2007/06/15

> Berria: Harrotasuna > IPARRALDEA: BIHAR MIARRITZEKO KARRIKAK BERDINTASUN ALDARRIZ BETEKO DIRA GAY PRIDE BESTAREN KARIETARA

  • Bihar Miarritzeko karrikak berdintasun aldarriz beteko dira Gay Pride bestaren karietara
  • 'Legearen aitzinean herritar guztiak berdintasunean' lelopean aldarria eta jaia uztartuko dituzte
  • Berria, 2007-06-15 # Aitor Renteria · Baiona

Urtero bezala, aurten ere gay, lesbiana eta transexualen eskubideak bermatzeko eskatuko dute bihar Miarritzeko karriketan (Lapurdi). Ekimena arratsaldeko lauretan abiatuko da itsasargitik. Legearen aitzinean herritar guztiak berdintasunean izanen da biharko leloa. «Ibilaldi horren bidez erakutsi nahi dugu gay, lesbiana edo transexuala izan, edozeinek dituen eskubide berak ukan behar ditugula, betekizun berberak ditugulako», adierazi du Philippe Lacoste Miarritzeko LGP taldeko presidenteak.


Hiritarrak homofobia eta bereizkeria hezkuntzan oinarritzen direla uste du taldeak. Horri buru egin ahal izateko hezkuntza politika ausarta plantan ezarri behar dela dio LPG taldeak, gazteei zuzendua, sexu ohitura eta gustuen araberako bereizkeria oinarrian ekiditeko. Pertsonen harremanak errespetuan oinarritu behar direla dio LGP taldeak, eta hori eskolan landu behar dela.


Frantziako Gobernuak PACS deritzon kontratua kendu eta elkarbizitza arautzeko egitura berri bat proposatzen du. «Ez dugu proposamen hori onartzen homosexualentzako delako soilik eta ez herritar guztientzako», dio Lacostek. Hiritar guztiak berdinak badira legearen aitzinean, legeak herritarren arteko bereizketarik ezin duela egin uste du. Lacosten iritziz, lege horrek estatu berezia eman nahi die homosexualei, Frantzian hainbertzetan aldarrikatzen duen berdintasun eredua urratuz. PACS legea hobetzeko eskatzen diote Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteari. Hala ere, LGPren helburua berdintasun osoa bermatuko duen legea lortzea da, hots, ezkontza eta adopzio eskubidea aitortuko diena.


Sexu bereko bikoteek ez dute haur bat adoptatzeko eskubiderik Ipar Euskal Herrian. Alta, bikoteko partaide batek eskatuz gero, adopzio eskubidea gauzatzen da. Baina legearen aitzinean ez dira bermatzen haurraren edo bikotekokide baten eskubideak. Adopzioa lortu duen pertsonari zerbait gertatzen bazaio, bikotekideak ezin du adopzioa eskatu eta haurrak ere eskubide hroi galtzen du.


Aldarrikapena eta jai giroa uztartu nahi dituzte bihar. Aldarrikapena legeak eta sistemak ez dituztelako bermatzen eskubide guztiak. Jai giroa, aldiz, gizartearen aitzinean askatasuna erakusteko. «Oraindik jende anitz bada ez dena ausartzen erakustera bere hautua». Karrikara jaitsiz, urtean zehar gorderik dagoen bertze errealitate bat dagoela erakutsi nahi dute, koloretsu gainera. Herri txikietan homosexualitea orandik tabu gisa hartzen dutela salatu eta berdintasun urratsa ematera deitzen du Lacostek gizartea. Ibilaldiak Miarritzeko karrika nagusietatik pasatuko da eta ondoren jai bat antolatu dute Donibane Lohizuneko Mata-Hari diskotekan.

No comments: