Showing posts with label Elkartasunak. Show all posts
Showing posts with label Elkartasunak. Show all posts

2009/11/20

> Iritzia: Gara > EMAKUME SAHARAR "ARRISKUTSUA"

  • Emakume saharar «arriskutsua»
  • Gara, 2009-11-20 # Editoriala
Lanzaroteko (Kanaria uharteak) aireportuan gose greban dagoen emakumea arriskutsua dela esango luke polizia guztiak herritarren zerbitzuko lagunak direla sinesten duenak, azken egunotan bi polizia motarekin jardun baitu sesioan. Marokoko Poliziak Aaiunen (Mendebaldeko Sahara) sartzen utzi ez eta Kanaria uharteetara kanporatu ondoren, Guardia Zibilak gauero aireportutik botatzen du. Emakume hori Aminatu Haidar ekintzaile sahararra da. Bere osasun egoera makala gorabehera, astebete darama gose greban, Marokoko Gobernua salatzeko protestan. Eta, GARAk egin zion elkarrizketan argi utzi zuenez, Gobernu espainola salatzeko ere bai.

Susmagarria da Haidarren kanporaketa eta Madrilen kolaborazioa Nazio Batuen Erakundea Mendebaldeko Sahararen gaineko negoziazioak sustatzen ari denean gertatu izana. NBEk Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidearen aldeko ebazpenak eman ditu, baita Marokok sahararren giza eskubideak urratzen dituela salatu ere; hala ere, nazioarteko komunitateak beste alde batera begiratu nahiago du, eta Gobernu espainolaren kasuan jarrera hori larriagoa da. Horregatik Haidarrek bere protestarekin, bere bizia arriskuan jarrita, nabarmen utzi du Madrilgo Gobernua, oraingoan bere deportazioaren konplize gisa. Gauza jakina da Estatu espainola -bereziki gizabanakoen eta herrien eskubideen gaineko gaietan- ez dela NBEren ebazpenak aintzat hartu zalea, eta kolonia izan zuen Mendebaldeko Sahararen kasuan haren erantzukizuna handiagoa da, bere zor historikoa kitatu beharrean, handitu egin baitu. Interes aitorrezinak -baina ezagunak- direla eta, Rabaten estrategiaren kolaboratzailea da; errege espainolaren «anaia txikiaren» kolaboratzailea, alegia.

Horiek horrela, Aminatu Haidarrek, emakume arriskutsu horrek, Estatuko herrietatik jaso duen elkartasuna azpimarratu du. Izan ere, nazioarteko komunitatearen ezaxola eta hipokrisiaren aurrean, sahararrek ezinbestekoa dute herrien elkartasuna.

2009/10/25

> Berria: Elkartasuna > TANTAKA OSATZEN ARI DEN UHOLDEA

  • Tantaka osatzen ari den uholdea
  • Presoen eskubideen alde. Euskal presoen eta beren senideen eta lagunen eskubideak aldarrikatzeko Etxerat-ek abiatu duen 'Elkartasun uholdea' kanpainak 2.500 atxikimendu jaso ditu dagoeneko. Herritarren babesa eskatu dute sinatzaileek.
  • Berria, 2009-10-25 # Aitziber Laskibar . Bilbo
Bilboko Guggenheim inguruan etengabea da turisten joan-etorria udazkeneko egun sargorian. Guggenheim ez den beste leku batera ere zuzentzen dute begirada oraingoan. Geldi dagoen taldearengana. Handia da taldea. Zapi zuria dute lepoan askok. Txapela batek baino gehiagok. Adinean gora doazenak ugari dira. Gazteak ere dezente. «Zer dago hemen?», turisten kuriositatea. Euskal presoen eskubideen aldeko ekimena dela azaldu dio batek. Horien eskubideen defentsan osatzen ari den «elkartasun uholdea» aurkeztuko dutela. Etxeraten zapi zuria lepoan daraman emakumeak esku orriak banatzeari ekin dio. «Euskal presoak Euskal Herrira!» dioen orria irribarretsu hartu dute bisitariek.

Etxerat elkarteak presoen eta beren senideen eta lagunen babeserako prestatutako agiriari sinadura bidez atxikimendua emateaz gain, agerraldi jendetsuan egonda irudikatu dute elkartasuna hainbat eremutako pertsona ezagunek: ezker abertzaleko Arantza Urkaregik, Aralarreko Iñaki Aldekoak eta Alternatiba Eraikitzeneko Jonathan Martinezek, esaterako. Unai Iturriaga, Igor Elortza, Xabier Amuriza eta Iratxe Ibarra bertsolariak ere bertan egon dira. RIP, Hesian eta Bilbomatrix musika taldeetako kideak ere bai. Patxi Uribarren eta Martin Orbe apaizak. Elkartzeneko kideak, Gazte Independentistak, LABeko eta Bilgune Feministako ordezkariak, kirolariak...

Kazetarientzat prestatutako eserleku gehienak, ordea, hutsik geratu dira. Hiru komunikabideetako ordezkariak besterik ez dira joan presoen eta senideen eskubideen alde dagoeneko 2.500 eragile eta pertsonak osatutako «Elkartasun uholdearen» berri jasotzera.

Preso eta senideak azkenaldian pairatzen ari diren «kriminalizazioa» salatu dute Oihana Bartra bertsolariak eta Iñaki Olano kazetariak, Etxerat bera legez kanporatzeko eskaera egina dagoela ohartarazita. «Eraso horiek presoek pairatzen duten eskubide urraketa etengabeari inpunitatea ematea besterik ez dute bilatzen». Eta aldarria «kriminalizatzea» elkartasunaren zergatiak «ezkutatzea» dela adierazi dute.

Baina senideek espetxe politikaren ondorioen berri emateko zilegitasun osoa dutela defendatu dute. Elkartasuna adierazi diote hargatik Etxerat-i, eta haren kontrako «mehatxuak» bertan behera uzteko eskatu dute. Presoen eta senideen eskubideen defentsan aritzeko ere eskatu diete herritarrei, hileko azken ostiralean egingo diren elkarretaratzean parte hartzeko dei berezia eginda. «Elkartasun uholdea» osatzeko idazkiari atxikimendua emateko aukera ere zabalik dago elkartasunauholdea.wordpress.com atarian.
  • Eragileen babesak
  • Sindikatuak: ELA, LAB, ESK, Eilas.
  • Eragile politikoak: Aralar, ezker abertzalea.
  • Gizarte eragileak. Komite Internazionalistak, Ezker Gogoa, Ahaztuak, Bilgune Feminista, Bai Euskal Herriari, Ehgam, Esait, EHBE, Salhaketa, Iratzarri, Gazte Independentistak, Apaiz Koordinadora (...).
  • Alfonso Sastreren gutuna
Lagun maiteok:

Zilegi bekit zuei hitzok helaraztea, hitz gutxi batzuk baino ez, zuen artean egon daitezen nire ordez, ni neu ezin bainaiz hor egon, zuekin; baina, besterik ezinean, bihotz-arimaz lagunduko zaituztet.

Maiz erabili ohi dut gogoetagai euskal historiaren oraindik oraingo alderdi hau: alegia, presoen senideak zigor lazgarria jasaten ari direla, ahaide kutunen gabezia ez ezik, gabezia horrek berekin dakarzkien distantzia handiak gainditu behar dituztelako; horrek biktima errugabe bihurtzen ditu -zaituzte-, edozein delituren biktima, eta, are, edozein erantzukizunen biktima.

Horrexegatik, ulergarri zait amnistia aldarri entzutetsuak -«Amnistia osoa!»- honako beste aldaera hau ekartzea hurrengo: «Presoak, etxera!»; esamolde horrek, gainera, esanahi bikoitza dauka, batetik, norbere herrialdea norbere etxetzat jotzen duelako, sinbolikoki, eta, bestetik, oraingo edo orduko norbere bizilekutzat jotzen duelako, zehazki. Preso dagoena, bere askatasunaz gabetua ez ezik, urrun baitago, bere herrialdetik eta bere bizilekutik urrunduta.

Zuetaz gogoeta egiten dudalarik, Antigona alegiazkoa datorkit etengabe akordura, tragedia greko bateko pertsonaia hura, orain dela 2.500 urtekoa. Hiltzeko -hilarazia izateko- zorian fortunatu zen emakume hura. Eta, zergatik? Bada, besterik gabe, militante politiko-militar baten arreba izateagatik; baina ez neba laguntzeagatik edo arriskuan eta perilean haren laguntzaile izateagatik, baizik eta neba hil ostean hura lurperatzen ahalegintzeagatik. Halako jokabideagatik, terrorista deritzotena izango litzateke gaur egun.

Egoera egiazkoak eta gaur egungoak dira, ez dira bakarrik euskal kasuak. Palestinan, esate baterako, abertzale palestinarren familien etxeak bonbardatzen ditu Israelgo armadak -zeina ez baitute terroristek osatzen, jakina, indar armatu agurgarriek baizik-. Senitarteko bat abertzale izatea da hango familien delitua.

Horrek guztiak, lagun maiteok, erro-errotik aldatu beharra dauka, eta horregatik ari gara borrokan egunero, nor bere ahalegintxoa eginez. Ni neuk ez daukat zalantza izpirik, euskal preso guztien askatasunak sine qua non baldintza behar du izan, egunen batean... bakea! ernatuko bada herri honetan. Eta bake horrek heldu beharra dauka.

Bihoazkizue nire agurrik senideartekoenak eta desirarik onenak.

> Berria: Elkartasuna > 2.500 ATXIKIMENDU ETXERAT ETA PRESOEN ESKUBIDEEN ALDE

  • 2.500 atxikimendu Etxerat eta presoen eskubideen alde
  • «Elkartasun uholdea» izeneko manifestuak dagoeneko 2.500 atxikimendu jaso dituela ezagutzera eman zuten atzo. Etxerat elkarteari babesa ematea eta euskal preso politikoen eskubideak errespetatzea eskatzen duen idazkiari Euskal Herriko norbanako ugarik eta hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek agertu diote sostengua.
  • Gara, 2009-10-25 # Manex Altuna
Agerraldi masiboa egin zuten atzo eguerdian Bilbon, Etxerati eta euskal preso politikoei sostengua erakutsiz. Asteburutan turistaz beterik egoten den Guggenheim museoaren aurrean burutu zuten ekitaldia, eta hainbat bisitariren atentzioa bereganatu zuen sortutako mugimenduak. Izan ere, bertan egon ziren «Elkartasun uholdea» izeneko manifestuari atxikimendua adierazi dioten eragile eta norbanako ugari, preso politikoen senide eta lagunekin batera.

Kultura, politika, kirola, sindikalgintza eta gizarte mugimenduetako ordezkari andana izan zen egitasmoari babesa emanez. Besteak beste, bertan izan ziren ezker abertzaleko Arantza Urkaregi eta Jose Ramon Etxebarria, Aralarreko Rebeca Ubera eta Iñaki Aldekoa, Alternatibako kide Jonathan Martinez, LAB sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaide, Periko Solabarria militante historikoa edo gazte independentisten ordezkariak «Independentzia» lelodun kamiseta gorriekin.

Bilgune Feministako Izaskun Guarrotxena, Mati Iturralde medikua, ESAITeko kide eta futbolari ohi Ritxi Mendiguren, Elkartzeneko Aitor Balda eta Julen Arzuaga Behatokiko abokatua izan ziren beste aurpegi ezagun batzuk. Horiekin batera, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Xabier Amuriza, Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Beñat Gaztelumendi eta Iratxe Ibarra bertsolariak ere bertan izan ziren, baita Hesian, RIP edo Bilbomatiks taldeetako musikariak ere.

Ezagutzera eman zutenez, 2.500 atxikimendu jaso ditu jada manifestuak, baina oraindik ere elkartasunauholdea.wordpress.com atarian sinadura emateko aukera dago.

Azpimarratu zutenez, manifestuak izan duen zabalkundeak erakusten du «euskal presoen eta euren senide eta lagunen aurka jotzeak euskal jendartearen bihotzaren aurka bete-betean jotzea» suposatzen duela. Izan ere, senide eta lagunen mundua «anitza» dela eta «mota guztietako profesionalak» batzen dituela nabarmendu zuten.

Zilegitasun osoa
Oihana Bartra bertsolari santutxuarrak eta Iñaki Olano EITBko kazetariak irakurri zuten, euskaraz eta gaztelaniaz, Etxerat elkarteari babesa emateko eta presoen eskubideak errespetatzea eskatzeko prestatutako idazkia.

Adierazi zutenez, azkenaldian euskal preso politikoen senide eta lagunek pairatu dituzten erasoak «kezka handiz» bizi izan dituzte. Bidaietan jasan dituzten miaketa, kontrol edo mehatxuekin batera, udan zehar «kriminalizazio saiakera» nabarmena izan dela salatu zuten, polizia ezberdinek mobilizazioen aurka jo baitute «kolpe, karga, isun edo epaileen aurreko zitazioen bidez».

Etxeraten legez kanporatze eskaera izan dela azken kapitulua adierazi zuten eta beren aburuz «eraso hauek guztiek euskal presoek pairatzen duten eskubide urraketa etengabeari inpunitatea eskaintzea besterik ez dute bilatzen».

«Etxerat elkarteak zilegitasun osoa du bere senide eta lagunek dituzten eskubideen alde jarduteko eta gizarteari euskal presoek jasaten duten espetxe politikaren testigantza emateko», nabarmendu zuten.

Horregatik, presoen senide eta lagunen elkartearen kontrako «eraso eta mehatxuak bertan behera geratzea» eskatu zuten. Aldi berean, «presoen Euskal Herriratzea eta beren eskubideen errespetua» aldarrikatu zituzten. Ildo horretan, zigorra beteta duten kartzelaratuak eta larriki gaixorik dauden presoak askatzea exijitu zuten «bestelako jarrerak ez direlako konponbide politiko baterako lagungarri».

Azkenik, euskal jendarteari dei egin zioten urriko azken ostiralean Euskal Herriko herri eta auzoetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko.
  • Carta de Alfonso Sastre a Etxerat
Queridas amigas. Queridos amigos.

Permitidme tan sólo unas pocas palabras que van ahí sin mÍ, porque yo mismo no puedo estar presente, con vosotros, y sólo estoy en espíritu, de manera que mi corazón sí os acompaña.

Yo pienso con frecuencia en este aspecto de la reciente historia vasca: en el hecho de que las familias de los prisioneros sean objeto de ese castigo, que no es ya sólo la ausencia de los seres queridos sino además las grandes distancias de esa ausencia, que hace de ellas -de vosotros- víctimas inocentes no ya de cualquier delito sino incluso de cualquier responsabilidad.

Es por lo que comprendo que el ilustre grito de amnistía -Amnistía osoa!- tome a veces la forma inmediata de este otro: Presoak etxera!; voz que tiene, por otra parte, el doble significado que le da el que el país de uno sea «su casa» simbólicamente hablando y también, en un sentido concreto, «el domicilio» en el que uno vive (o vivía) y del que el prisionero, además de privado de su libertad, está lejano, «alejado», de su país y de su domicilio.

Siempre estoy recordando, cuando pienso en vosotros, el caso imaginario de "Antígona", aquel personaje de una tragedia griega de hace dos mil quinientos años; una mujer que se ve abocada a la muerte propia ¯a ser asesinada», ¿y ello por qué? Sencillamente: Por ser una hermana fiel de un militante político-militar, y ni siquiera porque lo acompañe o le ayude en sus riesgos y peligros sino porque, una vez muerto, ¡intenta enterrarlo! Eso hace de ella lo que hoy se llamaría «una terrorista».

Situaciones reales y de hoy se dan también, además de en el "caso vasco", por ejemplo en Palestina, donde el ejército israelí -que no está compuesto de terroristas, claro, sino de respetables "fuerzas armadas"- bombardea y destruye las casas... de las familias de los patriotas palestinos. El delito de esas familias es que alguien entre ellos es un patriota.

Todos esto, queridas amigas, queridos amigos, tiene que cambiar muy radicalmente y para eso luchamos cada uno con sus pequeñas fuerzas. Por mi parte, no tengo duda de que la libertad de todos los prisioneros vascos es una condición «sine qua non» para que un día por fin estalle... ¡la paz! en este pueblo. Y esa paz tiene que llegar.

Os envío mis más fraternales saludos con mis mejores deseos. Alfonso Sastre

2009/09/23

> Komunikatua: EHGAM > ANDREA MUÑIZEKIKO ELKARTASUNA

  • ANDREA MUÑIZEKIKO ELKARTASUNA
  • EHGAM, 2009-09-23
Ohar honen bitartez EHGAMek (Euskal Herriko Gay-les-trans Askapenerako Mugimenduak) bere babesa eta elkartasun osoa adierazten du Andrea Muñiz Transexualidad-Euskadi taldeko lehendakariak aurrera daraman borrokarekin.

Halaber Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu nahi dugu, historikoki mantendu duena eta baita gaur egungo Jaurlaritzarena ere. Are gehiago gaur egungoa, kontuan izanik aurreko ekainetik bilerak izaten ari gerala, eta, besteak beste, transexualen aldarrikapenak lantzen ari garela.

Transexualen egoera hobetzeko hainbat eta hainbat hitzemateen ondoren, bazirudien Patxi Lopez buru duen Gobernuak, Gizarte Gaietako Gemma Zabaleta eta Osasun Saileko Rafael Bengoarekin batera, serio hartu zuela kontua. Bazirudien Gobernuak serio hartu zuela Gurutzetako Ospitalean dagoen genero-berresleipenerako Unitatea, eta transexualek Euskal Herrian ebakuntza egin ahal izango zutela. Baina engainatuak izan dira, benetan ez dauden itxaron-zerrenden bidez engainatu dituzte eta ez daukate ebakuntza egiteko inolako bermerik, ez eta bular ebakuntza bera egiteko ere.

Hau guztia, Gizarte Gaietako Sailburuak pertsona transexualekin konpromisoak hartuko dituela ozenki esaten duen bitartean. Baina gobernuan bat edo bestea egon, fartsa berak bere horretan dirau.

Alarma guztiak piztu dira: Andrearen jarrera ez da kapritxoa, ez da arreta dei soila, borrroka luzeen ondorioa baizik eta gobernu desberdinen konpromiso politikoak hutsean geratu izanaren ondorio. Bada garaia pertsona transexualek mediku, sikiatra eta politikoen aldetik jasaten duten egoera lazgarri honi bukaera emateko.

PASALO EITBko programaren jarrera ere salatu nahi dugu, non solaskideetako batek transexualen aldarrikapenak erridikulizatu zituen, mahaiko gainerakoek telebista publiko batean emandako jarrera transfobo horri aurre egin gabe. Telebista publiko batek begirune haundiena erakutsi beharko luke talde honekin, are gehiago azken albisteak agerian jartzen duen egoera lazgarria dela eta.

Transexualen kolektiboa sexu askatasunaren aldeko borrokan eredugarria izan da, asko ikasi dugu beraiekin eta erreferente izan dira askotan, gure sexualitatea, gure gorputzak, gure generoa kuestionatzen laguntzeko orduan. Horregatik aukera aprobetxatu hahi dugu Andreari eta bide batez, transexualen kolektibo guztiari elkartasuna adierazteko.

Bukatzeko, argi gera bedi Andrearen eta trans pertsona guztien borroka, EHGAMen borroka ere badela, eta gure borroka eta ahalegin guztia jarriko dugula Andreak eskatzen duena lor dezagun eta instituzioek kolektibo honi iseka gehiago ez egiteko. Horregatik Gobernu honetako kideei Andrearen aldarrikapenak onar ditzaten eskatzen diegu, abian jarri ditzaten epe motzenean eta transexualen kolektibo osoari eskeini.

GORA TRANSEXUALEN BORROKA!

2009/06/30

> Berria: Elkartasuna > DONOSTIA: HERRITAR TALDE BAT BILDU ZEN IGANDEAN MARTUTENEN, PATXI BEREZIARTUARI BABESA ESKAINTZEKO

  • Herritar talde bat bildu zen igandean Martutenen, Patxi Bereziartuari babesa eskaintzeko eta haren errugabetasuna aldarrikatzeko
  • Kronika, 2009-06-30
Jende asko inguratu zen igandean, Martuteneko kartzela aurrera, Patxi Bereziartua hernaniarrari beren babesa adieraztera, eta haren errugabetasuna aldarrikatzera. Joan den ekainaren 12an atxilotu zuten Bereziartua, eta herrian gogor kritikatu da atxiloketa, batik bat «inongo frogarik gabe atxilotu izana, eta baita atxilotzeko modua ere». Familiak errekurtsoa aurkeztua du, eta ikerketa irekita dago. Joan den igandean, familiak deialdia egin zuen Martuteneko kartzela aurrera azaltzeko, eta herritar asko izan ziren bertara azaldu zirenak, lagunak, lankideak, koru-kideak eta abar. 12:30etan, Patxi errugabea, herria zurekin lema zeramakien pankartaren atzean hernaniarraren aldeko txaloak, oihuak eta Kantuz abesbatzak kantatutako abestia entzun ahal izan ziren.

2009/01/26

> Komunikatua: Gerraren Aurkako Plataforma > OKUPAZIOAREN ETA PALESTINAR HERRIAREN GENOZIDIOAREN KONTRA

  • Okupazioaren eta Palestinar herriaren genozidioaren kontra. Palestina askatu.
  • Gipuzkoako Gerraren Aurkako Plataforma, 2009-01-26
Israelek burutu duen Gaza kontrako eraso militar hau Palestinaren okupazioaren atal berri bat baino ez da; Israelek inpunitate osoz jokatzen du Palestinar herriaren kontra. Gazaren aurkako ekintza kriminal honek 1400 hildako eta 5500tik gorako zauritu utzi ditu. Bonbardaketak herriaren kontrakoak izateaz gain, mota guztietako azpiegituren kontra izan dira, fosforoz egindako bonbak erabili dira, hiru astetako etengabeko erasoa izan da. Eta guzti hau Europar gobernuen eta Nazioarteko Instituzioen begirada konplizearekin. Agintari hauen pasibitateak genozidio honen konplize egiten ditu.

Gogoratu Europar Batasunak Gazaren kontrako ikaragarrizko blokeo bat burutzen ari dela azkeneko urte eta erdi honetan.

Sarraski hau, Nazioarteko Legedia eskuetan hartuta, gizateriaren kontrako krimenak dira. Eta hau kontutan hartuta berehalako neurriak behar dira Gazan gertatu diren bezelako triskantzak geldiarazteko.

Palestinan pake justu eta iraunkorra posiblea da baina Nazioarteko legedia ezarriz, Nazio Batuen erabakiak betearaziz. Erabaki horietan Israeli exijitzen zaio 1967an okupatutako lurraldeetatik erretiratzea eta Palestinar herriari bere autodeterminazio eskubidea aitortzea eta eki-Jerusalemen hiriburua izango duen Estatu Palestinar independientea sortzea. Okupazioa da zonalde horretan bortizkeria sortzen duena. Okupazioaren bukaerak bakarrik ekar dezake pakea eta segurtasuna bi aldeentzako.

Behar beharrezkoa da gure agintariek hitzetatik haratago joatea eta Israelek Palestinar herriaren kontra egiten dituen etengabeko erasoak salatzeaz gain politika basati honi frenoa jartzea ezinbestekoa da. Horregatik gure agintariei exijitzen diegu, bai Eusko Jaurlaritzari bai Gobernu Foralari bai Diputazio Foralari bai udaletxeei Israelen politika hiltzaile honen gaitzespen argi bat eman ditzatela eta horretaz gain eten ditzatela Israelekin dituzten harreman guztiak, bai politikoak bai kulturalak bai kiroletakoak bai komertzialak. Gure agintariei exijitu behar diegu has daitezela behingoz Israeleko gobernua presionatzen. Europar Batasunak Israelekin dituen harremanetarako itzarmena eten behar du, estatu arrazista eta terrorista honekin kolaboratzearekin bukatu egin behar du eta zigor ekonomikoak, komertzialak eta politikoak ezarri behar ditu Israeleko estatuak Palestinar Herriaren giza eskubide eta nazio eskubideak errespetatzen ez dituen bitartean.
Bestela gure gobernuek konplize izaten jarraituko dute.

Gure akademikoei premiazko eskaria egiten diegu; Israeleko akademikoei boikota egitea, Israeleko Akademia isolatzea, bai foroetan bai nazioarteko elkarte eta jarduera akademikoetan. Israeleko instituzio akademikoak zapalkuntza honen konplizeak dira Israeleko politikarekin bat egiten duelako.

Euskal Herriko gizarteari gonbidapen bat luzatu nahi dizuegu Israeletik datozen produktuak ez erosteko eta ezta ere Israeleko kapitala dituztenak edota Israelen inbertitzen dituzten beste enpresenak ere. Palestinako 200 giza talde desberdinek bultzatutako nazioarteko boikot kanpaina bat da hau eta denok batera lan honetan haurrera jarraituz gero BOIKOT kanpaina honekin etekinak lor ditzakegu.

Palestinar herriarekin bat egiten dugu. Gure elkartasuna adierazi nahi diegu beraien sufrimendu eta beraien borrokan ere.
Gure konpromisoa adierazi nahi dugu Palestinar herriarekin eta gure eskuetan dagoen guztia egingo dugula adierazi nahi dugu Ekialde Ertainean justiziazko bake bat lortzeko bidean.
  • GAZA LURRALDEAREN BLOKEOAREKIN BUKATU
  • PALESTINAREN KONTRAKO ERASOEKIN BUKATU
  • ISRAELI BOIKOTA
  • PALESTINA ASKATU

2009/01/04

> Berria: Elkartasuna > PRESOEN ESKUBIDEEN ALDARRIA KALERA ERAMAN DUTE MILAKA LAGUNEK BILBON

  • Presoen eskubideen aldarria kalera eraman dute milaka lagunek Bilbon
  • Abiatu eta ordubetera, manifestazioaren burua Zabalburun zegoela, Aita Donostian abiatu ezinik zeuden ehunka lagun. Euskal politika eta sindikalismoaren ordezkaritza zabala bildu da Bilbon
  • Berria, 2009-01-04 # Mikel Carramiñana • Bilbo
Euskal Herritik kanpo egon arren, etxetik inoiz baino gertuago izan ziren atzo 764 euskal presoak. Guztien izenak eta argazkiak izan ziren Etxerat-ek Bilbon antolatutako martxan. Milaka eta milaka herritarrek egin zuten bat deialdiarekin, presoen eskubideak aldarrikatu eta haien senideak babesteko. Bost ilara luzetan banatuta abiatu zuten martxa senideek eta, aurrean, Jose Mari Sagardui Gatza presoaren aita zegoen, Europan urte gehien daraman presoarena. Etxerat-en ikurra, kriseilua, esku artean zeraman Santos Sagarduik.

Presoen senideak herritarren txalo artean igaro ziren manifestazioaren hasieratik bukaeraraino. Haiek zabaldu zuten martxa, eta pankartak haien atzetik egin zuen aurrera. Heriotza zigorrik ez, Biziarteko zigorrik ez, Euskal presoak Euskal Herrira leloa agertzen zuen pankartaren atzean, euskal politika eta sindikalismoaren ordezkaritza zabala ikus zitekeen.

LABetik Sonia Gonzalez, Txutxi Ariznabarreta eta Ainhoa Etxaide idazkari nagusia izan ziren manifestazioan, baita Rafa Diez idazkari nagusi ohia ere. Arantza Urkaregi, Tasio Erkizia, Nekane Erauskin, Iñaki Antiguedad, Jone Goirizelaia, Marine Pueyo eta Arnaldo Otegi izan ziren, besteak beste, ezker abertzaletik. Aralarrek ere ordezkaritza zabala izan zuen mobilizazioan, Iñaki Aldekoa, Oxel Erostarbe, Jon Abril eta Dani Maeztu.

Maeztuk, martxan eginiko adierazpenetan, sakabanaketaren politikak «giza eskubideak urratzen» dituela gogorarazi zuen, eta hura ezartzen dutenek presoen senitartekoei «inork merezi ez duen zigorra» ezartzen dietela salatu zuen.

Azkenaldiko jendetsuena
Bilbon azkenaldian egin den manifestazio nazionalik jendetsuena izan zen Etxerat-ek deituta atzo egindakoa. Autonomia kalea ia osorik bete zuten parte-hartzaileek, Aita Donostia plazatik Zabalbururaino behintzat bai. Presoen senideak Aita Donostiatik pasatu zirenean, 18:30 aldera, jendeak abiapuntuan jarraitzen zuen, martxa hasi ezinean.

Manifestazio isila iragarri bazuten ere, azkenean ohiko aldarriak izan ziren nagusi ibilbide osoan, «Euskal presoak etxera», «demokrazia Euskal Herriarentzat» eta «presoak kalera, amnistia osoa» oihukatu zuten behin eta berriro martxan parte hartu zutenek. Adar baten hotsa eta irrintziak entzun zitezkeen eta, aldiro, Hator hator Gabon kanta abestu zuten milaka ahotsek, presoen etxeratzea eskatzeko.

Bestelako elementuak ere ez ziren falta martxan, presoen aldeko itsasgarriak eta egutegiak, diru laguntzak biltzeko zorro zaratatsuak, ikurrinak eta arrano beltzaren banderak eta Ertzaintzaren helikopteroa zein furgonetak manifestazioaren buruan.

Autonomia eta Hurtado Ametzaga kaleak zeharkatu ondoren, Plaza Biribila zeharkatu eta udaletxera jo zuten manifestariek. Bertan egin zuten ekitaldi nagusia 19:30 inguruan. Milaka lagun, ordea, urrun zeuden oraindik ezer entzuteko.

2008/12/31

> Berria: Elkartasuna > "ESPETXE POLITIKA KRUDELA" BUKATZEKO PRESIO SOZIALA ERATU NAHI DU ETXERAT-EK

  • «Espetxe politika krudela» bukatzeko presio soziala eratu nahi du Etxerat-ek
  • Larunbatean Bilbon egingo duten nazio manifestaziora joateko deia egin du presoen senideen elkarteak
  • Berria, 2008-12-31 # Ekaitz Goienetxea • Bilbo
«Benetako presio soziala antolatu behar dugu, benetako olatua egin behar dugu, bi estatuek beren espetxe politika krudela amai dezaten». Jone Artolaren adierazpenak dira, atzo Bilbon emandako prentsaurrekoan egindakoak, Etxerat-en izenean, 60 lagun ingururen babesarekin atzean, hamazortzi taldetako ordezkarirekin tartean.

Manifestazio isila egingo dute Bilbon, euskal presoen eskubideen alde, zapatu honetan (Aita Donostia plaza, 17:30), eta ahalik eta jende gehien azaltzeko eskatu du presoen senideen elkarteak. «Bilgune indartsu bat egin behar dugu, aldarrikapen hau ozen entzun dadin beharrezkoa den leku guztietan».

Lau puntutan laburbildu ditu Etxerat-ek aldarrikapenak: gaixotasun larriak dituzten presoak «berehala» askatzea; bizi osorako espetxe zigorrak amaitzea; bakartzeak bukatzea; eta euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzea.

Jone Artolaren esanetan, gizarteak badu «indarra» espetxeetako egungo egoera aldatzeko, eta «gustura» daudela adierazi du, jaso duten sostenguarekin. «Konpromisoak eskatu ditugu, eta gustura gaude euskal herriko eragile sozial eta sindikalek mahai gainean jarri ditugun oinarrizko aldarrikapenei emandako babesarekin».

3.000 atxikimendu
Guztira 2.947 atxikimendu bildu ditu. Hainbat talde eta norbanakorekin bildu da azken hilabeteotan Etxerat, «gizarteko ahalik eta eremu zabalenera iristeko». Gehiengo sindikalaren babesa lortu dute, esate baterako: EHNE, ESK, EILAS, ELA, LAB eta Hirurena. Ezker abertzalea eta Aralar ere batu zaizkie, eta baita beste hainbat gizarte eragile ere, Lokarri, Bilgune Feminista, Euskal Herriko Kristau Elkarte Herritarrak... Espetxeetan dituzten senideei eta beraiei buruzko esperientziak azaldu dizkiete Etxerat-ek haiei guztiei. «Bizipen, sufrimendu eta ezintasun hau nolabait aldaketarako indar bilakatu nahiak eraman gaitu horretara».

Errealitatea benetan gogorra dela dio Jone Artolak, eta hainbat adibide eman ditu: hogei urte espetxean dauden hainbati hamar urtez luzatu diete zigorra, bakartuak eta isolatuak «asko» dira, minbiziarekin presondegian jarraitzen dutenak ere badira, «ehunka» kilometrotara «ia-ia guztiak», bisitetarako eta gutunak jasotzeko «zailtasunak» dauzkate.

Bilboko kaleetan «milaka eta milaka» lagun batuko direla uste du Etxerat-ek; jasotako babesak hori pentsarazten die presoen senideei. «Badira une batzuk eguneroko lan hau guztia bildu eta bateraturik, indarturik erakusteko». Egun hori datorren larunbata dela adierazi du Etxerat-ek.

Aralar: «politika zekena»
Aralar alderdi politikoak ere bat egin du manifestazio deialdiarekin, eta presoen egoera salatu du. «Euskal Herriko gatazka politiko luzean presoena da alderdirik mingarrienetakoa, eta Espainiako Gobernu ezberdinek politika zekena darabilte gai honetan».

Bereziki kezkagarritzat jo du preso gaixoen eta hiru laurdenak beteta dituztenen egoera. Horiek askatzeko galdegin du. «Sakabanaketa politikak euskal presoen giza eskubideak urratzen ditu, alde batetik, baina haien senitartekoei ere inork merezi ez duen zigorra eransten die».

Eragileen atxikimenduak
EHNE, ESK, EILAS, ELA, LAB, Hiru, Ezker Abertzalea, Aralar, Askapena, Elkartzen, Emun, EHGAM (Bizkaia), Lokarri, GITE-IPES, Bilgune Feminista, Bai Euskal Herriari, Betagarri musika taldea, Ken 7 musika taldea, Komite Internazionalistak, Herria 2000 Eliza aldizkaria, Hernaniko Gazte Asanblada, Eraldatu, Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE), Gazte Independentistak, Gazte Komunisten Kolektiboak (GKK), Ikasle Abertzaleak (IA), Ikasle Ekintza, Presoen Aldeko Taldeak, Sare Antifaxista, Oiartzun Irratia, Anai Artea, Indar Gorri, Txori Barrote, Lakaxita Gaztetxea, Kabia Kultur Elkartea, Askapena, Elkartasun Batzordeak Euskal Herriarekin, Euskal Herriko Kristau Elkarte Herritarrak, Errondabide Kultur Elkartea, Txarrantxa Taberna

2007/06/05

> Berria: Elkartasuna > HOMOSEXUALITATEAREKIKO AURREIRITZIAK BAZTERTZEA DU HELBURU EUSKADI GAZTEAK EKAINEAN EGINGO DUEN ELKARTASUN KANPAINAK

  • Homosexualitatearekiko aurreiritziak baztertzea du helburu Euskadi Gazteak ekainean egingo duen elkartasun kanpainak
  • Ekainaren 11tik 24ra bitartean, kanpainarekin bat egiteko aukera izango dute entzuleek, elkartasun webgunean agertuko den fitxa beteta
  • EITB, 2007-06-05

Homosexualitatearekiko aurreiritziak baztertzea helburu hartuta elkartasun kanpaina berri bati ekin dio Euskadi Gazteak EHGAM taldearekin batera. Gure gizartean homosexualitatearen inguruan topiko asko daude, eta ekaineko kanpainaren bidez edozein orokortze edo generalizazio zentzugabekoa dela azpimarratu nahi dute; are gehiago, homosexualen artean gustu, kolore eta zaletasun guztietako pertsonak daudela erakutsi nahi da.


Aste honetan aurkeztuko dute egitasmoa. Hurrengo astean, berriz, kanpainarekin bat egiteko aukera izango dute entzuleek Euskadi Gazteko webgunean agertuko den fitxa beteta. Trukean, Euskadi Gaztearen eta EHGAMen eskutik bi komiki jasoko dituzte etxean: "Nolako izaerak halako egoerak" komiki txikia eta “Kondoi Hiltzailea" komiki-liburua. Azkenik, ekainaren azken astea, 25etik 30era arte, kanpainak izandako balantzea egin eta eskerrak emateko hartuko dute.


Gai honen inguruan hilabetean zehar jorratuko dituzten atalak, besteak beste, honako hauek izango dira: topikoak, diskriminazio modu ezberdinak. Homosexualitatearen aurreko jarrerak, norberaren homosexualitatearen aurreko jarrerak, nola esan? Nola irten armairutik?, sexu harremanak, sexu bidezko gaixotasunak eta hiesa, etab.


Dagoeneko hilabete pila daramatzate mota honetako kanpainak egiten Euskadi Gaztean. Aurrekoetan ehungintza, ahaztutako emakumeak, drogak, kontsumo arduratsua, minbizia, sexu bidezko gaixotasunak, bidezko merkataritza, gutxitasun fisikoak, umezurtzak, birziklatzea...izan dituzte hizpide.

2007/02/21

> Berria: Elkartasunak > ESPETXE POLITIKAREN AURKAKO ETA PRESOEN ESKUBIDEEN ALDEKO LANUZTERA DEITU DU EHGAMEK ETA BESTE ERAKUNDEEK

  • Irtenbiderako jokalekua «mendeku politikekin» eraiki behar duen galdetu dio LABek PSOEri
  • Espetxe politikaren aurkako eta presoen eskubideen aldeko ostiraleko lanuztera deitu du sindikatuak
  • Berria, 2007-02-21 # Ainhoa Sarasola · Donostia

Espetxe politika salatzeko Etxerat-ek deituta etzi egingo den ordubeteko lanuzterako deia egin die LABek euskal langileei. Larunbaterako Bilbon antolatutako manifestazioarekin ere bat egin du sindikatuak. Izan ere, euskal preso eta senideen egoera «eutsiezina» da, Rafa Diez sindikatuko idazkari nagusiak atzo adierazi zuenez. Espainiako gobernuburu Rodriguez Zapaterori galdetu zion kartzela politika bezalako «mendekuan oinarritutako politikekin» konponbide jokalekua eraiki nahi duen. Mobilizazioetarako deia egin zuten LABeko zuzendaritzako zein hainbat enpresa batzordetako kideekin batera eginiko agerraldian egin zituen Diezek adierazpenok.


Presoen eskubideak «estrukturalki zanpatuak» daude, Diezen hitzetan. «Ordua da, erretoriketatik haratago, mendekuan oinarritutako eta egungo egoeran faktore baldintzatzaile handia izaten ari den kartzela politikari nahikoa da esateko». Haika-Segi auziko gazteak sakabanatu izana, Iñaki de Juana, Parot doktrina edo gaixo dauden presoen kasuak gogoratu zituen.


Zapaterok Gasteizko mitinean ez zuela «presoen eskubide urraketa sistematikoaz» hitz erdirik egin salatu zuen. Eta galdetu zion hori den «herri honetan egoera berriak sortzeko eta bake bidean aurrera egiteko» bere politika; edo «mendeku politikozko halako oinarriekin» eraiki daitekeen Zuzenbide Estatua. «Hauek dira PSOEren gobernuaren eta Zapateroren keinuak irtenbide jokalekua eraikitzeko?». Gehitu zuenez, «hartarako gauza asko mugitu behar dira, baina bederen bat eta oraintxe, kartzela politika da». Ezker abertzalearen posizio politikoa baldintzatzeko PSOEren «estrategia orokorraren baitan» kokatu zuen kartzela politika. Horregatik, presoen eskubideen eta konponbidearen alde kalera ateratzeko ordua dela iritzi zion.


PSOE kartzela politika «muturrera» eramaten ari dela, eta horrek ez duela «ezer onik» ekarriko esan zuen, halaber, LABeko buruzagi Ainhoa Etxaidek. Egoera aldatzeko, espetxe politikaren aurka dagoen «gehiengo handiari» kalera ateratzeko deia egin zion.


ELA-ren jarrera
Lanuztearekin bat ez egiteko ELAren erabakia «harriduraz» hartu du Diezek. Ibaetako Foroak urtarrilaren 20rako deitua zuen manifestazioa «alde bakarrez bertan behera» utzi izana, edo Milakabilakarekin izaniko jarrera aipatu zituen. Diezen ustez, «ez dira erabaki onak elkarlanerako», ez eta «koherenteak» presoen eskubideen defentsan. Urratsak egiteko garaia dela gaineratu zuen.


Eragileen babesa
Etzi ordubeteko lanuztea egiteko Etxerat-en deiarekin eta larunbatean Bilbon izango den manifestazioarekin bat egin dute hainbat herri eragilek. Euskal presoekiko «eskubideen urraketa neurrigabea» salatu dute, eta Iñaki de Juanaren kasua gogoratu. «Ez da bidezkoa, inondik inora, adierazpen askatasunaz baliatzeagatik kartzela zigorra ezartzea, ez 96 urtekoa, ez 3 urtekoa. Iñakik kalean, etxean behar luke aspaldi». Presoekiko neurriek espetxe politika «ankerra eta krudela» dela agertzen dutela iritzi diote, besteren artean, zigorra beteta edo gaixorik preso dituztenen kasuak zein sakabanaketa salatzearekin batera. Horregatik, aste honetako mobilizazioei atxikimendua agertu diete Esait, Gurasoak, Behatokia, Herria 2000 Eliza, EHBE, Bai Euskal Herriari, Askatasuna, AEK, Eguzki, IPES, EHE, Sortzen-Ikasbatuaz, Askapena, Anai-Artea, IKA, EHGAM, Elkartzen, Bilgune Feminista eta Komite Internazionalistak eragileek. EAE-ANV alderdiak ere bat egin du mobilizazioetarako deialdiekin, ohar bidez jakinarazi duenez.

2007/01/12

> Berria: Elkartasuna > EHGAM: ELKARRETARATZEA EGIN DUTE IRUÑEAN, PRESOEN EGOERA SALATZEKO

  • Elkarretaratzea egin dute Iruñean, presoen egoera salatzeko
  • Berria, 2007-01-12 Iker Frias · Iruñea

“Gaixoak eta zigorra bete dutenak kalera. Eskubideak bermatuz konponbidea sustatuz” lelopean, elkarreteratzea egin zuten atzo Iruñean ehun lagun inguruk, hainbat gizarte eragilek deituta. Mobilizazioa Nafarroako hiriburuko Bideko Amaren Ospitalaren aurrean izan zen, eguerdiko 13:00ean hasita. Elkarretaratzeak sei ordu iraun zuen. Denbora horretan, hainbat gizarte eragiletako partaidek bat egin zuten mobilizazioarekin.


Besteak beste, hauek egin zuten bat: Askapena, Askatasuna, Bai Euskal Herriari, Bilgune Feminista, EHGAM, ELA, LAB, Etxerat, EHBE, EHE, Gazte Abertzaleak, Ikasle Abertzaleak, Segi, Iruñeko Peñak eta Iratzarri.


«Gaixorik dauden euskal presoen egoera salatzeko bildu gara Bideko Amabirjina Ospitalearen aurrean, eta, era berean, beren zigorren bi herenak bete dituzten presoek aska ditzaten ere aldarrikatu nahi dugu», erran zuen Hilargi Jaunarena Etxerateko bozeramaileak. Horrez gain, Nafarroako Bautista Barandalla eta Marilo Gorostiaga preso gaixoen egoera salatu zuen, eta kalean egoteko eskubidea dutela aldarrikatu.


Elkarretaratzeak iraun zuen bitartean, antzerki eta musika emanaldiak izan ziren.


Kontzentrazioa Bedoureten alde
Bestalde, atzo Bilbon dozenaka lagunek kontzentrazioa egin zuten Bilbon, Espainiako Gobernuak duen Ordezkaritzaren aurrean Sebas Bedouret paristarra aska dezaten eskatzeko. Jakina denez, Bedouret joan den larunbatean atxilotu zuen Guardia Zibilak, ETAren zutabe bat zuela leporatuz. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak «muntaia polizialtzat» jo zuen bai atxiloketa eta bai leporatzen diotena ere.


Gainera, Intxaurrondoko Kuartelean, Guardia Zibilaren eskuetan izan den egunetan tratu txarrak eta torturak jasan dituela salatu du Parisko Txalaparta Irratiko esatari Bedouretek. Auzitegi Nazionalean deklaratu ostean, epaileak kartzelaratzeko agindu zuen. Ildo horretan, herenegun Bedoureten etxea miatu zuten Frantziako poliziek hamar orduz, Bedoureten emaztearen lekukotzapean.


“Elkartasuna kartzela, Sebas Askatu” lelopean elkartu ziren dozenaka lagunek, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta Askapenak deituta. Askapenako kide Gabi Basañezek gogor salatu zuen Bedoureten kasua.