Showing posts with label Kontzentrazioak. Show all posts
Showing posts with label Kontzentrazioak. Show all posts

2009/12/02

> Berria: Abenduak 1 > HIESDUNEN BAZTERKETA AMAITZEKO ESKATU DUTE

  • Hiesdunen bazterketa amaitzeko eskatu dute
  • Prebentziorako deia egin dute Hiesaren Aurkako Nazioarteko Egunean egindako ekitaldietan
  • Berria, 2009-12-02
Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna izanik, xingola gorriek hartu zituzten atzo Euskal Herriko txoko ugari. Hiri eta herrietan egin ziren ekimenetan, prebentziorako deia egiteaz gain, hiesa dutenek egun bizi duten egoera salatu, eta jasaten duten diskriminazioa amaitzeko eskatu zuten. Horretarako, ezinbestekotzat jo zuten gizarte osoaren lana eta konpromisoa.

Acasgik, EHGAMek, Gehitu-k Harri Beltzak eta Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Departamentuak deituta, hiesa dutenei elkartasuna adierazteko bilkura egin zuten Donostiako Teresa Calcuttakoa plazan. EHGAMek gogorarazi du ezinbestekoa dela hiesaren aurkako borroka «ikuspegi zabal batetik» bideratzea. «Erantzun zabal eta argi bat eman behar diogu hiesari, eta hori lortzeko ezinbestekoa da duela urte batzuk hasi genuen borrokaren planteamenduak berritzea. Gizarte osoaren inplikazioa behar dugu».

Arabako Hiesaren Aurkako Batzordeak gaur egun GIBarekin eta hiesarekin kutsatutako gaixoek bizi duten egoera salatu du. «Pertsona horien oinarrizko eskubideak behin eta berriz urratzen dira oraindik ere». Aste osoan hainbat ekitaldi antolatu dituzte Hiesaren Aurkako Nazioarteko Egunaren karietara. Atzo, adibidez, mahai informatiboa jarri zuten unibertsitateko campusean. Bihar, berriz, Gaur egungo GIBaren egoera gure inguruan mahai-ingurua egingo dute Montehermoso kultur etxean, 11:30ean. Kontzertuak ere izango dira iluntzean, Montehermoson bertan.

Miarritzen (Lapurdi) Aides elkarteak xingola gorria jarri zion Euskal emaztea estatuari, eta, ondoren, mintzaldiak izan ziren. Baigorrin eta Donapaleun (Lapurdi), bestalde, antzerki emanaldiak antolatu zituzten.

Urtero moduan ekitaldi instituzionala egin zuen Nafarroako Gobernuak atzoko eguna gogorarazteko. Bertan izan ziren, besteen artean, Osasun Publikoko Institutuko zuzendari Marisol Aranguren eta Gizarte Gaietarako kontseilari Maria Isabel Garcia Malo. Arangurenek emandako datuen arabera, aurten hamalau hies kasu diagnostikatu dira Nafarroan. GIB birusarekin kutsatutakoak, berriz, 27 izan dira. Sexu harremanak izaterakoan preserbatiboa erabiltzearen garrantzia gogorarazi zuen Arangurenek.

Gaur egun 33 milioi lagun bizi dira munduan GIBarekin eta hiesarekin. Horietatik erdiak baino gehiago 15 eta 49 urte artekoak dira. GIBarekin kutsatu berri direnen %45, bestalde, 15 eta 24 urte arteko gazteak dira. Horrek kezka eragin du.

Aurten ere prebentzioaren garrantzia nabarmendu du Onusida erakundeak, eta hiesa dutenen eskubideak bermatzeko eskatu du.

2009/06/19

> Berria: Salaketak > GIPUZKOA: SEXU ERASOA SALATZEKO KONTZENTRAZIOA EGIN DUTE HERNANIN

  • Sexu erasoa salatzeko kontzentrazioa egin dute Hernanin
  • Pasa den ostiralean hiru urteko haur bati sexu erasoa egitea leporatuta haur hezkuntzako irakasle bat atzeman zuen Ertzaintzak Hernanin.
  • Berria, 2009-06-19
Dozenaka lagun Hernaniko (Gipuzkoa) udaletxearen aurrean bildu dira eguerdian, haur hezkuntzako irakasle batek hiru urteko haur bati ustez egindako sexu erasoa salatzeko. Elkarretaratzean izan da Marian Beitialarrangoitia herriko alkatea, eta gertakaria salatzearekin batera, ustezko bortxatzailearen errugabetasun printzipioa errespetatzeko eskatu du.

Atzoko bilkuran, Hernaniko Udalak erasoaren aurkako adierazpena onartu zuen.

Pasa den ostiralean atxilotu zuen Ertzaintzak gizonezkoa, eta behin deklarazioa hartuta eta haren aurkako frogak aztertuta igandean Martuteneko (Donostia) espetxean sartu zuten. Sexu eraso larrien delitua egozten zaio, eta horrenbestez, errudun dela frogatzen bada gehienez hamar urteko kartzela zigorra jaso lezake.

Haurraren gurasoek ezarri zuten atxilotuaren aurkako salaketa pasa den ostiralean. Medikuak adintxikikoari egindako frogak aurkeztu zituzten gurasoek Ertzaintzan.

2007/10/10

> Berria: Faxismoa > DONOSTIA: JAIALDI ANTIFAXISTAK BABESAK JASOTZEN JARRAITZEN DU

  • Ostiralean, egutegi propioa xede, intsumisiorako deia egin du IAk
  • Euskal Herriak bere egutegi propioa izateko eskubidea eta beharra duela argudiatuz, datorren ostiralean, urriaren 12an, jarrera «intsumituak» zabaltzeko deia egin dio Ikasle Abertzaleak mugimenduak euskal ikasleriari. Horretarako gainera, heziguneak normaltasunez ireki edota herri eskolak antolatzeko gonbita egin du. Era berean, EAEko Hezkuntza sailatik edota hainbat ikastetxeetako zuzendaritzetatik ezarritako trabak gogor salatu ditu IAk.
  • Gara, 2007-10-10 # Oihana Llorente

Datorren ostiralean, urriaren 12an, euskal ikasleriak «ezer ospatzeko ez» duela ulertuta, heziguneak normaltasunez zabaltzeko eta herri eskolak antolatzeko deia egin du Ikasle Abertzaleak (IAk) ikasle mugimenduak.

Estatu espainol eta frantsesak «inposatutako» egutegi antolaketaren aurrean, euskal egutegiaren aldeko aldarria zabaldu behar dela deritzo IAk. Gainera, Euskal Herriak bere kultura, hizkuntza eta ohitura propiak dituenez haren jai egutegi propioa izateko eskubidea eta beharra duela nabarmendu zuen ikasle mugimenduak Donostian egindako agerraldian.

Egutegi propioaren aldeko borrokan, euskal ikasleriak izandako «aitzindaritza» nabarmendu zuten. Bertako bozeramaile Gorka Zozaiak adierazi bezala, badira hamaika urte herri eskolen afera abiatu zenetik eta haren esanetan, urtez urte «emaitza hobeagoak» eskuratu ditu ekimen honek.

Ikasleriaren «garaipena»
Era berean, azken ikasturteetan urriak 12an -Hispanitate eguna-, edota abenduak 6ean -Konstituzio espainolaren eguna-, hainbat ikastetxe eta fakultate modu ofizialean eta normaltasunez ireki izana ikasle mugimenduaren «garaipen» gisa jo zuen Zozaiak.

Zentzu honetan, herri eskoletaz haratago, «jai egun arrotzak» klase egun izendatuak izan daitezen ikasle mugimenduaren eskutik egindako saiakera ere aipagai izan zuen IAko eledunak. Hezigune ugaritako erabaki organo gorenetan ikasleek euren eskaera bideratu dutela azaldu zuen.

Alabaina, Lakuako Hezkuntza sailaren jarrera gogor kritikatu zuen IAko kideak. Haren aburuz, «herritarrei hitza emateaz solasten duten horiek dira Madrilen morroi zintzoenak, halako egunak ospatuaraziz». Era berean, hainbat zuzendarik ekimen honen aurrean izandako «jokaera guztiz antidemokratiko eta autoritario» salatu zituen.

Horiek hala, datorren ostiralean, heldu den azaroaren 11an -frantziar armistizio eguna- eta abenduaren 6an, «inposaketa espainolista eta frantsesaren aurrean» jarrera intsumituak zabaltzeko deia egin du IAk.

Donostiako jaialdi antifaxistak babesak jasotzen jarraitzen du

Hispanitate egun gisa Estatu espainolean ezaguna den egunean, urriaren 12ean, «España nación» lelopean faxistek Donostian egin asmo duten mobilizazioari aurre egiteko antolatutako jaialdiak atxikimenduak biltzen diardu. EHGAM, Bilgune Feminista, Askatasuna, Indar Gorri, Iratzarri, Ekimen Komunista, Segi, Askatasuna, LAB, Ikasle Abertzaleak, Batasuna, EAE-ANV, Piratak, Sare Antifaxista eta Donostialdeko hamaika gazte asanbladek osatzen dute babesleen zerrenda luzea.

«Herri bat garelako faxistak Euskal Herritik kanpora» lelopean antolatutako jaialdia arratsaldeko 15.00tan abiatuko da Donostiako Bulebarrean eta herritar orori bertara hurbiltzeko deia egin diote antolatzaileek. Haien esanetan, ekitaldian «faxismoaren aurka eta Euskal Herriaren alde» egingo da.

Ekimenaren xedea faxistak Euskal Herrian «ongietorriak ez direla» azaltzeaz gainera, Euskal Herriaren «aitortzaren, lurraldetasunaren eta erabakitze eskubidearen alde» egitea da. Baina horiek ez dira jaialdian present izango diren aldarrikapen bakarrak, justizia soziala,emakume eta gizonen arteko parekidetasuna edota etorkinen eskubideak ere defendatuko dira ostiralean Donostian.

2007/10/07

> Berria: Faxismoa > DONOSTIA: FAXISMOARI AURRE EGITEKO JAIALDIRA DEITU DUTE URRIAREN 12AN

  • Faxismoari aurre egiteko jaialdira deitu dute urriaren 12an Donostian
  • Datorren ostiralean, «España nación» lelopean, faxistek Donostian mobilizazioa egiteko asmoa dutela jakin ondotik, Gipuzkoako hiriburuko hainbat antolakundek ekimena prestatu dute egun horretarako, «faxismoaren aurka eta Euskal Herriaren alde egiteko».
  • Gara, 2007-10-07

Ez da lehenengo aldia faxistek Euskal Herriko kaleak hautatzen dituztena beren aldarriak plazaratzeko, beren oihuak egiteko, eta beren ikur eta banderak erakusteko. Donostia aukeratu dute urriaren 12an mobilizazioa egiteko. Hori dela-eta, Gipuzkoako hiriburuko hainbat talde eta antolakunde elkartu dira ostiralean datozen horiei mezu argia igortzeko: «Euskal Herrian ideia faxistek ez dute tokirik». Izan ere, faxismoaren aurkako eta Euskal Herriaren aldeko jaialdia antolatu dute egun horretan Bulebarrean, 15.00etan.

«Herritar eta eragile guztiak deitzen ditugu espainiar faxistei Euskal Herrian ongietorriak ez direla azaltzera eta Euskal Herriaren aitortzaren, lurraldetasunaren eta erabakitzeko eskubidearen alde egitera», azaldu zuten atzo, Donostian bertan, emandako prentsaurrekoan. Bestelako aldarrikapenik ere egingo dute hitzordu horretan: justizia sozialaren alde agertuko dira, emakume eta gizonen arteko parekidetasunaren alde, etorkinen eskubideen alde... «Herri aske eta justuago baten alde, alegia», gaineratu zuten.

Urriaren 12an, espainiar faxistek «Hispanitatearen eguna ospatzen» dutela gogorarazi zuten. «Ameriketako indigenen kontrako sarraskia hasi zuten duela 115 urte, eta gaur egun ere espainiartasuna horrela ospatzen dute. XXI. mende hasieran, inolako lotsarik gabe, genozidioa Espainiaren ikur bilakatu dute», salatu zuten agerraldian. Eta horren guztiaren ondorioa euskal herritarrek «larrutik ordaindu» dutela nabarmendu zuten. «Horrenbeste sufrimendu ekarritako horiek gu iraintzen jarraitzen dute».

«Espainia handia inposatzera»
«Espainiatik Euskal Herrira etorri, eta haien eskuin muturreko ideiak inposatu nahi dizkigute. `Espainia' deitzen duten horren batasuna, euskal herritarren borondatearen gainetik jartzen dute. 36an Francoren agindupean egin bezala, Espainia handi, aske eta batua inposatzera datozkigu. Euskal Herriaren eskubideak ukatzen dituen Espainia handia inposatzera datoz gurera», gaitzetsi zuten jaialdiaren antolatzaileek.

Baina, gehiago ere adierazi zuten faxismoaren aurkako eragile horiek: «Arraza batzuk besteen gainetik daudela defenda- tzen dute, etorkinak jazartzen dituzte, homosexualak erasotzen dituzte, ideia aurrerakoiak dituztenak gorrotatzen dituzte... Gure herria suntsitu nahi dute».