2007/06/20

> Berria: Sariak > GEHITUK AMNESTY INTERNATIONALI EMAN DIO ZILARREZKO SARIA

  • Gehituk Amnesty Internationali eman dio zilarrezko saria
  • Berria, 20067-06-20 # Erredakzioa · Donostia

Gehitu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen elkarteak Amnesty Internationali (AI) eman dio Zilarrezko Gehitu saria, AI lesbianen, gayen eta transexualen giza eskubideen alde egiten ari den lana saritzeko.


Gehituk Amnesty Internationalen hiru merezimendu nabarmendu ditu saria berari emateko. Alde batetik, AIk duen «ibilbidea, oihartzuna eta ospea izanik», lesbianen, gayen eta transexualen giza eskubideen aldeko borrokan ari dela. Bestetik, AIk mundu osoan lan egiten duela lesbianen, gayen eta transexualen eskubideen alde eta eskubide horien urraketaren kontra. Nazioarteko lana da, hain zuzen, Gehituren erronketako bat: «Gure inguru hurbilenean berdintasun maila handia lortu dugu, bai gizartean, bai legeetan, baina badakigu lanean jarraitu behar dugula», dio Gehituk. «Nazioartean lan egitea da gure etorkizuneko erronkarik garrantzitsuenetakoa».


Gehituk nabarmendu duen AIren hirugarren meritu nagusia erakunde horren alerta sarea da: «Erabilgarritasun handiko tresna da homofobia eta transfobia salatzeko».


Gehituk Europa izango du gogoan ekainaren 28ko ospakizun eta aldarrikapenetan, gay eta lesbianen nazioarteko egunean. Europa, atzerapausorik ez, berdintasuna posible da leloa aukeratu du egun horretarako: «Kezka handiz ikusten dugu gure inguruan gertatzen ari dena: Poloniako Gobernuaren jazarpena lesbianen, gayen ea transexualen kontra, Letoniako Gobernuak lesbianen, gayen eta transexualen segurtasuna bermatzeko ezer ez egitea... Hemen lortutako eskubideak esportatzeko apustua egiten dugu, berdintasuna Europako beste herrialdeetara ere hel dadin».


Egun horretan Gehituk ospatu egingo du Espainian homosexualen eta transexualen eskubideen aldeko bi lege onartzea: alde batetik, Genero Nortasunaren Legea eta, bestetik, homosexualen arteko ezkontza baimentzen duen Kode Zibilaren aldaketa. Genero Nortasunaren Legearen bitartez, transexualek izena eta sexua aldatu ahal izango dituzte agirietan, genitalak aldatzeko operaziorik egin behar izan gabe. Hala ere, Gehituk gogoratu du «berriki» Hernaniko (Gipuzkoa) transexual bat hil dela, «sexu aldaketa prozesua gainditzeko indarra falta izan zaiolako».

No comments: