Showing posts with label Mañueta. Show all posts
Showing posts with label Mañueta. Show all posts

2008/08/17

> Berria: Indarkeria > ARABA: ESTIBALITZ ANGULOREN HILKETA GAITZETSI DUTE HERRITARREK BILKURAN, MAÑUETAN

  • Estibalitz Anguloren hilketa gaitzetsi dute herritarrek bilkuran, Mañuetan
  • Udalak hilketa gaitzetsi eta elkartasuna adierazi dio familiari, ezohiko bilkura batean; eta bi eguneko dolua ezarri du
  • Berria, 2008-08-17 # Anakoz Amenabar

Ehun auzokide baino gehiago bildu ziren atzo, Mañuetako (Araba) herriko plazan, Estibalitz Anguloren hilketa salatu eta senitartekoei elkartasuna adierazteko. Ustez senarrak hil zuen herenegun Angulo, laban batekin lepoa moztuta; senarra Logroñoko (Espainia) erietxean dago oraindik, ustez bere buruari egindako zaurien ondorioz. Udalak herrian dolu egunera deitu du.


Udaletxe plazan bost minutuko isilunea egin zuten atzo, 11:30ean, herritar ugarik, gertatutakoa gaitzetsi eta Angulo gogoratzeko. Lehenago, Udalak ezohiko bilkura egin zuen indarkeria mota guztiak, eta bereziki genero indarkeria, gaitzesten dituen adierazpena onartzeko.


Herri txikia izanik, 350 bat lagunekoa, asko dira Mañuetan 72 urteko emakumearen nahiz senarraren senitartekoak, tartean Luis Troncos alkatea bera ere. Minari ezin eutsirik, ezin izan zuen adierazpena irakurri, eta haren ordez alkateordeak egin zuen, Udaleko zazpi zinegotzien babesarekin. «Gertakari tamalgarriaren aurrean familiari elkartasuna eta babesa adierazi nahi dio Udalak, herrian maitatua eta hain ezaguna den familiari». Bi eguneko dolua ezarrita, hedabideetako langileei, halaber, gertatutakoa errespetuz kontatzeko eskatu zien. Bost minutuko isilunearen ondoren, asko joan ziren, besarkada batekin, familiari elkartasuna adieraztera.


«Ezberdintasunei aurre»
Elkarretaratzean bildutakoen artean, Emakundeko zuzendari Izaskun Moiuak emakume eta gizonen arteko ezberdintasunen oinarrian lan egin behar dela adierazi zuen, berriz ere halako gertakaririk ez izateko. «Hemendik aurrera lan egitea baino ez zaigu geratzen. Jakina da emakumeen aurkako indarkeriaren oinarria ezberdintasunak direla, genero artekoak, eta, horregatik, horien kontra egin behar dugu».


Javier Aspuru Arabako Aldundiko Gizarte Sustapeneko diputatuak ere parte hartu zuen bilkuran. Genero indarkeriarekin tolerantzariarik ez izateko eskatu zuen. «Lehendabizi salatu beharra dago, eta halakoei tolerantziarik ez; bestetik, sentsibilizazio eta kontzientziazio neurriak indartu behar dira berdintasuna oinarri duen gizartean».


Bien bitartean, senarra oraindik ere Logronoko hospitalean dago, ustez bere buruari egindako zaurien ondorioz. Angulori autopsia egindakoan, bestetik, erabakiko du familiak noiz izango diren hileta elizkizunak.


Aurten genero indarkeriagatik Euskal Herrian hil den hirugarren emakumea izan daiteke Estibalitz Angulo. Urtarrilean Tatiele de Sousa Neres, 20 urteko emakume brasildarra hilik agertu zen Iruñean, eta uztailean, Nagore Laffage gazte irundarraren gorpua aurkitu zuten Orondritzen (Nafarroa).

  • Genero indarkeria: BIKTIMENTZAT AHOLKUAK
  • Erasoa gertatzear bada. Ahal izanez gero, berehala Poliziari deitu. Ertzaintzaren eta Foruzaingoaren larrialdi zenbakia da: 112. Ipar Euskal Herrian 01 40 33 80 60 da larrialdietarako telefono zenbakia
  • Erasoa gertatuz gero. Konfiantzazko norbaiti kontatu jazotakoa, eta laguntza eskatu.
  • Zauriak edukiz gero. Gertuen dagoen osasun etxera joan, gertatutakoa azaldu eta medikuaren txostena eskatu. Txostena oso garrantzitsua da salaketa jartzeko orduan.
  • Zauriak izan gabe ere. Udaletako gizarte zerbitzuetan laguntza psikologikoa, juridikoa eta ekonomikoa eska dezakete biktimek.
  • Babesa behar izanez gero. Eskatu babes agindua polizia etxean, auzitegian edo gizarte zerbitzuetan.
  • Infomazio gehiago. Eguneko 24 ordutan Hego Euskal Herrian eskura dago 016 doako telefono zenbakia, Espainiako Gobernuak biktimen arretarako jarritako telefonoa.

> Berria: Indarkeria > ARABA: MAÑUETARRAK ESTIBALIZEN HERIOTZA GAITZESTEKO BILTU DIRA

  • Mañuetarrak Estibalizen heriotza gaitzesteko bildu dira
  • Arabako Errioxan dagoen Mañuetako herritarrak atzo plazan bildu ziren aurreko egunean senarrak hildako Estibaliz A.ren heriotza gaitzesteko. Harridura erakutsi zuten, bien arteko harremana ona zela ematen baitzuen. 72 urte zituen Estibalizek, senarrak bezala, eta atzo haren senideei elkartasuna adierazi zieten herritarrek. Senarrak, Cristobal M.k, ospitalean segitzen zuen atzo, atxiloturik, emazteari eraso ondotik bere burua labanaz zauritu baitzuen.
  • Gara, 2008-08-17

Mañuetako herritarrak euren bizilaguna zen Estibaliz A.ren hilketa salatzeko eta haren senideei elkartasuna adierazteko bildu ziren. Udalak eguerdian elkarretaratzera deitu zuen, plazan, udaletxe aurrean, eta han bildu ziren herriko zazpi zinegotziak, alkatea buru, eta gainerako herritarrak. Estibalizek 72 urte zituen, bera hiltzea leporatuta atxilotutako senarrak, Cristobal M.k, bezala.


Arabako Errioxan kokatzen den Mañueta herriak 350 biztanle inguru ditu, eta herritarren samina nabaria zen, horien artean asko Estibalizen nahiz senarraren senideak baitira. Herriko alkatea bera ere beraien iloba da. Elkarretaratzea baino lehen Udal taldeak batzar berezia egin zuen, indarkeria, emakumeekikoa bereziki, gaitzetsi eta salatzen duen adierazpen bat osatzeko. Era berean, bi eguneko dolua ezarri zuten herrian. Udalak elkartasuna eta berotasuna helarazi zien senitartekoei, eta komunikabideei hitz eginez, eskatu zuten herri osoa hunkitu duen gertaera horrek sortutako egoeraren aurrean errespetua ager dezatela.


Herritarrez gainera, instituzioetako hainbat ordezkari bildu zen atzo Mañuetan, besteren artea, Izaskun Moyua Emakunde-ko lehendakaria. Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, gizon-emakumeen arteko berdintasun ezak segitzen duen bitartean horrelako gertaerak izango direla ohartarazi zuen, eta beraz, ildo horretan lanean segitzeko beharra nabarmendu zuen.


Ideia horixe izan zen hainbat eragilek gertaera latz horren berri izatean zabaldu zuten mezua, eta gehienek instituzioak jo zituzten egoera benetan aldatzeko arduradun gisa. Inplikazio gehiago eskatu zieten, orain arte hartutako neurriak aski ez direla agerian gelditu baita emakumeen kontrako indarkeriak eragindako beste heriotza horrekin. Gizarte osoaren esku-hartzea ere aldarrikatu zuten, arlo guztien eta jendartearen parte-hartzea beharrezkotzat jotzen baitute denei eragiten dien arazo hau sustraitik erauzteko. Astelehenean mobilizazioak egingo dira, hainbat kolektibo biltzen dituen Emakumeen Mundu Martxako plataformak deituta.


Aurten, hirugarrena
Oraingo honetan hildako emakumea eta heriotzaren eragilea 72 urtekoak badira ere, Euskal Herrian aurten izandako heriotzak gogora ekarriz gero, gazteengan agertzen den arazoa dela esango genuke. Urtarrilean Iruñean bere mutil-lagunak eraginda hil zen Tatiele de Souza 23 urteko neska gaztea. Erasotzaileak 20 urte zituen. Tatielen heriotzaren ondotik bere buruaz beste egiten saiatu zen, eta orduan bizirik atera bazen ere, Iruñeko kartzelan zela lortu zuen asmo hori betetzea, duela bi hilabete inguru. Aurten izandako bigarren heriotza Nagore Laffage, 20 urteko neskarena da. Iruñean gertatu zen, duela hilabete pasa. Haren eragileak 27 urte ditu. Bi heriotza hauek gogoan izan zituzten atzo hainbat ordezkari politikok eta eragilek.


Beste hilketa honen inguruan argibide handirik ez dute eman oraingoz. Dirudienez, joan den ostiralean, goizaldean senide batek Ertzaintzari deitu zioten gertaeren berri emanez. Senar-emazteak bizi ziren etxera joan ziren ertzainak, eta Estibaliz hilda aurkitu zuten, lehen itxuraren arabera, senarrak emandako labankadek eragindako zaurien ondorioz. Senarra ospitalera eraman zuten atxiloturik, ustez bere burua ere zauritu baitzuen labanarekin. Logroñoko San Pedro ospitalean dago, eta atzo jakinarazi zutenez, haren egoera egonkortu da. Zauriak sendatuz doazela adierazi zuten, baina diagnostikorik ez zuten argitu.


Hainbat herritarrek egindako adierazpenen arabera, senar-emazteen arteko harremana ona zen, eta leku gehienetara elkarrekin joaten omen ziren. Hiru seme-alaba zituzten. Hainbat herritarrek jakinarazi zutenez, ez zuten euren arteko istilurik ezagutzen, eta beraz, erabat harriturik eta heriotza hau ulertu ezinik zeuden mañuetarrak gertaera latz honen aurrean.

2008/08/15

> Berria: Indarkeria > ARABA: EMAKUME BAT LABANKADAZ HILDA AURKITU DUTE MAÑUETAN, ETA SENARRA ATXILOTU DUTE HILTZAILEA DELAKOAN

  • Emakume bat labankadaz hilda aurkitu dute Mañuetan, eta senarra atxilotu dute hiltzailea delakoan
  • Berria, 2008-08-15

72 urteko gizonezkoak ere laban zauriak ditu, Ertzaintzaren arabera, bere buruari egindakoak.


Labanaz lepoan egin dizkioten zaurien ondorioz hilda aurkitu dute emakumezko bat gaur goizean Mañuetan (Araba), bere etxean, eta senarra atxilotu egin du Ertzaintzak hiltzailea delakoan.


Goizeko hamarrak laurden gutxi aldera jakin du Ertzaintzak hilketaren berri, senar-emazten familiako norbaitek ohartarazita. Etxera joan direnean emaztea hilotz aurkitu dute, lepoan hainbat zauri zituela. Senarra ere etxean zegoen, eta hark ere labanaz egindako zauriak zituen, agi denez, bere buruari egindakoak. Atxilotu egin dute hiltzailea delakoan. Lehendabizi Logroñoko (Errioxa, Espainia) erietxe batera eraman dute zauriak sendatzera.