2007/06/21

> Iritzia: Xabier Etxaniz Rojo > OPORRAK

  • Oporrak
  • Berria, 2007-06-21 # Xabier Etxaniz Rojo · MaraTiLa

Kitto. Bukatu da ikasturtea eta Maratilagileok oporrak hartuko ditugu. «Ondo etorriko zaizue atsedena -komentatu digute-, joan zaitezte terraza batera eta har ezazue garagardo hotz bana gure kontu, on egingo dizue eta». Honezkero jakingo duzue, noski, nik beti egiten diodala men agintzen didatenari.


Gainera, zer demontre, litekeena da Plaza honetako udaltzainek arrazoia izatea. Atsedentxo batek ez digu kalterik egingo, Maratilagintza eginkizun uste baino gogorragoa baita. Ni neu, esaterako, haluzinazioak izaten hasia naiz zorioneko zutabe honen kontura eta ez nabil txantxetan. Joan den astean bertan, urrunera jo gabe, zera irakurri nuen egunkari batean, AEBetako armada arma biologiko bat sortzen saiatu zela zertarako eta Afganistango taliban guztiak gay bihurtzeko. Haluzinazio bat izan zen, zer bestela, edota ilusio optiko bat, urte osoko nekeak eragindakoa. Izan ere, nik badakit tamaina horretako gaiztakeriarik ezin zaiola inori bururatu. Gainera, Pentagonoko buru txit burutsuek badute bestelako buruhausterik.


Nire lagun Felixek, ordea, ez du hain ondo hartu oporren kontu hau. Azken bolada honetan harroxko samar dabil txoko honetan dituen agerpenak direla eta ez direla. Nago laugarren boterearen erotikak behar baino gehiago puztu duela bere egoa. Bai, nire lagun Felixi ere ondo etorriko zaio atsedena, ea baretzen zaion handiustea.


Tira ba. Irailean etorriko gara bueltan. Bitartean, txintxo ibili eta ondo izan.

No comments: