2007/06/28

> Berria: Ekainak 28 > EZKUTUKO HOMOFOBIARI AURRE

  • Ezkutuko homofobiari aurre
  • Gizartean erabateko berdintasuna aldarrikatzeko, mobilizazioak egingo dituzte gaur arratsaldean gay, lesbiana eta transexualek.
  • Berria; 2007-06-28 # Edurne Elizondo · Iruñea # Asier Iturriagaetxebarria · Bilbo

Egoera hobea den arren, oraindik asko dago egiteko. Hego Euskal Herriko gay, lesbiana eta transexualen eskubideak babesten dituzten elkarteak gustura daude azkenengo hilabeteetan lortu duten lege berdintasunarekin. Baina oraindik zailena falta zaie: erabateko berdintasuna lortzea. Hori aldarrikatzeko, gaur mobilizazioak egingo dituzte hiriburuetan, Gayen, Lesbianen eta Transexualen Eguna dela eta.


Herrialde bakoitzeko koordinakundeak edo manifestazioaren antolaketa taldeak bere leloa eta komunikatua aukeratu du manifestaziorako. Arabako eta Gipuzkoako koordinakundeek homofobiaren kontrako mezuak zabalduko dituzte. Bizkaiko koordinakundeak gehiago zehaztu du mezua, eta erabateko berdintasunaren aldeko aldarria zabalduko du Bilboko kaleetan.


Imanol Alvarez EHGAMeko kideak esan duenez, hurrengo urteetako lana izango da gizartean erabateko berdintasuna lortzea. Zehaztu du aurretik ere horretan aritu direla lanean baina, behin lege aldetik berdintasuna lortu eta gero, kalean eragiteko ahalegin handiagoa egingo dutela.


Izan ere, homofobia kasuak oraindik ere egon badaudela azpimarratu du Alvarezek. Batzuk «ezkutuko homofobia» dira. «Aurrekoan gertatu zitzaidan. Aitarekin eta nire bikotekidearekin nindoan, eta hura ni baino gazteagoa da. Bada, emakume batek esan zigun ea aitaita, semea eta iloba ginen. Ez zeukan min egiteko asmorik, baina oraindik kosta egiten da ulertzea sexu bereko bikotekidea izan dezakegula».


Beste adibide bat ere jarri du: nerabeei neska-laguna eta mutil-laguna ote duten etengabe galdetzea; beste sexukoa, jakina. «Hori nahi gabeko homofobia da, ageriko homofobia ere egon badagoelako. Behin esanda ez da ezer gertatzen, baina etengabe antzekoak entzun behar izatea astuna egiten zaigu». Horri aurre egiteko, hezkuntza bide egokia dela uste du Alvarezek. Baina hezkuntza ikuspegi osoarekin hartuta. Eskolan ez ezik, komunikabideetan, familietan eta kalean ere eragin behar dela uste du. Horren harira, orain arte indarrean egon den zeharlerroen politikak «porrot» egin duela deritzo. Orain, Herritar Heziketa izeneko ikasgaian landuko dute gaia. Lehen, Etika izenekoan egiten zuten. «Baina guztia irakaslearen eta ikastetxearen borondatearen menpe geratzen zen».


Nafarroako Ekainaren 28ko plataformako kide Iñigo Trajaolak ere hezkuntzaren bidea aipatu du, diskriminazio egoerekin amaitzeko. «Haurrek ikasi behar dute hainbat sexu orientazio badela, eta hori normala dela». Era berean, aldaketak eskatu zituen, «irainak jasotzen ez jarraitzeko, nork bere joera gorde behar ez izateko».


Hezkuntzan eragin bai, baina horretarako irakasleek prestatuta izan behar dute. Hain zuzen, egun borondatea bai, baina arazoari aurre egiteko prestakuntza nahikorik ez dutela uste dute gayen, lesbianen eta transexualen elkarteek. Horri aurre egiteko, irakasleei ikastaroak emateko eskatu dute. «Baina ez lan orduetatik kanpo, bestela ere nahikoa lan badutelako. Lan orduetan izan behar dira ikastaroak», azpimarratu du Imanol Alvarezek.


Nafarroan Europara begira

“Europa: atzerapausorik ez, berdintasuna posible da.” Hori da Nafarroako Ekainaren 28 Plataformak aurten hautatu duen leloa, Gay eta Lesbianen Harrotasun eguna ospatzeko. Europari egin diote so homosexualen, lesbianen eta transexualen herrialdeko taldeek, hainbat herritako egoera salatzeko. Polonia aipatu du zehazki Trojaolak. «Herri horretan homosexualitatearen inguruko propaganda egitea debekatu dute. Irakasle batek, adibidez, ezin du jendaurrean onartu homosexuala dela. Hori Europako Batasuneko herri batean gertatzea oso larria da».


Haurrentzako telebista saio bateko pertsonaia bat homosexuala ote zen ikertzen ere aritu dira Polonian azken boladan. Zalaparta sortu du herri horretako Gobernuaren jarrerak, eta, bereziki, gay eta lesbianen taldeen kritikak jaso ditu Europa osoan. Poloniako egoeraren oihartzuna Euskal Herriraino ailegatu da: «Hango taldeen ahotik entzun dugu hemen duela 30 urte genuen egoera bizi dutela gaur egun haiek Polonian».


Bestalde, hainbat gizarte eragilek bat egin dute Gayen, Lesbianen eta Transexualen Egunean antolatu dituzten mobilizazioekin. Batasunak, Bilgune Feministak eta EGIk deitu diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin diete herritar guztiei.


  • Deialdiak: Hauek dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan gaur izango diren manifestazioak.
  • Bilbo. Moiua plaza, 20:00etan.
  • Donostia. Bulebarra, 19:30ean.
  • Gasteiz. Ama Zuriaren plaza, 20:00etan.
  • Iruñea. Autobus geltokia, 20:00etan.

No comments: