Showing posts with label Hezkuntza. Show all posts
Showing posts with label Hezkuntza. Show all posts

2009/11/22

> Erreportajea: Homofobia > BULLYNG HOMOFOBIKOA: EZ DUTE NAHI IKASKIDE GAYRIK

  • Bullying homofobikoa: Ez dute nahi ikaskide gayrik
  • Mutikoari ez zaio futbola gustatzen, dantza bai. Afeminatua da. 12 urte ditu eta oraindik ez daki mutilak gustatzen zaizkion ala ez. Gauza bat badaki: ikaskide mutilek iseka egiten diote, kopetean du etiketa: marikoia. Bullying homofobiko kasu tipikoa.
  • Argia, 2009-11-22, 2207. zenb. # Onintza Irureta
Jesús Estombarekin egon gara. Gehituko (Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual eta transexualen elkartea) Infasis ataleko koordinatzailea da. Nerabeen jarrerak aniztasun afektibo-sexualaren aurrean izeneko ikerketaz galdetu diogu. Lehen aldia da horrelako ikerketa egin dena Euskal Herrian eta zergatik egin duten galdetu diogu. Gehitun bazuten ustea ikastetxeetan homosexualitatearen gaia ez zebilela bide onetik. Usteak ziren, oinarririk gabeak. Horretara dator 2007-2008ko ikerketa; batetik, Gehitu elkarteak berak jakin nahi zuelako ikastetxeetan zer ari den gertatzen eta bestetik, erakunde publikoen aurrean datu serioak aurkezteko aukera zelako. Emaitzak eskutan Estombak argi du, usteak ez dira erdia ustel: gazteen jarrerak homofoboak dira. Ikerketa 2007-2008 ikasturtean egin zuen Gehituk Donostiako hainbat ikastetxetan. 14 eta 18 urte arteko 155 mutilek eta 168 neskek bete zuten hamabost galderako galdetegia. Ikerketak bi aurrekari baino ez ditu Espainiako Estatuan, Madrilgo Coslada herrikoa eta San Bartolomé de Tirajana Kanariar Irletakoa.

Lau ikasle jipoituak izan dira
Eskuineko orrialdean dago hainbat datu. Lau ikaslek aitortu dute jipoituak izan direla, hamahiru mehatxatu egin dituzte eta gauzak bota dizkiete hamazazpiri. Jarrera homofoboak jokabide bihurtu dituztenen eta ikusi dituztenen datuak ere ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Lekukoena deigarria da, gazteen %73,99ak norbait iraintzen ikusi du, eta %52,32ak, jipoitzen. Estombak ikerketan hurrengo galdera ez egitearen pena du, alegia, “Jarrera homofoboak ikusi dituzu eta zer egin duzu?”, zeren badirudi ikusi eta ez dutela ezer egin, begira geratu direla, eta lekukoek horrelako jarrera izatea sutarako txingarra da. Estombaren ustez, ikasle lekukoek ez dute loturarik egiten marikoi deitzearen eta horren atzean dagoen guztiaren artean. Badakite iraina dela, baina ez du alarmarik pizten.

Neskak ulerkorrago
Ez dituzte berdin erantzun hamabost galderak neskek eta mutilek. Sexu aniztasuna neskek errazago onartzen dutela dirudi. Desberdintasun horien zergatiak galdetu dizkiogu Estombari: “Ikerketak emaitza batzuk eman ditu, hortik aurrerakoak interpretazioak dira, nahi baduzu, nireak. Gizonak asko dauka galtzeko, emakumeak ez, beti egon baita bigarren mailan. Homosexualitatearekin gizonaren eredu klasikoa puskatzen da. Ikerketan ikusten da mutilek jarrera okerrena gayekiko dutela, atzerago geratzen dira bisexualak eta transexualak.

Urrutikoari bai, gertukoari ez hainbeste
“Abestiaren letrarekin geratu dira, baina ez melodiarekin”. Erantzun kontraesankorrak baitaude ikerketan. Alegia, maila teorikoan aurkeztutako egoeretan (Egokia al da mespretxuz tratatzea sexu bereko pertsonak gustukoak dituztenak?) sexu aniztasunarekiko malguagoak dira gazteak eta gertuko egoeretan (Alboko ikaslea gay, lesbiana edo bisexuala dela jakingo bazenu zein erreakzio izango zenuke?) jarrera homofoboagoak dituzte.

Ikerketako emaitza batzuk baino ez ditugu aipatu hemen. Balorazio orokorra zein den galdetu diogu Estombari: “Jarrera homofoboak gainditu al ditugun galdetzen didazu? Ez, segi eskolara. Ikasleek beraiek esan dute ez dela toki segurua ikastetxea gay, lesbiana, bisexual eta transexualentzat. Emaitzak irakurrita kontzentrazio esparruak dirudite eskolek, eta kontu, 323 ikasle horietatik %12k adierazi dute homosexual direla edo zalantzak dituztela”.

Bullying homofobikoaz ikastaroa
Argia aldizkariak bullying homofobikoa lantzea erabaki zuen duela hilabete batzuk. Balizko gaien karpetan gorde genuen, argitaratze datarik eta egilerik gabe. Halako batean, UEUko Udako Ikastaroen artean, artikulu honen egileak ikastaro bat topatu zuen: Bullying homofobikoa: nola ekidin sexu aniztasunarekiko diskriminazioa gazteengan? Hiru eguneko ikastaroa Eibarko Markeskoan. Pare-parean. Kazetariak hara joan eta gaia abian jartzea pentsatu zuen.

Hamabost bat laguneko taldea izan zitekeen gehienez; zazpi baino ez ginen elkartu. Harridura adierazi genion Udako Ikastaroen arduradunari. Hark aipatu zigun emakumeen aurkako indarkeriaz aurreikusitako ikastaroak ez zuela aurrera egin bik baino ez zutelako izena eman. Gai arantzatsuegiak nonbait.

Hiru irakasle, irakasle gaia, aisialdiko begiralea, berdintasun teknikaria eta kazetaria ginen taldean. Gidari lanetan Monika Martin eta Eider Goiburu Lahia-Nahia Sexologia Elkarteko kideak. Biek Gipuzkoako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan sexu heziketako eskolak ematen dituzte. Bullying homofobiko kasuak kudeatu behar izan dituzte ikastetxe batean baino gehiagotan.

Ikastaroko partaideek, haur-gazteekin lanean oso ohituak, barruak hustu zituzten: egunero eskoletan eta aisialdi taldeetan ikusitakoak kontatu zituzten eta Martin eta Goiburu irakasleen laguntzaz irtenbideak aurkitzen saiatu ginen. Bullying homofobikoaz diagnosi zorrotza egiteko intentziorik gabe, hona ikaskideen barrenetik ateratako kezkak eta egunero bizi dituzten zailtasunak.

Beti gertatu dira eta beti gertatuko dira
Ikastetxeetarako, sexu aniztasunari buruzko unitate didaktikoa dago –EAEz ari dira ikastaroko ikaskideak–. Curriculumak dio gai hori landu behar dela, baina egonean dago. Sexu heziketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan irakasten zaie, ikastaroko partaideen iritziz, haurdunaldiak saihestea da helburu nagusia. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ez da ezer lantzen, ez dago programarik.

Eskoletako irakasleak, kolore guztitakoak marraztu dituzte partaideek: bullying homofobikora iritsi aurreko prebentzioa landu beharko lukete, baina askotan bestaldera begiratzen dute, “beti gertatu dira horrelakoak eta beti gertatuko dira”. Bestalde, irakaslearen lan zakua gainezka dago: “Bullying homofobikoa ere guk landu behar al dugu?”. Homosexualitatea gaixotasuntzat dute irakasle gutxi batzuek: “Pasako zaio”. Beste asko, ulerkor bai, baina deseroso sentitzen dira gaiaren aurrean.

DBHn irakasleak kimikoak, matematikoak, historialariak dira, ez dute sexu aniztasunaz inolako formakuntzarik. Partaideek hala borobildu dute ikastetxeetan bizi duten panorama: eskola komunitateak ez daki nondik jo.

Haur Hezkuntzan lan egiten duen irakasle batek ziklo horren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen. Haur Hezkuntzako garaian ari dira haurrak euren gorputza esploratzen eta garai hori geletan baliatzea aldarrikatzen zuen. Kontraesanak ere gogora ekarri zituen: gelan gona janzten du neskak bezala mutilak, azazkalak margotuta dabiltza, besarkadak dauzkate elkarrentzat eta eskutik helduta doaz. Haur Hezkuntzako irakasle aipatu berriak esana: “Ikastetxeko eskailerak jaitsi ahala mutilen eskuak askatzen doaz, besarkadak atzean geratu dira. Badakite non bai eta non ez”.

Zailtasunak, ezinak... barrenak hustu zituztela profesionalek, alegia. Alabaina, ezintasunak agertzeko uneak izan ziren bezala, irtenbideak aurkitzeko ariketa asko egin genuen. Bullying homofobiko kasu errealak aztertu genituen. Honakoa bata: futbolean hasi dira neska-mutilak. Mutil horietako batek beste mutil bati esan dio: “Zuk ezin duzu, luma daukazu”. Beste bat: mutil jaioak neska izan nahi du eta ikastetxean nesken komunak erabili nahi ditu. Neskek ez dute beren komunetan onartu nahi.

Bi adibide horiek papera eta boligrafoa hartuta landu genituen, irtenbideak pentsatzeko astia hartuta. Hurrengo bi ariketetan ez genuen horretarako astirik izan. Bi antzerki egin genituen, norberak rol zehatza zuen jokatzeko eta momentuan inprobisatu behar zen. Tentsio handiko ariketa izan zen horietako bat: ikasgelan irakaslea sartu da eta ikusi du nola ikasle batek besteari mahai gaineko gauzak lurrera bota dizkion. Irakasleak ez daki, baina neska hori jazarri egiten dute lesbiana dela egotzita. Bullying homofobikoaren osagai guztiak daude hor; erasotzailea, ikusleak, biktima, eta irakaslea ahal duena egiten. Rol jokoa bukatutakoan, Martin eta Goiburu irakasleek ariketa goitik behera errepasatu dute. Rol joko eta bestelako adibideetan landutako irtenbideak ez dira errezeta magikoak eta egoera jakin bakoitzari emandako erantzun guztiak ezin dira hemen jaso. Ea ondokoak zerbaitetarako balio duen. Hasteko, irakasleak jabetu behar du zerbait onargarria ez dena gertatzen ari dela, ez du balio “beti gertatzen dira horrelakoak” esan eta kito egiteak. Irakasleak arreta deitu behar dio erasotzaileari, eta ez ahaztu bullying homofobikoan gakoetakoa diren ikusleekin. Ez dago zertan erasotzaile-ikusle-biktima hirukotearekin gertatutakoa batera landu beharrik. Oso normala da biktimak jazartzen dutenen aurrean ahorik ez irekitzea. Eskola komunitatea jakinaren gainean jarri eta erasotzaile, ikusle zein biktimaren gurasoekin hitz egin.

Bullying homofobikoa ez da existitzen
Bi rol jokoak gogorrak izan badira, bi bideo eztarriko zuloan geratu zaizkigu. Alicia Santolayaren bideo erreportajean (Zergatirik gabeko suizidioak) Alba Payas Gironako psikoterapeuta ageri da. Harengana bere buruaz beste egin duten gaztetxoen gurasoak doaz. Gurasoek ez dakite semeek (beti mutilak ageri dira) zergatik hartu duten halako erabaki latza, ume normalak ziren, bere buruaz beste egiteko arrazoi agerikorik ez zuten.

Frantziako Estatuan, 16 eta 39 urte arteko gizonetatik bere buruaz beste egiten saiatzen diren hirutik bat homosexuala edo bisexuala da. Espainiako Estatuan esaten da, nerabeek bere buruaz beste egiten dutela buru-nahasmenduengatik, arrisku jarrerengatik, edo drogak kontsumitzeagatik, homofobia ez dago zerrendan. Bullyingaz hitz egiten denean homofobia ez da aipatu ere egiten eta Alba Payasen ustez lehen kausa da.

Bigarren bideoak Vestido nuevo (Sergi Ferrer) izena du. Ondokoa gaia: inauteriak dira eta ikastetxeak ohartarazi du arratsaldean dalmataz mozorrotuko direla haurrak. Mario mutikoa soinekoa jantzita agertu da goizean. Ikasgelan sartu denean irakaslea aho zabalik geratu da: “Mario, zer egiten duzu?”, ikaskide guztiak begira isil-isilik. Mariok dalmata mozorroa bizkarzorroan darama, gaur goizean ez da mozorrotuta joan eskolara. Eskandalua, ikaskideak iseka, zuzendariarengana eraman dute, aitari hots egin diote. Aitak trajearen jakarekin estali eta etxera eraman du.

Ikastaroko gelan isiltasuna nagusi, ordu batzuk lehenago taldekide batek gai horixe bera jarri zuen mahai gainean: “Mutikoa daukat eta gustura eramango nuke eskolara soinekoarekin, berari gustatzen baitzaizkio eta etxean janzten ditu. Ez naiz ausartzen”. Zein ausartzen da mutikoa eskolara soinekoa jantzita eramaten? Bullying homofobikoa ez baita orientazio sexualaz ari soilik, baita genero rolen mugez ere. Mariok muga gainditu du.

  • Eider Goiburu, sexu hezitzailea
  • “Ikuslerik gabe erasoak ez luke zentzurik”
Oriotarra (Gipuzkoa), Lahia-Nahia Sexologiako Elkarteko kidea da eta sexu hezitzaile ari da Gipuzkoako ikastetxeetan. Psikologoa da eta berdintasun agentea ere bai. 11 eta 20 urte arteko gazteekin egiten du lan eta berak dio bulliyng homofobiko kasu gehien DBHn izaten dela.

Bullying kasu askoren atzean homofobia ezkutatzen omen da.

Bullying kasu askotan homofobia ez da oinarri, baina bullying asko kasu homofobiko bihurtzen dira. Adibidez, mutil bati hasieran gilipollas deitzen zioten eta bukaeran puto gay edo puto maricón. Ez zen afeminatua, ez gaya. Baina irain potoloa da adin horietan gay izatea.

Bullying homofobikoaz hitz egiterakoan beti mutilak aipatzen ditugu.
Biktimak orokorrean mutilak izaten dira. Gizartean nesken genero rola aldatzen ari da, malguagoa da, neskak mutilen eremuetan sartzea askoz onartuago dago: kirola egin, arropa zabalagoa jantzi... Mutilek nesken eremuan sartzea zailago dute. Mutilek futbolean jolastu beharrean dantza egiten badute puntu asko dituzte erasotuak izateko. Nesken rola malgutu da eta beraz eraso gutxiago dago, mutilen rolak oso estatiko jarraitzen du eta hortik pixka bat ateratzen dena zigortua da.

Mutila ez da ezkutuan geratzen.
Batez ere afeminatua erasotzen da, genero roletik ateratzen dena. Homosexualitatearekin dauka zerikusia, baina ez hain zuzen.

Nola bizi du biktimak egoera? Zer dio berak?
Biktimak ez du ezer esaten. Hori da arazoa. Ez du ezer esaten, beldurra dauka zerbait esaten baldin badu erasoa areagotuko dela. Nerabezaroan lagunek garrantzi handia daukate eta derrepente lagunik gabe geratzen dira, edo taldeak baztertuta daukan beste norbaiten lagun baino ez dira. Bakardade hori bizitzea oso gogorra da.

Gainera, heterosexual izateko hezten gaituzte eta nerabezarora iritsi eta hasten bazara pentsatzen igoal ez zarela heteroa... Ikasi duzun egitura hori puskatzen ari zara guztiz, zure barnean bizi duzu hori dena, eta kanpotik ez daukazu laguntzarik. Egunero eskolara joatea sufrimendua da. Batzuk bullyinga sufritzen ari dira eta beste batzuek homosexualitate prozesua isilean eramaten dute. Azken horiek onartuak dira, baina ez dutelako ezer esan. Sentitzen dutena ezin dute adierazi besteen aurrean zeren inork ez lieke ulertuko.

Biktima eta erasotzailearen figuraz gain ikuslearena lantzen duzue.
Inportanteena da. Norbaitek eraso egiten du beste norbait begira dagoelako, ikuslerik gabe erasoak ez luke zentzurik. Ikuslea da erasoaren unean indar gehien daukana, ez badira erasoa ikustera joaten edo ez baldin badute onartzen aukera askoz gehiago daude bullying kasuek atzera egiteko.

Zenbateraino jabetzen dira ikusleak egiten dutenaz?
Ez dira kontziente, esaten dute beraiek ez daudela inplikatuta horretan. Bestalde, beldur dira muturra sartzeko eta estigmatizatuak izateko, alegia, erasotua defendatzen badut ni ere erasoatua izango naiz. Neskak erasotuarekin egoten dira, baina erasoaren momentuan bertan inor ez da ausartzen erasotzaileari esatera: “Pasatu egin zara! Nora zoaz?”.

Zerk harritu zaitu gehien ikastetxeetan?
Helduek. Badira helduak uste dutenak hau dena gaindituta dagoela eta esaten diezunean beren seme-alaben gelan bullying homofobikoa gertatzen ari dela, ez da ez dizutela sinesten, baina beren seme-alabak homofoboak direla esaten badiezu sinestea zaila egiten zaie. Esaten dute badituztela ereduak telebistan, familian... Ez dute ulertzen euren seme-alabak homofoboak izatea.

Jarrera horrek harritu egiten nau eta kezkatu ere bai. Helduak ez bagara gai errealitatea ikusteko, dena gaindituta dagoela uste badugu, ezin dugu hori landu. Gurasoez ari naiz, irakasleek gelan ikusten dute.

Sexu aniztasunaren normalizazio bidean zein nota jarriko zenieke ikasleei?
Nerabeek argi dute zer den esan behar dena, politikoki zuzena, baina jokabidez ez dabiltza ondo. Bestalde, gauza bat da nerabezaroa eta bestea gaztaroa. Gaztaroan jarrerak hobetu egiten dira. Nerabezaroan eredu oso itxiak dituzte, segurtasuna sentitu nahi dute. Eredu horietatik ateratzea gogorra da. Gaztaroan bakoitzak hobeto daki nondik jo nahi duen, bere buruarekin hobeto dago; errazago onartzen da norbera eta bestea.

2009/07/02

> Elkarrizketa: Monika Martinez > "NORMATIK ATERATZEAN DEN GUZTIA ZIGORTUTA IZANGO DA"

  • Monika Martinez . Psikologia lizentziaduna: «Normatik ateratzen den guztia zigortua izango da»
  • Eskolan jazarpen homofobikoak duen eragina aztertzen, eta aniztasunean nola hezi argitzen ari dira UEUko udako ikastaroetan.
  • Berria, 2009-07-02 # Mikel Peruarena . Eibar
Nerabeen %73,99k ikusi dituzte beste nerabe batzuk gazte homosexualei irain egiten; eta nerabe homosexualei emandako jipoien testigu izan dira %53,32. Gehitu elkarteak Donostian egin, eta urte hasieran aurkeztu zuen ikerketa baten emaitzetako batzuk dira. Jazarpen homofobiko hori aztertzen, eta nola aurre egin dakiokeen eztabaidatzen ari dira UEU Udako Euskal Unibertsitateko udako ikastaroetan, Eibarren. Atzo hasi ziren udako ikastaroak, eta Bullying homofobikoa: nola ekidin sexu aniztasunarekiko diskriminazioa gazteengan? ikastaroa ematen ari da Monika Martinez (Donostia, 1982) psikologoa bertan. Argi du ikastetxe batetik bestera oso egoera ezberdinak daudela, baina arazoa oso larria dela nabarmendu du.

Zer datu daude eskoletako jazarpen homofobikoari buruz? Zenbaterainokoa da arazoa?
Nerabeen artean, guretzako, larritasun oso-oso handia du. Ez bakarrik homosexualekin, baizik eta bere genero rolari eusten ez dioten pertsonekin. Guretzako, arazo larria hori da, berdin du homosexuala izan edo ez. Genero rolak oso sartuta daude, eta hortik ateraz gero... Etiketak jarrita daude, eta kito. Dauzkagun datuak Gehiturenak dira, eta guretzako larriak dira. Adibidez, 323 ikasletik hamairuk onartzea norbait jipoitu dutela homosexuala izateagatik, edo homosexuala dela uste izateagatik... Edo lau ikaslek jasan izan dituztela jipoiak. Niri iruditzen zait oso larria dela.

Zer da bullying homofobikoa? Nola definitu daiteke?
Bullying homofobiko esaten zaio pertsona batek, denbora luzez, mehatxuak, irainak, eraso fisiko edo psikologikoak jasaten dituenean, sexu joerarengatik, LGTB [lesbiana, gay, transexual eta bisexualak] direnengan, edo genero rolari ez eusteagatik. Isolamendua, irainak eta bazterketa jasaten dituzte.

Irakasleak konturatzen dira egoera horietaz?
Kasu larrienetan konturatzen dira. Kontua da garrantzitsua dela lehenago konturatzea, kasu horiek saihesteko.

Jipoietara iritsi aurretik konturatu behar luketela, alegia...
Bai, ikustea ez direla bakarrik jipoiak. Jolas orduan norbait bakarrik ikusten badute, zerbaitengatik izan daitekeela ohartzea, edo marikoia hitza entzuten dutenean, korridoreetan, zerbait izan daitekeela... horretaz konturatzea. Gertatzen da irakasle gehienek, posizio ona dutela, baina baita lan gehiegi ere, eta ezin dute denetara egon. Nahikoa dute beren gauzekin, eta kostatzen zaie konturatzea.

Zer gertatzen ari da ikastetxeetan horrelakoak gertatzeko?
Nik uste dut huts egiten duela enpatiak. Bakoitza bere munduan dago, bere gauzetan, eta kostatzen zaigu besteen lekuan jartzea. Horretaz aparte, frustrazio mailak kontrolatzeko baliabiderik ez daukate gazteek. Orduan, edozer txorakeriarengatik oldarkor jartzen dira. Mutilen artean bai, eta nesken artean ere gero eta gehiago.

Nesken artean ere bai?
Bai. Frustrazio maila oso-oso txikia daukate.

Zer da frustrazio maila?
Zer edo zer ez zaienean gustatzen, edo ez dutenean lortzen nahi dutena, segituan salto egiten dute, erreakzionatu egiten dute.

Berdinak dira portaerak neskekin eta mutilekin, edo badaude aldeak?
Homofobiaren aldetik antzekoa da. Akaso mutilen artean askoz ere gehiago ikusten da homofobia maila hori, haien genero rolak ere askoz itxiagoak direlako. Neskenak pixka bat malguagoak dira, eta gutxiago nabarmentzen da. Gero, erreakzioak antzekoak dira. Nesken artean, esaten dute lagun gay bat baldin badaukate, «ze ondo», lagunduko diotela. Baina lesbiana balitz, pixka bat kostatuko litzaiekeela esaten dute. Koadrilatik ez omen lukete botako, onartuko lukete, baina pixka bat urrutiratuta.

Eta erasoen aldetik, portaerak ere antzekoak dira?
Nahiko orokorrak izaten dira. Neskok, gure rolaren malgutzeagatik, mutilen rola hartzen ari gara, eta gero eta oldarkorragoak gara. Indarkeria mailan berdintzen doaz neskak, mutilen rola nagusitzen ari delako; neskek ikusten dute hori, eta rol hori hartzen ari dira. Berdintasuna lortzen ari gara, oker baina.

Erasoak jasaten dituztenek nola bizi dituzte egoera horiek? Zer eragin du haiengan?
Oso gaizki pasatzen dute. Bakarrik sentitzen dira. Uste dute ez daukatela inor hori kontatzeko. Gurasoei beldur handia diete, askotan etxean ere ez dakitelako homosexuala dela. Datu batzuk dauzkagu, oso fidagarriak ez diren arren, eta horiek esaten dutenez, bere buruaz beste egiten duten gazteek, homosexualak sentitzen direlako, eta ez dakitelako nondik jo, egiten dute hori.

Identitate sexuala sortzeko ere, kontrol gisa funtzionatuko du jazarpen homofoboa horrek...
Bai, bai. Normatik ateratzen den guztia zigortua izango da.

Zer gabezia ikusten dituzu hezkuntza afektiboan?
Sexu aniztasunari buruzko heziketan denok dakigu zer esan behar dugun, baina gero jarrerek, txisteek, esanek... hor jarraitzen dute. Gogoratzen naiz aurrekoan ume txiki bat, parkean, erori egin zela, eta aitak esaten zion: «Ez egin negarrik! Mutilek ez dute negarrik egiten!». Nola ez du negarrik egingo, burua ireki du eta!

Eta nola egin lekioke aurre arazo horri ikastetxeetatik?
Garrantzitsua da berdintasunean heztea, aniztasunean. Bakoitzaren sexualitatea eta beste sexualitateak onartu eta errespetatzeko jarrerak sortzea, ikusaraziz beste bizimodu batzuk badaudela, eta ez dela ezer gertatzen ezberdina izateagatik. Baina zaila da. Azkenean, nerabeek, dauden garaian egonda, talde izan behar dute, taldean egon behar dute. Ezberdintzea gaizki hartzen dute.

Azkenean, etxean ikasitakoa errepikatzen dute, ezta?
Bai, bai, nerabeak ispiluak bezalakoak dira, eta helduei ikusten dieten guztia islatzen dute. Guk esaten dugu gure lana dela korrontearen kontra joatea bezala. Mezu guztiak doaz bide batean, eta gu bestera saiatzen gara. Etxeetan, ikastetxeetan... Txikitatik aniztasun horretan hezi behar dira haurrak.

> Elkarrizketa: Monika Martin > "GAZTEEK HOMOSEXUALITATEA ONARTU ONARTZEN DUTE, BAINA BERE INGURUETATIK KANPO"

  • «Gazteek homosexualitatea onartu onartzen dute, baina beren inguruetatik kanpo»
  • Psikologian lizentziaduna, tratu txarretan espezializatua dago eta ikastetxeetan egiten du lan gazteekin. UEUko udako ikastaroetan «Bulling homofobikoa: nola ekidin sexu aniztasunarekiko diskriminazioa gazteengan?» ikastaroa eskaini zuen atzo.
  • Gara, 2009-07-02 # Maider Eizmendi
Pasa den igandean ospatu zen LGTB Harrotasunaren Egunean hizpide izan zen gazteek sufritzen duten homofobia, UEUko udako ikastaroetan bulling homofobikoaz mintzatu zen Monika Martin psikologoa. «Diskurtsoa oso ikasia dute, baina gero eta markatuagoak daude genero rolak gazteen artean» .

Zein modutan eta zen mailatan gertatzen da bulling homofoboa?
Gehitu-k egin duen ikerketa baten arabera, nahiko zabalduta dago. Datu bat ematearren, gazteen %74k entzun izan ditu gazte homosexualen aurkako irainak, eta 300 ikasletik 13k jipoitu izan dute gazte bat homosexuala delako edota ezarrita dagoen genero roletik kanpo dagoelako.

Genero rolak aipatu dituzu.
Bulling homofoboa ez dute jasaten soilik LGTB kolektiboko pertsonek, bere genero roletik irteten direnek ere jasaten dute. Gero eta markatuagoak daude genero rolak. Gazteek, beren diskurtsoan, oso markatua dute sexu moral bikoitza, oso zehaztuta dute zer egin behar duten neskek neska izateagatik, eta zer mutilek. Mutil bati futbola ez, baizik eta dantza gustatzen bazaio arazoak izan ditzake.

Bat egiten dute diskurtsoak eta jarrerak?
Banaka hartuz gero, gazteak errespetuz mintzatzen dira, baina talde araua kontrakoa da; denek berdinak izan behar dutela pentsatzen dute, eta hortik irteten denak zigortua izan behar duela. Diskurtso zuzena oso barneratuta daukate, baina sakonki aztertzen dituzunean konturatzen zara ez dela horrela: onartu onartzen dute, baina beren ingurutik kanpo. Horregatik, gazteek ere beren inguruetatik irteten direnean espresatzen dute homosexualak direla, ikastetxez aldatu direnean edota herritik aldatu direnean.

Bereziki zein eremutan gertatzen da bulling homofoboa?
Batez ere eskolan nabarmentzen da berdinen arteko diskriminazioa eta bazterkeria.

Nola eragiten dute jarrera horiek pairatzen dituzten gazteengan?
Orokorrean ez dute beren orientazio sexuala onartzen, badakitelako zer gerta daitekeen. Baina arazo larriagoak ere izaten dira: depresioa, bakartzea... Zantzuak daude gainera, bere buruaz beste egiteko arrazoi garrantzitsua dela, nahiz eta hori ez den azaleratzen.

Zein modutan landu behar da gaia?
Zaila da lantzeko baina txiki-txikitatik erakutsi behar zaie haurrei genero rolak malguak direla, ez direla horren markatuak. Gizartea oro har aniztasun eredu batean hazi behar da. Garrantzitsua da gaia ikastetxeetan lantzeaz gain, etxean ere lantzea, eta instituzioetan ere bai.

Homofobia agerikoa ez, baina «bromak» onartzen dira.
Homofobia sotila deitzen diogu horri. Gaizki dago esatea homofoboa zarela, baina txisteak egiten dira eta normalizatuta dago. Homofobia sotil hori ez da zigortzen eta kalte handia egiten du.

2009/02/13

> Berria: Homofobia > NESKEK ERRAZAGO ONARTZEN DUTE SEXUALITATEAREN ANIZTASUNA

  • Neskek errazago onartzen dute sexualitatearen aniztasuna
  • Gehitu-ren ikerketaren arabera, nerabeek ondo ikusten dute homosexualitatea, baina bestela jokatzen dute
  • Berria, 2009-02-13 # Ainara Arratibel • Donostia
Neskei errazagoa zaie sexualitatearen aniztasuna onartzea mutilei baino, Gehitu-k 14 eta 18 urte bitarteko ikasleen artean sexualitatearen aniztasunaren inguruan egindako ikerketa baten arabera. Gehitu-k kezka agertu du ikastetxeetan gertatzen ari diren jarrera homofoboengatik. Izan ere, galdekatutako ikasleen %83k aitortu dute eskola ez dela inguru ziurra gazte homosexual, lesbiana, transexual eta bisexualentzat. Horren aurrean neurriak hartzeko eskatu du. «Jarrera homofoboen aurrean dagoen pasibotasuna eta permisibitatea salatu nahi ditugu, batez ere. Etorkizunean hartu behar diren neurriei begira, oso kontuan hartzeko datua da portzentaje hori», diote Gehitu-ko Koldobide Mujikak eta Jesus Estonbak.

Galdeketa iazko ikasturtean egin zuten, Hitz egin dezagun homosexualitateaz heziketa programaren karietara. Guztira 323 ikasle galdekatu zituzten: 168 neska eta 155 mutil. Gehienak Donostiako ikastetxeetakoak dira. «Ikerketa mugatua da, baina orokortu egin daiteke. Izan ere, berezitasunak berezitasun, lurralde gehienetan antzeko emaitzak jasoko lirateke».

Estonbak nabarmendu duenez, ikerketan desberdintasunak ikusten dira neska eta mutilen erantzunetan. «Neskek jarrera irekiagoa dute, oro har. Mutilei gehiago kostatzen zaie sexualitatearen aniztasuna onartzea». Galdera gehienetan ikusi du jokabide hori.

Sexuen arteko alde hori agerian geratzen da ikaskide homosexualen aurrean izango luketen jarreraz galdetzen zaienean. Hala, ia neska gehienek ikaskide gay bat izatea onartuko lukete, baina mutilen %60k ez lukete ondo hartuko: %35 deseroso sentituko litzateke eta. %25, berriz, lekuz aldatuko litzateke.

Ikaskide lesbianen kasuan, mutilen jarreran eman da aldaketarik esanguratsuena, ikerketaren arabera. Izan ere, haien deserosotasuna nabarmen gutxitzen da. Hala, %6 baino ez lirateke lekuz aldatuko. Datu hori nesken datuen parekoa litzateke. Mutilen %8,39k ikaskide horrekin ligatzen saiatuko liratekeela aitortu dute».

Transexualen eta bisexualen kasuan, aurkako jarrerak areagotu egiten dira. Kasu horretan ere, kontrako jarrerak gehiago ematen dira mutilen artean nesken artean baino.

Antzeko zerbait gertatzen da sexu bereko bi pertsonen arteko maitasun jarrera ikusten dutenenean nola jokatzen duten galdetzen zaienean.

Kontraesana
Mujikaren eta Estonbaren ustez, ikerketak ere kontraesan bat utzi du agerian ikasleek pentsatzen eta egiten dutenaren artean. «Homosexualak, lesbianak, transexualak eta bisexualak onartzen dituztela diote. Baina jarrerei buruzko galderetan ikusten da nerabeek jokabide homofoboak dituztela». Hala, hamarretik ia bederatzi homosexualen kontrako mespretxu jarreren kontra ageri dira. %11k, ordea, halako jarrerak zuritzen edo babesten dituzte.

Galdekatutako ikasleen artean, lauk aitortu dute noizbait jipoiren bat jaso dutela, beren sexu nortasunagatik. Hamahiru izan dira, berriz, mehatxuren bat jaso dutela diotenak.

Gazte askok aitortu dute ekintza homofoboetan parte hartu izana. Atal horretan jaso dituzten datuen artean, Estonbak jipoiei lotutakoa nabarmendu du. Izan ere, ikasleen %4k aitortu dute noizbait jipoiren bat eman izana. «Kezkatzeko moduko datua da».

Ikasleen erdiek baino gehiagok diote ekintza homofoboen lekuko izan direla. %52k erasoak ikusi dituzte, eta %74k isekak eta irainak. «Oso datu esanguratsuak dira».

  • Zenbakia
  • %70. Bi gizonen arteko maitasun jarreren aurreko jokabidea. Gehitu-ren ikerketan parte hartu duten hamar ikasletik zazpik jarrera ona dute bi gizonen maitasun jokabideen aurrean. Kopurua antzekoa da bi emakumeen arteko maitasun jokabideen inguruan galdetuz gero.
  • %80. Guraso homosexualak dituzten ikasleekiko jarrera. Galdekatutako ikasleen %80k ondo hartuko luke haren ikaskide baten aita edo ama homosexuala izatea. Gehitu-ren ustez, horren arrazoia zera da: ikaskideen gurasoak homosexualak izateak ez diela eragiten.

2009/01/29

> Berria: Hezkuntza > CURRICULUMAREN AURKA EGIN ZUTENEK ATZERA EGIN BEHARKO LUKETELA ESAN DU CAMPOSEK

  • Curriculumaren aurka egin zutenek atzera egin beharko luketela esan du Camposek
  • Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren ustez, argi geratu da curriculumak ez duela oinarrizko eskubiderik hurtasen
  • Berria, 2009-01-29 # Ainara Arratibel
«Euskal curriculuma horrenbeste kritikatu zutenek atzera egin beharko lukete», adierazi zuen atzo Tontxu Camposek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Campos pozik agertu zen EAEko Auzitegi Nagusiak euskal curriculumaren alde egin duelako. «Garbi geratzen da curriculumak ez duela oinarrizko eskubiderik urratzen».

Eusko Jaurlaritzak 2007ko urrian onartu zuen derrigorrezko hezkuntza osorako curriculum berriaren dekretua. PSE-EE, PP eta Ezker Abertzalea aurka agertu ziren. Dekretuak elebitasunaren alde egiten du, eta baita derrigorrezko hezkuntza amaituta ikasle guztiek B2 hizkuntz gaitasuna izatearen alde ere. Ikastetxeei ordutegiak antolatzeko autonomia ematen zaie, baina ordu gutxiago ematen zaio heziketa fisikoari eta gehiago zientziei.

Hilabete geroago herritar talde batek helegitea jarri zuen, euskal curriculuma baliorik gabe uzteko eskatuz. Herritar talde horren aburuz, Herritartasunerako Hezkuntza irakasgaiak oinarrizko hainbat eskubide urratzen ditu: ideologia askatasuna eta gurasoek seme-alaben heziketa moral eta erlijiosoa aukeratzeko duten eskubidea, tartean. EAEko Auzitegi Nagusiak, ordea, atzera bota du herritar taldearen helegitea. Epaitegiak ebatzi duenez, «Herritartasunerako Hezkuntza irakasgaiak ez du norberaren ideia moral eta erlijiosoekin talka egiten duen elementu proselitista eta hezitzailerik».

Halaber, Europako Giza Eskubideen Epaitegiaren jurisprudentzia aintzat hartuta, zera dio: «Herritartasunerako Hezkuntza irakasgaiak ez ditu Estatuari eskatu behar zaion alderdikeriarik ezaren mugak gainditzen». Camposen ustez, hainbat talde eta alderdi politikok ez zioten behar adinako balioa eman hezkuntza eragileek lortutako akordioari. «Konturatu beharko lukete lan egiteko modua egokia zela, eta lortutako akordioak beraiek adierazi zuten baino balio handiagoa zuela».

Objekzioa, debekatua
Espainiako Auzitegi Gorenak, bestalde, ukatu egin zuen atzo Herritartasunerako Hezkuntza irakasgaiaren kontrako objekzio eskubidea. 22 epailek erabakiaren alde bozkatu zuten, eta zazpik kontra. Auzitegiaren arabera, irakasgaiaren edukiak ez du gurasoek beren seme-alaben heziketa moral eta erlijiosoa aukeratzeko duten eskubidea urratzen.

Gehitu elkarteak pozik hartu du Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia. Haien aburuz, irakasgaiak «pertsona ororen giza eskubideak aitortzen eta erakusten ditu». Dena den, ezinbestekoa ikusten dute irakasgaiaren edukiak zabaltzea.

2008/07/09

> Berria: Homofobia > IKASTETXEETAN ESKU HARTU, ZENBAITENTZAT INFERNU BILAKA EZ DADIN

  • Ikastetxeetan esku hartu, zenbaitentzat infernu bilaka ez dadin
  • Aniztasun afektibo-sexuala
  • Gara, 2008-07-09 # Janire Arrondo

Ikastetxeetako erasoek gerora eragin itzela izan ohi dute ongizate psikologikoan. Norberaren sexu berekoekiko erakarpena dutenek arrisku berezia dute, ikasgelak maiz amesgaizto bilakatzen baita eurentzat.


Ikasgeletan izaten diren erasoak eta horiek gerora dituzten ondorioak hizpide hartu dituzte EHUren Udako Ikastaroetan, eta aniztasun afektibo-sexualari arreta berezia eskaini diote. Hain zuzen ere, ikastetxeetako erasoek ongizate psikologikoan eragiten dituzten kalteak aztertu ditu EHUko irakasle eta psikologo Aitor Martxuetak.


Gatazken sustraian izan litezkeen arrazoiak ugari badira ere, sexu bereko pertsonekiko erakarpena dutenen kasuan areago izan ohi dira. «Gizartean bazterketa jasateko arriskua duten pertsonak dira», nabarmendu zuen irakasleak. Horregatik, «beharrezkoa da egoera horiek saihesteko edo aurre egiteko planak abian jartzea».


Martxuetaren ustez, gutxi sakondutako gaia da hori, eta arreta handiagoa eskaini beharko litzaioke. Gainera, arazoa konpondu ahal izateko ikasleekin ez ezik, gurasoekin eta irakasleekin ere lan egin behar dela nabarmendu zuen.


Hala eta guztiz ere, lehenbizi, gizarteko aniztasun afektibo-sexuala aztertzea eta ulertzea beharrezkoa da, ondoren ikastetxeetakoa ulertu ahal izateko. Erasooi erantzun azkarra ematea ere ezinbestekotzat jo zuen: «Unean bertan esku hartu behar da, behar bezala konpondu nahi izanez gero». Horrelako kasuek, izan ere, gertatu bezain laster tratatu ezean, gerora ongizate psikologikoan kalteak eragin ohi dituzte.


Egoeraren azterketa egin ondoren, arazoa konpondu ahal izateko, buruko osasunean eragina duten faktoreak zein diren ezagutzea ere beharrezkoa da.


Martxuetaren esanetan, buruko osasuna eta ongizate psikologikoa ez dira bereiztu behar. Bata eta bestea bermatzeko, «beharrezkoa da norbere burua den bezala onartzea, eguneroko bizitzan autonomiaz jokatzen jakitea, jomugak izatea, pertsonalki garatzea, ingurunean mugitzen jakitea eta gizartean harreman ezberdinak izateko gai izatea».


Buruko osasun-egoera finkatzen duten lau aldagai nagusiak afektibitatea, depresioa, antsietatea eta autoestimua dira, eta faktore psikosozialek eragina dute batean eta bestean desorekak eragiteko. Ikastetxean jazarpena jasan dutenek, esaterako, antsietatea eta depresioa agertuko dituzte gerora.


EHUk gai horren gainean Gipuzkoan 2005. urtean egindako ikerketa baten emaitzak esku artean hartu zituen psikologoak. EHGAM, Gehitu eta Bost Axola elkarteekin batera buruko osasunaren aldagaiak, eta horretan eragina duten faktoreen konbinazio ezberdinak ikertu, eta ehundik gora pertsonen kasuak aztertu zituzten.


Lanean ondorioztatu zutenez, sexu berekoekiko erakarpena duten pertsonen ongizate psikologikoan kalteak eragiten dituzten faktore sozial horiek, eskoletako erasoez gain, zerikusia dute norbere buruaren onarpenarekin, familiakoen eta lagunen babesarekin, inguruko errealitate-sarearen pertzepzio egokiarekin eta genero identitatearekin. «Norbanakoarentzat eguneroko bizitzako erronkei aurre egiteko beharrezko da babesa duela sentitzea edo, beste modu batean esanda, laguntza soziala izatea». Haren esanetan, lagunak eta bikotekidea izaten dira horrelakoetan aurrera egiten gehien laguntzen dutenak. Kontrakoa gertatzen denean, ordea, senideek orientazio afektibo-sexuala onartzen ez duten kasuetan, esaterako, antsietatea eta depresioa agertzen dira horren ondorioz.


Eskoletako erasoak gogor eragiten die eta, maiz, ingurukoen laguntzarekin ere, zaila da halako egoerei aurre egitea. Erasoak ekiditea litzateke hoberena, eta «aniztasun afektibo-sexuala gizartean normaltasunez onartzea» da horretarako giltzarria.

2008/07/08

> Berria: Homofobia > HOMOFOBIA ESKOLAN, HEMEN

  • Homofobia eskolan, hemen
  • Eskolako bullying homofobikoak, luzera, eragin psikosozial kaltegarriak ditu homosexualengan. Aitor Martxueta psikologoak ohartarazi du jazarpen hori depresio eta antsietate iturri dela.
  • Berria; 2008-07-08 # Mikel Peruarena Ansa · Donostia

Gaur esaten da normalizatu egin dela homosexualen egoera. Egia da aldaketa dezente egon direla eta aurrerapausoak eman direla, baina eskoletan oraindik bullying kasuak daude, eta, batez ere, bestelako aukera afektibo-sexual batzuk dauzkaten ikasleek jasaten dituzte». Aitor Martxueta psikologia doktoreak gidaturik, “Aniztasun afektibo-sexuala eskolan: gatazkak eta konponbideak” ikastaroa ematen ari dira Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroetan. Martxuetak dio gero eta kasu gehiago agertzen ari direla eta beharrezkoa dela ikertzea eta eskoletan esku-hartze planak garatzea.


Martxuetak argitu du jazarpena ez dela gai berria, «baina orain agertzen ari da, batez ere, eskolako jazarpen homofobikoa deitzen dena». Hainbat elkarte aniztasun afektibo-sexuala eskoletara eramaten hasi direla jakinarazi du psikologoak, «ikasleek ikus dezaten badaudela beste aukera batzuk, afektibitatea eta sexualitatea anitzak direla eta errespetatu behar direla aukera guztiak».


Homosexualen ongizate psikosozialean eskolako jazarpenak duen eragina aztertu du Martxuetak. EHGAM, Gehitu eta Bost Axola elkarteen laguntzarekin, ikerketa egin zuen Gipuzkoan orain hiru urte, eta emaitzak argiak dira: eskolako jazarpenak eragin zuzena du ongizate psikosozialean. Martxuetaren hitzetan, buruko osasun arazoak izateko arriskua heterosexualen artean baino handiagoa da homosexualen artean. Baina, bullying-az gainera, beste aldagai batzuk ere eragiten dute. Lau aipatu ditu Martxuetak: norberaren aukera afektibo-sexualaren onarpena, gertuko harreman sarearen hautematea, genero nortasuna eta gizartearen babesa. «Ez dugu ikerketa eskolan egin, ez diegu galdetu jazarpen hau jasaten ari diren ikasleei». Martxuetak onartu du identitate sexual indartsua duten pertsonen erantzunekin osatu dutela ikerketa. Baina, halere, atera dituzten datuak «harrigarriak» direla esan du. «Ez dut pentsatu ere egin nahi nola bizitzen ari diren jazarpena orain jasaten ari direnak», dio Martxuetak.


Ongizate psikologikoa lau alderditatik azter daitekeela zehaztu du psikologoak: depresioa, antsietatea, autoestimua eta afektibitatea. Eskolan jazarpena jasan dutenek depresiorako eta antsietaterako joera garatzen dute. Familiak eta lagunek berekiko duten jarrera lagungarri edo traba izan liteke, baina sarri ez da nahikoa, jasandako egoerek buruko osasunean kalteak eragiten dutelako.


Gai horren gaineko ikerketa askorik ez dagoela eta konponbidea «ikertzen jarraitzea eta esku-hartzeak prestatzea» dela adierazi du Martxuetak. «Eskolan esku-hartzeak egin behar dira, baina hezkuntza komunitate osoarekin, gurasoekin, irakasleekin eta ikasleekin, aniztasun afektibo-sexuala lantzeko eta jendeak zerbait naturala bezala hartzen ikas dezan».

2008/05/08

> Elkarrizketa: Jose Ignacio Pichardo > "NERABEEN HERENA INGURUK JARRERA HOMOFOBIAK DITUZTE"

  • Jose Ignacio Pichardo · Gizarte antropologian doktorea eta Cogameko kidea
  • «Nerabeen herena inguruk jarrera homofoboak dituzte»
  • Pichardoren ikerketaren arabera, gay edo lesbiana izatea «arrisku faktore bat da» nerabeen artean institutuetan jazarpena jasateko
  • Berria, 2008-05-08 # Ainhoa Sarasola · Andoain

Homofobia eskolan izenburupean, hitzaldia eman zuen atzo Donostian Jose Ignacio Pichardo Madrilgo Unibertsitate Autonomoan Gizarte Antropologian doktore eta Madrilgo Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Kolektiboko (Cogam) kideak. Nerabeen heren batek jarrera homofoboak dituela ondorioztatu du ikerketa baten ostean. Hitzaldia eman baino lehen erantzun zien BERRIAren galderei.


Zein da aurkeztuko duzun tesi nagusia?

Homofobiari lotutako eskola jazarpenari buruz mintzatuko naiz. Jazarpen mota berezia da, institutu guztietan presente badago ere ezkutuan dagoena; ez da horri buruz hitz egiten eta, beraz, ez da borrokatzen. Homofobiari lotutako jazarpena ematen da heterosexualak ez direnen aurka, eta baita genero roletatik kanpo ateratzen diren guztien aurka ere. Futbolean aritzea atsegin ez duen edo sentibera den mutilari, nola deituko diote ikaskideek? Maritxua. Eta gauza bera heterosexualak ez direnekin. Jazarpen hori zergatik ematen den eta zertan den desberdina azalduko dut. Eta baita azterlanaren ondorioak ere.


Institutuetara jo duzu azterlana osatzeko. Zein errealitaterekin egin duzu topo?
Cosladan (Madril, Espainia) eta San Bartolome de Tirajanan (Kanariak, Espainia) 14 institututan 4.636 elkarrizketa egin genituen 11 eta 19 urte arteko nerabeekin, bertako udalen laguntzaz. Gipuzkoan ere ari da egiten azterlan bera orain, 14 bat zentrotan. Lehen ondorio nagusia da, ikasleen %5ak sexu bereko pertsonekiko erakarpena sentitzen duela. Agerikoa dirudi, baina askotan ikasle guztiak heterosexualak balira bezala tratatzen dira. Beste datu bat da mutilak askoz ere homofoboagoak direla neskak baino. Nerabezaroa emakume edo gizon gisa gure identitatea definitzeko aro garrantzitsua da eta, zoritxarrez, maskulinoa femeninoaren eta homosexualitatearen arbuio gisa eraikitzen da oraindik ere. Mutil batek esaten zigun gayak baztertzeak gizonago egiten zaituela. Orokorrean, eta estatu osoan eginiko ikerketak kontuan hartuta, nerabeen herena inguruk jarrera homofoboak dituzte. Alde ona da nerabeen gehiengoak errespetua badutela sexu aniztasunarekiko. Baina arazoa da beste %30 horrek bere legea ezartzen duela institutuan. Zergatik? Gainerakoentzat ukitzen ez dituen gai bat delako. Uste dut konponbidea dela kontzientziatzea sexu aniztasunarekiko errespetuaren aldeko borroka guztion lana dela, sexismoa soilik emakumeen arazoa ez dela jabetu garen bezala. Homofobiarekin dagoen arazo bat da ezkutatuta dagoela; ukatu egiten da, eta ez da egiten ikusten ez den diskriminazioaren aurka.


Beraz, bullying deritzon kasu askoren atzean homofobia dagoela esan daiteke?
Hori asko ikusten da; esaten da jazarpen kasu bat dela, baina ez homofobiagatiko jazarpen kasu bat. Eta jazarpen kasu askoren atzean homofobia dago. Norberak bere eskola historiari erreparatzea besterik ez dago ikusteko bazegoela norbait lasai uzten ez zutena eskolako maritxua zelako. Gure ikerketaren arabera, nerabeen %76k diote homosexualak balira institutuan ez luketela esango, arazoak izango zituztelako. Eraso egingo dieten beldur dira; ikasleek institutuak leku arriskutsutzat dituzte heterosexualak ez direnentzat.


Bullying kasuen artean, zenbat izan daitezke homofobiari lotutakoak?
Ez dago ikerketarik. Esaterako, Espainiako arartekoak txosten luzea egiten du aldiro eskola jazarpenaz, baina ez du homofobia aipatzen. Hori da arazoa, ezkutatu egiten dela, ez dela existitzen. Esan ahal dudana da guk elkarrizketatu ditugun eta euren burua gay edo lesbianatzat duten lagunek eraso askoz ere gehiago jasan dituztela heterosexualak direnek baino. Alegia, gay edo lesbiana izatea arrisku faktore bat da eskola jazarpena jasateko. Gizarteak asko aurreratu du sexu aniztasunari dagokionez, baina hezkuntza sistema atzean geratzen ari dela dirudi. Sexu aniztasuna hasi da kalean presente egoten, elkarrizketetan, hedabideetan... baina ez dago eskolan. Ez da aniztasunaz, errespetuaz, jarrera homofoboak ez onartzeaz... hitz egiten.


Hezkuntza sistemak badu arazoaren gaineko ikuspegi egoki bat? Eta bitartekoak nerabeekin lan egiteko-ikas materiala, irakasleen prestakuntza...-?
Hori da arazoa. Hasteko, sexualitatea hezkuntza sistematik at dago. Ez dugu sexu hezkuntzari buruzko ikasgairik, sexualitatea modu erabat biologikoan jorratzen da. Nerabeek sexualitatearen inguruan prestakuntza gehiago nahi dute, eta guraso askok nahi dute gai hauei buruz hitz egitea eskoletan. Bestetik, ezin da dena irakasleen gain utzi, eurak ere prestatu behar dira. Eta materiala ere falta da.


Zer lan egin daiteke nerabeekin homofobia ikasgeletatik desagerrarazteko? Bai erasotzaileekin, bai erasoa jasan dutenekin.
Eta baita erasoen aurrean ezer egiten ez dutenekin. Hasteko, ez pentsatzea ikasle guztiak heterosexualak direla. Familiaren eta maitatzeko eraren aniztasuna ere ageri behar da. Eta baita gay, lesbiana, bisexualak eta transexualak diren pertsonen erreferenteak ere. Gero, aldatu behar dira maskulinitate ereduak, eredu tradizionalei buruz hitz egiten baitugu oraindik; horrek genero indarkeriaren nahiz homofobiaren aurka lagunduko luke. Beste maskulinitate eredu batzuk sortu behar dira, gizon izatea ulertzeko beste modu batzuk; gizon izatea ez da indarkeriarekin lotu behar, edo femeninoa nahiz homosexuala baztertzearekin. Eta, noski, ez onartzea inongo kasutan izaera homofobikoa duten txantxa nahiz erasoak.

2007/06/26

> Elkarrizketa: EMILIO GOMEZ CETO > "ESKOLAKO JAZARPEN HOMOFOBOAK GAZTE HOMOSEXUALEI ZEIN HETEROSEXUALEI ERAGITEN DIE"

  • Emilio Gomez Ceto · Soziologoa
  • «Eskolako jazarpen homofoboak gazte homosexualei zein heterosexualei eragiten die»
  • Berria, 2007-06-26 # Edu Lartzanguren · Donostia

Emilio Gomez Ceto soziologo espainiarrak "Herramientas para combatir el bullying homofóbico" liburua argitaratu du aurten. Ikastetxeetan gaztetxo homosexualen kontra ikaskideek egiten duten jazarpena du gaia liburuak, eta unitate didaktikoak proposatzen ditu fenomenoaren kontra borrokatzeko. Gaur hitzaldia emango du Donostian, EHGAMek antolatuta, osteguneko Lesbiana, Gay eta Transexualen Nazioarteko Egunaren harira.


Nola sortu zen liburu hau egiteko ideia?

Ikasgeletan egiten den irainik ohikoena «maritxu» da normalean. Hori eta azken urteotan egon diren jazarpen kasuek gizartean sorturiko larritasunak bultzatu gintuzten liburua egitera.


Zertan bereizten da homosexualen kontrako jazarpena eskoletan bestelako bullyng kasuetatik?

Ez da soilik gaztetxo homosexualen kontrakoa, baita homosexual izan gabe genero ereduak hausten dituzten neska eta mutilen aurkakoa ere. Erasokorrak ez diren mutilak edo kirola egiten duten neskak ere biktima izaten dira askotan, bai lagun eta ikaskideen aldetik zein, batzuetan, irakasleen aldetik. Kasu honetan diferentziarekiko gorrotoa dago jazarpenaren oinarrian.


Zelako ondorioak izan ditzakete jazarpen mota hau pairatzen dutenek?

Normalena ikasketak uztea izaten da. Askotan bakardadea gertatzen da, lagunek baztertu egiten dutelako biktima. Horrek guztiak gaztetxoaren garapen psikologikoan kalte handia eragin dezake. Kasu larrietan, suizidioraino hel daiteke.


Fenomenoa noraino dagoen zabalduta aztertu duzue?

Ikerketa batzuk egin izan dira, baina lagin txikikoak dira guztiak. Hutsune handi bat dago hemen administrazioaren aldetik, bultzatu egin beharko lukeelako azterketa sakonagoa. Badakigu arazoa dagoela ikasgeletan, baina ez dugu modurik jakiteko zenbaterainokoa den. Lehen hezkuntzaren azken ikasturteetan zein bigarren hezkuntzan aztertu beharko litzateke.


Bigarren hezkuntzan gertatzen da batez ere jazarpen mota hau. Zergatik?

Hamabi eta hamasei urte artean gertatzen da, orduan sortzen direlako berdinen arteko taldeak. Lehen hezkuntzako geletan, irakasle bera izaten dute haurrek urte osoan. Bigarren hezkuntzan orduro edo aldatzen da irakaslea eta askoz zailagoa da jarraipena egitea.


Arazoa aurrez ikusteko eta konpontzeko bideak ematen dituzue liburuan? Nola egin dakioke aurre horri?
Garrantzitsua litzateke tutoreek denbora gehiago izatea taldea ezagutzeko eta neurriak hartzeko arazoa agertu aurretik. Errazena zigortzea da, baina askoz hobea da aldez aurretik lan egitea, tutoretzen bidez, eta hezkuntza aldetik. Garrantzitsua litzateke sexu hezkuntza eskoletan, egun ematen ez dena. Hiritartasunerako hezkuntzaren bidez giza balioak jorra daitezke ikasgeletan, baina Eliza katolikoa ikasgaia eskoletan ematearen aurka dago oraingoz.

  • Hitzaldia. 'Cómo afrontar la homofobia, la lesbofobia y la transfobia en la escuela'.
  • Lekua: Amara Berriko Gaztegunean.
  • Noiz: Gaur, 19:30ean.

2007/04/10

> Iritzia: Koldobike Mujika · Sergio Iñiguez · Gehitu > POLONIA ETA LEGE HOMOFOBOAK

  • Polonia eta lege homofoboak
  • Berria, 2007-04-10 # Koldobike Mujika · Sergio Iñiguez · Gehitu-ko koordinatzaileak

Poloniako gobernua lege-proiektu bat prestatzen ari da ikastetxeetan, unibertsitatean eta beste edozein erakunde akademikotan homosexualitateaz hitz egin edo defendatzen dutenei jazartzeko. Joan den martxoaren 13an, Poloniako Hezkuntza ministro Marek Orzechowskik adierazi zuen lege-proiektuak duen helburua ikastetxeetan «homosexualitatea edo sexu-izaerako beste edozein desbideratze» sustatzen duena zigortzea dela. Handik bi egunera, martxoak 15, nabarmendu zuen «euren homosexualitatea» ezagutzera ematen duten irakasleak lanetik botako dituztela.


Lege hori onetsiz gero, Poloniak, Europar Batasuneko kideak, gaurko Europako Batasuneko Itunetan jasota dauden ebazpen eta balioen aurka egingo du, baita Oinarrizko Eskubideen Agiriaren 21. artikuluaren kontra ere, non errefusatzen diren bazterkeria guztiak, sexu-orientazio bazterkeria barne.


Gobernu poloniarraren jarrera homofoboa ez da berria. Legea eta Justizia alderdiak Legebiltzarrerako bozak kontserbadore eta tradizionalistei esker irabazi zituenetik, 2005eko urrian, etengabe erasotzen ari zaizkie homosexualei, iraintzen, umiliatzen, mehatxatzen, haien manifestazioak debekatzeraino iritsiz.


Horren aurrean, Europako Legebiltzarrak 2006ko ekainaren 18an Europan homofobiaz izeneko ebazpena onetsi zuen, non sexu-orientazioan oinarrituriko diskriminazio-jarrerak arbuiatzen dituen, eta Estatu-kideei eskatu zien komunitate homosexualen babesa bermatzea, gorrotoa eta indarkeria homofoboaren aurrean eta sexu bereko bikoteek gainerakoek dituzten «begirune, duintasun eta babesa» bera izan dezaten ziurtatzea.


Hala ere, Poloniako gobernua prestatzen ari den legea beste urrats bat da intolerantea eta demokraziaren kontrakoa. Polonian, Europako Batasuneko kide izanik, hiritarren adierazpen askatasun eskubidea eta informazioa izatekoa urratzen dituen legea onesteak duen arriskuaz ohartarazi nahi dugu. Izan ere, edozein irakasle, bere homosexualitatea agertzeagatik, denok dugun adierazpen askatasun eskubideaz baliatuta, lanetik botako dute. Homosexualitateaz hitz egitea galaraziko dute. Beraz, legea onartzen bada, homosexualitatea ikusezina izango da.


Jakin badakigu zein garrantzitsua den heziketa pertsonaren garapenean. Oso kontziente gara, halaber, eskolan transmititzen diren balioek duten garrantziaz, haiek, neurri handi batean, eragiten baitute gure jokabidean, bizitzan zehar. Errealitate homosexuala ezkutatzen badugu, laidotzen badugu, existitzen dela ukatzen badugu eta, gainera, homosexualak direla esaten duten irakasleak kaleratzen baditugu, lortuko duguna hauxe da: ezberdin sentitzen denarekiko jarrera intoleranteak, arbuioak, gorrotoa, jazarpena eta iseka. Hori da, hain zuzen, legeak erdietsiko duena, onetsiz gero. Bestalde, gayek eta lesbianek euren afektibitatea eta sexualitatea klandestinitatean bizi beste erremediorik ez dute izango.


Beste behin esan behar dugu hezkuntzak aniztasunean, benetako errespetuan hezi behar duela, egungo gizartea askotarikoa baita. Eta gizarte demokratiko batek horri ezin dio uko egin; aitzitik, bere zutabeetako bat izan behar du.


Europako Batasunak ezin du onartu bere kideetako batek Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren aurka egiten duen legea onestea, zehazki, berdintasun eskubide eta ez baztertua izateko eskubideen kontra. Giza eskubideak pertsona guztientzat dira. Beraz, dei egiten diegu erakunde europarrei erantzun dezaten, erreakziona dezaten pertsona homosexualen eskubideen urratze larria ekarriko duen legearen aurrean; baita neurriak har ditzaten ere.


Gizakiak bere-berea duen ezaugarria da homosexualitatea. Erregimen zapaltzaileen eta bortitzenetan ere (nazismoa, arabiar herrialdeetan, non heriotza-zigorrera kondenatzen diren homosexualak...) badira homosexualak, baina ezkutuan bizitzera, errudun sentitzera, besteek jakin dezaten beldur bizitzera kondenatuak daude. Eta homosexualok gure heltze prozesuan, beste edozein pertsonak bezala, erreferente positiboak behar izaten ditugu, normaltasunez eta osotasunez bizi izaten balio izango digutenak. Eskolan homosexualitateaz informatzea debekatzea gay eta lesbiana gazteei erasotzea baino ez da, hain zuzen, euren bizitzan erreferente positibo horiek gehien behar dituzten momentuan, bakardadea, beldurra, segurtasun-falta ekiditeko. Gure gazteei homosexualitateaz hitz egiteak berak ez ditu «kutsatzen», soilik ikusarazten die gay edo lesbiana izatea ez dela txarra, oso gauza normala baizik. Txarra dena da, eta ez normala, gizarte osoari bizimodu bakarra inposatzea, maitasuna eta sexualitatea bizitzeko eredu bakarra.