea izan dut. Oso ondo hartu ninduen, lau orduz egon nintzaion entzuten. Entzuteak berak eman zidan existitzeko arrazoi bat nuenaren sentimendua. Baina aldi berean, entzuten ari nintzen bitartean, beste borroka bat hasten zen irudipena nuen. Zer garen deskubritzea gauza bat baita, eta Europaren bakardadean horrela ibiltzea beste bat. Garai hartan dirua deskubritu nuen, eguneroko bizitza, sexua, amodioa eta sufrikarioa... dena momentu berean deskubritu ere. Eta dena deskubritu nuen momentu horretan deskubritu nuen eskritura ere». Idaztea deskubritu eta nola idaztea ere. Idazteko modu berezi bat. Nortasun literarioa, nahi bada: «Nahitaez, Marokotik Europara etorri izanak, homosexuala izateak, bestelako barne gatazkek eragina dute idazteko nire moduan».


Paristik Maroko

Nola ikusten da Paristik jaioterria? Nola ikusten da Europatik Maroko? «Parisen gertatu zaidan gauza bat azpimarratu behar dut. Kontzientzia politikoa hartzen hasi naiz. Nire herria Hassan II.arena da. Ni Hassan II.aren belaunaldikoa naiz. Despolitizatuen belaunaldikoa. Parisen gauzak argiago ikusten hasi naiz. Kritika soziala deskubritzen hasi naiz. Eta errateko beharra eta engaiatzeko beharraz jabetu naiz. Duela bi urte nire homosexual izaeraz argiki hitz egin banuen Marokon, horregatik izan zen, publikoki engaiatzeko erabakia hartu nuelako». Parisen aldean ezberdina da Maroko, ordea. Oraingo Maroko ere ez da lehengo Maroko.


«Maroko garatzen ari da apurka, irekitzen ari da, baina jendartea oraindik oso kontserbadorea da. Erlijio eta tradizioan preso dago, aberastasunak ez daude ongi banatuak. Bada zerbait Marokoko gizartean, kritika eta gogoeta politikora bultzatzen ez duena. Hori argiki ikusten da urrutitik, eta etsipena eragiten du. Ni oso etsitua nago. Baina, hala ere, onartzen dut badirela aurrerapen txiki batzuk».


Marokoarra izan arren, Parisen bizi da ordea. Nola uztartzen dira Marokoko ohiturak Europako bizimoduan? Nola lotu bi kulturak? Egungo kezka nagusienetarik bat da: «Nik mutil prestu, ongi hezi, adeitsuaren itxura eman dezaket, Frantziak, Europako gizarteak horretara behartzen bainau, neurri batean arrazionala izatera. Baina nire barruan aise basagoa, sentsualagoa naiz. Irrazionalagoa: nire ama eta bere sorginkeriekin nago kontaktuan. Maite dut idazkerak nire alde irrazional hori nabarmentzea». L'Armée du salut euskarara itzultzeaz arduratu den Patxi Zubizarretak, liburuaren irrazionaltasuna eta sentsualtasuna azpimarratu zituen aurkezpenean. Usaimena, ukimena, zaporeak, soinuak... azpimarratzen dituela seinalatu zuen.


Abdela Taiak ezin omen du bere estiloaz hitz egin. Ezin azal dezakeela bere idazteko modua, esaten du: «Baina esan dezaket, bizi izan naizela besteen gorputzen artean, beti kontaktuan. Hamaika ginen etxean: bata bestearen gainean edo lurrean egiten genuen lo, ohatzerik ez genuelako. Horrela, gorputzak bata bestearekin ukitzen ziren. Gorputz jendetza isil horren erdian egon arren, azalaren bidez, azaletik azalera, gauza asko esaten ziren, debekatuak asko».


Parisen bizi da egun. Badaramatza urte batzuk hemen, zazpi-zortzi: «Mendebaldeko munduarekiko dudan distantzia gustatu egiten zait. Horri esker, nire baitan kontzentratzen ahal naiz ikusten ditudan gauzetan». Bakardadea ei da Europaren ezaugarri nagusienetako bat, beretzat.


Bakardadea askatasuna da hautatzen duzunean. «Libre naiz, baina ondo ordaintzen dut libertate hori. Libertate horren mugak ongi ezagutzen ditut: hortik kanpora ezerez existentziala dago. Ez dut mendebaldearekiko ilusiorik, baina Parisen, mendebaldeko gizarteko herri batean bizitzeko hautua egiten dut. Konturatu naiz, eraikitzen ahal dudala hemen, inoren bedeinkapen edo babesik eskatu gabe, Marokoko begirada irentzailetik urrun, nire heldutasunerako ibilbidea. Nire heroi propioa naiz».

  • «Idaztea bestek hartua egoteko modu bat da»
  • J.B.

«Frantsesari esker dut idazteko beharrezkoa dudan distantzia», dio Abdela Taiak. Eta honela jarraitzen du hizketan, frantses hizkuntza ardatz eta hizpide hartuta: «Frantsesari esker erraten ahal ditut, arabieraz, Koranaren hizkuntza sakratuan, esan ezingo nituzkeen gauzak. Frantses hizkuntzak gatazka etengabekoan egoteko ahala ematen dit. Frantsesez idazteko gai naizen arren, ez da hori ene hizkuntza. Frantsesa Marokoko aberatsen hizkuntza da. Frantsesa gu zangoperatu gaituztenen hizkuntza da. Hori dela-eta, frantsesez idazten dudan guztietan, borrokatzen ari naizelako, hizkuntza horrek onartzen ez nauelako irudipena daukat. Beharbada, egunen batean enegandik ihes egingo duen hizkuntza bat dela sentitzen dut. Nik uste dut, idazteko, beharrezkoa dela lasai ez zauden egoera batean aurkitzea: beldur, larri, urduri naiz... ez dut bakerik frantses hizkuntzarekin».


Etengabeko gatazkan sentitzen da Abdela Taia idazle gisa. Gatazkan sentitze hori ez da hizkuntzak esan nahi duenarekikoa soilik. «Nire kasuan, gibeletik, iheska doazelako harrapatu behar ditudan hitzak iruditzen zaizkit. Ene barnean, bi djinna edo izpirituk egin dute habia. Bata eskrituraren edo inspirazioaren djinna da, bestea maite ez nauen, trabak jartzen dizkidan djinna. Djinna-k aipatzen ditut: idaztea bestek hartua egoteko modu bat baita».

2007/04/23

> Berria: Literatura > ABDELA TAIAREN HIRUGARREN NOBELA ITZULI DU ALBERDANIAK

  • Abdela Taiaren hirugarren nobela itzuli du Alberdaniak
  • El País, 2007-04-23 # J.A.H. · Bilbao

Abdela Taia (Sale, Maroko, 1973) idazlearen “L'armée du Salut” eleberria euskaraz irakurgarri izango da maiatzean. Alberdania argitaletxeak prest du jada haren itzulpena, gaztelerazkoarekin batera, biak aldi berean plazaratzeko asmoa baitu. Bi liburuak maiatzaren 8an aurkeztuko dituzte Donostian, egilea bertan izango dela.


Taia Marokon jaio baina Parisen bizi izan da 2000az geroztik. Herrialde horretan bere homosexualtasuna aitortzera ausartu den idazle bakarra da hain zuzen ere. Liburua “Salbazioko armada” izango du izenburu euskaraz, eta “El ejército de salvación” gaztelerako bertsioan.


"Marokon gaizki ikusiak izateko beldurra txertatzen digute, lotsa izatea", adierazi zion idazleak egunkari honi bere burua homosexualtzat aitortu zuen unea gogoan. Taiaren sorterria Tangerretik hurbil dago eta hain zuzen ere hiri horretara egindako bidaia batek argitu zion bere identitate sexuala. Hogei urte beteak zituela Genevara joan zen ikasketak jarraitzera, aspaldiko ametsa betez.


Bere literaturaren bidez gure garaiko gazte baten ibilbidea azaltzen du Taiak, Marokoko tradizioaren eta Mendebaldeko kulturaren arteko oreka-puntua bilatzeko bidaia literario batean.


Hirugarren eleberria
Taiak batere aitzakiarik gabe heltzen dio bere liburuetan homosexualtasunaren gaiari. Harrigarria badirudi ere, jokabide horrek ez dio aurkako erreakziorik ekarri Marokon, agian giro intelektualetan ezaguna baita batik bat orain arte. Idazleak frantsesa erabiltzen du literatura sortzeko. Hizkuntza horretan beste bi liburu argitaratu ditu, “Mon Maroc” (2000) eta “Le rouge du tarbouche” (2005). “L'armée du Salut” Patxi Zubizarreta idazleak itzuli du euskarara, eta Gerardo Markuletak gaztelerara.


Arabiar literaturaren zale petoa, Nagib Mahfuzen “Mirarien kalezuloa” euskaratu zuen Zubizarretak. Eta bi idazleen arteko antzik aurkitu du honetan. "Mahfuzek esaten zuen berea ez zela esaldi arabiarra, Koraneko esaldi luze hori, baizik eta europarra, laburra; Taiak ere esaldi hori erabiltzen du. Estilo europarra eta indarra ditu", azaldu du.


Donostiakoaren ondoren, Bartzelonan eta Madrilen beste aurkezpen bana egingo dute Alberdaniako arduradunek, hilaren 9an eta 10ean hurrenez hurren. Ekitaldi horietan ere parte hartuko du idazleak.


Nazioarteko egile garaikideen lanak itzultzeko argitaletxe gipuzkoarra egiten ari den lanaren baitan kokatzen da Taiaren liburua. Aurretik beste izenburu batzuk kaleratu ditu, horien artean Michael Morpurgo idazle britainiarraren “Peaceful soldadu”a eleberria. Lydia Flem frantsesaren “Lettres d'amour en héritage” nobela gehituko zaio laster atal horri. Liburuak “Amodio gutunak ondare” izango du izenburu euskaraz, eta “Cartas de amor heredadas” gaztelerazko bertsioan.