2007/06/06

> Berria: Ekitaldiak > MOISES HERNANIN: "GENEROA IKUSTEKO BESTE MODU BATZUK BULTZA BEHAR DITUGU"

  • «Generoa ikusteko beste modu batzuk bultza behar ditugu»
  • Kronika, 2007-06-06


Astelehenean, transexualitateari buruzko “El camino de Moises” dokumental proiekzioa eta hitzaldia izan ziren Sandiusterrin, “Beste amodioak... beste garaiak” emanaldien barruan. GARAIPEN, MEDEAK eta EHGAM taldeak zenbait emanaldi antolatu dituzte Lesbiana, Gay eta Transexualen Askapenerako Nazioarteko Egunaren bueltan, eta Hernanin emanaldia egiteko erabakia hartu zuten, batipat Aimarren heriotzak eraginda, eta antolakuntza horretan HERNE neska taldeak eta Berdintasun Kontseiluak eman duten laguntza azpimarratu zuten antolatzaileek. “El Camino de Moisés” Documentos TVk bere garaian egindako dokumentala da eta bertan Bartzelonako Moisesen historia kontatzen du, Ana zenetik Moiseserako bide luze eta korapilotsua. Jarraian, Aimarren argazkiz osatutako DVD labur bat eman zuten eta ondorenean, Moises berak eman zuen hitzaldia, Iruñako Ivan eta Astigarragako Ametsek lagunduta. Ondorenean, Aimar Elosegi Ansaren gurasoei lore sorta bat eman zieten Sandiusterrin.


Identitatea berreraikitzen

Dokumentalak bere identitatea berreraikitzeko Moisesek egindako bide luzea kontatzen du. 21 urtera arte Ana izandakoak, Moises izateko urratsa eman zuen bere garaian, bularrak laburtu, hormonak hartu, obarioak kendu, izena aldatu eta abar. Sexua aldatu edo ez sortutako zalantzak, trabak, medio eskasak eta gainerakoak azaltzen ditu dokumentalak eta Moisesek berak aireratzen dituen galdera eta zalantzak: zergatik hainbeste traba bere identitatea argi duen pertsona bat onartzeko; edo gizon edo emakume izateko zer dela eta operatu behar dira bularra, sexua... zergatik ezartzen ditu gizarteak behar eta muga horiek... Generoari begira Dokumental ondorengo hitzaldian, generoa ikusteko beste modu batzuk bultza behar direla azpimarratu zuen Moisesek, gizarteak ezartzen digun har eta eme bide markatutik haratago. ´Beste aukera batzuk badaudela ikustea garrantzitsua da` kataluniarraren hitzetan, ´bestelako gorputzak badirela jakitea eta erakutsi egin behar ditugu, ikus ditzagun eta gure buruetan sartu`.


´Arazoa ez da transexualitatea transfobia da`

Arazoa transexualitatea ez dela azpimarratu nahi izan zuten asteleheneko hitzaldian eta galde-erantzunen tartean, ´arazoa transfobia da eta gizarte honek dituen beste hainbat eta hainbat fobia`. Gizarte matxista, homofobo, transfobo... batean bizi garela azpimarratu zuten, eta gaur egun zenbait jarrera homofobo edo transfobo onartu egiten direla eta sistema honek denok txikitzen gaituela, ´denok enkasilatzen gaitu`. Sandiusterriko emanaldian nabarmen gelditu zen bestelako errealitate bat nahi bada, arazoa denona dela konturatu behar dugula, norberea ere bai, ´baina jendeak uste du besteen arazoa dela, ez norberarena`.


Osasungintzan oztopoak

Gipuzkoako egoeraren berri eman zuten emanaldian eta azpimarratu zuten Gipuzkoako osasungitzako jarrera: ´norbere egoera ulertu, inguruari jakin arazi eta abar guztiak egitean, hormonak hartzeko nahiz operatzeko erabakia hartzen baduzu, medikuarengana joan eta luzatu eta luzatu egiten da prozesua, inork ez dizu ezer esaten baina ez dira hasten. Konturatzen zara medikuek uko egiten diotela, beraietatik asko direla transfoboak eta hesi bat daukazula zure aurrean`. Orokorrean egoera txarra izan arren, Iruñean eta Bilbon laguntzeko prest dauden medikuak badirela azpimarratu zuten.

No comments: