- Hitzak, etiketak, identitateak
- Gay eta lesbianek euskal literaturan duten tratamenduaz mintzatu dira bost idazle Donostian
- Berria, 2007-06-21 # Gorka Erostarbe · Donostia
«Homosexualitatea eta lesbianismoa. Biak dira hitz abstraktuak. Nik uste dut normalagoa litzatekeela, gaur egun, gay-ak eta lesbianak erabiltzea. Eta aurrerago egongo bagina, queer teoriarekin bat eginez edo, maritxuak eta bolloak, edo ulertuak. Baina, oraindik gaude hitz abstraktu eta zaharrekin eta ez pertsonekin». Ricardo Arregi Diaz de Heredia poetak (Gasteiz, 1958) Homosexualitatea, lesbianismoa eta euskal literatura izeneko mahai-inguruan parte hartu zuen atzo, eta mahai-inguruaren izenburua bera erabili zuen gogoetarako. EHGAM Euskal Herriko Gay eta Lesbianen Mugimenduak antolatu zuen ekimena. Arregiz gain, Itxaro Borda, Juanjo Olasagarre, Aitor Arana eta Angel Erro idazleek parte hartu zuten Ibon Egañak gidaturiko mahai-inguruan.
Homosexualitateaz edo lesbianismoaz idazteko, euskal literaturan terminologia edo hiztegi literarioaren falta ote dagoen galdetuta, berak «zailtasunik» ez duela topatu erantzun zuen Aitor Aranak (Legazpi, 1963). Aranak euskarazko gay hiztegia idatzia du: «Giro euskaldunean bizitzeko zoriona izan dut, eta inoiz gutxi izan dut ezer berririk asmatzeko edo itzultzeko beharrik. Baina, badakit ez dela berdina Azpeitian edo Bilbon bizitzea, eta Bilbon gay-ek hitzak itzuli egiten dituztela. Hiztegia egin nuenean, jaso eta bildu baino ez nuen egin. Inguruan entzun eta irakurtzen nuena. Nire gertukoak izan ditut erreferentzia».
Angel Erro poeta nafarrak (Burlata, 1978), aldiz, arazo gehiago izan du euskal tradiziotik erreferentziak atera ahal izateko: «Gai hau lantzeko euskal tradizioa beharko banu, puskatzeko izango zen. Gazte eta berde nintzela jo nuen antzinate klasikora, Erromara eta Greziara, lehenago beste askok egin bezala, Oscar Wildek eta... baina, gero kontu izan behar da jasotako hori dena zenbaterainoko den benetan eta apurtzailea eta zenbaterainoko fatxada soil».
Itxaro Bordak (Baiona, 1959) kaleratu berria du Jalgi hadi plazara! liburua. Lau libururen ostean, Amaia Ezpeldoi detektibeak lesbiana dela aitortuko du aurrenekoz. Bordaren iritziz, «hizkuntza berritzeko» beharra badago: «Ipar Euskal Herriko euskara hain izan da garbitua hitz zikin, lizun eta abarrez azken 100 urte hauetan, non behar den gorputzari loturiko hitzak bilatu eta berritu. Hori erronka bizigarria da guretzat»
Juanjo Olasagarrerentzat (Arbizu, 1963), Prousten Charlus baroia pertsonaia garrantzitsua izan da: «Gaytasunetik begiratuta oso zaharkitua da, Prousten teoria homosexualitateari buruz nahiko zaharkitua da, baina pertsonaia oraindik ere oso baliagarria da. Txunditzen ninduena eta nauena. Hori izan da nire eraginik handiena».
IDENTITATEEN TALKA
Euskal literaturan pertsonaia gehienek duten tratamendua, oro har, eskasa da Olasagarren hitzetan. «Beti ere agertzen da beste zerbaiten funtzioa. Hiritar bezala, gure funtzio nagusia da nazio bat eraikitzea. Eta gero, beharbada, izan gaitezke gay». Identitatearen gaia garrantzitsua da Olasagarrerentzat: «Gay identitatea edo beste identitateren bat jar liteke zalantzan, baina euskal identitatea ez jarri zalantzan. Hura zalantzan jarriz gero, beste identitate gatazkak arerio bihurtzen dira. Legea izan da literatura nazionala egitea».
Euskal idazlea «bazterrekoa edo periferikoa» izategatik, gay eta lesbianen gaia «desberdin» tratatzeko izan dezakeen gaitasuna «fantasia samarra» dela uste du Arregik: «Ezin liteke pentsatu bazterreko izateagatik denok batuko garenik eta norabide berean egingo dugunik indar». Itxaro Bordaren ustez, ordea, periferiko edo bazterreko izateak «libertatea» ematen dio euskal idazleari.
TRANSGRESIOA?
Bere liburuetan gay eta lesbianen inguruan idazten duenean «transgresiorik» ez duela egiten uste du Aranak: «Transgresioa ez da inoiz egon nire gogoan. Nik idealizaturik dut gay-tasuna, gustuko dudan gay-tasuna. Eta gaitasun hori oinarritzen da gehienbat naturaltasunean, eta nork bere burua onartzean. Idatzi izan dudana idatzi dut, ikusi dudalako inork ez duela idatzi horretaz».
Bordaren iritziz, ordea, transgresiorik ez baina badago probokaziorik: «Testu asko idazten dira erreakzio bat probokatzeko. Barne behar, sentimendu edo oroitzapen bat idazten duzu eta gero irakurleak har ditzake probokazio modura. Euskal Herrian sozietate oso minbera batean bizi gara, eta edozein gauza txiki probokaziotzat har liteke. Gorputz biluziaz, gorputz lesbianaz edo gorputz gay-az idaztea probokazioa izan liteke. Oso gutxi aski da probokatzeko».
Angel Erroren aburuz, irakurlearen begietan dago Transgresioa: «Uxue Apaolazaren ipuinak oso transgresoreak izan daitezke amona batentzat eta Felipe Juaristik idatzi zuen 'gogorrak' direla. Niretzat, besterik gabe, onak dira, abizenik gabe».
Gay eta lesbianen gaiak, sarri «ondo gelditzeko» baino ez dira erabiltzen bai Arregi eta baita Olasagarreren iritziz: «Ezkerra galduta dagoenez, edo gaudenez, behar du ildo ideologiko bat, eta iruditzen zaio, multikulturalismoa dela bide, gay-tasuna bide horietako bat dela ezkerreko sentitzeko. Onartzen dute homosexualitatea, baina, hartaz idaztea ez da transgresioa, nire ustez.
Gay edo lesbianen literatura etiketa moduan erabiltzea ez du gustuko Arregik, baina «etiketa estrategikoak» direla uste du: «Erabili behar ditugu, ikusgarritasun bat bilatu behar delako. Bestela nola saldu? Emakumeak biltzen diren bezala emakumeez hitz egiteko, eta mahai-inguruak egiten dituzte, eta ez luke horrela izan behar. Literatura hutsean izan beharko litzateke. Denak bildu, eta 'denak gara guay' esan, baina emakumeek badakite hori ez dela egia, eta behar dutela estrategikoki biltzea. Poesia poesia da, baina estrategi moduan erabiltzen dugu etiketa hori, nahiz eta jakinaren gainean gauden estrategia modura erabiltzen dugula».
- Angel Erro · Idazlea
- «Gai hau lantzeko euskal tradizioa beharko banu, puskatzeko izango zen»
- Rikardo Arregi · Idazlea
- «Ezin liteke pentsatu bazterreko izateagatik denok norabide berean egingo dugunik indar»
- Juanjo Olasagarre · Idazlea
- «Hiritar gisa, gure funtzio nagusia nazioa eraikitzea da. Beharbada, gero, izan gaitezke gay»
- Itxaro Borda · Idazlea
- «Euskal Herrian oso sozietate minberan bizi gara, eta edozein gauza txiki probokaziotzat har liteke»
- Aitor Arana · Idazlea
- «Idatzi izan dudana idatzi dut, ikusi izan dudalako inork ez duela idatzi aurrez horretaz euskaraz»
No comments:
Post a Comment