Showing posts with label Argia. Show all posts
Showing posts with label Argia. Show all posts

2010/01/23

> Elkarrizketa: Itziar Ziga > "FEMINITATE HITZARI ALERGIA DIOGU FEMINISTOK"

  • Feminitate hitzari alergia harrigarria diogu feministok
  • Argia, 2010-01-24 #Amaia Alvarez Uria eta Onintza Irureta

Devenir perra (Zakur eme bihurtu) liburua idatzi du, feminista femenino eta antipatriarkalak existitzen direnez, beharrezkoak direla aldarri egiteko. Erosi bezain pronto puskatu zaion koroa jantzi du, sos gutxiko glamourra argazkiko lehen planoan ateratzeko.


Errenteriarrak (Gipuzkoa, 1974) Iruñearako bidea hartu zuen aitaren autoritatetik ihesi. Amari tratu txarrak ematen zizkion aitaren atzaparretatik ihesi. Iruñean Elizaren autoritatea ezagutu zuela dio. Bederatzi urte egin ditu Bartzelonan, askatasunean, eta Iruñeara itzuli da. Espainian zehar dabil Devenir perra liburuan kontatutakoak lau haizetara zabaltzen. Ez dakigu noiz errendituko den, bigarren liburua atera berri baitu: Un zulo propio (Norberaren zuloa).


Alaska abeslariaren liburua: Transgresoras, las mujeres que cambiaron su mundo, (Urratzaileak, euren mundua aldatu zuten emakumeak).

Alaska feminitatearen maitale handia da eta kexu da uste duelako feminismo hegemonikoak (nolabait esatearren) trabestien eta transexualen ekarpena galdu duela feminitatea berrasmatzeko.


Garai hartan king tailerrak egiten ziren, maskulinitate performatiboaz asko hitz egiten zen, eta nik nioen: “Non arraio dago feminitate performatiboa?”. Feministok alergia harrigarria diogu feminitate hitzari, logikoa da, ziria sartu digute emakume generoaren kontuarekin, dena da negatibotasuna eta gutxiagotasuna.


Badago ordea bestelako feminitatea, grinatsua, parodikoa, teatrala, puta eta antipatriarkala. Hori existitzen da eta oso beharrezkoa da. Beharrezkoa da existitzen delako.


Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministetan “Iraultza dibertigarria izango da edo ez da izango” esan zen. Zer gehituko zenioke horri?

Ez nioke ezer gehituko, hori da. Ez nekien hala izan zenik eta asko pozten naiz. Emma Goldmanek hala zioen: “Ezin badut dantzarik egin ez da nire iraultza”. Badago gizon eta emakumearen gudari jarrera, borrokaren zati onartu duguna. Ulergarria da, biolentzia askok gurutzatuta gaude, eta hainbesteren kontra egin behar dugu borroka... Erne ibili behar dugu, baina bizimodutzat hartzen badugu jarrera hori ziria sartu digute.


Ez dakit noiz hilko naizen, baina munduak segiko du izaten kapitalista, patriarkala eta kabroia populazioaren gehiengoarentzat. Bizi naizen artean ez ditut onartu nahi zoriontsu izatea eragozten didaten kateak.


Liburuan diozu: “Emakumea naizela diot sendagileak hala diagnostikatu zuelako eta estrategia politikoa delako”.

Emakumea izatea zer den erakuste bidean transen, trabestien eta intersexen borrokak garrantzitsuak izan dira. Emakume ala gizon, mediku diagnostikoa eta soziala dela ukatzen duena esentzialismotan erortzen da, ez dute nire errealitatea azaltzen. Feminismoa emakume generoaren lubakian gorde zen, baina hori alde guztietatik erortzen da. Emakume eta gizonen arteko banaketa patriarkatuaren aldetik medikuntzan oinarritua da eta gure aldetik estrategia politikoa. Emakumea naiz, gisa horretara bortxatua izan naizelako; fisikoki, sexualki, afektiboki, ekonomikoki, sinbolikoki... Deiadar egiten dut emakumea naizela, baina ez hanka artean daukadanagatik.


“Okupa jaietara ilehori distiratsu eta arrosaz jantzita noa (...). Oraindik jokoz kanpo uzten ditut nire itxura dela-eta”. Liburuan elkarrizketatu duzun Paulak esana da.

Europako mugimendu alternatiboez maiteminduta, Bartzelonara iritsi zen Paula feminista eta etxe okupa batera joan zen lehen aldiz, arrosaz jantzita, samurtasun eta feminitate muturrekoarekin. Gerlariaren estetikak, rastak, krestak... ez zuen onartu. Beti esan izan du bakarrik mozkortu zela han.


Ni neu garai batean marimutilez mozorrotu nintzen. Feminista askok hasten dugu bide hori, baina ilea moztea, ez depilatzea... probatu ondoren eroso sentitzen baldin banaiz zoragarria da, baina ez banago eroso zailtasunak dituzu feminizatzeko. Beste testuinguru batzuetan hori da espero dena, feminizatzea. Beldurgarria da, beti ere derrigortzen bazaituzte!


Liburuarekin ez dut nahi inork pentsatzea feminitate mota bat goraipatzen ari naizenik, ezta gutxiagorik ere.


Liburuko beste pasarte bat: “Zakur emeek barre egiten dute aberatsen kodeez, Pradako poltsa erdi hutsez eta krisia medio daukaten susto aurpegiaz. Barre egiten dute krisiaz, krisia delako ezagutzen duten bizimodu bakarra”.

Zakur emearen eraikuntza egiten dut, baina zakur eme oso txiroa naiz. Feminitate espektakularra eraikitze horrek zerikusia dauka glamourraren ilusioarekin, inguratzen gaituen pobrezian glamour merkea aldarrikatzen dut.


Liburua idazten ari nintzela etorri zen krisiaren izu kolektiboa. Prekarioa zarenean, etxean hotza pasatzen duzunean, argia pintxatua duzunean... barkatu, ez dauzkat bost hipoteka, ez lidakete inoiz emango kreditua. Klase kontzeptua ezinbestekoa da.


Zer diozu egunkariko titular honi buruz: “Juan Pablo Urtizbereak Berdintasunaren Merezimenduzko Domina jasoko du”. Senarrak Yasmín Zamia emaztea hil zuen. Zamia salbatzen saiatu zen Urtizberea eta larri zauritu zen.

Gizonen bortizkeriatik gizonek beraiek babesten gaituzte. Guk geure buruak defendatzea gaitzesgarria da. Domina merezi duena liburuan aipatzen dudan emakumea da. Bikote ohiak aizkorarekin hil behar zuenean bera labanarekin defendatu zen. Emakume horretaz ez da hitz egiten, eta nik dakidala aspaldian heriotzatik ihes egitea lortu duen bakarra da. Defendatu zelako salbatu zen.


Jakina lagundu behar dela norbait zure begien aurrean erasotzen ari direnean. Baina zergatik dira heroiak berriz ere gizonak? Gaixotu egiten nau horrek. Lehen genero biolentziaz feministok baino ez genuen hitz egiten, eta orain modan jarri denean zertarako jarri da modan? Heroiak beraiek dira, ez gu. Etengabe erakusten dituzte emakumeak untxiak bezala hiltzen, ihes egiten, urrutiratze agindupean. Urrutiratze agindua ez, autodefentsa! Pistolak, espraiak edo ikastaroak, dena delakoa! Gizona izan beharra ere babestuko gaituena.


“Udalak bi hamarkada daramatza Bartzelonaren bihotza eremu publiko ordenatua eta segurua, garbia eta zibikoa, kalitatezkoa eta askatasunezkoa izan dadin. Prostituzioa ez da onargarria hiriko kaleetan”. Jordi Hereu, Bartzelonako alkatea.

Raval auzoko eztabaidaz ari zara. Bederatzi urtez bizi izan naiz auzo horretan eta mendeak dira prostituitzen direla Ravaleko kaleetan. Gauez, lana bukatuta, puten kaletik igarotzen nintzen eta lasai sentitzen nintzen. Putak eta bezeroak daude, elkarbizitza eredugarria da, baketsua. Bortizkeria ez dute praktikatzen ez prostitutek, ez bezeroek, poliziak prostituten kontra baizik.


Hipokritak eta faltsuak dira, Bartzelonako erdigunea turistentzat eta fashion jendearentzat parke tematiko bihurtu nahi dute. Puten bila badoaz, gu denon atzetik doaz. Inozoa da pentsatzea beraiek ondokoa uste dutela: “Putak soberan daude, enbarazu egiten dute”.


Jende ugarik bestelako ikuspegia du gai horri buruz. Ez dute nabari zuk nabari duzun segurtasuna.

Ez dira handik pasa. Ez dira han bizi. San Ramon kaleko espaloiak puten takoiek mendeetan miazkatu dituzte. Han bizi den jendeak badaki zer dagoen eta prostituzio eremua saihestu nahi baduzu bi kale harantzago jo eta ez daukazu ezer ikusi beharrik.


Segurtasun gabezia eta emakume esplotatuak aipatzen dituzte.

Puta ilegalei lagundu nahi badiezu indargabetu Atzerritarren Legea. Mafia horiek zeinek onartzen ditu? Atzerritarren Legeak.


Beste kontu bat umeena da. Ez naiz ama, baina haurrak izango banitu beraiek poliziarengandik babestea nahiko nuke, putak baino askoz kaltegarriagoak dira. Amek ez badute nahi umeek putak ikusterik saihestu ditzakezu Ravalen, eta handik pasako bazara poliziarekin arazorik eduki ezean, toki segurua da. Mendeak daramatzate han! Sarekada izan eta batere ez dagoenean, isiltasun moduko zerbait sentitzen duzu, deseroso sentitzen zara.


elkarrizketa osoa jeisteko

2009/11/22

> Erreportajea: Homofobia > BULLYNG HOMOFOBIKOA: EZ DUTE NAHI IKASKIDE GAYRIK

  • Bullying homofobikoa: Ez dute nahi ikaskide gayrik
  • Mutikoari ez zaio futbola gustatzen, dantza bai. Afeminatua da. 12 urte ditu eta oraindik ez daki mutilak gustatzen zaizkion ala ez. Gauza bat badaki: ikaskide mutilek iseka egiten diote, kopetean du etiketa: marikoia. Bullying homofobiko kasu tipikoa.
  • Argia, 2009-11-22, 2207. zenb. # Onintza Irureta
Jesús Estombarekin egon gara. Gehituko (Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual eta transexualen elkartea) Infasis ataleko koordinatzailea da. Nerabeen jarrerak aniztasun afektibo-sexualaren aurrean izeneko ikerketaz galdetu diogu. Lehen aldia da horrelako ikerketa egin dena Euskal Herrian eta zergatik egin duten galdetu diogu. Gehitun bazuten ustea ikastetxeetan homosexualitatearen gaia ez zebilela bide onetik. Usteak ziren, oinarririk gabeak. Horretara dator 2007-2008ko ikerketa; batetik, Gehitu elkarteak berak jakin nahi zuelako ikastetxeetan zer ari den gertatzen eta bestetik, erakunde publikoen aurrean datu serioak aurkezteko aukera zelako. Emaitzak eskutan Estombak argi du, usteak ez dira erdia ustel: gazteen jarrerak homofoboak dira. Ikerketa 2007-2008 ikasturtean egin zuen Gehituk Donostiako hainbat ikastetxetan. 14 eta 18 urte arteko 155 mutilek eta 168 neskek bete zuten hamabost galderako galdetegia. Ikerketak bi aurrekari baino ez ditu Espainiako Estatuan, Madrilgo Coslada herrikoa eta San Bartolomé de Tirajana Kanariar Irletakoa.

Lau ikasle jipoituak izan dira
Eskuineko orrialdean dago hainbat datu. Lau ikaslek aitortu dute jipoituak izan direla, hamahiru mehatxatu egin dituzte eta gauzak bota dizkiete hamazazpiri. Jarrera homofoboak jokabide bihurtu dituztenen eta ikusi dituztenen datuak ere ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Lekukoena deigarria da, gazteen %73,99ak norbait iraintzen ikusi du, eta %52,32ak, jipoitzen. Estombak ikerketan hurrengo galdera ez egitearen pena du, alegia, “Jarrera homofoboak ikusi dituzu eta zer egin duzu?”, zeren badirudi ikusi eta ez dutela ezer egin, begira geratu direla, eta lekukoek horrelako jarrera izatea sutarako txingarra da. Estombaren ustez, ikasle lekukoek ez dute loturarik egiten marikoi deitzearen eta horren atzean dagoen guztiaren artean. Badakite iraina dela, baina ez du alarmarik pizten.

Neskak ulerkorrago
Ez dituzte berdin erantzun hamabost galderak neskek eta mutilek. Sexu aniztasuna neskek errazago onartzen dutela dirudi. Desberdintasun horien zergatiak galdetu dizkiogu Estombari: “Ikerketak emaitza batzuk eman ditu, hortik aurrerakoak interpretazioak dira, nahi baduzu, nireak. Gizonak asko dauka galtzeko, emakumeak ez, beti egon baita bigarren mailan. Homosexualitatearekin gizonaren eredu klasikoa puskatzen da. Ikerketan ikusten da mutilek jarrera okerrena gayekiko dutela, atzerago geratzen dira bisexualak eta transexualak.

Urrutikoari bai, gertukoari ez hainbeste
“Abestiaren letrarekin geratu dira, baina ez melodiarekin”. Erantzun kontraesankorrak baitaude ikerketan. Alegia, maila teorikoan aurkeztutako egoeretan (Egokia al da mespretxuz tratatzea sexu bereko pertsonak gustukoak dituztenak?) sexu aniztasunarekiko malguagoak dira gazteak eta gertuko egoeretan (Alboko ikaslea gay, lesbiana edo bisexuala dela jakingo bazenu zein erreakzio izango zenuke?) jarrera homofoboagoak dituzte.

Ikerketako emaitza batzuk baino ez ditugu aipatu hemen. Balorazio orokorra zein den galdetu diogu Estombari: “Jarrera homofoboak gainditu al ditugun galdetzen didazu? Ez, segi eskolara. Ikasleek beraiek esan dute ez dela toki segurua ikastetxea gay, lesbiana, bisexual eta transexualentzat. Emaitzak irakurrita kontzentrazio esparruak dirudite eskolek, eta kontu, 323 ikasle horietatik %12k adierazi dute homosexual direla edo zalantzak dituztela”.

Bullying homofobikoaz ikastaroa
Argia aldizkariak bullying homofobikoa lantzea erabaki zuen duela hilabete batzuk. Balizko gaien karpetan gorde genuen, argitaratze datarik eta egilerik gabe. Halako batean, UEUko Udako Ikastaroen artean, artikulu honen egileak ikastaro bat topatu zuen: Bullying homofobikoa: nola ekidin sexu aniztasunarekiko diskriminazioa gazteengan? Hiru eguneko ikastaroa Eibarko Markeskoan. Pare-parean. Kazetariak hara joan eta gaia abian jartzea pentsatu zuen.

Hamabost bat laguneko taldea izan zitekeen gehienez; zazpi baino ez ginen elkartu. Harridura adierazi genion Udako Ikastaroen arduradunari. Hark aipatu zigun emakumeen aurkako indarkeriaz aurreikusitako ikastaroak ez zuela aurrera egin bik baino ez zutelako izena eman. Gai arantzatsuegiak nonbait.

Hiru irakasle, irakasle gaia, aisialdiko begiralea, berdintasun teknikaria eta kazetaria ginen taldean. Gidari lanetan Monika Martin eta Eider Goiburu Lahia-Nahia Sexologia Elkarteko kideak. Biek Gipuzkoako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan sexu heziketako eskolak ematen dituzte. Bullying homofobiko kasuak kudeatu behar izan dituzte ikastetxe batean baino gehiagotan.

Ikastaroko partaideek, haur-gazteekin lanean oso ohituak, barruak hustu zituzten: egunero eskoletan eta aisialdi taldeetan ikusitakoak kontatu zituzten eta Martin eta Goiburu irakasleen laguntzaz irtenbideak aurkitzen saiatu ginen. Bullying homofobikoaz diagnosi zorrotza egiteko intentziorik gabe, hona ikaskideen barrenetik ateratako kezkak eta egunero bizi dituzten zailtasunak.

Beti gertatu dira eta beti gertatuko dira
Ikastetxeetarako, sexu aniztasunari buruzko unitate didaktikoa dago –EAEz ari dira ikastaroko ikaskideak–. Curriculumak dio gai hori landu behar dela, baina egonean dago. Sexu heziketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan irakasten zaie, ikastaroko partaideen iritziz, haurdunaldiak saihestea da helburu nagusia. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ez da ezer lantzen, ez dago programarik.

Eskoletako irakasleak, kolore guztitakoak marraztu dituzte partaideek: bullying homofobikora iritsi aurreko prebentzioa landu beharko lukete, baina askotan bestaldera begiratzen dute, “beti gertatu dira horrelakoak eta beti gertatuko dira”. Bestalde, irakaslearen lan zakua gainezka dago: “Bullying homofobikoa ere guk landu behar al dugu?”. Homosexualitatea gaixotasuntzat dute irakasle gutxi batzuek: “Pasako zaio”. Beste asko, ulerkor bai, baina deseroso sentitzen dira gaiaren aurrean.

DBHn irakasleak kimikoak, matematikoak, historialariak dira, ez dute sexu aniztasunaz inolako formakuntzarik. Partaideek hala borobildu dute ikastetxeetan bizi duten panorama: eskola komunitateak ez daki nondik jo.

Haur Hezkuntzan lan egiten duen irakasle batek ziklo horren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen. Haur Hezkuntzako garaian ari dira haurrak euren gorputza esploratzen eta garai hori geletan baliatzea aldarrikatzen zuen. Kontraesanak ere gogora ekarri zituen: gelan gona janzten du neskak bezala mutilak, azazkalak margotuta dabiltza, besarkadak dauzkate elkarrentzat eta eskutik helduta doaz. Haur Hezkuntzako irakasle aipatu berriak esana: “Ikastetxeko eskailerak jaitsi ahala mutilen eskuak askatzen doaz, besarkadak atzean geratu dira. Badakite non bai eta non ez”.

Zailtasunak, ezinak... barrenak hustu zituztela profesionalek, alegia. Alabaina, ezintasunak agertzeko uneak izan ziren bezala, irtenbideak aurkitzeko ariketa asko egin genuen. Bullying homofobiko kasu errealak aztertu genituen. Honakoa bata: futbolean hasi dira neska-mutilak. Mutil horietako batek beste mutil bati esan dio: “Zuk ezin duzu, luma daukazu”. Beste bat: mutil jaioak neska izan nahi du eta ikastetxean nesken komunak erabili nahi ditu. Neskek ez dute beren komunetan onartu nahi.

Bi adibide horiek papera eta boligrafoa hartuta landu genituen, irtenbideak pentsatzeko astia hartuta. Hurrengo bi ariketetan ez genuen horretarako astirik izan. Bi antzerki egin genituen, norberak rol zehatza zuen jokatzeko eta momentuan inprobisatu behar zen. Tentsio handiko ariketa izan zen horietako bat: ikasgelan irakaslea sartu da eta ikusi du nola ikasle batek besteari mahai gaineko gauzak lurrera bota dizkion. Irakasleak ez daki, baina neska hori jazarri egiten dute lesbiana dela egotzita. Bullying homofobikoaren osagai guztiak daude hor; erasotzailea, ikusleak, biktima, eta irakaslea ahal duena egiten. Rol jokoa bukatutakoan, Martin eta Goiburu irakasleek ariketa goitik behera errepasatu dute. Rol joko eta bestelako adibideetan landutako irtenbideak ez dira errezeta magikoak eta egoera jakin bakoitzari emandako erantzun guztiak ezin dira hemen jaso. Ea ondokoak zerbaitetarako balio duen. Hasteko, irakasleak jabetu behar du zerbait onargarria ez dena gertatzen ari dela, ez du balio “beti gertatzen dira horrelakoak” esan eta kito egiteak. Irakasleak arreta deitu behar dio erasotzaileari, eta ez ahaztu bullying homofobikoan gakoetakoa diren ikusleekin. Ez dago zertan erasotzaile-ikusle-biktima hirukotearekin gertatutakoa batera landu beharrik. Oso normala da biktimak jazartzen dutenen aurrean ahorik ez irekitzea. Eskola komunitatea jakinaren gainean jarri eta erasotzaile, ikusle zein biktimaren gurasoekin hitz egin.

Bullying homofobikoa ez da existitzen
Bi rol jokoak gogorrak izan badira, bi bideo eztarriko zuloan geratu zaizkigu. Alicia Santolayaren bideo erreportajean (Zergatirik gabeko suizidioak) Alba Payas Gironako psikoterapeuta ageri da. Harengana bere buruaz beste egin duten gaztetxoen gurasoak doaz. Gurasoek ez dakite semeek (beti mutilak ageri dira) zergatik hartu duten halako erabaki latza, ume normalak ziren, bere buruaz beste egiteko arrazoi agerikorik ez zuten.

Frantziako Estatuan, 16 eta 39 urte arteko gizonetatik bere buruaz beste egiten saiatzen diren hirutik bat homosexuala edo bisexuala da. Espainiako Estatuan esaten da, nerabeek bere buruaz beste egiten dutela buru-nahasmenduengatik, arrisku jarrerengatik, edo drogak kontsumitzeagatik, homofobia ez dago zerrendan. Bullyingaz hitz egiten denean homofobia ez da aipatu ere egiten eta Alba Payasen ustez lehen kausa da.

Bigarren bideoak Vestido nuevo (Sergi Ferrer) izena du. Ondokoa gaia: inauteriak dira eta ikastetxeak ohartarazi du arratsaldean dalmataz mozorrotuko direla haurrak. Mario mutikoa soinekoa jantzita agertu da goizean. Ikasgelan sartu denean irakaslea aho zabalik geratu da: “Mario, zer egiten duzu?”, ikaskide guztiak begira isil-isilik. Mariok dalmata mozorroa bizkarzorroan darama, gaur goizean ez da mozorrotuta joan eskolara. Eskandalua, ikaskideak iseka, zuzendariarengana eraman dute, aitari hots egin diote. Aitak trajearen jakarekin estali eta etxera eraman du.

Ikastaroko gelan isiltasuna nagusi, ordu batzuk lehenago taldekide batek gai horixe bera jarri zuen mahai gainean: “Mutikoa daukat eta gustura eramango nuke eskolara soinekoarekin, berari gustatzen baitzaizkio eta etxean janzten ditu. Ez naiz ausartzen”. Zein ausartzen da mutikoa eskolara soinekoa jantzita eramaten? Bullying homofobikoa ez baita orientazio sexualaz ari soilik, baita genero rolen mugez ere. Mariok muga gainditu du.

  • Eider Goiburu, sexu hezitzailea
  • “Ikuslerik gabe erasoak ez luke zentzurik”
Oriotarra (Gipuzkoa), Lahia-Nahia Sexologiako Elkarteko kidea da eta sexu hezitzaile ari da Gipuzkoako ikastetxeetan. Psikologoa da eta berdintasun agentea ere bai. 11 eta 20 urte arteko gazteekin egiten du lan eta berak dio bulliyng homofobiko kasu gehien DBHn izaten dela.

Bullying kasu askoren atzean homofobia ezkutatzen omen da.

Bullying kasu askotan homofobia ez da oinarri, baina bullying asko kasu homofobiko bihurtzen dira. Adibidez, mutil bati hasieran gilipollas deitzen zioten eta bukaeran puto gay edo puto maricón. Ez zen afeminatua, ez gaya. Baina irain potoloa da adin horietan gay izatea.

Bullying homofobikoaz hitz egiterakoan beti mutilak aipatzen ditugu.
Biktimak orokorrean mutilak izaten dira. Gizartean nesken genero rola aldatzen ari da, malguagoa da, neskak mutilen eremuetan sartzea askoz onartuago dago: kirola egin, arropa zabalagoa jantzi... Mutilek nesken eremuan sartzea zailago dute. Mutilek futbolean jolastu beharrean dantza egiten badute puntu asko dituzte erasotuak izateko. Nesken rola malgutu da eta beraz eraso gutxiago dago, mutilen rolak oso estatiko jarraitzen du eta hortik pixka bat ateratzen dena zigortua da.

Mutila ez da ezkutuan geratzen.
Batez ere afeminatua erasotzen da, genero roletik ateratzen dena. Homosexualitatearekin dauka zerikusia, baina ez hain zuzen.

Nola bizi du biktimak egoera? Zer dio berak?
Biktimak ez du ezer esaten. Hori da arazoa. Ez du ezer esaten, beldurra dauka zerbait esaten baldin badu erasoa areagotuko dela. Nerabezaroan lagunek garrantzi handia daukate eta derrepente lagunik gabe geratzen dira, edo taldeak baztertuta daukan beste norbaiten lagun baino ez dira. Bakardade hori bizitzea oso gogorra da.

Gainera, heterosexual izateko hezten gaituzte eta nerabezarora iritsi eta hasten bazara pentsatzen igoal ez zarela heteroa... Ikasi duzun egitura hori puskatzen ari zara guztiz, zure barnean bizi duzu hori dena, eta kanpotik ez daukazu laguntzarik. Egunero eskolara joatea sufrimendua da. Batzuk bullyinga sufritzen ari dira eta beste batzuek homosexualitate prozesua isilean eramaten dute. Azken horiek onartuak dira, baina ez dutelako ezer esan. Sentitzen dutena ezin dute adierazi besteen aurrean zeren inork ez lieke ulertuko.

Biktima eta erasotzailearen figuraz gain ikuslearena lantzen duzue.
Inportanteena da. Norbaitek eraso egiten du beste norbait begira dagoelako, ikuslerik gabe erasoak ez luke zentzurik. Ikuslea da erasoaren unean indar gehien daukana, ez badira erasoa ikustera joaten edo ez baldin badute onartzen aukera askoz gehiago daude bullying kasuek atzera egiteko.

Zenbateraino jabetzen dira ikusleak egiten dutenaz?
Ez dira kontziente, esaten dute beraiek ez daudela inplikatuta horretan. Bestalde, beldur dira muturra sartzeko eta estigmatizatuak izateko, alegia, erasotua defendatzen badut ni ere erasoatua izango naiz. Neskak erasotuarekin egoten dira, baina erasoaren momentuan bertan inor ez da ausartzen erasotzaileari esatera: “Pasatu egin zara! Nora zoaz?”.

Zerk harritu zaitu gehien ikastetxeetan?
Helduek. Badira helduak uste dutenak hau dena gaindituta dagoela eta esaten diezunean beren seme-alaben gelan bullying homofobikoa gertatzen ari dela, ez da ez dizutela sinesten, baina beren seme-alabak homofoboak direla esaten badiezu sinestea zaila egiten zaie. Esaten dute badituztela ereduak telebistan, familian... Ez dute ulertzen euren seme-alabak homofoboak izatea.

Jarrera horrek harritu egiten nau eta kezkatu ere bai. Helduak ez bagara gai errealitatea ikusteko, dena gaindituta dagoela uste badugu, ezin dugu hori landu. Gurasoez ari naiz, irakasleek gelan ikusten dute.

Sexu aniztasunaren normalizazio bidean zein nota jarriko zenieke ikasleei?
Nerabeek argi dute zer den esan behar dena, politikoki zuzena, baina jokabidez ez dabiltza ondo. Bestalde, gauza bat da nerabezaroa eta bestea gaztaroa. Gaztaroan jarrerak hobetu egiten dira. Nerabezaroan eredu oso itxiak dituzte, segurtasuna sentitu nahi dute. Eredu horietatik ateratzea gogorra da. Gaztaroan bakoitzak hobeto daki nondik jo nahi duen, bere buruarekin hobeto dago; errazago onartzen da norbera eta bestea.

2008/11/16

> Iritzia: Imanol Alvarez > BINARISMOA ETA ZIKLIKOTASUNA


  • Binarismoa eta ziklikotasuna
  • Argia, 2008-11-16 # Imanol Alvarez

Nire ingurumarian binarismo hitza bolo-bolo dabil azken boladan. Zer ote den binarismoa? Bada, gizonak eta andreak baino ez daudela defendatzeari esaten zaio binarismo. Alegia, homosexualak ala heterosexualak baino ez daudela; edota aktiboak ala pasiboak...

Euskal gay mugimendua sortu zenetik, nire taldean beti aldarrikatu dugu egon badaudela pertsona batzuk –gure kulturan tradizioz gizonezkoari atxiki zaizkion ezaugarri biologiko, psikiko zein portaerazkoak dituzten modu berean– emakumezkoari omen dagozkion ezaugarriak ere badituztenak; edota grina homosexualak dituzten bezala, grina heterosexualak ere badituztenak... Are gehiago, agian gomendagarriena tartean egotea dela ere aldarrikatu dugu, berezkoagoa, naturalagoa, aberasgarriagoa... delakoan.

Orain binarismoaren kontzeptua –eta berarekin dakarren haren kontrako borroka– zerbait berritzat aurkezten zaigu, queer teoria gaurkotuaren bidez. Gutariko askok, aldiz, duela hogeita hamarren bat urte gauza bera esaten genuen; hori bai, beste terminologia batekin: rol bipolarrez aritzen ginen, bipolarismoaz alegia. Bizitzan dena ziklikoa dela esan ohi da. Modak, gerrak, ideologiak... denak itzultzen ei dira ziklikoki, pitin bat aldatuta bada ere. Binarismoa ez da salbuespen.

Ondo deritzot, halere, ziklikotasunari, besteak beste, batean kontua ondo ateratzen ez bazaigu, hurrengoan, lezioa ikasita, hobeto egiteko beta izango dugulako. Argi baino argiago dago nire belaunaldikook ez ginela batere arrakastatsuak izan, mundua ez zela beltza ala zuria, kolore askotakoa baizik, aldarrikatzean. Sexualitatea ere anitza edo askotarikoa dela errepikatu dugu etengabe hiru hamarkadotan. Inor gutxi konbentzitu dugu ordea. Argi baino argiago dago, era berean, nork bere baitan eginiko hausnarketa milaka aldiz sendoagoa izaten dela, besteengandik jasotakoa baino.

Dena den, gorago esandakoaz kontrara, bueltatu dena ez da izan binarismoa bera, beraren inguruko –aurkako– teorizazioa baizik. Izan ere, historikoki dena bitan zatitu dugu, gizabanako bakoitzari horren araberako etiketa jarri diogularik: espainolistak eta abertzaleak, batuaren aldekoak eta euskalkien defendatzaileak (Euskaltzaindia vs. Euskerazaintza), “demokratak” eta “biolentoak”... Ene iritziz eta desioz errotik erauzi beharko genuke sentimendu eta ideiei mugak eta etiketak ipintzeko joera, eta aniztasuna onartu.

Ea egungo gazteek lortzen duten arrakasta handiagoxea! Zail dute, alajaina!

2008/06/01

> Elkarrizketa: Beatriz Preciado > "NATURAN ES DAGO FEMINITATERIK ETA MASKULINITATERIK"

  • Beatriz Preciado: «Naturan ez dago feminitaterik eta maskulinitaterik»
  • Argia, 2008-06-01, 2139 zk. # Amaia Alvarez · Lierni Arrieta · Onintza Irureta

Iraindua sentitu zen; marimutila, tortillera, deitu zioten. Sexualitateaz, generoaz, gorputzaz mila galdera zituela New Yorkera abiatu zen. Han queer mugimenduaren erdi-erdian egokitu zen. Orain, Parisen, galdera berberen erantzunak aztarrikatzen segitzen du unibertsitateko irakasle eta ikasleekin batera.


Duela gutxi hautsak harrotu ditu Thomas Beatie “gizon haurduna”ren egunkariko albisteak. Zergatik aztoratu da jendea?
[Prentsako orria eskura eman diogunean irribarre zabal-zabala atera zaio].
San Franciscoko lagun batek bere adiskide baten argazkiak bidali zizkidan, haurdun zegoen eta gero haurra izan zuen. Argazkia Testo Yonqui liburuan sartzea pentsatu nuen, baina Beatieren argazkiarekin jendeak nola erreakzionatu zuen ikusita ez sartzea erabaki nuen. Jendeak liburura joko zuen argazkia baino ez ikusteko, morbo erraza eragingo zuen.


Bada jendea uste duena gizon bakarra dagoela haurdun, alegia transexuala bakarra haurdun, baina San Franciscon adibidez, aita haurdunen komunitatea dago.


Beatieren gaiari helduta, oinarrizkoena azaldu beharko nuke gertaera hori ezagutzen ez dutenentzat. Beatie, beste transexual asko bezala, transexual hormonatua da, baina obulutegiak mantendu ditu. Hormonak hartzeari uzten badio hilekoak izan ditzake eta umetokia erabil dezake haurdunaldirako.


Beatiek, beste transexual askok bezala, adierazten duena da ez diogula gorputzari begiratu behar jarraipen zorrotza duen sexuaren, generoaren eta sexualitatearen arteko bloke moduan. Beatieren gorputza ez da ez maskulinoa ez femeninoa, potentzialitate ugari duen gorputza baizik, norbanakoarena bezalaxe. Zentzugabea da pentsatzea testosterona maskulinoa dela eta estrogenoa femeninoa, edo umetokia femeninoa. Umetokia hainbat gorputzetan dagoen organoa da eta orain arte kulturalki gorputz horiek femeninotzat hartu dira. Ezerk ez digu esaten umetokia berez eta historikoki femeninoa eta femeninoa baino ez denik. Beatieren haurdunaldia feminitatetik eta maskulinitatetik harago doa, amatasunetik eta aitatasunetik harago. Testo Yonqui liburuan teknoaitatasuna eta teknoamatasuna aipatu ditut. Hau da, baldintza teknologikoak daude tartean eta ez biologikoak soilik. Beatieren kasuan teknologia hori oso agerikoa da, baina haurdunaldi askotan dago. Esate baterako, intseminazio artifiziala ez zen asmatu transexualentzako, ezta homosexualentzako ere, nahiz eta askok hala uste. Pildora bezalaxe asmatu zen; familia zuri, heterosexual eta klase ertainekoentzat ugalketarekin lotutako ikerketak egiten ari zirela. Beraz, ugalketa sexualarekin zerikusia duten prozesu teknologiko horiek, zeinak sexua, generoa eta sexualitatea banatzen dituzten, gorputz guztietan ageri dira, ez anormaltzat eta duintasunik gabekotzat hartzen ditugun gorputzetan soilik. Nire babesa eta esker ona luzatu nahi diet halako eraldaketa eta berrasmatze prozesuetan ari diren transexualei.


Prozesu teknologikoa diozunean zer adierazi nahi duzu?
Sinetsi dugu gorputza eta sexualitatea naturalak, berezkoak direla, hala erakutsi digu tradizio historikoak. Identitate sexualaren, gorputzaren eta sexualitatearen nukleo gogorra irudikatzen da. Nukleo hori kultura eta eraldaketa teknologiko guztietatik banandua legoke.


1970eko eta 1980ko hamarkadetatik aurrera, feminismoaren alorreko hainbat pentsalari hasi ziren ikertzen diskurtso zientifikoetan ageri ziren metaforak (generozkoak, arrazazkoak eta kolonialak). Hori batetik, eta bestetik Michel Foucault historialari eta filosofoaren eskutik, adibidez, teoria deseraikitzaileagoak agertu ziren. “Sexuaren egia” ekoizten duten prozesuak aztertu zituzten: gorputzak normalizatzen dituzten, maskulinitatea eta feminitatea kontzeptuak asmatzen dituzten, homosexualitatea eta heterosexualitatea asmatzen dituzten prozesuak ikertu zituzten.


Esate baterako, heterosexualitatea/homosexualitatea kontzeptuak XIX. mendearen bukaeran asmatu zituzten sexualitatea kontrolatzeko eta normalizatzeko, –horrek ez du esan nahi ordura arte sexu praktika aniztasunik ez zegoenik; bazegoen noski–.


70eko eta 80ko hamarkadetako analisi garrantzitsuenetakoa eta zeharo berria da –gero queer teoriak muturreraino eramango duena– jabetzea sexualitatea eta subjektu sexualak formazio historikoen eta irudikapen politikoen ondorio direla. Beraz, ez dago entitate naturalik, ez dago naturan homosexualitaterik eta heterosexualitaterik, ezta feminitaterik eta maskulinitaterik ere. Orain naturaltzat ditugun subjektibitate horiek prozesu politiko eta teknologikoek eragindakoak dira.


Teknologiaz galdetu didazu lehen. Bigarren Mundu Gerraz geroztiko teknologiak aztertu ditut. Teknologia horiek eta XIX. mendekoak oso desberdinak dira. XIX.ekoak kanpotik diziplina ezartzen zuten gailuak ziren: kartzela, eskola, ospitale psikiatrikoa, tortura, zigor metodoak... Arkitektura multzo horrek norbanakoa babesten zuen eta hainbat subjektibitate sortu: histerikoa, eroa, ume masturbatzailea, etxekoandrea... Bigarren Mundu Gerraz geroztiko teknologiak molekularrak dira, bizidunaren egituran infiltratzen dira, gorputzarekin nahasten dira.


Pildora da, zalantzarik gabe, sexuak eta generoak ulertzeko dugun eredua modu erradikalenean aldatu duena.


Nola eragin du bada pildorak?
Teknologia molekular eta biomolekularrek sexualitatearen kontrol eta normalizazioan nola eragin dutenaren adibide bat baino ez da pildorarena. Hormona koktela, estrogeno eta progesterona koktela besterik ez da, 1940ko hamarkadan asmatutakoa. 1960ko feminismoak, bitxia da, sexu askatasunerako tresna gisa onartu zuen.


Asko harritu ninduen, baina kontua da pildora laboratorioan sintetizatu zela, fundazio katoliko baten diru-laguntzari esker. Familia katoliko, klase ertaineko eta heterosexualen ugalketa programan ari ziren lanean. Ikerketan aurkitu zuten estrogeno eta progesterona konbinazioak ugalketarako baino, antisorgailu gisa balio zuen.


Amerikako Estatu Batuetan 1947an asmatutako lehen pildora hori Puerto Ricon probatu zuten. Teknika eugenesiko gisa erabili zuten, arraza beltzaren hazkundea murrizteko, beltz eta zurien familia estatubatuarrak purifikatu eta banatzeko. Niretzako ustekabea izan zen erabilera horren berri izatea. Jaiotzak kontrolatzeko 60ko talde feministen aldarrikapenak ezagutzen nituen; gorputzaren politizazioa, kontzientzia hartzea... eta pildorarekin egindakoa justu kontrakoa da. Erabilera psikiatrikoa –homosexualitate maskulinoa tratatu nahi zuten– eta eugenesikoa izan zituen.


AEBetako Osasun Sailak ez zuen baimenik eman lehen pildora komertzializatzeko hilekoak guztiz ezabatzen zituelako eta beraz emakume amerikarrak desfeminizatuko zituelako. Berriz ere gauza sinesgaitza egin zuten. Lehen pildora hark %99ko eraginkortasuna zuen, alde batera utzi zuten eta hileko artifizialak eragiten zituen bigarren pildora asmatu zuten.


Zer adierazi nahi dut pildoraren historia honekin? Bada 1950eko urteetatik aurrera, jakinaren gainean abian jarri zela emakumeen gorputzaren kontrol hormonala. Kurioski feminismoak sexu askatasun bidetzat hartu zuen pildora. Noski badituela sexu askatasunerako bideak, baina horrek ez du esan nahi ez dugunik hausnartu behar alor politiko, generozko eta arrazazkoei buruz.
Beraz, eta pildoraren adibidetik orokortasunera jauzi eginda, sexualitatearen bestelako konfigurazioaren aurrean gaude, Foucaultek XIX. mendean deskribatutako eredu diziplina ezartzailetik harago. Nik eredu farmakopornografikoa deitzen diot, kontrola ez delako kanpotikakoa, arkitektonikoa, diziplinarioa, baizik eta molekularra, infiltratua, arina, nahi baduzue baita lagunkoia ere. Nik kontrol horri “pop” deitzen diot, “Mickey Mouse” kontrola, plazera eta askatasuna emango dizkigun konfiantzazko lagun gisa agertzen dena.


Eredu farmakopornografikoa aipatu duzu. Zer duzu esateko pornografiaz?


Teknika oso berria da pornografia, masa kulturatzat hartuta. Lehenengo aldiz masturbazioa kapitalaren ekoizpenerako produktu bihurtuko du pornografiak. Ideia hori oso berria da zeren XIX. mendean eta XX. mendearen erdira arte masturbazioa gaixotasuna zen, gaitz soziala, lanerako eta ugalketarako behar den energia alferrik galtzen baita masturbazioaren bidez. Norbera bere buruarentzako arrisku sexuala zen, “esku masturbatzailea” lotu beharreko deabrua zen.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, sexualitatearen kontrolerako moduak zeharo aldatu ziren. Orduan kontua ez zen masturbazioa eragoztea baizik eta masturbazioa masa kultura bilakatzea.


...


Nik ez daukat erantzunik. Ez dakit zer gertatu den, nahiko nuke jakin. Beno, nik uste kapitalismoaren aldaketa dagoela, kapitalismoak nolabait gorputza, subjektibitatea eta sexualitatea produkzio bide gisa integratzen ditu. XIX. mendean eta XX. mendearen erdira arte sexualitatea kapitalaren etsaitzat hartu zen. XX. mendearen erditik aurrera kapitala jabetzen da sexualitatea etekin bihur daitekeela, gorputza, plazera, sexualitatea, baita generoa ere, kapital ekoizpenaren iturri berriak bihurtuko dira.


Madrilgo Chueca auzoarekin gertatu da hori, esate baterako.


Horixe bera. Alabaina, Chueca ezin duzu Disneyworld heterosexualarekin alderatu. Jendea aztoratu egiten da Chueca ezagutzen duenean, uste duelako sexualitate homosexualak gheto baztertua izan behar duela, eta beraz kapitaletik at egon behar duela. Inolako identitatek ez dio ihes egiten logika horri. Lehen uste zen bazterreko identitate batzuk bazirela kapitaletik kanpo geratzen zirenak. Noski ezetz. Identitate horiek ere sistema farmakopornografiko berberaren eta kapitalaren ondorio dira. Kontua da identitate oro normalizatzeko gaitasuna dagoela, bai bazterrekoak diruditen identitateak eta baita normalizatuagoak diruditenak ere.


Subjektibitateak prozesu politiko eta teknologikoek eragin dituztela eta deseraiki behar direla diozu. Zer gertatuko da orduan borroka identitarioekin? Kolektibo minorizatuekin? Feminismoa subjektu politikorik gabe uzten baduzu armarik gabe geratuko al da?


Bai zera. Inoiz ez dugu orain baino arma gehiago izan. Lehen genituenak armak ere ez ziren. Feminismoaren subjektua emakumea zela genioen, eta ni adibidez, ezin izan naiz sekula feminismoaren subjektuarekin identifikatu, inoiz ezin izan dudalako nire burua emakumetzat hartu. Eta hortaz gain, bai feminismoaren diskurtsoek zein genero normalizazioaren diskurtsoek irainaren bidez baztertu ninduten: marimutila, lesbiana... Emakumearen eremutik baztertu ninduten. Emakumearen alor hori ere fikzio normalizatzailea zen.


Borrokarako armak galtzen ari garela diozu? Nik uste dut ezetz, guztiz kontrakoa. Konturatu gara fikzio horrek borroka politikorako beharrezkoak ziren identitateak, plazerak, gorputzak... baztertzen zituela. Gainera, borroka feministaren subjektutzat hartu genuen emakume hori, zuria, heterosexuala eta klase ertainekoa baino ez zen –ez dakit egiatan existitzen den irudi idealizatu hori–.


Oposizio dialektikoa irudikatzen zen: emakume biktima/gizon zapaltzailea. Egoera askoz korapilatsuagoa da. Kontua ez da zapaldua/zapaltzailea dialektika. Gorputz, sexualitate eta subjektibitate anitzekin egin beharko dugu lan, emakume subjektuak bere barruan bildu ezin dituenekin. Feminista heterosexual asko iritzi honekin bat etor daiteke. Zeren guk uste genuenaren kontra, agian, emakume subjektua borroka politikorako arma ez da izan, eta beharbada gainera, feminismoak burutzeke duen iraultza eragotzi du. XXI. mendeko iraultza horixe da, emakumea ez dela feminismoaren subjektua, feminismoaren subjektua etortzeko dago. Hori da behintzat nik espero dudana.


Nortasun agiria
Espainiako Burgosen jaio zen 1970ean. Filosofoa eta queer aktibista da. Orain, Frantzian, Université Paris VIII-n Generoaren Teoria eta Gorputzaren Historia Politikoa irakasten ditu. 2002an Manifiesto contra-sexual. Prácticas subversivas de identidad sexual liburua argitaratu zuen. Queer garaikideaz teorizatzeko ezinbestekotzat jo zuten lana. Berriki Testo Yonqui kaleratu du. Egitura politiko eta boterezkoek gorputzaren bizipenean nola eragiten duten aztertu du eta bere buruari testosterona emanda egin duen esperimentua kontatu du. Teoría King Kong (Virginie Despentes) itzuli du eta 12 urteko neska-mutil guztiei gomendatu die genero biolentziaren kontrako kit moduan.


Gorputz paristarra

“Bortizki ari da aldatzen Paris, politika kontserbadore beldurgarriekin. Arraza, klase eta sexualitatearen araberako banaketa oso gogorra da. Pribilegiatu senti naiteke, besterik gabe zuria naizelako eta goi mailako ikasketak ditudalako. Batzuetan ordea, ditudan lagunak ditudalako beste aldean sentitzen naiz. Sarkozyk boterea hartu zuenean esan zuen 68ko kulturarekin amaitu nahi zuela, orduz geroztik pentsatu dut 68 berria iritsiko zaiola. Gorputz paristarra? Gorputz iraultzailea da”.


Gizon/emakume

“Genero biolentzia iruditzen zait nortasun agirian sexua edo generoa jarri beharra. Ekintza iraingarria, diziplinatzailea, normalizatzailea da”.


'Manifiesto contra-sexual liburua', hiru ardatz

Manifiesto contra-sexual, zure lehen liburuan, generoaren eta sexualitatearen historiaren berrirakurketa proposatzen duzu. Hiru ardatz aukeratu dituzu horretarako. Zergatik horiek?


Ezer ez da absolutua. Liburuan hiru ardatz horiek aipatu ditut uste dudalako desnaturalizatzen, desorekatzen eta desantologizatzen dituztela ikuspegi heterosexualeko sexu praktikak. Eta baita ikuspegi homosexualetik begiratuta ere.


Dildoa
Sexualitatearen eraketa farmakopornografiko berri honetan, dildoa gorputzaren kontzeptu berria da, gorputza ez da bukatzen azala bukatzen den tokian, gorputza teknologiarekin eta teknologiarentzat dago osatua. Dildoa protesi sexuala da, sexuaren luzapen sintetikoa. Gorputz sexuala beste modu batera eratzeaz ari naiz dildoaz ari naizenean, muga naturala gainditzeaz, maskulinoa eta femeninoa kontzeptuetatik harago.


Dildoaren historia ikertu nuenean, pildorarekin bezala, gauza bitxiak topatu nituen. Jende gehienak uste du dildoak zakilaren imitazioak direla. Bada, konturatu nintzen dildoak medikuntzako laboratorioetan agertu zirela, esate baterako, krisi histerikoak eragiteko teknika moduan. Histeria femeninoa sendatu nahi zuten dildoen bidez. Beraz, konturatu nintzen dildo elektrifikatua plazera eragiteko teknologiatako bat baino ez zela XIX. mendean eta gero sexualitatearen normalizazio eta patologizazio zirkuituak jabetu ziren horretaz. Gaur egun, mikrokomunitate gay, lesbiana, transexual eta transgeneroek bereganatu dute eta baita kultura zabalagoak ere.


Uzkia
Ez da ez maskulinoa eta ez femeninoa, gorputz orok dauka uzkia, ahoa bezala. Uzkia, eskua bezala, XIX. mendeko sexualitatearen medikuntza diziplinarioaren ardi beltzetakoa da. Oso zaila da kontrolatzea eskuzko eta uzki bidezko plazera. Zaila da jakitea plazer maskulinoa ala femeninoa den, onartu gabeko plazera da... mespretxugarritzat joa.


Lesbianen arteko praktika sadomasokistak

Hitzarmenaren ideia interesatzen zait, sexualitateari eskaintzen zaion begirada teatralizatua, performatiboa. Sadomasoak sexualitatea ekintza kultural eta kodifikatu gisa ulertzen du, ez zerbait naturala eta berezkoa balitz bezala. Sexualitate hori beti jendaurreko eszena da. Praktika horiek oso garrantzitsuak izan ziren 70eko eta 80ko hamarkadetan Amerikako Estatu Batuetan, eta gauza funtsezkoa ekarri zuten: identitate sexualarekiko konfiantza eza. Kultura sadomasokistek ez dute sinesten sexuen eta generoen arteko diferentzietan. Ez dute uste homosexualak eta heterosexualak daudenik, zartadak eman eta jasotzen dituzten menpekoak eta damak baizik. Posizioak fikziozkoak dira, antzeztuak. Erritua da.

  • Motzean
  • Comillaseko Filosofia Fakultatea
  • Paco Vidarterekin lotzen dut. Ikaskidea nuen, aurten hil da. Comillaseko gaya eta lesbiana ginen. Hura gure futbol zelai queerra zen.
  • New Yorken bizitzea
  • Hiri kanibala da, gogorra da han bizitzea. Ondoren egin dudan guztia han ikasi dut. 1991-1992an lehertu zen queer teoria hiri hartan eta ni 1993an iritsi nintzen. Han aurkitu nituen Judith Butler, Nancy Frazer, Jacqui Alexander... nire maisu bihurtu zirenak.
  • Jacques Derrida irakaslea
  • Hark erakutsi zidan irakurtzen. Oso eskuzabala zen. Gogorra da, jende hori dagoeneko ez baitago hemen.
  • Princetoneko arkitektura
  • Kartzelaren modukoa. Jakintzaren eta subjektibitatearen diziplinaren espazio garrantzitsuena. Unibertsitate amerikarrek kontraesan hori daukate: oso kontserbadoreak, Bushen programaren tentakuluak dira, eta era berean, han ezagutu ditudan irakasleak zoragarriak ziren. Gerrako bunkerrean irautea bezala da.
  • Paris eta Le Zoo taldea
  • Queer kultura ez zen Parisera iritsia, ez zuten Judith Butler ezagutzen, testuak ez zeuden itzulita... Ilargitik itzultzea (New Yorketik Pariserako bidaia) bezala izan zen. Mundu berria ezagutua nuen nik, imaginario politikoa eta Parisen nirekin hori egin nahi zuen jendea aurkitu nuen. Sormen handiko garaia izan zen.
  • Ikasle izatetik irakasle izatera
  • Ez naiz aldaketa horretaz ohartu. Ikasle sentitzen naiz. Inoiz ez duzu ikasten ikasi duzula uste duzun horretatik eta ez dizu erakusten irakasten ari zaizun horrek.
  • Donna Haraway
  • Asko maite dut. Bera ikusi nuen lehen aldian ulertu nuen zerbait nire gorputzaz, nire matraileko protesiaz. Gorpuztasunarekin zerikusia duen guztia niri ondoen azaltzen jakin duena izan da.

2007/12/09

> Elkarrizketa: Cristina Garaizabal > "PROSTITUTEK ESKUBIDE LABORALAK BEHAR DITUZTE"

  • Cristina Garaizabal: "Prostitutek eskubide laboralak behar dituzte"
  • Argia, 2114. zenb, 2007-12-09 # Amets Arzallus

Psikologoaren kontsultara joan nintzen.
Eta psikologoa bere arazoak kontatzen hasi zitzaidan...


Irudika dezala jendeak, gizon bat adibidez, goiz batean pitilina barrura sarturik esnatzen dela, eta bere inguru guztia neska deitzen hasten zaiola, eta femenino tratatzen dutela, eta denak tematzen zaizkiola gonak jantzi ditzan. Edo alderantziz, pentsa emakume bat goiz batean esnatzen dela klitori handi batekin, eta jende guztia tematzen dela bizarra luzatzen utzi behar duela eta utzi behar duela. Sufrimendu horixe bera da transexualak bizi duena. Eta horrek oso gogorra behar du. Baina gizartea ez da kontziente. Bestela ez da ulergarria sexu aldaketa osasungintza publikoak ez ordaintzea.


Guri ikastolan labezomorro bihurtuta esnatzen den mutikoarena kontatu ziguten. Transexualitateaz ez zigun inork hitz egin.
Eskolan gai hauetaz gehiago ez hitz egitea dramatikoa da, eta jende askori sufrimendu handia dakarkio, bere burua arraro sentitzen duelako. Ez dira normalak ikusten, eta hori barne errepresio gogorra da, norbere buruari izatearen hegoak moztea, nolabait.


Psikologiak asko lagundu al dizu transexualitatea ulertzen?

Egia esan, transexualak ulertzeko, nik estudiatua nuen psikologia desegituratu gehiago egin behar izan dut horretan oinarritu baino. Baina ez dira teoria denak itsugarri eta trabagarri, badira psikologiaren munduan ere argia egiten lagundu didatenak, adibidez Judith Pavler.


Eta gizartea noiz hasi zen transexualak ulertzen? Baldin eta hasi bada behintzat...
Duela hogei urte arte transexualari mespretxu handiz begiratzen zitzaion, arraroak balira moduan. Non eta trabestiekin nahasten ez zirenean, normalena nahasketa egitea baitzen. Baina 1990eko hamarkadatik aurrera hasi zitzaien bidea errazten, batik bat Transexualia bezalako taldeei esker. Gizartean jendea horretaz hizketan hasi zen, eta telebistan ere bai. Kazetariek baliatu egin zuten gaia eta amarillismo handia ekarri zuten, programa merkezurretako gai bihurtu ziren, eta telebistara eramaten zituzten transexual prototipiko eta folklorikoenak. Alde batetik onuragarria zen telebista transexualitateari buruz hizketan hastea, baina bestetik oso modu zabarrean eta folklorikoan azaltzeak transexualen irudi faltsua sortu zuen, eta horrek min handia egin dio transexual askori. Nik kontsultan ikusi ahal izan dudanez, telebistako irudi horrekin nahastuko ote dituzten beldur, transexual asko ikaraz egoten da bere izaera azaltzeko.


Zuk sekula jarri duzu zalantzan zure genero identitatea?

Ez, sekula ez. Beti eduki izan dut garbi nire emakume izatea, baina horrek ez du esan nahi frankismoak bultzatzen zuen emakume tradizional izatea gustatuko litzaidakeenik, sekula ez naiz identifikatu emakume pasibo, zaintzaile eta ama izatera eta etxeko lanetara mugatutako horrekin. Gehiago ikusten dut nire burua feminitate eta maskulinitate arrastoen nahasketan, baina inoiz ez dut zalantzan jarri nire emakume izatea.


Zure orientazio sexuala bai.
Tira, nik uste dut hori oso modu naturalean gertatu zitzaidala. Nire lehen harremanak heterosexualak izan ziren, gizonezkoekin maitemindu nintzen, eta egia esan oso zoriontsu izan nintzen su horren indarrak iraun zuen arte. Baina egun batean emakume bat gustatzen hasi zitzaidan, eta hori zela medio Madrilgo lesbianen kolektibo feministan sartu nintzen. Hain zuzen, orduan ezagutu nituen transexualak. Lesbianen kolektibotik plataforma aldarrikatzaile bat egitea erabaki genuen, eta plataforma horretan ohartu ginen emakume transexualei buruz oso gutxi genekiela. Emakume transexualak esaten dut, garai hartan gizon transexualak nahiko ikusezin pasatzen zirelako. Madrilgo Transexualia kolektibora hurbildu ginen eta han hasi ginen transexualak ezagutzen. Beraien bizitzaz eta gertatzen zitzaien guztiaz interesatuz azkenerako lagun egin ginen. Mundu berri horrek feminismoaren zenbait zutabe nagusi kolokan jarri zituen nire baitan, ustez argiak eta garbiak nituenak buruan. Horietako bat genero nortasuna norberaren sexu biologikoaren araberakoa dela. Alegia, nortasun horren eraikuntzan anatomiaren bidea ez zela bide bakarra ikasi nuen.


Galdera filosofikoak datozkit: zenbateraino gara izaki naturalak? Zenbateraino izaki kulturalak?

Nik uste faktore askoren emaitza garela, eta gure genero identitatea, gure orientazio sexuala eta gure jarrera humano guztiak gidatzen dituen esku ikusezina, batetik elementu biologikoen gainean eraikitakoa da, eta gero elementu kulturalek janzten dute. Ezin dira ukatu pertsona bakoitzaren berezko bideak, bestela Aristoteleren dikotomiara itzuliko gara, gorputza eta arima bi izate bereizi eta holako lelokeriak. Bestalde, ezin daiteke kausalitate genetiko batera mugatu guztia, alegia jaio egiten garela homosexualak, edo jaio egiten garela emakume edo gizon. Nik uste dut ez dela hain sinplea gure istorioa, norbera aurre-bide biologiko batzuetatik etortzen da, baina gero inguruak, familiak, lagunek, kulturak, osatzen gaituzte humano bezala. Eta horrek denak markatzen du nola gure genero identitatea hala gure orientazio sexuala. Jarrera humanoek beti dute euren zati biologikoa eta euren zati kulturala.


Eta posible da dakargun zati biologikoa kulturaren presioz eta indarrez aldatzea?

Ez baitakit nik zein diren gure biologiaren bideak! Eta uste dut predisposizio biologikoei botatzen diegun begirada bera ere kulturala dela, beraz oso zaila da galdera horri erantzutea. Baina konbentzituta nago haur bat musikarako sekulako predisposizioarekin jaiotzen bada, biolina jotzeko sekulako senarekin, eta gero bere inguruan ez bada musikarik entzuten, eta ez bada biolinik existitzen, mutikoaren ezaugarriak oharkabean pasa eta ezabatzen joango direla. Inkontzienteki. Kontzienteki ezabatu nahi den guztia nik negatibotzat jotzen dut. Transexualen adibidearekin azalduko dizut. Nik transexual asko ezagutzen dut beraien transexualitatea deskubritzen dutenean, eta aldaketa prozesua hasten, kolpetik aurretikako urte eta gertaera guztiak ezabatu nahi dituena. Genital aldaketen ebakuntza berriz jaiotzea bezala ulertzen dute. Nik uste dut bizitzan behin bakarrik jaiotzen garela, errenkarnazioaren teoriak pisu zientifiko handiagoa hartzen ez duen arte bai, bederen. Beraz, zure bizitzari mugarri bat jarri eta mugarri horren aurreko esperientzia guztiak ezabatu nahi izatea zure zati bat zikiratzea da. Gizon jaio baldin bazara eta bizitzako etapa bat hala bizi izan baduzu gero emakume bihurtu aurretik, nik uste dut emakume bizitzarako balioko dizuten irakaspen on asko jaso zenitzakeela zure gizon bizitzatik.


Noiz jotzen du transexual batek psikologoarengana?
Asko beren aldaketa prozesu osoa egin eta gero etortzen da, eta nahi duen bakarra interbentzio kirurgikorako baimena da, hori psikologoak baino ez baitezake eman behin frogatu duenean pertsona hori transexuala dela. Baina bada jendea askoz lehenago, identitate krisia eduki eta beren genero nortasuna zein den argitu nahian etortzen dena ere.


Eta nola laguntzen zaio horri?

Bere desioa argitzen lagunduz, eta aukera erreal guztiak kontuan hartuz. Bada jendea ez dena maskulinitate eredu tradizionalarekin identifikatzen, eta hori dela eta krisi gogorrean sartzen dena. Halakoetan psikologoak pertsona horrek bere buruan dituen genero estereotipoak landu behar ditu, eta gizon eredu berria proposatu, ez da bortxaz transexuala. Beste kasu batzuetan aldiz krisi hori ez da eredu maskulino tradizionalean ezin kabitutik sortzen, emakume izan nahiaren ziurtasun handitik baizik. Elementu gakoa norberaren gorputza bizitzeko era da. Alegia, sexu aldaketa prozesua hasteko, eredu maskulinoarekiko sintonia falta maiz zehazten da gorputz biologikoaren ukazioarekin, eta fantasia azkenerako konbikzio bihurtzen da; biologiak emandako gorputza ez beste bat eduki nahia.


Noiz hasten zara zu pazienteari femeninoan edo maskulinoan hitz egiten?
Ikusten dudanean berak garbi daukala zerekin identifikatzen den.


Eta lehenago?
Lehenago saiatzen naiz neutro hitz egiten eta generoa ez markatzen. Eta beharrean, galdetu egiten diet ea zer duten nahiago.


Gaiz aldatuz, noiz eta nola hasi zinen prostituten eskubideen aldeko lanean?
Bartzelonan gerturatu nintzen lehen aldiz prostitutengana, 1982ko Munduko Futbol Txapelketan. Holakoetan beti gertatzen den bezala, hiriak garbi utzi nahi ziren atzerritar dirudunak etor zitezen, eta kalean lan egiten zuten prostituten kontra hasi ziren gogor. Garai hartan erasoen aurkako komisioan nengoen, eta Bartzelonako prostitutengana hurbildu ginen lagundu ote geniezaiekeen jakite aldera. Orduko gure diskurtsoa feminista gogorren diskurtso abolizionista klasikoa zen, nik ere hori aldarrikatzen nuen, prostituzioa abolitzea, “prostituzioari ez, prostitutei bai”. Arrazionalki pentsatzen hasten bazara kontrako eztarritik ere pasatzen ez den aldarrikapena, digeritu ezineko leloa, baina gu ustez emakumeen defentsan ari ginen. Kontsideratzen genuen emakumeari gerta ziezaiokeen gauzarik okerrena prostituzioa zela, eta prostitutak patriarkatuaren biktimak zirela. Ez genuen bista handirik, borondatea bai sobera. Baina ikusi egin behar zen gure hitzak entzun eta prostitutek nolako begiekin begiratzen gintuzten, galdetuz bezala: “Nondik atera ote dira moja xahar hauek?”.


Tira, mojen kolegioan ikasi zenuen, denak uzten du bere arrastoa.

Ai ene, nerabezaroan mojen kolegioa zen nigan errebeldia gehien sortzen zuena, batik bat han inposatzen zizkiguten normak: ilea libre bazeneraman bildu egin behar zenuen, gonak luzera jakin batekoa izan behar zuen, mezatara joan behar zen... Horiek dira nire haurtzarotik zapore mikatzenarekin oroitzen ditudanak. Batik bat sexu eta gorputz adierazpen osoaren errepresioa. Eta gero ikusirik psikologoa eta feminista bezala minorien askatasun sexualera bideratu naizela, garbi dago orduko ezin haietatik sortutako sentsibilitateak bizi nauela.


Tabua zen orduan sexualitatea?
Jakina. Garai hartan sexualitatearekin zerikusia zuen guztia erreprimitua zegoen, eta are gehiago emakumeen sexualitatearekin zerikusia zuena. Moral bikoitzak agintzen zuen. Gizonezkoek ezkutuan gogotik pasatako guztia egin zezaketen, baldin eta gero kontatzen ez bazuten, eta emakumezkoak ez gintuzten izaki sexualtzat hartzen, edo oso sexualitate gutxiko izakiak ginen, amatasunerako eta ezkontzeko jaioak, beste ezertarako ez.


Eta nola iritsi zinen pentsatzera sexua langai ere izan daitekeela?
1987an udalak prostituzioari buruzko jardunaldi batzuk antolatu zituen Madrilen eta bi prostituta italiar etorri ziren: Carla Corso eta Pia Covre. Feminista bezala han nintzen, eta beraien diskurtsoak, beraien jarrerak, presentziak, eta duintasunak, harritu eta txunditu egin ninduen, ahozabalik gelditu nintzen. Beraiekin harremanetan sartu ginen, eta beren bidetik Madrilgo Desengaño kalean lan egiten zuen prostituta bat ezagutu genuen, Puri, eta lagun egin. Transexualak ere ezagutu genituen, eta haietako batzuek prostituzioan egiten zuten lan. Pixkanaka mugimendu feministako beste kide batzuekin mundu horretara hurbiltzen joan ginen, eta prostituzioari buruzko beste ikuspegi bat hartu genuen. Horrela, 1995ean, Hetaira kolektiboa sortu genuen, prostituten eskubideen aldeko taldea. Ez zen gure helburua prostitutak birgizarteratzea –hitz itsusi hori erabili beharrak ere min ematen du–, baizik eta prostituzioan lanean jarraitu nahi zuenak baldintza hobeetan lan egiteko erreferentea eta babesa aurki zezala, bidelagun bat.


Alderdi politikoekin ere hitz egiten duzue, nolako erantzunak jasotzen dituzue?
Hetairakook beti pazientzia handiz jokatu dugu erabaki guneetan dauden taldeekin. Alderdi guztiekin eztabaidarako jarrera izan dugu beti, onar dezaten eta batik bat ken dezaten prostituzioaren gaiari buruz begitan duten zapi itsugarria, eta azken batean onar ditzaten prostitutak. Batez ere ezkerreko sektore osoarekin egin dugu lan eta urteak pasa eta gero egiten dugun balantzea ona da. Oroitzen dut lehen-lehenik CCOOrengana zuzendu ginela sostengua galdetzera, eta horra Madrilgo CCOOko idazkariak nola erantzun zigun: “Guk ezin dugu esklabutza sexuala legalizatzeko borrokatu”. Hori 1994an esan ziguten. Eta pentsa hamaika urte beranduago beraiek antolatu zituztela estatu mailako “Hiritarren eta sexuaren langileen eskubideak” izeneko jardunaldiak. Beraz uste dut borroka politikoan irabazten ari garela. PSOEri edo IUri dagokionez, duela zenbait urte, jarrera monolitikoak zituzten prostituzioarekiko: abolitzea, eta prostituzioa desagertzea. Momentu honetan badakigu gai horiekin barne eztabaidan daudela eta ikuspegi ezberdinak dituela barneko jendeak. Gaspar Llamazares bera ere aldeko zaigu, eta beraz badira IUn gure aldeko sektoreak.


Nolako eskubide laboralak exijitzen dituzue sexuaren langileentzat?

Lehenik eta behin borondatezko prostituzioa eta prostituzio behartua bereizi behar dira. Abiapuntua hori da. Lehenbizikoa legalizatu egin behar da, eta bigarrena borrokatu. Funtsean behartutako prostituzioan ari diren emakumeen kopurua esaten dena baino askoz ere txikiagoa da, baina existitzen dira, eta egoera izugarria bizi dute. Inork ez ditu babesten, eta lan hori estatuak egin beharko luke. Prostituten gehiengoari dagokionez, berriz, beste edozein langilek bezalako eskubide laboralak beharko lituzke. Baina lana sexu jarduna denez, eta pertsona baten sexualitatea tartean dagoenez, eskubide laboralek beregain hartu beharko lukete emakumeen autonomia eta askatasuna, beraiek erabakitzeko zein jardun sexual egin nahi duten, eta zein bezero onartzen duten. Zurrupada bat egitea ez baita gutun-azal batean seiluak jartzea bezalakoa.


Prostitutekin zuzenean nola lan egiten du Hetairak?
Madrilgo prostituzio zona historikoan lokala dugu, eta hara igotzen dira prostitutak informazio edo preserbatibo bila. Festak ere antolatzen ditugu, batik bat prostituten arteko elkargune izan daitezen, nolabait elkartasun hariak josten ere joan daitezen. Kaletik baino ez badira ezagutzen oso zaila dute harremana egitea, kalea oso gogorra baita, eta kaleko gatazkek nahiko harreman gaiztoa sortu ohi dute beraien artean. Bestetik badugu furgoneta bat, eta gauean prostituzio zonetara ateratzen gara. Atzeko zatia prestatua du, mahai txiki bat, eserlekuak, kafea eramaten dugu, denbora eskaintzen diegu eta preserbatiboak ere bai. Horrez gain, prostituzioari buruz edozein neurri berri ateratzen denean, beraiei berri emateko eta komentatzeko baliatzen dugu furgonetaren ibilia.


Nolako bizitza dute prostitutek?

Denetik dago, esate baterako gehiengo handi bat ama da. Bikote sentimentalak aurkitzeko zailtasunak izaten dituzte normalean, baina batzuek badituzte bikotekideak, eta beste edozein pertsonak bezain bizitza normala daramaten emakumeak dira gehienak. Badirudi prostituta pertsona berezia dela, eta prostitutak ez dira beraien sexuarekin lan egiten duten pertsonak baino. Nire bizitza ez dago markatua psikologoa izatearren, beste berrehun faktore gehiagok ere markatzen naute, eta prostitutak ere berdin. Baina arazoa da, eta guk hori borrokatzen dugu gehienbat, oso estigmatizatuak daudela. Autoafirmatzen hasten diren prostitutek lehenik hauxe esaten dute: “Ez naiz puta, puta lana egiten dut”.


Gizonekin ere egiten duzue lana?

Bai, gu hasieran gizonekin hasi ginen lanean. Eta kuriosoa da, prostituzio heterosexualean lan egiten duten mutilek ez dute emakumeek bezalako estigmarik sufritzen, are gehiago, kasu horietan estigma ez da mutilengan erortzen, baizik eta beraien zerbitzuak erosten dituzten emakumeengan. Uztar-ezinak dira nonbait emakumea eta sexualitatea, gizonezkoek egiten dutena eginda ere beti onartuko da. Beraz, prostituzioan ari diren mutikoak harro eta zoriontsu daude beraien gorputzaren edertasunetik eta hori ongi erabiltzen jakitetik soldata ateratzeaz. Aldiz, prostituzio homosexualera dedikatzen diren mutilen errealitatea ezberdina da. Eta hori ere kuriosoa da, mutil horiengan pisu handiagoa baitu homosexualaren estigmak prostitutu izatearenak baino. Alegia, sexualitate jarduna saltzeak ez dio jendeari inporta, homosexual izateak pisatzen du.


Feminismoaren korronte nagusienak oraindik ere prostituzioa debekatzeko eskatzen du. Zu Hetairako lehendakari izateaz gain feminista ere bazara.
Bai, feminista naiz, eta iaz sortutako Otras voces feministas koordinadorako kidea. Nazkatuak geunden herrialde honetan feminismoaren ahots ofizial hori entzuteaz, bai baitzirudien feminismo bakarra zegoela eta ez besterik. Nire ikuspuntutik nahiko zaharkitua dagoen feminismoa da hori, generoen arteko bereizketaren berrafirmazioan ainguratua gelditzen delako, eta gizonak estigmatizatzen ahalegintzen delako, beraiek izango balira bezala emakumeen opresioaren egoeraren kausa bakar eta esklusibo. Ahots hori izan da feminismoa gidatu duena genero bortizkeriaren aurkako borrokan, eta horrek eman dio bide legeari. Nire ustez, genero indarkeriaren aurkako legea beharrezkoa zen, baina gabezia handiak ditu. Gabeziak ditu behintzat sakoneko ikuskeran, bortizkeriaren kausa definitzerako orduan; genero bortizkeria emakumeekiko gizonezkoen dominioa dela dio, oxala hala izango balitz, pastilla txiki bat emango genieke, dominatu nahi duten gizonezkoak zikiratuko genituzke, eta arazoa akabo. Baina ikusi da arazoa askoz ere korapilatsuagoa dela, eta faktore asko sartzen dira jokoan, batetik maitasun harremanak ulertzeko modua, bestetik arazoak nola konpontzen diren, eta beste elementu asko ere bai. Gizonezkoen aurkako postura esklusibista duen eta prostituzioa kondenatzen duen feminismo horretaz nazkatuak geunden eta beste ildo hori sortu dugu. Uste dugu beharrezkoa dela oraindik ere feminismoa, baina feminismoak integratzaileagoa izan behar du, multilateralagoa, eta gizonezkoak ere konprometitu egin behar ditu berdintasun osoko egoera eta emakumeen benetako askatasun egoera lortzeko.


Askatasun bide horretan zenbat aurreratu da azken urteotan?

Emakumezkoak sartu dira lan soldatadunetan, oso kopuru altuan gainera, baina etxeko lanen banaketan, ia ez da deus ere aldatu. Nik uste berdintasun maskulino batera iritsi garela, alegia, emakumezkoek lehen gizonezkoenak ziren lan guztiak egin ditzakegu, oso ongi dago hori, baina gizonezkoak ez dira neurri berean sartu tradizionalki emakumezkoenak izan diren lanetara. Bide hori oraindik ere egiteko dago. Baina horretarako indarrean dagoena ez beste feminismo bat landu eta egin behar da.

  • Nortasun agiria
  • 1955eko ekainaren 5ean jaio zen Tuteran (Nafarroa). Laster aldatu ziren gurasoak Bartzelonara, eta Cristinak haurtzaroa, nerabezaroa eta gaztaroa Bartzelonan pasa zituen. Euskalduna baino gehiago kataluniarra sentitzen da. Psikologia ikasi zuen Bartzelonako unibertsitate zentralean, eta minoria sexualen eskubideen aldeko borrokan sutsu dihardu. Hetaira prostituten eskubideen aldeko elkarteko lehendakaria da. Duela hogei urte joan zen Madrilera psikologo.

2007/06/17

> Iritzia: Imanol Alvarez · EHGAM > 30 URTE ETA GERO... HAU!

  • 30 URTE ETA GERO... HAU!
  • Argia, 2093 zk., 2007-06-17 # Imanol Alvarez · EHGAM

Nola pasatzen den denbora! Atzo bertan izan zela ematen du, baina ez, urte nahikotxo pasatu dira orrialde hauetan berauetan “17 urte eta erdi” izeneko artikuluxka idatzi nuenetik. Hamahiru, hain zuzen, kenketa buruz egitean nahastu ez banaiz.


Berton –berriro nire buruaz fidatuta ari naiz– ordura arte sortzen lagundu nuen eta oraindik ere militatzen dudan gay-mugimenduak egindakoaren eta lortutakoaren balorazio positiboa egiten nuen, ezinbestez. Gaur egungo ikuspegitik are positiboagoa egin beharko nuke, lehenengo bistadizoan behintzat.


Baina lar sakondu gabeko lehenengo bistadizoek ez dute normalean errealitatea bere gordintasunean erakusten. Egia da lege mailako erdiespen handiak zertu direla, ezkondu eta adoptatzeko eskubideak barne. Egia da gizartearen parte handi batek begi onez ikusten dituela sexu berekoen arteko harreman afektibo-sexualak, edo ez ditu lehen bezain txarto ikusten... Hori guztia egia da eta, ondorioz, ziur aski, hainbatek pentsa lezake ja dena lortuta dugula, eta beraz, jai eta ospakizunak egitea baino ez ditugula. Adibide onak dira, esaterako, Madrilen eta mendebaldeko beste hiri handitan ekainaren 28aren inguruan egin ohi diren tangatan doazen gizon lirainak eramaten dituzten karrozez beteriko inauteri antzeko kabalgata horiek.


Esan gabe doa, jakina, niri jaia eta ospakizuna ederto iruditzen zaizkidala. Hala eta guztiz, jaiak eta ospakizunak ez dute errealitatea ostendu behar. Lortu beharko litzateke errebindikazioa festarekin uztartzea, baina Madrilgoa bezalako ospakizunetan aldarrikapena guztiz urturik gelditzen da ia desagertu arte. Desagertze horretan, nola ez, komunikabideek erruaren parte bat ere badaukate, sentsazionalismo eta morbo bila baino ez baitira joaten gehienetan.


“Zer errebindikatu behar da, ordea”, galdetuko luke, agian, despistaturen batek, aipaturiko lorpenek itsututa edo. Bada, inguruari begiak zabalik eta belarriak erne erreparatuz gero erantzuna etorri berez dator: homofobia nonahi dago, maila apalagoan edo bortitzagoan, etxean, kalean, tabernan... Gurera hurbiltzen diren etorkin gehien-gehienak gurea baino matxistagoak eta homofoboagoak diren kulturetatik etortzen dira... Asko urrundu gabe, gainera, Europan bertan alegia, baditugu homosexualitatea debekatua edota jazarria dagoen eta gay-lesbianak harrikatuak edota poliziak jipoituak izaten diren herrialdeak, Polonia eta Errusia kasu...


Euskal gay-mugimenduak 30 urte –eta erdi– bete ditu. Asko lortu dugu. Asko falta zaigu.

2007/02/18

> Iritzia: Imanol Alvarez > FRANKISMOAREN BESTE BIKTIMAK

  • Frankismoaren beste biktimak
  • Argia, 2007-02-18 (2076 zbk) # Imanol Alvarez

Aspaldion, frankismoaren biktimak gora eta behera, artikulu ugari idatzi da, ekitaldi askotxo antolatu eta baita oroitarriren bat ezarri ere. Esan gabe doa ederto baino edertoago iruditzen zaidala. Baina -beti egon behar bainaren bat-, nortzuk dira frankismoaren biktimak?


Gaur egun, medioetan-eta, biktimak berba erabiltzen denean, euskal gatazkaren biktimez aritu nahirik, gehien-gehienetan ETAren ekintzek eragindakoez bakarrik aritu ohi da. Hitzaren erabilera erredukzionista egiten dute. Nahita eta kontzienteki egin ere.


Antzeko zerbait gertatzen da frankismoaren biktimez hitz egiten denean. Gehien-gehienetan gudari edota ezkerreko alderdi eta sindikatuetako kide izanagatik gartzelaratu edo fusilatu zituztenak omentzen dira. Frankismoaren biktima terminoaren erabilerak ere askoz zabalagoa izan beharko luke. Izan ere, oroitzapen goibeleko erregimen totalitarioaren biktimak beste asko eta asko izan zirelako. Edo direlako. Edo garelako, ez baitaukat batere argi erregimen haren astinduek ez ote duten egun arte iraun.


Frankismoan milaka lagun izan ziren espetxeratuak, adibidez, beraien ustezko nahiagotasun afektibo-sexualagatik. Hots, esan ohi den bezala, homosexual izateagatik. Asko eta asko erbestera behartuak izan ziren, Miguel de Molina esaterako. Edo baita fusilatuak ere, García Lorca kasu. Halere, beste milaka lagunek kaleetan eta komisaldegietan, lege edo epaileen laguntzarik gabe jasan zituzten laidoak eta jipoiak betiko polizien aldetik, delitu bakarra zutela: modu zehatz batean jantzi, mintzatu edo mugitzea. Zantzu horietan oinarritzen zuten homosexual izan zitezkeelako susmoa, ondorioz, umiliazorik basatiena bideratu eta justifikatzeko.


Badirudi gizarteak ahaztu egiten dituela bestelako biktima hauek. Badirudi biktima guztiak ez direla/garela maila berekoak. Lehendakariak izugarrizko oroitarria inauguratu du Artxanda mendian frankismoaren biktimen oroimenez, gonbidatuak eta aipatuak, ordea, gorago esan bezala, lehenengo mailakoak: gudariak eta alderdi eta sindikatutakoak edo beren ondorengoak baino ez.


Nahi gabe edo nahita egindako iraina nolabait arintzearren, kide naizen taldeak 2005ean ohorezko saria eman zion euskal gay mugimenduaren hastapenetan -oraindik ere trantsizioaren hastapenetan geundelarik- manifestazioetako lehen lerroan joaten ziren trans haietako bati. Haiek izan ziren era zuzenean zapalkuntza fisiko bortitzena jasan zutenak, ezin baitzuten beraien «delitua» ezkutatu. Ildo beretik, Durangon laster inauguratuko dugu, Udalaren eta Justizia Sailaren laguntzaz, beste biktima horien omenezko oroitarria. Artxandakoa baino apalagoa, aurrekontu-arazoak medio, baina hura bezain esanguratsua eta hunkigarria edo are esanguratsu eta hunkigarriagoa. Ea horretara ere datorren lehendakaria.

2006/06/25

> Erreportajea: Historia > HARROTASUNA BAINO LEHEN

  • Harrotasuna baino lehen
  • Argia, 2006-06-25, 2048 zbk. # Nagore Irazustabarrena

New York, 1969ko ekaina. Poliziak Greenwich Village-ko Stonewall Inn gay tabernan sarekada burutu eta gay, lesbiana eta transexual talde batek erasoari aurre egitea erabaki zuen. Liskarrak ekainaren 27ko gauean hasi ziren eta gay mugimenduan inflexio puntua ekarri zuten. Urtebete beranduago, Stonewalleko erreboltaren urteurrenean, Mother of Pride ezizenez ezaguna egin zen Brenda Howard-ek Christopher Street Liberation Day March delako ekitaldia antolatu zuen ekainaren 28an. Ordutik, data horietan, Gay Harrotasunaren Eguna festa giroan ospatzen da munduko gero eta toki gehiagotan, baita Euskal Herrian ere.


Baina festa giro hori baino lehen, iraganak sufrimendua eta zigorra ekarri zien. Hona hemen gurean gay eta lesbianek jasandako jazarpenaren adibide batzuk:


- 1245eko uztailean, Erriberrin, Gareseko bi gazte judutar sutara kondenatu eta hil zituzten. Jude Abolfaça eta Simuel Nahaman-en aurkako salaketak hauxe zioen: «Fizieron peccado sodomitico uno con otro». Biek torturapean aitortu zuten «delitua».


- 1497an Errege Katolikoek homosexualitatea kondenatzen zuen Pragmatika jarri zuten indarrean. Berehala Donostiako alkateak Catalina de Belunza eta Maricho de Oyarzun atxilotzeko agindua eman zuen, harreman lesbikoak izatearen akusaziopean. Catalinari ondasun guztiak konfiskatu zizkioten eta kartzelara eraman zuten. Neskatoak errugabe zela esaten jarraitzen zuenez, alkateak bi tortura saio agindu zituen, emaitzaren ziurtasuna bermatzeko. Catalinak bereari eutsi zion eta biak errugabetzat jo zituzten. Hori bai, bizitza osorako erbesteratu zituzten, badaezpada.


- 1547 eta 1548an Ybarra eta Valdeolivas inkisidoreek Bizkaian eta Gipuzkoan homosexualen aurka jarduteko baimena eskatu zuten. Urte batzuk pasa ziren baimena lortu arte eta 1557an Jeronimo de Mendozarentzat izan zen lehen zigorra. Jipoitua eta betirako erbesteratua izan zen, ez sodomia ekintzak burutzeagatik, ekintzok bekatu mortalen artean egon beharko ez luketela esateagatik baizik.


- Miguel Andres Pinto Iruñean exekutatu zuten 1767ko azaroaren 9an. Pintoren delitua, beste behin, sodomia izan zen. Vera Cruz erakundea akusatuaz kupitu eta gorpuaren zati bat lortzen saiatu zen, berau lurperatu eta Pintok atseden baketsuagoa izan zezan. Baina agintarientzat delitua larriegia zen eta borreroari gorpua erre eta errautsak botatzeko agindua eman zioten.


Iraganeko kontuak dirudite hauek guztiek, baina ez mundu guztian. 2005eko uztailaren 19an Iraneko Gobernuak 18 eta 17 urteko mutiko bikotea urkatu zuen publikoki, Mashad hiriko plazan.