Showing posts with label Eusko Jaurlaritza. Show all posts
Showing posts with label Eusko Jaurlaritza. Show all posts

2009/12/06

> Berria: Trans > TRANSEXUALEI OPERAZIOAK NOIZ ETA NOLA EGITEN HASIKO DIREN AZALTZEKO ESKATU DIO EHGAMEK JAURLARITZARI

  • Sexua aldatzeko laguntzak kentzea salatu dute Bilbon
  • Transexualei operazioak noiz eta nola egiten hasiko diren azaltzeko eskatu dio EHGAMek Jaurlaritzari
  • Berria, 2009-12-06
Sexua aldatzeko ebakuntzak egiteko azken urteetan eman dituen diru laguntzak berriz ere emateko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Aurten ez du diru laguntzik eman, eta ebakuntzak egitera kanpora joan diren transexualek gastu handiari egin behar izan diote aurre -emakumeek 20.000 euro inguru ordaindu behar dute operazioa, eta gizonek 60.000 euro inguru-. Aldarrikapen hori hartuta, elkarretaratzea egin zuten 30 bat pertsonak atzo Bilboko Plaza Biribilan. Errespetuz elkarteak antolatu zuen protesta, Kirurgiak egiteko laguntzak, konponbidea orain lelopean.

Protestaren antolatzaileen hitzetan, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako Sailak ez du eskumenik eta kirurgiak egiteko diru sailik ez du eman aurten. Gurutzetako ospitalean ebakuntzak egiten hasiko direla ere jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, baina mesfidati daude Errespetuz elkarteko kideak. Eusko Jaurlaritzak haien eskakizunei erantzun ezean, heldu den ostiraletik aurrera gose greba hasiko dute elkarteko zenbait kidek.

EHGAM Euskal Herriko Gay-Askapenerako Mugimenduak ere azalpenak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari. Transexualei ebakuntzak egiten hasteko Osasun Sailak zer lan egutegi duen eta ebakuntzak nola egingo diren argitzeko eskatu dio. Hilaren 2az geroztik, eskaera berarekin, gose greban dago Transexualidad-Euskadi elkarteko presidente Andrea Muñiz, eta elkartasuna adierazi dio EHGAMek.

2009/12/02

> Berria: Salaketa > GOSE GREBA MUGAGABEARI EKIN DIO ANDREA MUÑIZEK

  • Gose greba mugagabeari ekin dio Andrea Muñizek
  • Sexua aldatzeko ebakuntza gelak berma ditzala eskatu dio, beste behin ere, Eusko Jaurlaritzari
  • Berria, 2009-12-02
Andrea Muñiz Transexualidad-Euskadi elkarteko presidenteak gose greba mugagabea hasi du bart gauerdian. Eusko Jaurlaritzari Gurutzetako erietxean (Barakaldo, Bizkaia) sexuz aldatzeko ebakuntzak egiteko ebakuntza gelak berma ditzala eskatzeko hasi du protesta. Ohar baten bidez jakinarazi du Muñizek erabakia.

Bertan azaltzen duenez, Gurutzetako ospitaleko Genero Unitateko kirurgialari batekin zuen hitzordura joan zen iragan urriaren 9an. Sendagileak azaldu zion ezin zituela sexuz aldatzeko ebakuntzak egin, ospitaleko zuzendariak ez ziolako horretarako ebakuntza gelarik ez eta jarraibiderik eman.

Hori ikusita, oharra bidali zuen Muñizek hedabideetara: hilaren 2ko gauerdian gose greba mugagabea eta erabatekoa hasiko zuela iragarri zuen, baldin eta ospitale horretan Genero Unitatea berehala martxan jartzen ez bazen.

Iragan azaroaren 27an Transexualidad-Euskadi elkarteak Osasun sailburuordetzatik igorritako posta elektronikoa jaso zuen, sexuz aldatzeko ebakuntzak posible izango zirela, eta Gurutzetako erietxean horretarako ebakuntza gela izango zutela esanez.

Muñizen irudiko, ordea, mezu horrek ez du bermatzen sexuz aldatzeko ebakuntzak posible izango direla. Ezta ere ez dutenik zain egon beharko ebakuntza batetik besterako tartean. Hala, Eusko Jaurlaritzari «gezur gehiago» ez esateko eskatu dio, baita «jendaurrean argibideak emateko» ere. Sexu aldaketa egiteko ebakuntza gelak eskaintzeko prozesua hastea nahi du Muñizek. Halaber, sexuz aldatzeko behar diren ebakuntza batetik bestera zenbat denbora igaroko den zehaztea ere ezinbestekoa dela dio.

Aspaldiko kontua
Gemma Zabaleta Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak ekainean iragarri zuen «lehentasuna» izango zuela sexuz aldatzeko ebakuntzak abiatzea, eta Osakidetzak bere gain hartuko zituela. 2008ko irailaz geroztik, martxan behar luke Gurutzetako ospitaleko Genero Unitateak, baina oraingoz ebakuntza gela bakarra jarri dute. Eskaera berarekin barau erdian eman zituen hainbat egun Muñizek joan den irailean. Haren hitzetan, ez du transexualentzako tratu berezirik nahi, 2008an onartutakoa betetzea baizik.

2009/09/30

> Berria: Trans > BEHIN-BEHINEAN BARAUALDIA UTZI DU ANDREA MUÑIZEK

  • Behin-behinean baraualdia utzi du Andrea Muñizek
  • Berria, 2009-09-30
Herenegun Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde Jesus Maria Fernandezekin bildu ostean, behin-behinean baraualdia utzi du Andrea Muñizek. «Agindu zidan sexuz aldatzeko ebakuntza noiz egingo didaten esateko deituko didala Gurutzetako ospitaleak, eta horregatik hartu dut erabakia». Egunotan jasotako babesa ere eskertu du Muñizek.

2009/09/24

> Berria: Trans > TRANSEXUALEN LEGEA IDAZTEN ARI DELA AZALDU DU JAURLARITZAK

  • Transexualen Legea idazten ari dela azaldu du Jaurlaritzak
  • Transexualidad Euskadi elkarteko presidenteak barauarekin segitzen du, ez baitiote oraindik «ebakuntza bermatu»
  • Berria, 2009-09-24 # Mikel Peruarena
«Transexualen gizarte eta osasun eskubideak bermatzeko», lege berria idazteko prozesua abiatu duela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Gay, lesbiana, bisexual eta transexualen eskubideen aldeko taldeekin bildu zen, herenegun, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako Saila, eta atzo eman zuen lege egitasmoaren berri. Zirriborroa osatu du Jaurlaritzak, eta orain «interesa duten talde guztien» ekarpenei ireki die.

Osakidetzak bularretako ebakuntzak eta genitaletakoak egiten dizkie, egun, transexualei. Hortik aurrerako ebakuntzak egiteko, kanpora jo behar dute. Gizarte Gaietarako sailburu Gemma Zabaletak ekainean azaldu zuen transexualei arreta «integrala eta normalizatua» ematen ahaleginduko zela Jaurlaritza, eta sexuz aldatzeko ebakuntzak lehentasun izango zirela.

Lege egitasmoak Jaurlaritzako zenbait sail hartzen ditu aintzat, eta hainbat proposamen egiten ditu osasunari, hezkuntzari, enpleguari eta gizarte zerbitzuei buruz. Transexualitateari patologia izaera kentzea, erregistro zibileko arazoak konpontzea eta osasun zerbitzua hobetzea proposatzen ditu testuak, besteak beste. Informazio emate eta «sentikortze» planak ere proposatzen ditu. Eusko Alkartasunak ez legezko proposamena aurkeztu zuen atzo; sexuz aldatzeko ebakuntzak «guztiz bere gain» hartzeko eskatu dio Jaurlaritzari.

Andrea Muñiz Transexualidad Euskadi elkarteko presidentea barau erdia egiten hasi eta hurrengo egunean zabaldu da lege egitasmoaren berria. Eusko Jaurlaritzak ez dio Muñizi erantzun, artean. Gizarte Gaietarako Saileko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, baina, Jaurlaritzak «konpromisoa du transexualentzako programa terapeutikoa martxan jartzeko». Gurutzetako erietxean (Barakaldo, Bizkaia) zenbait lan egiten hasi direla eta «profesionalak trebatzen jarraitzeko» asmoa dutela azaldu dute iturriok, «transexualek operatzeko beste erkidego batzuetara joan beharrik izan ez dezaten».

Barauan jarraitzen du
Andrea Muñizek astelehen gauean hasi zuen barau erdiari eusten dio. Hargatik, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari esku hartzeko eskatu dio Espainiako Transexualitate Klinikoko Elkarteak. Muñiz bularrak handitzeko ebakuntzaren zain dago, baina denbora agortzen ari zaiola salatu du. Jaurlaritzak «adarra jo» diola eta ez dutela operatuko uste du Muñizek, itxaron zerrendan ez baita azaltzen. Astebeteko epea eman dio Patxi Lopezi idatziz ziurta diezaion ebakuntzak egingo dizkiotela 2010eko maiatzerako.