2007/06/15

> Berria: Euskalgintza > EHGAMEK ERE BAI EUSKARARI ZIURTAGIRIA JASOTZEN DU

  • Elkarte berria arduratuko da aurrerantzean enpresei Bai Euskarari Ziurtagiria emateaz
  • Kontseiluak aitortza egin die aurten euskararen erabilerarako konpromisoa hartu duten entitateei
  • Berria, 2007-06-15 # Ainhoa Sarasola · Donostia

Lan munduan euskararen normalizazioa sustatzeko lanean aritu diren enpresa, saltoki eta askotariko entitateek aitortza jaso zuten atzo. Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten enpresetako ordezkariak Donostiako Kursaalean bildu zituen Kontseiluak. Ziurtagiriak zazpi urte bete zituen herenegun, eta dagoeneko ia 1.500 enpresa, saltoki eta askotariko entitatek eskuratu dute. Ziurtagiriaren Elkarte sortu berriak egingo die aitortza hori datorren urteko ekitaldian, hemendik aurrera elkarte horrek kudeatuko baitu ziurtagiriaren egitasmoa.


Ahalegin handia egin behar izan dute entitate horiek ziurtagiria eskuratzeko, eta urtetako lanaren lekukotza eman zuten hiru enpresatako ordezkarik. SAM Tolosaldeako enpresako euskara planaren koordinatzaile Arantza Jauregik lan harremanak euskalduntzeko bost urtetako lana azaldu zuen. Txorierrin kokatutako ARLAN enpresako zuzendari Jose Landaluzek Zerbitzua euskaraz ziurtagiria lortzeko eginiko urratsak agertu zituen. Eta Arratiako BATZ enpresan euskara sustatzeko nondik norakoen berri eman zuen Karmelo Uriarte hobekuntza arduradunak.


Etxeko lanak eginda utzi ditu Kontseiluak ziurtagiriaren egitasmoa garatzeko ardura elkarte berriaren esku utzi aurretik. Mendigurenek gogoratu zuenez, orain bi urte 700 bat enpresa eta entitatek lortua zuten Bai Euskarari Ziurtagiria, eta bi urteren buruan kopuru hori bikoizteko erronka plazaratu zuen Kontseiluko idazkari nagusiak orduan eginiko ekitaldian. Ziurtagiria lortu duten entitateak aurten ia 1.500era iritsita, bide hori egin izana «harro egoteko modukoa» dela adierazi zuen Mendigurenek.


Elkarlanean eta kalitatean eginiko aurrera urratsa nabarmendu zuen Gutierrezek, elkartea sortzearen harira. Elkarlana, ziurtagiria garatzeko lanak eragile guztien inplikazioa behar duela iritzita. Horregatik izango ditu elkarteak hiru bazkide mota: bazkide babesleak, bazkide erabiltzaileak eta bazkide laguntzaileak. Eta kalitatearen oinarritzat, berriz, zazpi urteren buruan ziurtagiriaren inguruan metatutako esperientzia aipatu zuen Gutierrezek.


Ziurtagiriaren irudi berria aurkeztu ostean, Kontseiluko eta Ziurtagiriaren Elkarteko ordezkariek aurten agiria lortu duten entitateetako kideei Jorge Oteizaren “Desokupazioari buruz. Arnasketa espazialaren aldaera” artelanaren lamina banatzeari ekin zioten. Hamarnaka-hamarnaka joan ziren guztiak oholtza gainera igotzen, eta elkarrekin argazkia aterata eman zioten amaiera ekitaldiari.

No comments: