Showing posts with label Laguntza zerbitzuak. Show all posts
Showing posts with label Laguntza zerbitzuak. Show all posts

2009/01/21

> Berria: Indarkeria > IKUSGAI EGIN NAHI DUTE SEXU BEREKO BIKOTEEN INDARKERIA

  • Ikusgai egin nahi dute sexu bereko bikoteen indarkeria
  • Gay eta lesbiana bikote barruko indarkeriari aurre egiteko kanpaina abiatu dute Aldartek eta Bizkaiko Diputazioak
  • Berria, 2009-01-21 # Maite Asensio • Bilbo
Sexu bereko pertsonez osatutako bikoteen barruan ere badago tratu txarrik. Baina gizartean gay eta lesbianen harremanak gutxi ikusten direnez gero, guztiz ikusezina da bikote horietan gertatzen den indarkeria. Errealitate horren berri emateko, Ikusi, balioetsi, ekin kanpaina abiatu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Aldarte Gay, Lesbiana eta Transexualen Arretarako Zentroak. Halaber, arazoari buruz eztabaidatzeko gunea eta horri aurre egiteko lege aholkularitza eskainiko die Aldartek gay eta lesbianei.

Zaila da sexu bereko bikoteen barruko indarkeria antzematea, baita bikotea osatzen dutenentzat ere. Iaz, hogei kasuren berri izan zuen Aldartek, Bizkaian. «Ez zuten zuzenean esaten tratu txarrak jasaten zituztela; haiekin hitz egitean konturatu ginen», dio Inmaculada Mujika Aldarteko zuzendariak. Izan ere, «mito asko» dago gay eta lesbiana bikoteen inguruan: «Idealizatuta daude. Jendeak uste du hor ezin dela indarkeriarik egon, harremanotan berdintasun handia dagoelakoan». Gainera, tratu txarrak salatzea zaila zaie gay eta lesbianei, joera sexuala isilpean dutenei batik bat.

Sexu berekoen arteko indarkeria aztertzean, genero indarkerian agertzen diren jarrerak «estrapolatzen» direla azaldu du Mujikak: «Gay eta lesbianen harremanetan ere badaude bikotekidea kontrolatzeko joera, jeloskortasuna edota mendekotasuna». Hartara, Mujikak uste du sexismoak eta genero rolek eragina dutela sexu berekoen harremanetan agertzen den indarkerian, «maitasun erromantikoaren ideian, adibidez».

2009/01/20

> Berria: Indarkeria > HARREMAN YHOMOSEXUALETAN TRATU TXARRAK SAIHESTEKO KANPAINA BAT ABIARAZI DUTE BIZKAIAN

  • Harreman homosexualetan tratu txarrak saihesteko kanpaina bat abiarazi dute Bizkaian
  • EITB, 2009-01-20
Sexu berekoen arteko biolentzia ikusaraztea, gizarteari gogoeta eginaraztea eta tratu txarren kontra egiteko baliabide erabilgarriak eskaintzea ditu helburu kanpainak.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Gai eta Lesbianentzako Arreta Zentroarekin elkarlanean, "harreman homosexualetan izaten den biolentziaren aurka egiteko" informazio-kanpaina bat jarri du martxan.

Kanpainak "Ikusi, ebaluatu, jardun" goiburua du eta sexu berekoen arteko biolentzia ikusaraztea, gizarteari gogoeta eginaraztea eta tratu txarren kontra egiteko baliabide erabilgarriak eskaintzea ditu helburu.

Aipatutako baliabideak, besteak beste, tratu txarrak antzemateko test bat, erakunde eta elkarteetan banatuko duten kartel bat eta webgune baten sorrera dira.

2008/02/06

> Berria: Laguntza > GAY, LESBIANA ETA TRANSEXUALENTZAKO ARRETA ZERBITZUAREN ALDE AGERTU DA NAFARROAKO PARLAMENTUA

  • Gay eta lesbianentzako arreta zerbitzuaren alde agertu da Nafarroako Parlamentua
  • Berria, 2008-02-06 # Erredakzioa · Iruñea

Gay, lesbiana eta transexualentzat arreta zerbitzua eratzeko mozioa aurrera atera zen atzo Nafarroako Parlamentuko Gizarte Gaietarako Batzordean. Horren arabera, Legebiltzarrak Nafarroako Gobernuari eskatuko dio gay, lesbiana eta transexualentzako arreta, informazio eta aholkularitza zerbitzu bat eratu dezala. Mozioan ez da zehazten zein sistemaren arabera emango den arreta hori, ez eta zein hierarkia mota izango duen.


Talde guztien babesa jaso zuen Nafarroa Baik aurkeztutako mozioak. Alderdiko legebiltzarkide Paula Kasaresek azaldu zuenez, egun gizarte ekimenak bermatzen du homosexual eta transexualek halako zerbitzuak izatea. Ordea, zerbitzu hori bermatzea Gobernuari dagokiola esan zuen.

> Berria: Laguntza > TRANSEXUAL ETA HOMOSEXUALENTZAKO ARRETA ZERBITZUA ERATZEA ADOSTU DA NAFARROAN

  • Homosexualentzako arreta zerbitzua eratzea adostu da Nafarroan
  • Nafarroako Parlamentuko gizarte gaietako batzordeak, Kattalingorri elkarteko ordezkariekin bilera egin ostean, homosexualentzako eta transexualentzako arreta, informazio eta aholkularitza zerbitzua «bermatzea» onartu zuen atzo. Hala ere, adostutako mozio horretan ez zuten argi azaldu zerbitzua zein sistemaren bidez eratuko den, ezta ere zein mailako independentzia juridikoa izango duen. Proposamena Nafarroa Bai taldeak aurkeztu zuen.
  • Gara, 2008-02-06

Aurrerantzean, Nafarroan homosexualek eta transexualek aukera izanen dute arreta, informazio eta aholkularitza zerbitzu publiko batera jotzeko. Hori da behintzat Nafarroako Parlamentuko gizarte gaietako batzordeak atzo aho batez onartu zuena. Era horretan, batzordeak zerbitzu publiko hori eskaintzea bermatzeko eskaera egin du, eta azken orduko aldaketarik gertatzen ez bada, osoko bilkuran onartu egingo da. Dena dela, adostutako testuan ez da argi adierazten zerbitzu hori zein sistemaren bidez ezarriko den, ezta ere zein mailako independentzia juridikoa izango duen.


Erabakia hartu baino lehen Ganberako taldeak Kattalingorri gay, lesbianen, bisexualen eta transexualen erakundeko eledunekin bildu ziren. Hain zuzen ere, NaBai izan zen bilera eskatu eta mozioa aurkeztu zuen taldea.


Komunikabideei igorritako adierazpen batean, koalizioak gogorarazi zuen joan den urtarrilean Iruñeko Donibane auzoan gertatutako eraso homofoboa, eta gisa horretako gertaeren aurrean beharrezkotzat jo zuten «neurri zehatzak proposatzea». Era berean, oroitarazi zuen Estatu espainoleko beste autonomia erkidegoetan homosexualei eta transexualei zerbitzu publikoa eskaintzen zaiela edo, behintzat, zerbitzu mota horrek laguntza publikoak jasotzen dituela, eta Nafarroan ere halako formulak aplikatzea beharrezkoa dela nabarmendu nahi izan zuen.


Zentzu horretan, NaBai-ko parlamentari Paula Kasaresek gogorarazi nahi izan zuen urte gutxi igaro direla «homosexualitatea buruko gaitzen zerrendatik» ezabatu zenetik, eta oroitarazi zuen oraindik orain abian jarri ohi dela «erabateko bizitza zailtzen duen diskurtso patologizatzaile hori». Horregatik, bere aburuz, «taldearen premiak» kontuan hartuz, beharrezkoa izango da Nafarroako Gobernuak homosexualentzako eta transexualentzako zerbitzu hori lehenbailehen bermatzea.


Era berean, PSNko parlamentari Javier Mozonek nabarmendu zuen zerbitzuaren helburua «jendarteko arazo bati erantzun egokia» ematea dela. Jakinarazi zuen, halaber, Kattalingorriko teknikariak adierazi zietela kasu honetan komenigarria zela kudeaketa hitzartua izatea.


UPNko Conchi Mateok, beste aldetik, argi utzi nahi izan zuen bere taldeak ez dakiela zehazki zein diren gayen, lesbianen, bisexualen eta transexualen alde egiten duen erakunde horren eskaerak, baina hala eta guztiz ere, «lankidetzarako borondatea» daukatela jakinarazi zuen.


IUNk Kattalingorrin bolondres bezala lan egiten duten pertsonak «profesionalizatzea» eskatu zuen.

2007/11/06

> Berria: Zerbitzuak > GAY, LESBIANA, BISEXUAL ETA TRANSEXUALEN ERDIEK FAMILIAREN ARBUIOA PAIRATZEN DUTE

  • Gay, lesbiana, bisexual eta transexualen erdiek familiaren arbuioa pairatzen dute
  • «Berdintasun erreala» lortu nahi du Berdinduk, gay, lesbiana, transexual eta bisexualentzako zerbitzuak
  • Berria, 2007-11-06 # Maite Asensio · Bilbo

Nerabe gay, lesbiana, bisexual eta transexualen erdiek familiaren arbuioa pairatzen dute, Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren hitzetan. Duela bost urtetik, Berdindu Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transexualen Arretarako Euskal Zerbitzua martxan jarri zenetik, pertsona horiek «berdintasun legala» lortu dute; ez, ordea, «berdintasun erreala». Hori da, hain zuzen, Berdinduren oraingo erronka: guztizko berdintasuna lortzea, gizartean eta lan eremuan batez ere.


Oraindik ere gay, lesbiana, bisexual eta transexualen aurkako diskriminazioa badagoela nabarmendu zuen Madrazok atzoko agerraldian. Bazterketa hori jasaten duten taldeen artean, nerabeak azpimarratu zituen sailburuak: «Arreta berezia eman behar zaie, nerabezaroak berez dakartzan arazoez gain euren joera sexualagatik ere presio sozial handia jasaten dutelako. Familien arbuioa eta eraso fisiko zein ahozkoak jasaten dituzte, eta hortik datoz bullying kasu asko».


Emakumeek ere «diskriminazio bikoitza» pairatzen dute, «emakume eta lesbiana diren aldetik». Halaber, adinduek euren sexualitatea garatzeko dituzten arazoak aipatu zituen sailburuak, baita landa guneetan zein lan eremuan gertatzen den diskriminazioa ere. Berdinduk arlo horietan jarriko du arreta datozen urteetako jardunean.


HAINBAT BEHARRIZANEN ERANTZUN.
2003ko azaroan abiatu zen Berdindu, gay, lesbiana, bisexual eta transexualei informazioa, laguntza eta aholkularitza emateko asmoz. Lehenbiziko bost urteetan, 3.985 kontsulta jaso ditu, baina galdegileen inguruko ia 10.000 pertsonak erabili dituzte zerbitzuok. Kontsulten erdiak informazioa eskatzeko egin dira, baina bestelako beharrizanei ere erantzun die Berdinduk: joera sexuala bere egiteko eta ingurukoei komunikatzeko laguntza emozionala eman, eraso homofoboen aurkako aholkularitza juridikoa eman, antzeko arazoak dituztenekin biltzeko sozializazio eskaerak egin...


Halaber, 2005etik, Hego Euskal Herriko gay eta lesbianei ezkontzeko eta haurrak adoptatzeko eskubidea onartu zitzaienetik, nazioarteko adopzio baten eta hamar koadopzio prozesuren (bikotekide batek bestearen semea edo alaba adoptatzea) izapideetan parte hartu du Berdinduk. Bestalde, bederatzi transexuali nortasun agiriko izena eta sexua aldatzen lagundu die zerbitzuak.