2008/08/17

> Berria: Indarkeria > ARABA: MAÑUETARRAK ESTIBALIZEN HERIOTZA GAITZESTEKO BILTU DIRA

  • Mañuetarrak Estibalizen heriotza gaitzesteko bildu dira
  • Arabako Errioxan dagoen Mañuetako herritarrak atzo plazan bildu ziren aurreko egunean senarrak hildako Estibaliz A.ren heriotza gaitzesteko. Harridura erakutsi zuten, bien arteko harremana ona zela ematen baitzuen. 72 urte zituen Estibalizek, senarrak bezala, eta atzo haren senideei elkartasuna adierazi zieten herritarrek. Senarrak, Cristobal M.k, ospitalean segitzen zuen atzo, atxiloturik, emazteari eraso ondotik bere burua labanaz zauritu baitzuen.
  • Gara, 2008-08-17

Mañuetako herritarrak euren bizilaguna zen Estibaliz A.ren hilketa salatzeko eta haren senideei elkartasuna adierazteko bildu ziren. Udalak eguerdian elkarretaratzera deitu zuen, plazan, udaletxe aurrean, eta han bildu ziren herriko zazpi zinegotziak, alkatea buru, eta gainerako herritarrak. Estibalizek 72 urte zituen, bera hiltzea leporatuta atxilotutako senarrak, Cristobal M.k, bezala.


Arabako Errioxan kokatzen den Mañueta herriak 350 biztanle inguru ditu, eta herritarren samina nabaria zen, horien artean asko Estibalizen nahiz senarraren senideak baitira. Herriko alkatea bera ere beraien iloba da. Elkarretaratzea baino lehen Udal taldeak batzar berezia egin zuen, indarkeria, emakumeekikoa bereziki, gaitzetsi eta salatzen duen adierazpen bat osatzeko. Era berean, bi eguneko dolua ezarri zuten herrian. Udalak elkartasuna eta berotasuna helarazi zien senitartekoei, eta komunikabideei hitz eginez, eskatu zuten herri osoa hunkitu duen gertaera horrek sortutako egoeraren aurrean errespetua ager dezatela.


Herritarrez gainera, instituzioetako hainbat ordezkari bildu zen atzo Mañuetan, besteren artea, Izaskun Moyua Emakunde-ko lehendakaria. Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, gizon-emakumeen arteko berdintasun ezak segitzen duen bitartean horrelako gertaerak izango direla ohartarazi zuen, eta beraz, ildo horretan lanean segitzeko beharra nabarmendu zuen.


Ideia horixe izan zen hainbat eragilek gertaera latz horren berri izatean zabaldu zuten mezua, eta gehienek instituzioak jo zituzten egoera benetan aldatzeko arduradun gisa. Inplikazio gehiago eskatu zieten, orain arte hartutako neurriak aski ez direla agerian gelditu baita emakumeen kontrako indarkeriak eragindako beste heriotza horrekin. Gizarte osoaren esku-hartzea ere aldarrikatu zuten, arlo guztien eta jendartearen parte-hartzea beharrezkotzat jotzen baitute denei eragiten dien arazo hau sustraitik erauzteko. Astelehenean mobilizazioak egingo dira, hainbat kolektibo biltzen dituen Emakumeen Mundu Martxako plataformak deituta.


Aurten, hirugarrena
Oraingo honetan hildako emakumea eta heriotzaren eragilea 72 urtekoak badira ere, Euskal Herrian aurten izandako heriotzak gogora ekarriz gero, gazteengan agertzen den arazoa dela esango genuke. Urtarrilean Iruñean bere mutil-lagunak eraginda hil zen Tatiele de Souza 23 urteko neska gaztea. Erasotzaileak 20 urte zituen. Tatielen heriotzaren ondotik bere buruaz beste egiten saiatu zen, eta orduan bizirik atera bazen ere, Iruñeko kartzelan zela lortu zuen asmo hori betetzea, duela bi hilabete inguru. Aurten izandako bigarren heriotza Nagore Laffage, 20 urteko neskarena da. Iruñean gertatu zen, duela hilabete pasa. Haren eragileak 27 urte ditu. Bi heriotza hauek gogoan izan zituzten atzo hainbat ordezkari politikok eta eragilek.


Beste hilketa honen inguruan argibide handirik ez dute eman oraingoz. Dirudienez, joan den ostiralean, goizaldean senide batek Ertzaintzari deitu zioten gertaeren berri emanez. Senar-emazteak bizi ziren etxera joan ziren ertzainak, eta Estibaliz hilda aurkitu zuten, lehen itxuraren arabera, senarrak emandako labankadek eragindako zaurien ondorioz. Senarra ospitalera eraman zuten atxiloturik, ustez bere burua ere zauritu baitzuen labanarekin. Logroñoko San Pedro ospitalean dago, eta atzo jakinarazi zutenez, haren egoera egonkortu da. Zauriak sendatuz doazela adierazi zuten, baina diagnostikorik ez zuten argitu.


Hainbat herritarrek egindako adierazpenen arabera, senar-emazteen arteko harremana ona zen, eta leku gehienetara elkarrekin joaten omen ziren. Hiru seme-alaba zituzten. Hainbat herritarrek jakinarazi zutenez, ez zuten euren arteko istilurik ezagutzen, eta beraz, erabat harriturik eta heriotza hau ulertu ezinik zeuden mañuetarrak gertaera latz honen aurrean.

No comments: