Showing posts with label Herne. Show all posts
Showing posts with label Herne. Show all posts

2007/06/07

> Iritzia: Herne > "EL CAMINO DE MOISES"EN EMANALDI ETA HITZALDIA AIMARREN OMENEZ

  • "El camino de Moises"en emanaldi eta hitzaldia Aimarren omenez
  • "El camino de Moises" eta hainbat gehiagorena.
  • Herne Neska Taldea, 2007-06-07

Astelehenean Sandiusterri aretoan bildu ginen Hernaniko hainbat pertsona, Medeak, Garaipen eta Ehgam-ek antolatutako "Beste garaiak, beste amodioak" emanaldien barruan. (Podriamos haber hecho un poco más de propaganda...). Bueno nondik hasi? Lehenengo, "El camino de Moises" dokumentala jarri zen (por cierto, lortzeko oso zaila den dokumental bat...), eta bertan Anak Moises izan arte egindako bidea erakusten da.


Eta zorte handiena, Moises bera han izatea izan zen, eta ez hori bakarrik! Ivan, Iruñakoa, eta Amets Astigarragakoa ere han izan genituen, haien bizipenak kontatzeko. Amaia-Aimar ere gogoan izan genuen, Hernanin izandako gertakari ilun hau gogoratzeko eta egun transfobiak duen pisua salatzeko.


Bertan entzun genituen adierazpenen artean, aipatu behar ditugu, batetik, Moisesek utzitako ideia batzuk:

  • Ikus ditzagun generoak beste modu batera.
  • Ikus ditzagun gorputzak beste modu batera.


Ivan-ek osasungintzaren oztopoak azpimarratu zituen, nola behin, pertsonak prozesua hasteko aukera hartzen duenean, ez duen oztoporik besterik jasotzen, transfobo asko baitago osasungintzan. Iruñean eta Bilbon, laguntza eskaintzen duten medikurik badela ere esan zuen.


Amets-ek bere esperientzia kontatu zigun, eta berak ez duela arazorik handirik izan esan zigun, ondo joan omen zaio orokorrean.


Azpimarratutako ideetako bat zera izan zen: Arazoa ez da transexualitatea, arazoa transfobia da.


Guk hemendik, trasfobia salatzeaz gain, erreflexioa eskatzen dugu, aldaketak eskatzen ditugu, informazioa eskuragarri izatea eskatzen dugu, oztopoak ezabatu nahi ditugu, norberak, eta edozein pertsona transexualek bere bidea egin dezan, arazorik gabe, babestuta eta gizarteak inposatzen dizkigun genero horien pisua bizkarrean bakarrik eraman behar ez ditzan.


Pozik gaude, emanaldiak jasotako onarpenarekin, jasotako harrerarekin, eta han ikusitako jende guztiarekin, eta eskatzen dugu aurrera jarraitzea, kontzientzia hartuz, eta borrokatuz.


Hemendik eskerrak joandako guztiei, nola ez, Moises, Ivan eta Amets-i, eta Medeak, Garaipen eta Ehgami, beraiekin parte hartzeko aukera zabaltzeagaitik, eta emanaldi hau Hernanin eman izanagaitik.

2007/06/06

> Berria: Ekitaldiak > MOISES HERNANIN: "GENEROA IKUSTEKO BESTE MODU BATZUK BULTZA BEHAR DITUGU"

  • «Generoa ikusteko beste modu batzuk bultza behar ditugu»
  • Kronika, 2007-06-06


Astelehenean, transexualitateari buruzko “El camino de Moises” dokumental proiekzioa eta hitzaldia izan ziren Sandiusterrin, “Beste amodioak... beste garaiak” emanaldien barruan. GARAIPEN, MEDEAK eta EHGAM taldeak zenbait emanaldi antolatu dituzte Lesbiana, Gay eta Transexualen Askapenerako Nazioarteko Egunaren bueltan, eta Hernanin emanaldia egiteko erabakia hartu zuten, batipat Aimarren heriotzak eraginda, eta antolakuntza horretan HERNE neska taldeak eta Berdintasun Kontseiluak eman duten laguntza azpimarratu zuten antolatzaileek. “El Camino de Moisés” Documentos TVk bere garaian egindako dokumentala da eta bertan Bartzelonako Moisesen historia kontatzen du, Ana zenetik Moiseserako bide luze eta korapilotsua. Jarraian, Aimarren argazkiz osatutako DVD labur bat eman zuten eta ondorenean, Moises berak eman zuen hitzaldia, Iruñako Ivan eta Astigarragako Ametsek lagunduta. Ondorenean, Aimar Elosegi Ansaren gurasoei lore sorta bat eman zieten Sandiusterrin.


Identitatea berreraikitzen

Dokumentalak bere identitatea berreraikitzeko Moisesek egindako bide luzea kontatzen du. 21 urtera arte Ana izandakoak, Moises izateko urratsa eman zuen bere garaian, bularrak laburtu, hormonak hartu, obarioak kendu, izena aldatu eta abar. Sexua aldatu edo ez sortutako zalantzak, trabak, medio eskasak eta gainerakoak azaltzen ditu dokumentalak eta Moisesek berak aireratzen dituen galdera eta zalantzak: zergatik hainbeste traba bere identitatea argi duen pertsona bat onartzeko; edo gizon edo emakume izateko zer dela eta operatu behar dira bularra, sexua... zergatik ezartzen ditu gizarteak behar eta muga horiek... Generoari begira Dokumental ondorengo hitzaldian, generoa ikusteko beste modu batzuk bultza behar direla azpimarratu zuen Moisesek, gizarteak ezartzen digun har eta eme bide markatutik haratago. ´Beste aukera batzuk badaudela ikustea garrantzitsua da` kataluniarraren hitzetan, ´bestelako gorputzak badirela jakitea eta erakutsi egin behar ditugu, ikus ditzagun eta gure buruetan sartu`.


´Arazoa ez da transexualitatea transfobia da`

Arazoa transexualitatea ez dela azpimarratu nahi izan zuten asteleheneko hitzaldian eta galde-erantzunen tartean, ´arazoa transfobia da eta gizarte honek dituen beste hainbat eta hainbat fobia`. Gizarte matxista, homofobo, transfobo... batean bizi garela azpimarratu zuten, eta gaur egun zenbait jarrera homofobo edo transfobo onartu egiten direla eta sistema honek denok txikitzen gaituela, ´denok enkasilatzen gaitu`. Sandiusterriko emanaldian nabarmen gelditu zen bestelako errealitate bat nahi bada, arazoa denona dela konturatu behar dugula, norberea ere bai, ´baina jendeak uste du besteen arazoa dela, ez norberarena`.


Osasungintzan oztopoak

Gipuzkoako egoeraren berri eman zuten emanaldian eta azpimarratu zuten Gipuzkoako osasungitzako jarrera: ´norbere egoera ulertu, inguruari jakin arazi eta abar guztiak egitean, hormonak hartzeko nahiz operatzeko erabakia hartzen baduzu, medikuarengana joan eta luzatu eta luzatu egiten da prozesua, inork ez dizu ezer esaten baina ez dira hasten. Konturatzen zara medikuek uko egiten diotela, beraietatik asko direla transfoboak eta hesi bat daukazula zure aurrean`. Orokorrean egoera txarra izan arren, Iruñean eta Bilbon laguntzeko prest dauden medikuak badirela azpimarratu zuten.

2007/06/01

> Berria: Trans > HERNANI: TRANSEXUALITATEARI BURUZKO EMANALDIA

  • Transexualitateari buruzko emanaldia astelehenean
  • ‘El Camino de Moises’ dokumentala emango dute eta hitzaldia izango da Moisesen eskutik
  • Kronika, 2007-06-01

Transexualitateari buruzko Beste Amodioak... Beste Garaiak... emanaldien lehen edizioa izango da datorren astetik aurrera Donosti eta inguruetako herritan, eta Hernanin astelehenean dokumental emanaldia eta hitzaldia izango dira, arratsaldeko 19:30etan, Sandiusterrin. El Camino de Moises dokumentala izango da eta ondorenean, Moises berak emango du hitzaldia, Grup de Transsexuals Masculins de Barcelona taldeko kideak eta dokumentaleko protagonistak. Aimar Elosegi Ansaren omenezko emanaldia ere izango da astelehenekoa ´eta bere oroimena bertan izango da`.


Identitatea berreraiki
El Camino de Moises pelikulak identitate baten berreraikitzea kontatzen du, gorputzaren, generoaren eta sexuaren mugak hautsi dituen gizon baten historia. Asteleheneko emanaldia eta Donostia eta inguruan egingo diren gehiago, ekainaren 28aren bueltan (Lesbiana, Gay eta Transexualen Askatasunaren aldeko Nazioarteko Eguna) egingo direnen barruan daude. Emanaldiak GARAIPEN elkarteak MEDEAK eta EHGAMek antolatzen ditu eta Hernanikoan HERNE neska taldearen laguntzarekin eta Udaleko Berdintasun Kontseiluaren diru laguntzarekin.