Showing posts with label Antzuola. Show all posts
Showing posts with label Antzuola. Show all posts

2009/07/19

> Berria: Festak > GIPUZKOA: MAIRUAREN ALARDEKO ALDAKETEK ERANTZUN ONA LORTU DUTE ANTZUOLAN

  • Mairuaren Alardeko aldaketek erantzun ona lortu dute
  • Goiena, 2009-07-19 # Txomin Madina
Iragarritako aldaketak medio, Antzuolako bertako eta kanpotik etorritako jende andana bildu zuen Mairuaren Alardeak zapatuan.

Lehenengo aldiz, fusileroen artean emakumeak egon dira aurten, eta alardearen beraren ibilbidea ere luzatu egin dute.

Mairuaren itxura eta eszenografia berria izan da baina zeresan gehien piztu duena. Herritarren artean galdetuta gainera, esan daiteke, aldaketak jendearen gustukoak izan direla; ikusleen iritziz, itxura ikusgarriagoa izan du aurten mairuak, eta bere figura duintzeko ahalegina ere ontzat eman dute.

Juan Carlos Gomezek bete du aurten lehenengoz Abderraman III.a mairuaren papera, eta hasierako urduritasunak alde batera utzita, bera ere pozik zegoen alardeak emandakoarekin.

Bestela ere, jende ugari jaietan
Eguenean eman zitzaien hasiera aurtengo herriko jaiei. Hasiera koloretsua egin zuten gainera, eta alkate eta alkatesa txikien saioaren ostean, umeek udalekuetan gertatutako ikuskizuna egin zuten.

Iluntze aldera, eta salbearen ostean, Antzuolako bandera eta ikurrina jasotzea egin zuten. Urtero legez, Pedro Iturbe alkatea buru, aurreskua dantzatu zuten udalbatzako kideek.

Egubakoitzean, bigarren urtez gastronomia lehiaketa egin zuten. Iaz marmitakoa izan bazen aurten paella izan da prestatu beharreko platera baina aldatu ez zirenak, irabazleak izan ziren: Florentino Lamariano eta Isidoro Quintana ibili dira berriz ere sukalde kontuetan nagusi.

Txosna batzordeak ere hainbat ekitaldi antolatu ditu jaietan: herriko hainbat koadrila esaterako, altxorraren bila ibili ziren egubakoitzean, eta mus txapelketa ere egin zuten. Jende asko ibili zen baita ere egubakoitzean, Antzuolako trikitilarien doinuekin egin zen poni eta zezentxoen erakustaldian.

Domeka eguerdi aldera, Acordes Navarros jota taldeak girotu zuen herriko plaza.

2007/07/13

> Berria: Festak > MAIRUAREN ALARDEA, ANTZUOLAKO JAIETAKO EKITALDIRIK AIPAGARRIENA

  • Mairuaren Alardea, Antzuolako jaietako ekitaldirik aipagarriena
  • Hasiak dira 2007ko Antzuolako jai nagusiak. Kanpai eta suziri artean jaietarako deia kalejira baten bidez zabaldu ostean, antzuolarrak festa giroan sartu ziren atzo. Lehen egunean, kantu-afaria eta Hontzaren Jaitsiera izan ziren ekitaldirik arrakastatsuenak. Hala ere, urtero bezala, zapatuko Mairuaren Alardeak piztuko du ikusmin handien. Antzuolarrek antzina Abd al-Rahman III.aren tropei irabazitako bataila gogorarazten du historiaz jositako ekitaldiak.
  • Gara, 2007-07-13 # Jokin Bereziartua

Atzotik hasi eta igandera arte, Antzuolan jai giroa izango da nagusi. Aurtengo egitarauak adin guztiei zuzendutako hamaika ekitaldi eskaintzen du. Jolasak, feriak, kontzertuak, herri bazkariak eta herri kirolak aurki daitezke, beste ekitaldi batzuen artean, aurtengo jaien programan. Aspertzeko unerik ez, beraz.


Atzo, jaietako egun guztietan bezalaxe, ez zen umeei zuzendutako jarduerarik falta izan. Goizeko hamar eta erdietan, udaleku irekietako begiraleekin jolasak egin zituzten, eta geroago, eguerdiko bietan, herriko plazan guztiek bapo-bapo bazkaldu zuten. Beste alde batetik, gazteek jaietan beren topaleku nagusi izango diren txosnak ireki zituzten, eta gauean Ipar Irlandako talde baten kontzertua izan zen Zurrategi plazan; Terry O´Nellyrena, hain zuzen ere. Bestalde, Gimnasia Erritmikoko eta Antzuola Kirol Elkarteko kirolariek Hontzaren Jaitsiera egin zuten, «gau iluneko erregeak bere begiradarekin» antzuolarrak zain ditzan. Helduek, ordea, Herriko Plazan afaldu ostean, Bentazaharreko Mutiko Alaiak musika taldearekin euskal kantekin gozatzeko aukera izan zuten.


Memento nagusia

Nolanahi ere, jaietako memento nagusia uztailaren 14an gertatuko da, arratsaldeko seietan. Izan ere, jaietako zapatu arratsaldeetan egiten duten Mairuaren Alardea da, ezbairik gabe, Antzuolako Jaietako ekitaldi nagusia. Mairuaren Alardearekin Baldejunkerako -Salinas de Oro eta Muez herrien artean dagoen harana- batailan Antzuolako talde baten borroka gogorarazten dute. Orduko Kordobako kalifari, Abd al-Rahman III.ari hain zuzen, gudua irabazi ziotela irudikatzen duen bandera kentzea omentzen du Antzuolako herriak ekitaldi horretan. Bandera historiko horren kopia bat kaleratzen dute. Horretarako, egitarauren antolatzaileen esanetan, «kolorez beterikoa, originala eta ikusgarria» den desfile bat egiten dute.


Antzuolatarrentzat hain berezia den ekitaldi horren ezaugarri aipagarrienak musika, bandera, kapitainaren hitzaldia eta abesten dituzten bertsoak dira. Desfilearen ondoren eta Antzuolako herriak duen dantza-tradizioaren adierazle, herriko dantzariek Trokeo dantza izeneko dantza egiten dute. Gutxienez bi mende ditu.


[…]