2009/09/30

> Berria: Trans > BEHIN-BEHINEAN BARAUALDIA UTZI DU ANDREA MUÑIZEK

  • Behin-behinean baraualdia utzi du Andrea Muñizek
  • Berria, 2009-09-30
Herenegun Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde Jesus Maria Fernandezekin bildu ostean, behin-behinean baraualdia utzi du Andrea Muñizek. «Agindu zidan sexuz aldatzeko ebakuntza noiz egingo didaten esateko deituko didala Gurutzetako ospitaleak, eta horregatik hartu dut erabakia». Egunotan jasotako babesa ere eskertu du Muñizek.

> Komunikatua: EHGAM > BENEDICTO XVI-EN ADIERAZOENEN AURREAN, PNV-REN JARRERA SALATZEN DU EHGAM-EK

  • BENEDICTO XVI-EN ADIERAZPENEN AURREAN, PNV-REN JARRERA SALATZEN DU EHGAM-EK
  • EHGAM, 2009-09-30
Prentsa-ohar honen bidez EHGAM-ek (Euskal Herriko Gay-les Askapenerako Mugimendua) PNV-ek diputatuen kongresuan IU eta ICV-ren ekimenaren aurrean izandako jarrera salatu nahi du. Ekimen honen bitartez, IU eta ICV-k Benedicto XVI-k, Afrikara joan zenean, egin zituen preserbatiboaren erabilpenaren kontrako adierazpenak gaitzesten dute.

Talde honen diputatuak, Aitor Esteban-ek, eliza katolikoaren burukide gorenaren adierazpenen inguruan iritzi bera izan ez arren, ekimenaren kontra bozkatzea erabaki dute moralaren eremuan elizak zer pentsatu behar duen ez dela kongresuaren zeregina uste dutelako.

Hala ere, nabarmentzekoa da, alderdi honek ez dituela adierazpen berdinak egiten kontrako zentzuan; hau da, talde antolatu honek, eliza katolikoa, gizartea eta klase politikoa, komunikabideen bitartez zein politikoki presioa egiten dienean askapen sexualaren kontra, abortuaren eskubidearen kontra, eta azken finean pertsona bakoitzak bere gorputzarekin egokia uste duena egiteko aske izatearen kontrako iritzia ematen duenean.

Gogoratzekoa da alderdi honek duen erlijio-ibilbidea eta hautatutako karguak erlijioekitaldietara joan ohi direla; beraz, hona hemen galdera, eliza da herriaren bizitza politikoan eragin behar duena? Elizari dagokio sexu-osasunaren edo gorputzen askatasunaren eskubidearen inguruan legislatzeak?

Gainera, alderdi honek Benedicto XVI-k giza eskubideen aldeko erabateko alegatua egin zuela azpimarratzen du. GIBaren errealiataea hain gogorra den herrialde baten, preserbatiboaren kontra aritzea giza eskubideen alegatua egitea da PNVrentzat?

Ez dugu onartuko PNV-ren jarrera (zein CiU eta PP-rena ere, kontra ere bozkatu baitzuten), baita PSOE-rena ere, ez baitzuen bozkatu. Gogorazten diegu holako jarrerak ez direla kide onak askapen sexualaren alde borrokatzen dugun erakundeokin batera egin nahi duten ustezko ibilbide honetan.

PNV eta PSOE-eko jaunak, badakigu PP aurrean dugula, baina, zuek non zaudete? Lesbiana, gay eta transexualen kolektiboarekin batera edo baztertzen eta diskriminatzen gaituzten kolektiboekin?

Alderdi hauek EHGAM eta sexu-askapenaren aldeko beste erakundeekin bilerak egiteko eskakizunak egin dituztela jakinarazi behar dugu, PSOE-ren kasuan Eusko Jaurlaritzan burutu ere egin dira, baina ez dugu ulertzen bilerak egiteko eskakizunen zergatia erderaz esaten den moduan "a dios rogando y con el mazo dando" daudenean.

2009/09/25

> Berria: Hiesa > HIESAREN AURKAKO TXERTOA: ITXAROPENAREN ORRATZA

  • Hiesaren aurkako txertoa: Itxaropenaren orratza
  • Azken hogei urteetako porroten ondoren, hiesari aurre egiteko gai izan daitekeen txertoa egin dute. Eraginkortasun gutxi du, baina ikerketak zabaltzeko balioko du.
  • Berria, 2009-09-25 # Garikoitz Goikoetxea
Txikia handiaren akuilu. Hiesaren aurkako borroka luzean aurrerapauso txiki handia eman dute Thailandiako eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako ikertzaileek: hiesaz kutsatzeko arriskua %30 gutxitzen duen txertoa sortu dute. Zenbakiari begiratuta, ez da pauso handia -txertoek %70eko eraginkortasuna izaten dute gutxienez-; nolakoari begiratuta, ordea, handia egin dute. Azken hogei urteetan ez dute lortu hiesari aurre egiteko moduko txertorik egitea. Thailandian sortu dute orain, nahiz eta eraginkortasuna ez den behar bezain handia. Orratz txikiak itxaropen handia sortu du hiesari aurre egiteko bidean.

Etsipenaren soka luzea eteteko balioko du aurkikuntzak, ikerlarien arabera. Orain sei urte, ikerketak hasi zituztenean, kritika ugari jaso zituzten, dirua alferrik xahutzen ari zirelakoan. Ordura arteko ikerketa guztiak hutsean amaitu ziren. Ikerlariek beraiek ere aitortu dute ez zutela itxaropen handirik. «Nik neuk, besteek bezala, ez nuen uste aukera handirik zegoenik txertoa eraginkorra izateko. Baina aurrera jarraitu genuen, sortutako eztabaida albo batera utzita», esan du lan taldeko Anthony Faucik. Lanean jarraitu zuten, eta lortu dute.

Hiesaren aurka porrot egindako bi tratamendu nahastuta lortu dute ikertzaileek arrakasta. Konbinazio hori hartu dutenen artean, %31,2 gutxiago izan dira hies kasuak. Denera, 16.402 boluntariok hartu dute parte probetan. Zenbakia handia ez dela onartu arren, aurkikuntzaren garrantzia nabarmendu dute ikertzaileek: «Hogei urtean txertoaren probak porrot hutsa izan dira. Orain, badirudi, bide ilunean ate bat zabaldu dela», adierazi du Faucik. Nolanahi ere, ikerlarien arabera, goizegi da oraindik txertoa merkatura noiz helduko den zehazteko. Gutxienez %70-90 arteko eraginkortasuna behar du txerto batek salgai jarri ahal izateko.

Aurkikuntza egin bai, baina ikertzaileek ez dute argi zer-nola eragiten duen txertoak. Hartu dutenen artean gutxiago dira hiesaz kutsatutakoak, baina ikertzaileek ez dakite zergatik. «Horrek esan nahi du ezinbestekoa dela ikerketa gehiago egitea, nahiz eta orain arte jakin duguna oso itxaropentsua izan». Zuhur agertu da AEBetako armadako Nelson Michel koronela.

Thailandian egina, thailandiarrentzat
Aurkikuntzaren berri izan orduko hasi dira batean eta bestean hura goraipatzen. OME Osasunerako Mundu Erakundea eta NBE Nazio Batuen Erakundea baikor azaldu dira, aurkikuntzak bide eman dezakeelako hiesari aurre egiteko txertoa sortzeko. Euskal Herrian, Harri Beltza elkarteak pozik hartu du berria, aurrerapausoa delako. «Horrelako albisteak egarri askorekin jasotzen ditugu. Esan nahi du lanean ari direla eta jarduten dutela», adierazi du elkarteko kide Joseba Errekaldek. Alta, egiteko asko dagoela nabarmendu dute guztiek.

Lehenbizikoz, aztertu beharko dute txertoa erabilgarria den Thailandia ez beste herrialde batzuetan. Zepa ez da berbera herrialde denetan, eta txertoa Thailandiakoaren aurka soilik probatu dute. NBEk eta OMEk nabarmendu dute nahitaezkoa dela hori aztertzea eta beharra daukaten guztien eskura jartzea ondoren txertoa. «Hiesaren aurkako txerto eragingarria lortzen bada, ezinbestekoa da denentzat eskuragarri izatea», adierazi du NBEk. Errekaldek kezka agertu du beharra daukaten denengana ez ote den iritsiko, Afrikara, adibidez. «Mendebaldeko zepari soilik egingo diote aurre? Ordaintzeko modua duenari eskainiko diote?», galdetu du, kezkaz.

Aurkikuntza lehenbiziko urratsa baizik ez da, handia izanagatik ere. Horregatik, bat etorri dira erakundeak eta Harri Beltza elkartea, eta nabarmendu dute hiesari aurre egiteko erarik onena prebentzioa dela gaur-gaurkoz. «Prebentziorik onena sexu ziurra, erabilitako xiringak ez trukatzea eta gisa horretakoak dira», dio Errekaldek. Izatez, datuek diote guztiek ez dutela behar besteko babes neurririk hartzen sexu harremanak izateko. «Gizarteak barneratuta dauka sexu segurua egin behar duela, baina, batzuetan, ez da hala egiten. Mezuak badaude, baina kutsadurak mantentzen dira». Joera aldatu ezik, hiesaren aurka botikak noiz jaso jarraitzea da patua. Itxaropenaren datua etorri ezean, itxaropenaren benetako orratza noiz helduko zain.

  • Zerrenda beltza
  • Afrika buruan. NBEn datuen arabera, 33 milioi pertsonak dute hiesa munduan. Afrikan daude kutsatu gehien: kasu guztien bi heren. Egunean 7.500 pertsona hiltzen dira hiesak jota.
  • Euskal Herrian, gorakada. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %9 egin zuten gora kasuek iaz. Nafarroan 30 kasu atzematen dituzte urtean; Iparraldean 800 bat kasu daude.

2009/09/24

> Berria: Zinema > IAN MCKELLEN: "IZARRA? HITZ HORI ARROTZA ZAIT"

  • «Izarra? Hitz hori arrotza zait»
  • Aurtengo Donostia saria jaso du Ian McKellen aktore ingelesak; Gandalfen pertsonaiarekin egin da famatu. Bizitza osoa antzerkiari emana, bere lanbidearen aldeko aldarria egin zuen atzo
  • Berria, 2009-09-24 # Alberto Barandiaran . Donostia
Umil, interpretazioari guztiz emana, eta ikuslearekiko eta antzerkiarekiko -antzerki hitzaren adierarik zabalena hartuta- begirune handiz. Horrela agertu nahi izan zuen Ian McKellenek (Lancashire, Ingalaterra, 1939) Donostian atzo, izen bereko saria jasotzen zuen egunean. Bere burua mozorrotu eta, neurri batean, ezkutatu nahi izan duen gizaki gisa. Areto txiki batean entzuten diren txaloekin eta irriekin gozatzen duen aktore modura.

Bera bezalako jendea ezagutzeko, Londresko antzerkiaren munduan murgildu zen, eta telebistak eta zinemak berandu deskubritu zuten. Hollywoodeko farfail eta arrandiarekin oraindik harrituta bizi da. «Ni beste bat besterik ez naiz», esan zuen. «Izarra? Hitz hori oso arrotza zait. Zuzendaria pozik baldin badago nire lanarekin, ni pozik nago. Eta ikusleak pozik baldin badaude, ni ikaragarri pozik nago».

Horregatik beharbada ez zuen oso ondo ulertu Gandalf pertsonaia interpretatu izanak bere karreraren ibilbidea apur bat beheititzen ez ote zuen galdetu ziotenean; Shakespeare eta klasiko guztien lanak Londresko eta Broadwayko antzoki onenetan arrakasta handiz eta maisuki jokatu ondoren, ez ote zen nahikoa merezimendu Hollywoodeko ekoizpen erraldoi bateko pertsonaia interpretatzeko, Gandalfek zer gehiago eransten ote zion bere ibilbide bikainari. «Egin dudan gauza bakarra interpretatzea izan da, ahal bezain ondoen, eta aktore gisa haztea».

Eta Eraztunen Jauna-ren filmeko aztiaren papera, Ingalaterratik kanpo famatu egin duen interpretazioa, oso esker onekoa izan zaiola gaineratu zuen. «Gandalf zoragarria da, eta gizon zintzo, behar denean bakarrik oldarkor, onbera, atsegin eta ausartarekin lotzen banaute, orduan zorionekoa naiz».

«Bere belaunaldiko onena»
Zoriontsu agertu zen prentsaren aurrean, Kursaal aurrean argazki kamerendako ohiko saioa amaitu ondoren. Zoriontsu eta gazte itxuraz agertu zen, 2016ko kultur hiriburuaren Donostiaren hautagaitzaren aldeko elastiko beltzez jantzita. «Bere belaunaldiko antzerki, zinema eta telebistako interpretatzaile onenetakoa», horrela aurkeztu zuen Edurne Ormazabalek, baina aktoreak garbi utzi zuen berehala hasiera ez zela horren distiratsua izan.

Behin baino gehiagotan azaldu du, azaldu duenez, gaizki tratatua sentitu zela gazte garaian, «izaki arraro» gisa ikusi zuela bere burua behin eta berriro, homosexuala zelako. «Gizonek erakarrita sentitzen zen munduko gizonezko bakarra nintzela uste nuen». Eta antzerkian aurkitu zuela ihesbidea. «Banekien, entzuna nuen, antzerkian ni bezalako jende arraroa zebilela, eta haiekin elkartzera joan nintzen».

Hogeita bost urte zituela, Londresko West Endeko antzoki batean egin zuen lehen antzezpena, eta handik gutxira lanean hasi zen Royal Shakespeare konpainian. Handik, Broadwayra. Eta, askoz beranduago, telebistara. Eta, gero, zinemara. Ia 80ko hamarkada arte ez zuen zinema jarraikortasunez egin.

Arrakastaren sekretua zein zen galdetu zioten. Bere bizitza osoan kemen bakarra izan zuela erantzun zuen: «Aktore batzuek diren bezala agertzeko interpretatzen dute. Eta diren bezala maite ditugu. Nik, ordea, ez dut inoiz agertu nahi izan, ezkutatu baizik, gorde. Horregatik, beti maite izan dut pertsonaiez mozorrotzea».

Horregatik, umiltasuna berriro, izarraren ideiaren aurkako aldarria. «Egiten dugunerako, aktoreei arreta gehiegi jartzen diegu. Gehiegi loriatzen gaituzte, presentzia ere gehiegizkoa dugu». Baina aktorearen jardunaren errebindikazioa egin zuen nolanahi ere. Istorioak interpretatzea, kontatzea, transmititzea, «ohoragarria» dela esan zuen, «oso sakona». «Eta behar dugu. Beti behar izan dugu».

Homosexualen alde
Homosexualen eskubideen aldeko defendatzaile ezaguna da bere herrialdean, eta Margaret Thatcherren garaian, homosexual hitza ere debekatzeko Parlamentuan lege bat eztabaidatzen ari zirenean, publikoki aldarrikatu zuen bera joera sexuala. «Jendea zutik biziko den mundua nahi dut», esan zuen atzo, «jendea norbere buruarekin zintzoa izan dadin nahi dut».

Galdetu zioten zinemaren eta antzerkiaren arteko aldeaz. Eta gauza ederrak esan zituen: zinema antzoki txiki bat dela, publiko handiarekin. Eta interpretatzea oso misteriotsua dela oraindik. Bera saiatzen dela lehendabizi testua ondo ulertzen, pertsonaiari bere baitan hazten uzten. Baina ez duela inolako mezurik eman nahi, inoiz ez. Ezin dela pertsonaia epaitu. Pertsonaia antzeztu egin behar dela, besterik ez.

Maite dituela zerbait berria eskaintzen dizkioten pertsonaiak. «Oso gustukoa dut lehenago interpretatu ez dudan zerbait interpretatzea, zuzendari on batekin lan egitea, gustura ikusiko nukeen film batean parte hartzea, eta,batez ere, zalantza baldin badut rol hori jokatu ote dezakedan, orduan rol hori interpretatzea».

Bi izen aipatu zituen, erreferentziazko: Charles Laughton eta Laurence Olivier, eta gustura zer interpretatuko lukeen galdetu ziotenean, orduan umore printzak askatu zituen. Pentsatu zuen pixka bat, eta emakume bat intrepetatzea ikaragarri gustatuko litzaiokeela onartu zuen.

«Egin izan dut, baina txantxa moduan, komedia gisa. Baina benetan pena da gizonezkoek emakumeen rolak ezin interpretatzea; pentsa, ia erdia! Cleopatrarako beharbada beranduegi da (barre algarak), baina norbaiten ama edo amonarena egin dezaket. Beharbada, Meryl Streepekin! Bikoteka: berak gizonezko baten papera joka lezake, eta nik, berriz, emakumezkoarena. Proposatuko diot».

Josep Maria Pouk eman dio Donostia saria Ian McKelleni
Josep Maria Pou aktore katalan eta Ian McKellenen lagunak eman zion Zinemaldiaren Donostia saria aktore ingelesari, atzo gauean, Kursaaleko auditoriumean, Yo, también filmaren emanaldiaren aurretik. Txapela jantzita agertu zen McKellen agertokian, ikurra jasotzera, eta txalo zaparrada luzea jaso zen. Aktoreei gehiegizko garrantzia ematen zaiela adierazi zuen, eta lehiaketetan ematen diren sariak ez dituela maite aitortu zuen. Baina Donostia saria «50 urteko ibilbidearen aitortza» delako harro azaldu zen. «Zin dagizuet itzuliko naizela».

> Berria: Trans > TRANSEXUALEN LEGEA IDAZTEN ARI DELA AZALDU DU JAURLARITZAK

  • Transexualen Legea idazten ari dela azaldu du Jaurlaritzak
  • Transexualidad Euskadi elkarteko presidenteak barauarekin segitzen du, ez baitiote oraindik «ebakuntza bermatu»
  • Berria, 2009-09-24 # Mikel Peruarena
«Transexualen gizarte eta osasun eskubideak bermatzeko», lege berria idazteko prozesua abiatu duela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Gay, lesbiana, bisexual eta transexualen eskubideen aldeko taldeekin bildu zen, herenegun, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako Saila, eta atzo eman zuen lege egitasmoaren berri. Zirriborroa osatu du Jaurlaritzak, eta orain «interesa duten talde guztien» ekarpenei ireki die.

Osakidetzak bularretako ebakuntzak eta genitaletakoak egiten dizkie, egun, transexualei. Hortik aurrerako ebakuntzak egiteko, kanpora jo behar dute. Gizarte Gaietarako sailburu Gemma Zabaletak ekainean azaldu zuen transexualei arreta «integrala eta normalizatua» ematen ahaleginduko zela Jaurlaritza, eta sexuz aldatzeko ebakuntzak lehentasun izango zirela.

Lege egitasmoak Jaurlaritzako zenbait sail hartzen ditu aintzat, eta hainbat proposamen egiten ditu osasunari, hezkuntzari, enpleguari eta gizarte zerbitzuei buruz. Transexualitateari patologia izaera kentzea, erregistro zibileko arazoak konpontzea eta osasun zerbitzua hobetzea proposatzen ditu testuak, besteak beste. Informazio emate eta «sentikortze» planak ere proposatzen ditu. Eusko Alkartasunak ez legezko proposamena aurkeztu zuen atzo; sexuz aldatzeko ebakuntzak «guztiz bere gain» hartzeko eskatu dio Jaurlaritzari.

Andrea Muñiz Transexualidad Euskadi elkarteko presidentea barau erdia egiten hasi eta hurrengo egunean zabaldu da lege egitasmoaren berria. Eusko Jaurlaritzak ez dio Muñizi erantzun, artean. Gizarte Gaietarako Saileko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, baina, Jaurlaritzak «konpromisoa du transexualentzako programa terapeutikoa martxan jartzeko». Gurutzetako erietxean (Barakaldo, Bizkaia) zenbait lan egiten hasi direla eta «profesionalak trebatzen jarraitzeko» asmoa dutela azaldu dute iturriok, «transexualek operatzeko beste erkidego batzuetara joan beharrik izan ez dezaten».

Barauan jarraitzen du
Andrea Muñizek astelehen gauean hasi zuen barau erdiari eusten dio. Hargatik, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari esku hartzeko eskatu dio Espainiako Transexualitate Klinikoko Elkarteak. Muñiz bularrak handitzeko ebakuntzaren zain dago, baina denbora agortzen ari zaiola salatu du. Jaurlaritzak «adarra jo» diola eta ez dutela operatuko uste du Muñizek, itxaron zerrendan ez baita azaltzen. Astebeteko epea eman dio Patxi Lopezi idatziz ziurta diezaion ebakuntzak egingo dizkiotela 2010eko maiatzerako.

2009/09/23

> Komunikatua: EHGAM > ANDREA MUÑIZEKIKO ELKARTASUNA

  • ANDREA MUÑIZEKIKO ELKARTASUNA
  • EHGAM, 2009-09-23
Ohar honen bitartez EHGAMek (Euskal Herriko Gay-les-trans Askapenerako Mugimenduak) bere babesa eta elkartasun osoa adierazten du Andrea Muñiz Transexualidad-Euskadi taldeko lehendakariak aurrera daraman borrokarekin.

Halaber Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu nahi dugu, historikoki mantendu duena eta baita gaur egungo Jaurlaritzarena ere. Are gehiago gaur egungoa, kontuan izanik aurreko ekainetik bilerak izaten ari gerala, eta, besteak beste, transexualen aldarrikapenak lantzen ari garela.

Transexualen egoera hobetzeko hainbat eta hainbat hitzemateen ondoren, bazirudien Patxi Lopez buru duen Gobernuak, Gizarte Gaietako Gemma Zabaleta eta Osasun Saileko Rafael Bengoarekin batera, serio hartu zuela kontua. Bazirudien Gobernuak serio hartu zuela Gurutzetako Ospitalean dagoen genero-berresleipenerako Unitatea, eta transexualek Euskal Herrian ebakuntza egin ahal izango zutela. Baina engainatuak izan dira, benetan ez dauden itxaron-zerrenden bidez engainatu dituzte eta ez daukate ebakuntza egiteko inolako bermerik, ez eta bular ebakuntza bera egiteko ere.

Hau guztia, Gizarte Gaietako Sailburuak pertsona transexualekin konpromisoak hartuko dituela ozenki esaten duen bitartean. Baina gobernuan bat edo bestea egon, fartsa berak bere horretan dirau.

Alarma guztiak piztu dira: Andrearen jarrera ez da kapritxoa, ez da arreta dei soila, borrroka luzeen ondorioa baizik eta gobernu desberdinen konpromiso politikoak hutsean geratu izanaren ondorio. Bada garaia pertsona transexualek mediku, sikiatra eta politikoen aldetik jasaten duten egoera lazgarri honi bukaera emateko.

PASALO EITBko programaren jarrera ere salatu nahi dugu, non solaskideetako batek transexualen aldarrikapenak erridikulizatu zituen, mahaiko gainerakoek telebista publiko batean emandako jarrera transfobo horri aurre egin gabe. Telebista publiko batek begirune haundiena erakutsi beharko luke talde honekin, are gehiago azken albisteak agerian jartzen duen egoera lazgarria dela eta.

Transexualen kolektiboa sexu askatasunaren aldeko borrokan eredugarria izan da, asko ikasi dugu beraiekin eta erreferente izan dira askotan, gure sexualitatea, gure gorputzak, gure generoa kuestionatzen laguntzeko orduan. Horregatik aukera aprobetxatu hahi dugu Andreari eta bide batez, transexualen kolektibo guztiari elkartasuna adierazteko.

Bukatzeko, argi gera bedi Andrearen eta trans pertsona guztien borroka, EHGAMen borroka ere badela, eta gure borroka eta ahalegin guztia jarriko dugula Andreak eskatzen duena lor dezagun eta instituzioek kolektibo honi iseka gehiago ez egiteko. Horregatik Gobernu honetako kideei Andrearen aldarrikapenak onar ditzaten eskatzen diegu, abian jarri ditzaten epe motzenean eta transexualen kolektibo osoari eskeini.

GORA TRANSEXUALEN BORROKA!

> Berria: Trans > HILDA NAHIAGO

  • Hilda nahiago
  • Sexuz aldatzeko ebakuntzaren zain dago Andrea Muñiz, baina itxaron zerrendan ez dela agertzen eta, promesak entzuteaz nardatua, gose grebari ekin dio; ebakuntzak bermatzeko eskatzen du.
  • Berria, 2009-09-23 # Mikel Peruarena
Ez badute egiten nik nahi dudana, astebete barru hilotz bat edukiko dute. Oso argi daukat». Bi bider eman zuen abisua Andrea Muñizek, baraua hasiko zuela sexuz aldatzeko operatzen ez bazuten. Otsailean Arartekoarengana jo zuen, eta hark itxaroteko esan zion, instituzioetara jo eta konpon zitekeela. Apirilean berriz kexatu zen Muñiz. Hirugarrengoan barauari ekin dio. Astelehen gauean hasi zen. Behazunik ez du Muñizek; jan ezean 50 orduan hilko litzatekeela adierazi du. Hargatik, barau erdia egiten ari da: bazkaldu baino ez du egiten. Hala ere, medikuak ziurtatu dio zazpi edo hamar egunean koma atzeraezinean sartuko dela. Hilik nahiago du, hala ere, ulertzen ez duen gorputzari lotuta baino. Eusko Jaurlaritza «adarra jotzen» ari zaiola iritzi dio, eta eskaera zehatza egin du: Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren berme idatzia nahi du, 2010eko maiatzerako Euskal Autonomia Erkidegoko erietxe batean sexuz aldatzeko ebakuntzak egingo dizkiotela bermatzeko.

Pazientzia agortu zaio Muñizi. Bularrak handitzeko ebakuntza egitekoa zen, eta uztailean ebakuntza aurreko probak egin zizkioten -urtarrilean balioa galduko dute proba horiek-. Kirurgia zerbitzura deitu zuen Muñizek. Hormonak hartzen baititu, ebakuntza egin baino astebete lehenago haiek hartzeari utzi behar lioke. Ebakuntzaren berririk ba ote zen galdetu, eta erantzun zioten 48 ordu lehenago jakinarazten dutela operazioak noiz egingo diren. Bestalde, azaldu zioten ez zegoela itxaron zerrendan. Eta orduan lehertu zen Muñiz: «Ez banaiz zerrendan agertzen, horrek esan nahi du ez dagoela bularrak handitzeko operaziorik. Eta hori ez bada existitzen, barre egiten dut genitaletako operazioaz!». Argigarriena, ordea, egoera berean dagoen beste pertsona bat topatzea izan da: «Esan zidaten lehenengoa nintzela, baina pertsona batekin hizketan hasi, eta konturatu gara hari ere gauza berak esan dizkiotela. Orduan ohartu naiz hau burla bat izan dela».

Hogei urte operatzeko itxaroten
Nerabe zenetik bere gorputzean arrotz sentitu da Muñiz: «Hamabost-hamasei urte nituenetik badakit zer naizen. Urte mordoa daramat mediku, endokrino eta psikiatrekin hitz egiten». Transexualidad Euskadi elkarteko presidente ere bada, baina erakundea sortu aurretik ere asko ikusitakoa da. «Donostian, jendeak ez zekien transexual bat zer zen ere» Muñiz kalean haien gisara ibiltzen hasi zenean. Malagan (Espainia) duela hamar bat urte hasi ziren sexuz aldatzeko ebakuntzak egiten. Saiatu zen, garai hartan, Osakidetzak Malagara bidera zezan: «Baina Osakidetzak ukatu egin zidan orduan». Ez zen posible jendea zerbitzu hartara bideratzea. «Frantzian ere egon nintzen bizitzen, eta ahalegina egin nuen, Frantziako Gizarte Segurantzak ebakuntza bere gain har zezan». Baina ordurako zerbitzu hori utzia zuen erakunde publikoak. «Urte asko daramatzat honetan, eta nazka-nazka eginda nago», aitortu du Muñizek.

Ekainean itxaropena piztu zen. Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako Sailarekin bildu ziren gayen, lesbianen, bisexualen eta transexualen elkarteak. Gizarte Gaietarako sailburu Gemma Zabaletak agindu zuen transexualentzako sexuz aldatzeko ebakuntzak abiatzea «lehentasuna» izango zela eta Osakidetzak bere gain hartzea nahi zuela. Entzunak entzun, Muñizi ez zaio sinesmen handirik gelditzen. 2008ko irailean Eusko Jaurlaritzak onartu zuen Gurutzetako erietxean (Barakaldo, Bizkaia) genero unitatea sortzea. Zerbitzuak leku bakarrean biltzea zen asmoa, eskuragarriago jartzeko. Hara joaten da, Donostiatik, Muñiz. Ez diote autobuseko txartela ordaintzen. Eta genero unitatea ez da existitzen. «Urtebete joan da onartu zenetik», gogorarazi du. Gurutzetara doan bakoitzean maparekin ibili behar duela dio, zerbitzuak sakabanatuta eta «gordeta bezala» daudela: «Galdetu, eta esaten dizute: 'Hori existitzen da?'».

Abenduan 40 urte egingo dituela eta sexuz aldatzeko operazioak egiteko adin zailera heltzen ari dela ohartarazi du Muñizek: «Ez dira konturatzen denbora agortzen ari zaidala». Atzo arratsean bilera egin zuten Gizarte Gaietarako sailburuorde Fernando Fantovasek eta gay, lesbiana, bisexual eta transexualen hainbat elkartek. Telefonoz hitz egin zuen Muñizek Fantovasekin. Sailburuordeak lasaitzeko eskatu dio Muñizi, eta azaldu gaur presazko bilera egingo duela Osasun sailburuordearekin. Transexualentzat erietxeetan egin diren aurrerapenen berri emateko antolatu zuen bilera Sailburuordetzak. Hitzekin aspertua dago, baina, Muñiz: «Aurrerapenak? Ez dut aurrerapenik nahi, konponbideak nahi ditut».
  • Nortasun agiria
  • Andrea Muñiz Celestino. 1969an jaioa, 40 urte beteko ditu abenduan.
  • Garaiera. 1,80 metro.
  • Pisua. 64 kilo.
  • Gose greba. Ebakuntza egingo diotela bermatzeko, barau erdia hasi zuen astelehen gauean. Bazkaldu bakarrik egingo du.
  • Ebakuntza. Bularrak handitzeko ebakuntzaren zain dago; operazio aurreko probak egin zizkioten uztailean, baina esan diote ez dagoela itxaron zerrendan.

2009/09/13

> Berria: Ekitaldiak > SENTITZEN DUDANAZ

  • Sentitzen dudanaz
  • 'Maribollotrans' kanpaldia egiten ari dira ostiraletik gaur arte Azkoitian. Sexualitatea natural bizitzearen garrantzia nabarmendu eta gay, lesbiana eta transexualen eskubideak aldarrikatzen ari dira.
  • Berria, 2009-09-13 # Ainara Arratibel . Azkoitia
Ander Gisasola zumarragarrak ez du arazorik izan ingurukoei mutilak gustuko dituela esateko. «Egia da badela oso gaizki pasatzen duen jendea, baina ez da hori izan nire kasua». Gakoa, natural jokatzea: «Beti jokatu izan dut natural nire sexualitatearen inguruko gauzak azaltzeko orduan, eta nik uste dut hortxe dagoela gakoetako bat ingurukoek ere natural hartzeko. Horixe da ingurukoei gay, lesbiana edo transexualak direla aitortzea beldur ematen dieteni gomendatuko niekeena». EHGAM Euskal Herriko Gay Askapenerako MugimenduaMaribollotrans kanpaldia egiten ari da Azkoitiko Kukuherri aterpetxean (Gipuzkoa), eta han dago Gisasola, beste ehun lagunekin batera. Ekimen horren bidez, ezberdin bizi, sentitu eta maitatzeko moduak daudela aldarrikatu eta gizarteak horiek errespetatzearen garrantziaz ohartarazi nahi du EHGAMek.

Hemezortzigarren aldia da EHGAMek kanpaldia antolatzen duela. Dena den, aurrenekoz egin dute Azkoitian. Aurreko urteetan Oiartzungo Arritxulo aterpean (Gipuzkoa) bildu dira. Hausnartzeko ez ezik, ondo pasatzeko eta elkar ezagutzeko aukera ere eskaintzen du kanpaldiak. Hala, hiru eguneko egitarau betea osatzen ari dira aurten ere: mendi martxa, yoga saioa, eros masaje saioa, ibilaldi botanikoa, maribollotrans literatur tailerra, bio dantza ikastaroa, tupper sex saioa...

Errespetu eta naturaltasun hori lortzeko giltzetako bat hezkuntzan dagoela uste du Gisasolak. «Oso garrantzitsua da eskoletan izan daitezkeen edozein motatako jarrera homofoboak eta baztertzaileak amaitzea, baina hori bezain garrantzitsua da horiek ez gertatzeko neurriak hartzea. Denak diferenteak gara, eta elkar errespetatzen ikasi behar dugu, hori natural bizitzen».

Sexualitateari behar baino garrantzi handiagoa ematen diote askok, Gisasolaren ustez: «Zer inporta zait niri alboan dudana norekin oheratzen den, edo zer duen hankartean edo bularrean?». Kanpaldia naturaltasun horren isla izatea nahi dute: «Badira uste dutenak gay, lesbiana eta transexualentzat dela bakarrik. Baina ez da horrela. Edonork parte har dezake».

Bide horretan, ghettoetatik ihes egitearen beharra ere ikusten du Gisasolak. «Kasu batzuetan gay, lesbiana eta transexualak izan gara halakoak sortu ditugunak: gay giroko tabernak, adibidez. Halakoekin lortu nahi den naturaltasun hori oztopatzen da neurri batean». Euskal Herriaren kasuan, leku horiek «oso espainolduta» daudela ohartarazi du Gisasolak. «Hori aldatzeko, jabetze eskolak antolatu ditugu. Horien helburua da euskaraz aritzeko orduan segurtasuna lortzea, ondoren hitz egin ahal izateko».

Elizaren «jarrera homofoboen» aurka
Gay, lesbiana eta transexualen eskubideak aldarrikatzea ere badu helburu, sorreratik, kanpaldiak. EGHAMek beti salatu izan du Elizak gay, lesbiana eta transexualekiko dituen «jarrera homofoboak». Gaur ere hala egingo dute, 13:00etan Azpeitiko Loiolako basilikan (Gipuzkoa) egingo duten elkarretaratzean. «Gogorarazi behar da gay, transexual eta lesbianen artean badirela sinestunak. Dena den, ez dugu soilik errespetua eskatuko guretzat, baizik eta gizarte osoarentzat. Izan ere, adibidez, antisorgailuen aurkako jarrerekin gizarte guztiaren aurka ari dira».

Elizak sexualitatea ulertzeko duen moduarekin lotzen ditu Gisasolak jokabide horiek. «Elizarentzat sexu harremanen helburua haurrak izatea da. Guretzat, berriz, plazera sentitzeko, maitatzeko eta sentimenduak adierazteko modua dira, besteen artean, sexu harremanak».
  • Datuak
  • Zer: 'Maribollotrans' kanpaldia.
  • Non: Azkoitiko Kukuherri aterpetxean (Gipuzkoa).
  • Aldia: 18. aldia du aurten kanpaldiak.
  • Parte-hartzaileak: ehun lagun inguru.
  • Jarduera nagusiak: Mendi martxa, yoga saioa, eros masaje saioa, ibilaldi botanikoa, 'maribollotrans' literatur tailerra, biodantza ikastaroa, 'tupper sex' saioa...