Showing posts with label Jose Ignacio Munilla. Show all posts
Showing posts with label Jose Ignacio Munilla. Show all posts

2009/11/24

> Berria: Eliza > MUNILLAK DIO "HUMIL" ETORRIKO DELA ETA "EROSO" EGIN NAHI DUELA LAN

  • Munillak dio "umil" etorriko dela eta "eroso" egin nahi duela lan
  • Donostiako gotzain berriak adierazi du Zumarragako apaiz laguntzaile garaian bezala aritu nahi duela. Urtarrilaren 9an hartuko du kargua. Elkarrizketa eman dio Euskadi Irratiari.
  • Berria, 2009-11-24
Jose Ignacio Munillak (Donostia, 1961) adierazi du "umil" etorriko dela Donostiako gotzain kargura, eta bere helburua "eroso" lan egitea dela. "Zumarragan apaiz laguntzaile egon nintzenean [1986an izendatu zuten], oso eroso egon nintzen lanean, familia ona osatu genuen", eta Donostian ere horrelaxe egon nahi duela esan du gaur Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan -hori izan da eman duen lehen elkarrizketa-. Horretarako denerako, "guztien laguntza" beharko duela berretsi du. "Denok gara beharrezkoak".

Donostiako gotzain berriak -urtarrilaren 9an hartuko du kargua, Artzain Onean, eta jakinarazi du Espainiako Estatuko gotzain asko izango direla ekitaldian. Nahiz eta Euskal Herrian polemika sortu duen haren izendapenak, joera kontserbadoreegia eta espainolista duelakoan, Munillak esan du Euskal Herritik zorion dei ugari jaso duela -Palentzian (Espainia) dago gotzain 2006tik- eta denei ezin erantzunda dabilela.

'Kontserbadorea', 'ezkerrekoa' eta halako "hitzetan" ez duela "sinesten" adierazi du, eta berak Ebanjelioa segituko duela Donostiako gotzain gisa ere. Antonio Maria Rouco Varela eta Antonio Cañizares espainiar kardinalen babesa al duen galdetzean, Espainiako Estatuko gotzainen artean "batasun handia" dagoela azaldu du.

> Berria: Eliza > MUNILLAREN IZENDATZEAN GARDENTASUNA ETA EGIA FALTA IZAN DIRELA SALATU DUTE

  • Munillaren izendatzean gardentasuna eta egia falta izan direla salatu dute
  • Gipuzkoak beste era bateko gotzaina behar duela uste dute, eta Interneten sinadurak biltzen hasi dira
  • Berria, 2009-11-24 # Ainara Arratibel . Donostia
Argitara emandako gogoeta baten bidez, eliztar talde batek gogor salatu du Juan Ignacio Munilla Donostiako gotzain berriaren izendapena. Horretarako jarraitu den prozesuari «egia eta gardentasuna» falta izan zaizkiola iritzi diote. «Era mingarrian gutxietsita, engainatuta eta adingabea balitz bezala tratatua sentitzen dugu geure burua». Munilla «elizbarrutiko pastoral bideei ageriko gogo txarra erautsi dien pertsona» dela uste dute, eta beste era bateko gotzaina behar duela Gipuzkoak. Hala, gotzain berriaren izendapena «erantzukizunez» onartzeko eskatu diete gainerako eliztarrei. «Orain arte bezala, senidetasunezko jarrera kritiko eta eraikitzailea izateko eskatzen diegu, kristau elkartearekiko duten lotura afektibo eta eraginkorretik aldendu gabe». Gogoetarekin bat egin nahi dutenek gaurtik aurrera izango dute horretarako aukera www.donostiakogotzainberria.org webgunean.

Bestalde, gogorarazi dute Benedikto XVI.a aita santua dela Munillaren izendapenaren erantzulea, Elizaren elkartasunaren eta batasunaren erantzule baita. Baina izendapena «estrategikoki eta aurrez» diseinatu den susmoa dute gogoeta plazaratu eta babestu duten eliztarrek. «Bereizketa hobea egiteko datuak bildu, jaso eta baloratzeko orduan gure elizbarrutiko elkarte heldu eta konprometitua kontuan hartu gabe egin dute prozesu hori». Horren harira, San Leon Handia aita santuaren esaldi bat ekarri dute gogora: «Denen buru ipini behar duenak denek aukeratua behar du izan». Hori hala ez izateak «samina eta haserre sakona» eragin die. «Era ebanjelikoago batean jokatu izan balitz, une hau 'graziazkoa' izan zitekeen kristau taldearentzat».

Sinatzaileak kezkatuta agertu dira gizarteak dituen arazoengatik, baita Elizak gazteen artean ebanjelioa adierazteko nahiz bokazio bideak sustatzeko dituen arazoengatik ere. Hori ikusirik, nabarmendu dute Eliza Ebanjelioaren Zerbitzura dokumentuan Gipuzkoako Eliza gizarteak dituen kezkei erantzuten saiatu zela, baita «ilusioa eta dinamismoa» jasotzen dituen ebanjelizazio molde bat adierazten ere. Besteen artean, Elizaren erantzukizunetan emakumearen itzala areagotzeko egindako hausnarketa, eta pastoralgintza sozio karitatezkoa garatzeko nahiz gizarte bizitzan laikoen konpromisoa sakontzeko egindako lana jartzen dituzte horren adibide. «Munillak, ordea, idazkian zehaztutako norabideak aldatuko dituen susmoa dugu, Eliza berritzeko esperientzia hori baliogabetuz; batik bat pertsona konprometituei dagokienez».

Gotzain berriari eskaria
Hori guztia kontuan hartuta, Elizaren hierarkiarekiko konfiantza «larriki zauritua» geratu dela uste dute. Dena den, itxaropenerako mezu bat ere eman nahi izan dute. «Espero dugu gotzain berria Gipuzkoako kristau elkarte osoaren zerbitzura dagoen artzaina izaten saiatzea, eta gure elizbarruti honen ibilbidea eta norabidea errespetatu eta onartzea. Ez dezala arinegi jokatu aski hondatua dagoen elkartasunean zatiketa handiagoa sor dezaketen erabakiekin».

Bide horretan, Vatikano II. Kontzilioaren bidea jarraitzeko eskatu diote Munillari, azken urteetan Gipuzkoako Elizak urrats nabarmenak egin dituelako bide horretan. «Benetako artzain izan ditugun gure gotzainek, errealitate sozialarekin eta Jesusen Berri Onarekin leial jokatu nahirik, bide bat zehaztu digute, gure herriaren poz, tristura eta itxaropenenetan bidelagun izanez».

Gipuzkoako eliztarrei laguntza eskatu die Juan Ignacio Munillak
Hitz egin du. Donostiako gotzain hautatu gisara lehen gutuna plazaratu du Jose Ignacio Munillak. «Nire aurreneko hitz hauekin hasiera eman nahi nioke aurrerantzean zuekin izan nahi dudan tratu pertsonal eta ahal den gertuenekoari». Bide batez, «laguntza» eskatu die Gipuzkoako eliztarrei a abiatu berri duen prozesuan alboan izateko. Testuan, aparteko lekua egin dio orain arte Donostian gotzain jardun duen Joan Mari Uriarteri. «Aita batek bezala hartu nau, eta aholku jakintsuak eman dizkit». Apezpiku gisara egin behar duen bidean aurrera egiteko eliztarren arteko «senidetasuna» indartu behar dela esan du.

2009/11/22

> Iritzia. Xabier Euzkitze > MUNILLA SENDATZAILEA

  • Munilla sendatzailea
  • Noticias de Gipuzkoa, 2009-11-22 # Xabier Euzkitze
Aho bizarrik gabe hitz egin du Jose Manuel Vidalek, erlijio gaietan aditu denak, Gipuzkoako gotzain berriari buruz: "Munillari Zumarragako talibana deitzen diogu, parrokia hartako buru zela egindako bideagatik. Guztiz kontserbadorea da, eskuin-eskuinekoa pentsakeraz. Rouco Varelaren ildoari atxikirik dabil aspaldian. Haren antz handia du, gainera, gauza askotan. Aurrez-aurreko tratuan abegikor azal litezke, baina gero jarrera eta jokaeretan oso gogor eta zurrunak dira biak. Edozein gisaz, gazte-gaztetatik izan da halakoa Munilla. Toledoko apaiztegira jo zuen teologia ikasketak egitera, Donostiakoa irekiegia iruditzen zitzaiolako. Han izan zituen maixuek markatu dute Munillaren bilakaera, eta han egindako lagunek erakusten digute nolako jendez inguratuta egotea gusta-tzen zaion. Halaber, azken boladako izendapen berriek argi uzten dute Erromak hartu duen bidea zein den, gero eta ildo kontserbadoreagoa markatu nahi du. Gipuzkoako apaizak ez dira matxinatuko, ez dute altxamendu publikorik egingo, baina azpi-joko handia egon liteke. Munillak Uriarterekin zer nolako jokaera izan zuen badakigu, bileretara nahi zuenenean bakarrik joan eta gotzainaren aginduei muzin. Oso litekeena da orain trukean odolkiak jaso behar izatea, apaizengandik jarrera bertsua jasan behar izatea".

Oso gizon mediatikoa da Munilla. Palentziako gotzaindegi xumean egon arren, askotan lortu du estatu mailako medioetan ere oihar-tzuna izatea. Abortuaz esan berri dituenek ez naute batere harritu. Gure Kalakara hizpalau aldiz etorria da Munilla, Palentziako gotzain izendatu aurretik. Beldurgarriak iruditu zi-tzaizkidan homosexualez esan zituenak, esate baterako. Gaixotzat ditu, baina senda litekeen gaixotasuna dela esan zigun. Berak bi sendatu omen zituen. Donostiako apaiztegia irekiegia iruditzen baldin bazitzaion, antzeko iritzia izango du Gipuzkoako egungo gizarteaz ere. Agian sendatu egin nahiko gaitu. Niri gaixorik segitzen utz diezadala, otoi.

2009/11/20

> Berria: Eliza > JOSE IGNACIO MUNILLA IZANGO DA DONOSTIAKO GOTZAIN BERRIA

  • Jose Ignacio Munilla izango da Donostiako gotzain berria
  • Radio Euskadik jakitera eman duenez, Jose Ignacio Munilla izango da Juan Maria Uriarteren ordezkoa. Informazioa datozen orduetan baieztatuko dute.
  • EITB, 2009-11-20
Jose Ignacio Munilla izango da Donostiako gotzain berria, Radio Euskadik jakitera eman duenez. Gauzak horrela, Munilla izango da Juan Maria Uriarteren ordezkoa Vaticanoak horrela erabakita.

Adituek Elizako alderdi kontserbadoreenean kokatzen dute Munilla, izan ere, Rouco Varela Espainiako Gotzain Batzarreko presidentearen gertukoa da. Egun, elizgizon euskalduna Espainiako Gotzainen Batzarrean Gaztediaren pastoralaren arduraduna da.

Abortuari, homosexualitateari edo euskal gatazkari buruz eman dituen iritziek polemika piztu dute. Abortuari buruz, esaterako, Abortu Legea onartzen duena “hilketaren konplize” dela esan du orain gutxi.

Ezagun da, era berean, hedabideetan bere iritzia emateko duen ohitura. Iritzi artikuluak idazten ditu egunkarietan eta blogetan eta Radio Maria eta Cope irrati-kateetan kolaboratzailea da.

  • Soslaia: Munilla, gotzain kontserbadorea, Uriarteren ildotik urrun
  • Palentziako gotzain ohi eta Juan Maria Uriarteren ordezkoa Espainiako Estatuan izendatu zuten gotzain gazteena izan zen 44 urterekin.
  • EITB, 2009-11-20 # Mani Gimenez
Jose Ignacio Munilla Agirre 1961eko irailaren 13an jaio zen Donostian eta ezaguna da 2006an Espainiako diozesiak inoiz izan duen gotzain gazteena bilakatu zelako. Vatikanok Palentziako gotzain izendatu zuen 44 urte zituenean.

Teologian eta Espiritualtasunean lizentziatua, apaiz ordenatu zuten Gipuzkoako hiriburuan, 1986ko ekainaren 29an.

Lehenengo lantokia Zumarragako Jasokunde parrokia izan zuen apaiz izendatu eta berehala. Baina udalerri gipuzkoarrean bertan, San Salvadorren aritu zen apaiz lanean 1990tik 2006ra arte, eta bertan oso pertsonaia ezagun bihurtu zen.

Apaiz gipuzkoarrek bere bidea egitea eta Juan Maria Uriarte eta Jose Maria Setien gotzainen ildotik aldenduta jardutea leporatu izan diote. Adituek Elizako alderdi kontserbadoreenean kokatzen dute Munilla, izan ere, Rouco Varela Espainiako Gotzain Batzarreko presidentearen gertukoa delako.

Egun, elizgizon euskalduna da, Espainiako Gotzainen Batzarrean Gaztediaren pastoralaren arduradun.

Abortuari, homosexualitateari edo euskal gatazkari buruz eman dituen iritziek polemika piztu dute. Abortuari buruz, esaterako, Abortu Legea onartzen duena "hilketaren konplize" dela esan du orain gutxi.

Ezagun da, era berean, hedabideetan bere iritzia emateko duen ohitura. Iritzi artikuluak idazten ditu egunkarietan eta blogetan eta Radio Maria eta Cope irrati-kateetan kolaboratzailea da.