Showing posts with label Josebe Iturrioz. Show all posts
Showing posts with label Josebe Iturrioz. Show all posts

2008/10/12

> Berria: Trans > TRANSEXUALITATEA BURUKO ERITASUNEN ZERRENDATIK ATERATZEKO ESKATU DUTE

  • Transexualitatea buruko eritasunen zerrendatik ateratzeko eskatu dute
  • Bilbon eta Donostian elkarretaratzeak egin dituzte gizartean nagusi den «gizon-emakume binarismoa» amaitzeko
  • Berria, 2008-10-12 # Ainhoa Sarasola · Donostia

DMS-IV. Hizki horiekin dago jasota buruko eritasunen Europako zerrendan transexualitatea. AEBetako zerrendan ere jasota dago, beste kode batekin. Hizkiak hizki, transexualitatea buruko eritasun gisa hartzen du egun Osasunerako Mundu Erakundeak (OME). Horrek, osasun zerbitzuetara jotzen dutenean transexualentzat prozesu «oso gogorra» dakarrela uste dute Euskal Herriko Gay eta Lesbianen Askapen Mugimenduak (EHGAM) eta Medeak kolektibo feministak. Transexualitatea buruko gaitzen zerrendatik kentzeko eskatu zuten Donostian eginiko elkarretaratzeetan, atzo.


Josebe Iturrioz Medeak-eko kideak azaldu zuenez, transexualek osasun zerbitzuetara jotzen dutenean, psikiatra baten eskuetatik pasatu behar izaten dute lehenik, eta «prozesu gogorra» da hori haientzat. «Arazoren bat baduzu, depresioa esaterako, ez dizute uzten aurrera jarraitzen». Medikuntzak halako kasuetan jarraitzen dituen metodologia eta testak ere ez direla batere egokiak deritzo. «Nola neurtzen da gizontasuna eta emakumetasuna? Amaren zapatak jartzen ote dituzun edo makillatzen zaren galdetuta?».


Osasun sistemak, gizartean nagusi diren gizon-emakume bi polo hegemonikoak indartzen dituela uste du Iturriozek, eta ez dago horren alde. «Zergatik emakume batek ezin du zakilik izan? Guk diogu sexua bera eraikia dela, eta gorputzak askotarikoak direla; hor daude intersexualak, adibidez». Ordea, intersexualei jaiotzez ebakuntza egiten zaiela, eta normalean gainera ezkutatu egiten zaiela dio Iturriozek. «Beraz, errealitate hori ez dugu ezagutzen. Beti izango dira gutxiengo bat, erreprimitzen dugun heinean».


Hala, «gizon-emakume binarismoa» gainditu, eta horietatik harago, gorputzen aniztasuna aitortzeko eskatzen du. «Horregatik diogu gure gorputzak ez daudelagaixorik edo ez direla erratzen, baizik eta gizartea erratzen dela». Tokian tokiko erakundeei transexualitatea eta intersexualitatea modu integralean eta transbersalki lantzeko ere eskatzen die. Iturriozen esanetan, ez baita berdintasunerako departamentuetan lantzen diren gaietatik aparte dagoen zerbait, «sexualitatearen barruan eta sexismoarekin erlazionatua» dagoen auzia baizik.


Iritzi berekoa da Julen Zabala EHGAMeko kidea. Instituzioetatik auzia modu osoagoan landu beharko litzatekeela dio. Urtetan transexualitatearen auzia baztertuta egon dela uste du, baina ari direla, gay eta lesbianen eskubideen aldeko mugimendutik, errealitate hori azaleratzen saiatzen. Auzia gay eta lesbianen borroka agendan dagoela dio.


Eta transexualek izan ditzaketen arazo zehatzetatik harago ere, bi sexu nagusiren binarismoak ez duela zertan hala izan behar uste du, gizartean eredu hori oso errotuta badago ere. «Dena dago guztiz markatua; komunak neskentzat eta mutilentzat, nortasun agirian sexua jartzea... adibideak baino ez dira, baina garbi erakusten dutenak egunero estereotipo oso indartsuak sortzen dituztela, eta horrek eragina badu». Ordea, inguruan kasu latzen bat gertatzean soilik jabetzen da gizartea errealitate horretaz, Zabalaren ustez. Horregatik eskatzen du arlo guztietako erakundeen esku-hartzea.


Eskaera zehatzak
Transexualitatea buruko gaitzen zerrendatik ateratzeko eskatzeaz gainera, beste hainbat eskaera egin zituzten bi elkarteek atzoko protestetan. Hormona tratamendu eta ebakuntza «askeak» aldarrikatu zituzten, psikiatraren tutoretzarik gabekoak. «Genital anbiguoekin» jaiotakoei egun gutxira egin ohi zaien ebakuntza egiteari uzteko, agiri ofizialetatik «sexua» eta «ezertarako balio ez duten antzeko datuak» ezabatzeko, eta transexualen babeserako legeak sustatzeko ere eskatu zuten.


Hala, Osakidetzako lehen artatzean «erabateko hobekuntza» eta Gizarte Segurantzan tratamendu eta ebakuntzak onartzea aldarrikatu zuten. Eusko Jaurlaritzari, berriz, Generoaren Saila sortzeko eta transexualitatea berdintasunerako departamentu eta arloetan lantzeko eskatu zioten.


Donostian bezala, Bilbon ere elkarretaratzea egin zuten Trans Koordinakundeak deituta, eskaera berberak plazaratzeko. Gaurko, berriz, Gasteizen 7menos20 eta Las Invertidas taldeek deitu dute hitzordua, 13:00etan, Andra Mari Zuriaren plazan.

2008/09/21

> Berria: Ekitaldiak > EHGAM KANPALDIA: HOMOFOBIAREN KUTSADURATIK APARTE

  • Homofobiaren kutsaduratik aparte
  • Ostiralean hasi zen, Oiartzungo Arritxulo aterpean, EHGAMen Les-Gay kanpaldia, eta gaur amaituko da. «Eguneroko bizimodu merkantilistatik» irten, eta aniztasunean elkarrekin bizitzen ahalegindu dira bi egunez.
  • Berria, 2008-09-21 # Mikel Perurena · Oiartzun

Txirrindulariek malda gogorrak gainditu behar dituzte Aritxulegiko mendatea (Oiartzun, Gipuzkoa) garaitzeko. Malda gogorragoak izan ohi dituzte, egunerokoan, lesbiana, gay eta transexualek. Mikel Martin Conde EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduko kideak gogoratu duenez, «pertsonak eta sexualitatea askatzeko» gunea zabaltzen dute, hala ere, urtero: Les-Gay kanpaldia. «Egunerokotasunean dugun kutsadura homofobikotik irten eta elkarrekin bizitzeko beste modu batzuk probatzen ditugu», dio Martin Condek. Aurten Aritxulegiko mendatearen bidean dagoen aterpean antolatu du kanpaldia EHGAMek, Arritxulon.


Ostiral arratsaldean hasi ziren topaketak, eta, ordurako, 85 lagun elkartu ziren. Aterpeak 120 lagunentzako lekua du eta atzo gauean dena betetzea espero zuten antolatzaileek. Euskal Herri osotik bildu da jendea aurtengo kanpaldira, baita Leondik, Zaragozatik, Salamancatik (Espainia), Lyondik (Frantzia), Mauritaniatik eta Txiletik ere, besteak beste.


Martin Conde pozik agertu da aurtengo ekitaldiarekin: «Antolatzen ari zarenean, beti pentsatzen duzu ea dena ondo joango den; atzo [ostirala], afaldu eta egitaraua aurkeztu genuenean, aurpegiak ikusi, eta oso pozik jarri nintzen». Iaz baino jende gehiago elkartu dela, eta asko berriak direla, nabarmendu du EHGAMeko kideak.


Herri txikietako presioa
Aurten lehen aldiz etorri direnen artean, bat bereizi du Martin Condek: Gipuzkoako herri txiki bateko 50 urte inguruko emakume bat. Kezkaturik eta urduri omen zegoen izena emateko deitu zuenean. «Atea zabaldu diogu eta garrantzitsua da atea irekita uztea, eta berak ere beste batzuentzat atea irekita edukitzea». Kasu horretan, kanpalekura etortzeko erabakia hartzea jabetzeko edo boterea hartzeko modua dela adierazi du EHGAMeko kideak: «Urratsa egiten duenak hor egon behar du gero, beste batzuek urrats bera egin nahi dutenean laguntzeko». Albotik, Medeak elkarteko Josebe Iturriozek adierazi du lesbianen bazterketa oso gauza berezia dela: «Askoz gogorragoa da, herri txikietan batik bat». Hala ere, EHGAMek urtero antolatzen duen kanpaldia «arraroa» da, gizon baino emakume gehiago biltzen ari direlako azken urteetan. «Hori ez da batere normala, emakume lesbianak askoz ere ezkutatuago daudelako».


Iturriozen ustez, EHGAM punta-puntako erronkak aurkezten ari da, eta «neskentzako» eskaintza politiko erakargarria egiten ari da: «Instituzioak lantzen hasi dira gauza batzuk, baina gaur egun, hemen, ez dago beste gunerik gai hauetaz hitz egiteko». Gai horien artean daude, esaterako, transexualitatea, pornografia, queer teoriak edo drag-king-ak.


Iturriozek nabarmendu du transexualitatea «mende honetako erronka» izango dela. Izan ere, hormonak hartzeari utzi diote batzuek, beste batzuek uko egin diote ebakuntzak egiteari, teoria berriak agertzen ari dira... Iturriozen arabera, «iraultza» gertatzen ari da arlo horretan. Kanpaldian Post porno tailerra egin dute aurten, adibidez.


Hausnartzeko ez ezik, ondo pasatzeko eta elkar ezagutzeko topagunea da Les-Gay kanpaldia. Atzo goizean Bianditzera mendi itzulia egin zuen talde batek, beste batek yoga egiten zuen bitartean. EHGAMeko Amaia Gonzalezek argitu du ez dela derrigorra ekintzetan parte hartzea: «Norberak nahi duena egin dezake». Aukera zabala da: hitzaldiak, txalaparta eta sado-masokismo tailerrak, transfobiari buruzko erakusketa, Arditurriko meategietarako irteera... Atzo gaueko maribollotrans festaren ostean, gaur arratsaldean amaituko dira topaketak, datorren urtera arte.