Showing posts with label Zarautz. Show all posts
Showing posts with label Zarautz. Show all posts

2009/06/30

> Berria: Ekainak 28 > ZARAUTZEN, DENAK BATERA, "ARMAIRUTIK KALERA!"

  • Denak batera, «armairutik kalera!»
  • Ekainaren 28arekin batera ospatu dute Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualen Harrotasun Eguna. Zarautzen izan da eskualde mailako manifestazioa, eta beste hainbat ekitaldi ere egin dute jai giroan.
  • Urola Kostako Hitza, 2009-06-30 # Xabi Aizpurua Ugarte
Ahots batek eragin nabarmena izan dezake bere inguru hurbilean. Baina herritar talde handi batek oihu eta aldarri bateratua egiteak askoz ere eragin ikusgarriagoa lor dezake kalean. Gay, lesbiana, bisexual eta transexualen askatasuna bermatzeko egiten den lanak bi iturrietatik edaten du, egunero gertu dauden lagun eta senideen onarpenetik hasita gizarteko esparru guztietan normaltasunera iristea baita helburua. Euskal gizartea, ordea, oraindik ez da helmuga horretara iritsi eta aurten ere, ekainaren 28arekin, beharrezkoa izan da askatasun sexualaren aldeko ekimenak plazaratzea.

Ostadarra kalera
Urola Kosta eskualdeari dagokionez, Zarautzen egin ziren ekimen gehienak. Gurekin Jai festa batzordeak urtero egin ohi duen bezala bere egitarauan txertatu zituen askatasun sexualaren aldeko ekitaldiak. Arratsalde eguzkitsua izan zen igandekoa, eta manifestazio koloretsuak oraindik eta bizitasun gehiago eman zion herriari. Harreman eredu berrien alde, lesbianak kalera zioen pankartaren atzean, ostadarraren koloreak dituen bandera harro erakutsi zuten. «Zarautzen ere lesbianak gaude!», «armayotikan kalera!», eta gisa bereko beste zenbait aldarrik zipristindu zuten Alde Zaharra.

Manifestazioa txosna gunean amaitu zen. Antolatzaileek bertan azaldu zutenez, askatasun sexuala lortzeko bidean lesbianen egoera bistaratzeko indar berezia egin behar da, emakume izateak gizonezkoei baino oztopo eta zailtasun gehiago jartzen baitie oraindik ere.

Antzerkia eta parranda
Manifestazioaren ondoren antzerkia egin zuten, Txanogorritxoren ipuina goitik behera eraldatuta: rapa egiten zuen Txapelgorritxo, harroa izatera derrigortu zuten otsoa, tratu txarrak jasandako etxekoandrea, loti ederra eta Edurnezuriren arteko maitasuna... Barre ugari egin zuten bertaratu zirenek. Amaitzeko, playback saioa eta Korta y Pega DJa izan zituzten. Gaueko euri tantek freskura ekarri zuten berotasun artera.

2009/06/27

> Berria: Ekainak 28 > ZARAUTZ: BIHAR LESBIANEN ESKUBIDEAK ALDARRIKATZEKO DEIA EGIN DUTE

  • Bihar lesbianen eskubideak aldarrikatzeko deia egin dute
  • Gay, Lesbiana eta Transexualen Harrotasun Eguneko manifestazioa izango da Zarautzen, 19:30ean
  • Urola Kostako Hitza, 2009-06-27 # O. Prat
Urola Kostako Koordinadora Feministak bihar izango den Gay, Lesbiana , Bisexual etaTransexualen Harrotasun egunaren atarian, lesbianei eta herritarrei oro har kalera ateratzeko deia egin die, «aurten ere badagoelako zer aldarrikatu». Koordinadora Femistiraren iritziz, «jaiotzetik inposatzen diguten eredu heterosexistak eragin zuzena du egungo harreman eta sexualitate ereduan». Horrek guztiak «emakumeon sexualitatea amatasunera eta ugalketara bideratzen du. Emakumeok sexualitatea bizitzeko orduan ere, badirudi emakumeon lana gizonei plazerra ematea dela».

Sistemaren eragina
«Elizak, erakundeek, komunikabideek, eskolak, sistema honek eta berau elikatzeko erabiltzen duten hezkuntza sistemak lesbofobia, homofobia eta transfobia» eragiten dutela adierazi dute eta honek harreman eta eredu heterosexistak bultzatzen dituela. «Identitateak bizitzeko modu ezberdinak ere ezkutatzen» dituztela salatu dute, «horretarako errealitatea ukatzen saiatuz».

Bihar kalera ateratzeko deia egin die Koordinadorak lesbianei, «gure eskubideak tinko defendatu behar ditugulako». Horretarako beharrezkoa da, beraien ustez, «ikusezintasunarekin amaitzea eta lesbianen presentzia jendarteratzea». Horregatik, «homosexualitatearen aurka diharduten guztiei hortzak erakutsi eta sexualitatea askatasunez bizi nahi dugula ozen aldarrikatuko dugu, parekidetasunaren bidean arau heterosexista suntsituz».

Azpeitiko Bilgune feministak zenbait ekintza antolatu du Gay, Lesbiana eta Transexualen Harrotasun Egunerako. Autobusa izango da igandean 18:00etan Zarauzko txosna gunetik hasita egingo den manifestazioan parte hartzeko. Bestalde, 19:30ean, Azpeitiko Betharram aretoan , Maldito Felpudo filma emango dute eta ondoren hausnarketarako denbora egongo da.

Asteburu guztian zehar, gainera, irudi batzuk egongo dira udaletxe azpiko arkupetan.