- Transexualen eskubideak aitortzeko legeak eskubide horiek errespetarazteko izan behar du
- Gara, 2009-11-18
2009/11/18
> Iritzia: Gara > TRANSEXUALEN ESKUBIDEAK AITORTZEKO LEGEAK ESKUBIDE HORIEK ERRESPETARAZTEKO IZAN BEHAR DU
2009/11/10
> Berria: Salaketa > ERREGE ESPAINOLAREN BISITA DELA-ETA, PROTESTA EGINGO DUTE DONOSTIAN
- Errege espainolaren bisita dela-eta, protesta egingo dute Donostian
- Gara, 2009-11-10
Bisita horren harira, Donostiako ezker abertzaleko kideek adierazi dute «ikur inposatzaile goren» horrek Euskal Herrian «ezartzen duen salbuespen egoera» salatu beharra dagoela. Salaketa hori egiteko modurik egokiena Euskal Herriak aldaketa politikoa eta soziala behar duela aldarrikatzea dela uste dute: «Aldaketa, Euskal Herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea errespetatzeko, eta aldaketa, Euskal Herriaren independentziarako ateak ireki ahal izateko».
Protesta 12.00etan
Horrela, Juan Carlos Borboikoa nor den «argi» adierazi eta oroitarazi nahi dutela azaldu dute ezker abertzaleko kideek. Izan ere, errege hori Francisco Franco diktadore espainolak bere ondorengo gisa izendatutakoa da, beraz, «estatu espainolaren interes zapaltzaile eta asimilatzaileak bermatzen jarraitzeko arduraduna». Horregatik, Donostiako ezker abertzaleko kideen arabera, «errege espainola Euskal Herriaren ukazio eta eskubideen zapalkuntzaren ikur nagusia da», eta erregearen irudia eta jarduna halakotzat hartu behar dela nabarmendu dute.
Duela 30 urte Hego Euskal Herrian gertatu zen trantsizioaren «balizkotasuna» irudikatzen duela errege horrek defendatu dute, alegia: «Euskal Herriak onartu ez zuen eta Espainiar botere ekonomiko, judizial eta militarrek inposatu zuten estatu-marko berria, Konstituzioa, inposatu zeneko sasitrantsizioa».
Horiek horrela, Donostiako ezker abertzaleko kideek dei egin dute «Independentziaren bidean, aldaketa politiko eta soziala» lelopean bihar Aquariumaren aurrean, eguerdiko hamabietan, izango den kontzentrazioan parte hartzera.
2009/11/06
> Berria: Transfobia > ONARTU DUTE TRANSEXUALA IZATEAGATIK LANETIK BOTA IZANA BIDEGABEA IZAN ZELA
- Onartu dute transexuala izateagatik lanetik bota izana bidegabea izan zela
- Maria Jesus Lastra lanetik kaleratu egin zuten transexuala izateagatik. Saltokiko jabearen aurkako epaiketa atzo egitekoa zen, baina bi aldeak adostu dira, eta nagusiak jarrera diskriminatzailea izan zuela onartu du.
- Gara, 2009-11-05 # Zuriñe Etxeberria
Maria Jesus Lastra joan den ekainaren 5ean lanpostutik kaleratu zuten, bere ezaugarri sexualak direla-eta. Otartekoen saltoki txiki batean laneko lehen eguna zuen Lastrak, baina lan kontratua prestatzeko gestioak egiten ari zela, nagusia ohartu zen emakumea transexuala zela. «Saltokia parranda gune batean dago, eta jendea mozkortuta ibiltzen denez, erasoak jasan zitzakeen», aitzakia horrekin, nagusiak segituan erabaki zuen Maria Jesus Lastra kaleratzea.
Emakumeak, kaleratze bidegabe hori komunikabideen aurrean salatu ez ezik, bukaerara arte jarraitzea erabaki zuenez, epaile baten esku ere utzi zuen afera. Epaiketa atzo egitekoa zen, baina azkenean, bi aldeen abokatuek akordioa lortu dute, eta beraz, ez da epailearen aurreko agerraldirik izan.
Emaitzarekin «konforme»
Justizia Jauregian sartu baino ordu erdi lehenago, Maria Jesus Lastrak GARAri adierazi zion bera ondo dagoela, baina nabarmendu zuen halako egoera batean aurkitzea ez dela «batere atsegina»: «Nik ez nuen ezer txarrik egin eta lanetik kanporatua izan nintzen». «Transexualak jende multzo bat gara, eta gainerakoen eskubide berdinak ditugu; gizarteak hori onartu arte, honen antzeko egoerei eta are okerragoei egin beharko diegu aurre», salatu zuen Lastrak.
Bestalde, EHGAMeko kide Amets Martinezek honako adierazpenak egin zituen: «Kaleratze hori transfobia kasu bat izan da, eta sententziak hori islatzea nahi dugu».
Azkenean akordioa adostu dutenez epaiketarik izan ez den arren, Martinez, kolektibo osoaren izenean, «konforme» agertu zen, akordioan aitortu egin delako «diskriminazioz jokatu zutela eta kanporaketa bidegabea izan zela». Maria Jesus Lastrak kalte-ordaina jasoko du, eragin dioten kaltea konpentsatzeko.
2009/10/25
> Berria: Elkartasuna > 2.500 ATXIKIMENDU ETXERAT ETA PRESOEN ESKUBIDEEN ALDE
- 2.500 atxikimendu Etxerat eta presoen eskubideen alde
- «Elkartasun uholdea» izeneko manifestuak dagoeneko 2.500 atxikimendu jaso dituela ezagutzera eman zuten atzo. Etxerat elkarteari babesa ematea eta euskal preso politikoen eskubideak errespetatzea eskatzen duen idazkiari Euskal Herriko norbanako ugarik eta hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek agertu diote sostengua.
- Gara, 2009-10-25 # Manex Altuna
Kultura, politika, kirola, sindikalgintza eta gizarte mugimenduetako ordezkari andana izan zen egitasmoari babesa emanez. Besteak beste, bertan izan ziren ezker abertzaleko Arantza Urkaregi eta Jose Ramon Etxebarria, Aralarreko Rebeca Ubera eta Iñaki Aldekoa, Alternatibako kide Jonathan Martinez, LAB sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaide, Periko Solabarria militante historikoa edo gazte independentisten ordezkariak «Independentzia» lelodun kamiseta gorriekin.
Bilgune Feministako Izaskun Guarrotxena, Mati Iturralde medikua, ESAITeko kide eta futbolari ohi Ritxi Mendiguren, Elkartzeneko Aitor Balda eta Julen Arzuaga Behatokiko abokatua izan ziren beste aurpegi ezagun batzuk. Horiekin batera, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Xabier Amuriza, Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Beñat Gaztelumendi eta Iratxe Ibarra bertsolariak ere bertan izan ziren, baita Hesian, RIP edo Bilbomatiks taldeetako musikariak ere.
Ezagutzera eman zutenez, 2.500 atxikimendu jaso ditu jada manifestuak, baina oraindik ere elkartasunauholdea.wordpress.com atarian sinadura emateko aukera dago.
Azpimarratu zutenez, manifestuak izan duen zabalkundeak erakusten du «euskal presoen eta euren senide eta lagunen aurka jotzeak euskal jendartearen bihotzaren aurka bete-betean jotzea» suposatzen duela. Izan ere, senide eta lagunen mundua «anitza» dela eta «mota guztietako profesionalak» batzen dituela nabarmendu zuten.
Zilegitasun osoa
Oihana Bartra bertsolari santutxuarrak eta Iñaki Olano EITBko kazetariak irakurri zuten, euskaraz eta gaztelaniaz, Etxerat elkarteari babesa emateko eta presoen eskubideak errespetatzea eskatzeko prestatutako idazkia.
Adierazi zutenez, azkenaldian euskal preso politikoen senide eta lagunek pairatu dituzten erasoak «kezka handiz» bizi izan dituzte. Bidaietan jasan dituzten miaketa, kontrol edo mehatxuekin batera, udan zehar «kriminalizazio saiakera» nabarmena izan dela salatu zuten, polizia ezberdinek mobilizazioen aurka jo baitute «kolpe, karga, isun edo epaileen aurreko zitazioen bidez».
Etxeraten legez kanporatze eskaera izan dela azken kapitulua adierazi zuten eta beren aburuz «eraso hauek guztiek euskal presoek pairatzen duten eskubide urraketa etengabeari inpunitatea eskaintzea besterik ez dute bilatzen».
«Etxerat elkarteak zilegitasun osoa du bere senide eta lagunek dituzten eskubideen alde jarduteko eta gizarteari euskal presoek jasaten duten espetxe politikaren testigantza emateko», nabarmendu zuten.
Horregatik, presoen senide eta lagunen elkartearen kontrako «eraso eta mehatxuak bertan behera geratzea» eskatu zuten. Aldi berean, «presoen Euskal Herriratzea eta beren eskubideen errespetua» aldarrikatu zituzten. Ildo horretan, zigorra beteta duten kartzelaratuak eta larriki gaixorik dauden presoak askatzea exijitu zuten «bestelako jarrerak ez direlako konponbide politiko baterako lagungarri».
Azkenik, euskal jendarteari dei egin zioten urriko azken ostiralean Euskal Herriko herri eta auzoetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko.
- Carta de Alfonso Sastre a Etxerat
Permitidme tan sólo unas pocas palabras que van ahí sin mÍ, porque yo mismo no puedo estar presente, con vosotros, y sólo estoy en espíritu, de manera que mi corazón sí os acompaña.
Yo pienso con frecuencia en este aspecto de la reciente historia vasca: en el hecho de que las familias de los prisioneros sean objeto de ese castigo, que no es ya sólo la ausencia de los seres queridos sino además las grandes distancias de esa ausencia, que hace de ellas -de vosotros- víctimas inocentes no ya de cualquier delito sino incluso de cualquier responsabilidad.
Es por lo que comprendo que el ilustre grito de amnistía -Amnistía osoa!- tome a veces la forma inmediata de este otro: Presoak etxera!; voz que tiene, por otra parte, el doble significado que le da el que el país de uno sea «su casa» simbólicamente hablando y también, en un sentido concreto, «el domicilio» en el que uno vive (o vivía) y del que el prisionero, además de privado de su libertad, está lejano, «alejado», de su país y de su domicilio.
Siempre estoy recordando, cuando pienso en vosotros, el caso imaginario de "Antígona", aquel personaje de una tragedia griega de hace dos mil quinientos años; una mujer que se ve abocada a la muerte propia ¯a ser asesinada», ¿y ello por qué? Sencillamente: Por ser una hermana fiel de un militante político-militar, y ni siquiera porque lo acompañe o le ayude en sus riesgos y peligros sino porque, una vez muerto, ¡intenta enterrarlo! Eso hace de ella lo que hoy se llamaría «una terrorista».
Situaciones reales y de hoy se dan también, además de en el "caso vasco", por ejemplo en Palestina, donde el ejército israelí -que no está compuesto de terroristas, claro, sino de respetables "fuerzas armadas"- bombardea y destruye las casas... de las familias de los patriotas palestinos. El delito de esas familias es que alguien entre ellos es un patriota.
Todos esto, queridas amigas, queridos amigos, tiene que cambiar muy radicalmente y para eso luchamos cada uno con sus pequeñas fuerzas. Por mi parte, no tengo duda de que la libertad de todos los prisioneros vascos es una condición «sine qua non» para que un día por fin estalle... ¡la paz! en este pueblo. Y esa paz tiene que llegar.
Os envío mis más fraternales saludos con mis mejores deseos. Alfonso Sastre
2009/10/21
> Berria: Hiesa > HIESARI AURREA HARTZEKO "FUNTSEZKO ERREMINTA" BILAKATU DA PROBA AZKARRA
- Hiesari aurrea hartzeko «funtsezko erreminta» bilakatu da proba azkarra
- Berehalakoa, anonimoa eta doakoa, horrelakoa da hiesari aurrea hartzeko «funtsezko erreminta» bihurtu den proba azkarra. Minutu gutxitan burutzen den proba honek, besteren artean, infekzioaren transmisio arriskua ekiditea edota diagnostikoa ahalik eta azkarren lortzea ditu helburu.
- Gara, 2009-10-21 # Zuriñe Etxeberrria
Orain dela bi urtetik dago Gasteizen hiesaren proba azkarra egiteko aukera; hain zuzen ere, San Frantzisko kaleko bigarren zenbakian, Sidalava batzordearen egoitzan. Proba egiteko lehendabizi ziztada txiki bat ematen zaio interesatuari, odol tantatxo bat hartzeko. Behin odol tanta hartuta, kartoi berezi batean jarri eta erreakzioa eragiten duen likido bat botatzen zaio. Emakumeek haurdun ote gauden jakiteko egiten ditugun proben oso antzekoa da.
Minutu batzuen buruan, emaitza izango dugu; proba egiteko erabilitako kartoian marra batzuk azalduko dira. Lehen marrak Giza Immunoeskasiaren Birusa dugula adieraziko luke; bigarrenak, berriz, proba bera baliozkotzat hartzeko balio du. Hau da, emaitza positiboa edo negatiboa izan, bigarren marra beti agertu behar da. Agertu ezean, proba ez da baliagarria izango eta prozesu osoa errepikatu beharko da.
Birusak positibo ematen duen bakoitzean Sidalavak protokolo bera jarraitzen du: Txagorritxuko ospitalearekin kontaktuan jarri eta bertara gerturatzen dira emaitza baieztatzeko. Berriz positibo emanez gero, tratamenduarekin hasi beharko litzateke. Emaitza positiboa denean, Arabako batzorde hau gaixoaren jarraipena egiten saiatzen da, etorkizunean izan ditzakeen beharretan laguntza emateko.
Batzordeko kide den Txerra Bolinagak azaldu zigunez, «probako emaitza negatiboa denean, %100ean da fidagarria; positiboa denean, ordea, %99an». Izan ere, Bolinagak adierazi zigunez, birusa dugun edo ez erabat ziurtatzeko denbora tarte bat beharrezkoa da -epe horri «leiho garaia» deitzen zaio-. Birusa hartu eta hiru hilabete pasa arte ezinezkoa da gaixotasuna detektatzea, «horrek suposatzen duen ezinegonarekin». Ezinegona GIBa dugun ez dakigulako eta, gainera, beste bati transmititu diezaiogulako.
Kasu gehiago azken urtean
Arabako hiesaren kontrako batzordean 80 pertsona inguruk egiten dute lan guztira; prebentzio arloan buru-belarri aritzen direnak, berriz, bost dira. Infekzio kopuruak izandako igoera dela-eta «kezkatuta» daude batzordean, izan ere, hiesaren prebentzio eta kontrolerako EAEko planeko datuen arabera, 2007tik 2008ra 173tik 199ra igo zen proban positibo emandako pertsona kopurua. Hori bai, baliteke horren arrazoia gero eta proba gehiago egiten direla izatea ere.
Aurtengo datuei dagokienez, urtarrila eta iraila bitartean 355 pertsona izan ziren Arabako batzordearen egoitzan informazio eske. Guztira 350 proba egin zituzten -bost kasutan praktika arriskutsurik ez zenez egon proba ez egitea erabaki zuten-, eta horietarik pertsona bakarrak eman zuen positibo. Proba egin zuten gehienak gizonak ziren, nahiz eta 143 emakume ere gerturatu ziren, baita beste bost emakume transexual ere. Proba egiteko arrazoi nagusia sexu harremanak izaterakoan preserbatiboa apurtzea edo hori ez erabiltzea izan zen. Proba egin zutenen erdia baino gehiago ziren gasteiztarrak.
Proba anonimoa, doakoa eta berehalakoa izatea oso baliagarria da gero eta jende gehiagok egin dezan. Eta noski, bide batez, birusa transmititzea ekiditeko.
2009/10/15
> Berria: Salaketa > ESKUTITZEZ JASOTAKO IRAINEN AURREAN ELKARTASUNA ERAKUTSI DIOTE GANBOARI
- Eskutitzez jasotako irainen aurrean elkartasuna erakutsi diote Ganboari
- Gara, 2009-10-15
Hain zuzen ere, bi gutun jaso ditu gazte durangarrak eta «komunista zikina», «maritxu zikina» eta «kontuz ibili» gisako irain eta mehatxuak egiten dizkiote horietan. EHGAMetik salatu dutenez, «ez da gure erakundeko militanteen kontra aritzen diren lehen aldia». Honakoa ere gaineratu dute: «Faxistek askatasun osoz dihardute heterosexual, zuri eta espainol ez garenen kontra, politikari, epaile eta polizien begionez». Hala ere, erakundeko kideek azpimarratu dutenez, «33 urte daramagu kalean, lanean, askatasun sexualaren aldeko borrokan eta horrela jarraituko dugu, faxismoaren aurrean `Stop' seinale erraldoi bat eraikitzen».
Horrez gain, Aralarreko eta Iratzarriko kideek agerraldia eskaini zuten atzo goizean Durangon, «gaztearen aurkako mehatxuak salatzeko». Bertan, «pertsona guztiek eskubide zibil eta politiko berak izan beharko lituzkete, salbuespenik gabe», azpimarratu zuten.
2009/07/03
> Berria: Despenalizazioa > HOMOSEXUALITATEA ZIGORTZEN DUEN ARTIKULUA INDARGABETU DUTE INDIAN
- Homosexualitatea zigortzen duen artikulua indargabetu dute Indian
- Britainiarren kolonizazio garaitik Indian indarrean zegoen homosexualak zigortzeko Kode Penaleko artikulua indargabetu zuen atzo Delhiko Goi Epaitegiak. Isun bat eta hamar urteko espetxealdiarekin zigortzen zuen artikulu horrek homosexualitatea.
- Gara, 2009-07-03
1860an indarrean sartu zen Indiako Kode Penalaren 377. artikuluak homosexualen harremanak zigortzen zituen, batez ere sodomia. Atzoko epaian, berriz, artikulu hau Indiako Errepublikaren Konstituzioaren aurkakoa dela nabarmentzen da.
«Ezin da ahaztu bazterkeria pertsona guztien duintasunaren oinarri den berdintasunaren antitesia dela», adierazi dute epaileek.
Orain arte, Kode Penalak «naturaren kontrako jardueratzat» jotzen zuen homosexualitatea eta isun bat eta hamar urteko espetxe zigorra ezartzen zuen. Normalean legedia aplikatzen ez bazen, gay eta lesbianen eskubideen aldeko taldeek poliziek mehatxu ugari egin izan dizkietela salatu dute maiz.
Hala ere, Delhiko Goi Epaitegiaren epaiak ez du India osoan eraginik. Dena den, epaileek homosexualen aurkako artikulua adin nagusikoen arteko harremanetan India osoan aplika ez dadin eskatu dute, Tripti Tandon abokatuak France Presseri esan zionez.
«Oraingoz, epaia soilik Delhin izango da indarrean, baina bere garrantzia izugarria da eta erreferentziala izango da herrialdeko txoko guztietan», nabarmendu zuen Gautam Bhan gay militanteak.
ONUSIDAren txaloak
Delhiko epaia oso garrantzitsua dela adierazi zuen Nazio Batuen Hiesaren aurkako Programak (ONUSIDAk), eta horri esker homosexualak eta eritasun hau pairatzen dutenak ez direla ezkutuan bizitzera beharturik izango.
«Mundu osoan aurrekaritzat jo daiteke Indiakoa», adierazi zuen ONUSIDAko Susan Timberlakek. «Egun, 80 herrialdetan zigortzen dute homosexualitatea. Homofobia giza eskubideen urraketa da gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoentzat, transexualentzat eta lesbianentzat», adierazi zuen Timberlakek Genevan izandako prentsaurreko batean. Egoera honek VIH birusa duten pertsona ugarik beharrezko duten mediku arreta ez jasotzea du ondorio», gaineratu zuen Timberlakek. Egun 2,5 miloi pertsonak du hiesa Indian.
2009/07/02
> Elkarrizketa: Monika Martin > "GAZTEEK HOMOSEXUALITATEA ONARTU ONARTZEN DUTE, BAINA BERE INGURUETATIK KANPO"
- «Gazteek homosexualitatea onartu onartzen dute, baina beren inguruetatik kanpo»
- Psikologian lizentziaduna, tratu txarretan espezializatua dago eta ikastetxeetan egiten du lan gazteekin. UEUko udako ikastaroetan «Bulling homofobikoa: nola ekidin sexu aniztasunarekiko diskriminazioa gazteengan?» ikastaroa eskaini zuen atzo.
- Gara, 2009-07-02 # Maider Eizmendi
Zein modutan eta zen mailatan gertatzen da bulling homofoboa?
Gehitu-k egin duen ikerketa baten arabera, nahiko zabalduta dago. Datu bat ematearren, gazteen %74k entzun izan ditu gazte homosexualen aurkako irainak, eta 300 ikasletik 13k jipoitu izan dute gazte bat homosexuala delako edota ezarrita dagoen genero roletik kanpo dagoelako.
Genero rolak aipatu dituzu.
Bulling homofoboa ez dute jasaten soilik LGTB kolektiboko pertsonek, bere genero roletik irteten direnek ere jasaten dute. Gero eta markatuagoak daude genero rolak. Gazteek, beren diskurtsoan, oso markatua dute sexu moral bikoitza, oso zehaztuta dute zer egin behar duten neskek neska izateagatik, eta zer mutilek. Mutil bati futbola ez, baizik eta dantza gustatzen bazaio arazoak izan ditzake.
Bat egiten dute diskurtsoak eta jarrerak?
Banaka hartuz gero, gazteak errespetuz mintzatzen dira, baina talde araua kontrakoa da; denek berdinak izan behar dutela pentsatzen dute, eta hortik irteten denak zigortua izan behar duela. Diskurtso zuzena oso barneratuta daukate, baina sakonki aztertzen dituzunean konturatzen zara ez dela horrela: onartu onartzen dute, baina beren ingurutik kanpo. Horregatik, gazteek ere beren inguruetatik irteten direnean espresatzen dute homosexualak direla, ikastetxez aldatu direnean edota herritik aldatu direnean.
Bereziki zein eremutan gertatzen da bulling homofoboa?
Batez ere eskolan nabarmentzen da berdinen arteko diskriminazioa eta bazterkeria.
Nola eragiten dute jarrera horiek pairatzen dituzten gazteengan?
Orokorrean ez dute beren orientazio sexuala onartzen, badakitelako zer gerta daitekeen. Baina arazo larriagoak ere izaten dira: depresioa, bakartzea... Zantzuak daude gainera, bere buruaz beste egiteko arrazoi garrantzitsua dela, nahiz eta hori ez den azaleratzen.
Zein modutan landu behar da gaia?
Zaila da lantzeko baina txiki-txikitatik erakutsi behar zaie haurrei genero rolak malguak direla, ez direla horren markatuak. Gizartea oro har aniztasun eredu batean hazi behar da. Garrantzitsua da gaia ikastetxeetan lantzeaz gain, etxean ere lantzea, eta instituzioetan ere bai.
Homofobia agerikoa ez, baina «bromak» onartzen dira.
Homofobia sotila deitzen diogu horri. Gaizki dago esatea homofoboa zarela, baina txisteak egiten dira eta normalizatuta dago. Homofobia sotil hori ez da zigortzen eta kalte handia egiten du.
2009/06/28
> Berria: Ekainak 28 > LESBIANEN IKUSGARRITASUNA, HARROTASUN EGUNEKO ALDARRIKAPEN NAGUSIEN ARTEAN
- Lesbianen ikusgarritasuna, Harrotasun Eguneko aldarrikapen nagusien artean
- Egoerak hobera egin du; baina oraindik zailtasun eta traba ugariri aurre egin behar izaten diete lesbiana, gay, transexual eta bisexualek (LGTB). Horiek salatu eta kolektibo hauen eskubide eta tratu berdintasuna aldarrikatuko dituzte gaur egingo diren manifestazioetan. Mezu guztien gainetik, ordea, hezkuntzan eta lesbianen ikusgarritasunean jarri dute arreta.
- Gara, 2009-06-28
Egun hartan, ordea, bertaratutakoek polizia indarrei aurre egin zieten, haiek gazte bat bortizki jo zutela ikustean. Hiru egun iraun zuten istiluek eta zaurituak eta hildakoak ere izan ziren. Ezin da esan aurretik borrokarik egiten ez zutenik, baina gertaera haiek giltzarri izan ziren sexu askapene- rako borrokak izaera kolektiboa hartzeko. Egun hura gogoratzeko, hain zuzen, gaurko eguna hautatu zuten Nazioarteko LGTB Harrotasun Eguna ospatzeko.
Ordutik hona, gay, lesbiana, transexual eta bisexualen bizimodua asko aldatu da, hobera egin du. Baina, hala ere, beste behin Euskal Herriko nahiz mundu zabaleko kaleak gay, lesbiana, transexual eta bisexualen aldarrikapen eta kolorez jantziko dira. Aste luze eta lantsua izan dute sexu askapenaren alde lan egiten duten talde eta elkarteek, lan asko baitago egiteko, mezu asko helarazteko, eskubide asko oraindik ere aldarrikatzeko.
Aste honetan bertan, Baionako apezpikuak, Marc Ailliet-ek, Biarritzen ospatutako Gay Pride ekitaldiaren inguruan egindako adierazpenek edota orain bi aste transexuala izateagatik lanetik bota zutelako emakume batek egindako salaketak agerian uzten dute oraindik ere kolektibo hauen borrokaren premia.
Guztien gainetik, ordea, aurten bi mezu nabarmendu nahi dituzte; bata eskolari lotua; emakume lesbianekin erlazionatua bestea.
Lesbiana, gay, transexual eta bisexual gazteek eskolan pairatzen duten diskriminazioa salatzea da aurtengo lehentasunetako bat; izan ere, LGTB kolektiboek uste dute ikastetxeak ez daudela oraindik aniztasunean maitatzera eta sentitzera irekiak. Egoera horretan LGTB gazteek maiz ikastetxeetan jazarpena pairatzen dutela salatu dute eta horrek eragin itzela duela gaztearen osasunean zein egunerokotasunean.
Lesbianen ikusezintasuna
Baina gazteen egoeraz haratago, arreta berezia jarri dute halaber, lesbianek pairatzen duten ikusezintasunean. Gizonen kasuan, homosexual askori euren sexu izaera adieraztea zail egin bazaie, are eta gaitzagoa gertatzen da emakumeen kasuan; horregatik aurten egingo diren mobilizazioetan indar berezia jarriko dute horretan sexu askapenaren alde egiten duten taldeek, eta Bilbon, esate baterako, prestatu diren ekitaldiak «Gauza guztien gainetik, harro» leloarekin biribildu dira, emakume lesbianen egoerari erreferentzia eginda.
Bizkaiko hiriburuan, eguerdiko 12.30ean abiatuko da manifestazioa Moyua plazatik; Iruñean, eguerdiko hamabietan, autobus geltoki zaharretik; eta Gasteizen, berriz, hamabi eta erdietan Andre Maria Zuriaren plazatik.
2009/04/21
> Berria: Ekitaldiak > ABIAN DA EHGAMEK ANTOLATUTAKO LEHENENGO MADELON LITERATURA LEHIAKETA

- Abian da EHGAMek antolatutako lehenengo Madelon literatura lehiaketa
- Gara, 2009-04-21 # A.A. • Donostia
Gaia librea izango da, baina gay, lesbiana, bisexual edota transexualen arteko harremanak edo beste edozein «erlazio ez-normalizatu» islatu beharko du. Bi maila izango dira: 14-17 urte artekoak eta 18-25 artekoak. Kontakizunak euskaraz zein gaztelaniaz aurkez daitezke eta bost eta hamar orri bitarteko luzera izan beharko dute.
Lanak EHGAMen Gipuzkoako egoitzara bidali behar dira maiatzaren 29a baino lehen. Sari banaketa ekainaren 26an izango da Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean. Gisasolaren esanetan, «saria ez da azken unera arte jakitera emango, garrantzitsuena gaiaren inguruko hausnarketa iruditzen baitzaigu». Argibide gehiago, www.ehgam.org-en.
2009/03/12
> Berria: Homofobia > BAIONAKO APEZPIKUAREN IRITZIA KRITIKATU DU LGP BIARRITZ ELKARTEA
- Baionako apezpikuaren iritzia kritikatu du Ligue [i.e. Lesbian] Gay Pride elkarteak
- Gara, 2009-03-12
Norberarenak ez diren haurrak hezitzen dituzten helduei eskubideak eta eginbeharrak eman nahi dizkie legeak. Apezpikuak sexu berdineko bikoteek haurrak adoptatzearen aukera ematea- ren kontra agertu da «bortizki».
LGPk «sinismen giristinoa eta homosexualitatea» bateragarriak direla oroitu nahi izan dio Ailleti, «homosexualitatea eta aitatasuna eta amatasuna» bezala.
2009/03/05
> Berria: Sexismoa > HIZKUNTZA BAINO, HIZTUNA BERA DA SEXISTA, LLEDO FILOLOGOAREN HITZETAN
- Hizkuntza baino, hiztuna bera da sexista, Lledo filologoaren hitzetan
- Gara, 2009-03-05 # Janire Arrondo
Lledo Filologia Erromanikoan doktorea da eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasle eta Tarragona eta Lleidako hainbat unibertsitaterekin lanean aritua da. Urteak daramatza hizkuntzaren erabilera aztertzen eta hizkuntza komunikaziorako tresna baino zerbait gehiago dela ikasi du.
Filologoak hizkuntzaren erabilera androzentriko eta sexistaren zergatia aztertu du. Lledok GARAri adierazi zionez, «hizkuntza ez da baztertzailea edo sexista, erabiltzen duen pertsona baizik». Bestalde, pertsonen ideologia edo pentsaera «erakusten» du hizkuntzak hizlariaren ustez. «Izan ere, inor arrazista, homofobo edo sexista bada, hautatzen dituen hitz eta esamoldeetan nabarmenduko zaio».
«Arazoa emakumeak itzalpean uzten dituen esamoldeak erabiltzen direnean agertzen da», adierazi du filologoak. Maiz, genero maskulinoaren erabilera lehenesten da, genero femeninoa baztertuz. Hiztegia hautatzerakoan maskulinoa hautatzen bada, ordea, «gizartearen erdia albora uzten ari gara», Lledoren iritziz. Beraz, ez da hautaketa soil bat, hor «diskriminazioa» gertatzen da.
Bestalde, emakumeak gizartean duen papera aldatzen joan den heinean, «hizkuntzan isla izan du horrek» hizlariaren esanetan. Hala ere, oraindik «gizonezkoaren papera nagusiagoa da», azaldu zuen. Lledoren hitzetan, «emakumea lan munduan egotea ez da berdintasunerako tresna», izan ere, oraindik «etxeko kargak emakumeen gain jarraitzen du».
Komunikabideak
Orokorrean, gizartearen pentsaera aldatzen joan den moduan, komunikabideetako hizkuntzaren erabilera ere aldatuz joan da. Lledok hedabideek emakumeen kontrako indarkeriaren gaineko albisteei zer-nolako trataera ematen dieten ere aztertu du. Filologoaren ustez, hainbat aurrerapauso eman dira alor horretan. Esaterako, «'pasio krimen' esamoldea alde batera utzi eta 'genero indarkeria' erabiltzen dute orain».
Alabaina, oraindik ere «badira bazterrean uzten diren informazioak», Lledoren ustez.
2008/12/09
> Berria: Indarkeria > BIZKAIA: LAU ATXILOTU, USTEZKO INDARKERIA MATXISTA KASUENGATIK
- Lau atxilotu Bizkaian, ustezko indarkeria matxista kasuengatik
- Igandean 24, 28 eta 29 urteko lau gizonezko atxilotu zituen Ertzaintzak ustezko indarkeria matxista delituengatik. Tartean, Sopuertan atxilotutako gizonezkoak ihesari eman zion, eta Ertzaintzak harrapatu zuenean era bortitzean erantzun zuen agenteak kolpatuz.
- Gara, 2008-12-09
Lau gizonezko atxilotu zituen igandean Ertzaintzak Bilbon, Sopuertan eta Erandion ustezko genero indarkeria delituengatik. Lakuako Barne Sailak adierazi zuenez, Sopuertan 29 urteko gizonezkoa atxilotu zuten igande goizean, 11.00 aldera. Ustez bere bikotekideari eraso egiteagatik, eta beraien etxera joan ziren Ertzainak kolpatzen saiatzeagatik atxilotu zuten. Agenteak ustezko erasoa gertatu zen etxera iritsi zirenean, gizon bat ikusi zuten bertatik presaka alde egiten.
Ertzaintzak adierazi zuenaren arabera, harrapatu zutenean, era bortitzean erantzun zien eta agenteei muturrekoak ematen saiatu bazen ere, azkenean menperatu zuten. Ertzainek biktimarekin hitz egitean, eta bikotearen etxean zer gertatu zen jakin zutenean usteko erasotzailea atxilotu zuten indarkeria matxista delituagatik.
Bigarren atxiloketa gaueko hamaikak aldera egin zuen Ertzaintzak, kasu honetan Erandion. Lakuako Barne Sailaren arabera errepideetako agenteek Kukularrako zubiaren parean istripu bat izan zela ikusi zuten, bertan, gizon bat zegoen ibilgailuaren ondoan, eta emakume bat haur txiki batekin, barruan. 28 urteko gizonari gertatutakoaz galdegin ziotenean, alkoholaren eraginpean zegoela ohartu ziren eta errepideetako segurtasunaren kontrako ustezko delitua egotzita atxilotu zuten.
Ertzaintzak adierazi zuenez, emakumeak komisarian eman zien gertatutakoaren berri. Dirudienez, istripua izan aurretik gizonak bera eta semea kolpatu zituela eta ibilgailutik irtetea galarazi ziela salatu zuen. Gaineratu zuenez, Enekuri inguruko gasolindegi batean laguntza eskatu zuen leihotik, eta erasotzailea konturatzean, berriro jo zuen erasoan. Orduan, ustezko indarkeria matxista delitua egozten ziotela jakinarazi zion Ertzaintzak atxilotuari.
Kalean bertan
Hirugarren indarkeria kasua, igande goizaldeko ordu batak inguruan gertatu zen Bilboko Blas de Otero kalean. Ertzaintzak 28 urteko gizona atxilotu zuen bere bikote laguna erasotzeagatik. Erasotzaile horrek, gainera, zain zuen epaile zitazio bat, atxilotu eta kartzelatua izan zedin.
Bestetik, goizaldeko bostak aldean Ertzaintza Bilboko Federico Moyua enparantzara hurbildu zen bikote bat eztabaidan aritu zela-eta. Ertzaintzaren arabera, emakumeak ezker masailezurrean kolpe gogorra zuen. Lehen kolpeen ondoren, bikoteak tarraka eraman eta hainbat ostikada eman zizkiola salatu zuen emakumeak. Ustezko indarkeria matxista delituagatik atxilotu zuten 24 urteko gaztea.
2008/11/26
> Berria: Azaroak 25 > ERASOEI AURRE EGITEKO INDARRA AGERTU DUTE BERRIZ EMAKUMEEK
- Erasoei aurre egiteko indarra agertu dute berriz emakumeek
- Emakumearen aurkako indarkeria jendarte osoaren arazoa izanik, milaka herritar kalera atera ziren errealitate hori ikusarazi eta hori aldatzeko borondatea erakusteko. Orain arte instituzioei egindako eskaerek emaitza eskasa izan dutela eta horien utzikeria nabarmena izan dela ikusirik, errealitatea aldatzea gizarteari dagokiola adierazi zuten. Halako erasoei aurre egiteko autodefentsa ere aldarrikatu zuten.
- Gara, 2008-11-26 # Jasone Mitxeltorena
Emakumearekiko indarkeriaren aurkako eguna izanik, milaka herritar kalera atera ziren atzo errealitate horri amaiera emateko borondatea erakusteko. Mugimendu feministako kideek behin eta berriz nabarmendu dutenez, jendarte osoari dagokion arazoa da, eta atzokoan agerian geratu zen gai horren gainean sentsibilizazioa handia dagoela. Hala da, batez ere, indarkeriaren ondoriorik larrienetan, heriotza kasuetan. Aurten eragindako hildakoak gogoan izan zituzten beste behin; Iruñean eta Lizarran, desagertutako Maria Puy Perez bereziki oroitu zuten. Hala ere, azken asteotako kanpainari segituz, erasoak ez direla indarkeria fisikora mugatzen eta etxetik kanpo, kalean eta lanean ere gertatzen direla azpimarratu zuten atzo hainbat eragilek eta mugimendu feministak, oro har. Horren harira Bilgune Feministak salatu zuenez, «ekimen batzuek emakumea biktima soiltzat tratatzen jarraitzen dute, indarkeria gai isolatutzat hartzen da eta jarrera salbatzaile eta paternalista batetik abiatzen dira».
Etxetik kanpo ere gertatzen da
Instituzioen jarduera ere aipatu zen mobilizazioetan: borondatea erakutsi arren praktikan ezer gutxi egiten dutela salatu zuten; baita ere arazoari eskainitako aurrekontuak eta politikak eskasak direla, eta horren ondorioz, emakumeen aurkako erasoek bere horretan segitzen dutela. Hala, atzoko mezu nagusia jendarteari eta bereziki emakumeei begira zabaldu zen: «Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da», eta «eraso guztiei erantzu-na emateko» deia egin zuten. Bilgune Feministak «autodefentsa» aldarrikatu zuen, eta Iru- ñean Indarkeriaren Aurkako Plataformak emakumeok «elkartu eta antolatzeko» beharra plazaratu zuten.
Mugimendu feministaz gainera, gazte eragileek ere euren konpromisoa erakutsi zuten: Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak kezka agertu zuen gazte belaunaldien artean ere, «hitzezko parekidetasunean hezi garenon artean», atzera balore matxistak agertzen direla-eta. Erasorako joera bizirik dela ohartarazi zuen, eta gaineratu indarkeriak lotura zuzena duela lan munduan, hezkuntza sistemetan eta aisialdian azaltzen den bazterkeriarekin.
Ikasle Abertzaleak iritzia berekoak dira, eta eurek hurbiletik ezagutzen duten arloari begira, ikastetxeetako arduradunei leporatu zieten gai horretan heziketarik ez ematea eta «egunero gertatzen diren era guztietako erasoen aurrean ez ikusiarena egitea». Errealitate hori salatu zuten atzo ikasketa zentroen aurrean -besteak beste, Amurrion (90 lagun), Iruñean (NUPen) eta Eibarren-. Hezkuntza gizartearen eraikuntzan berebizikoa izanik, horretan lan egiteko beharra nabarmendu zuen ikasle talde honek.
Baionatik, LAB sindikatuak lantegien aurrean esku-orriak banatu zituela jakinarazi zuen, lan munduan emakumeak gutxietsiak direla, eta ondorioz, sexu jazarpena ohikoa dela salatuz. Emakumeentzat hori salatzea zaila izanik, langileen ordezkariei deia egin zien LABek enpresak sexu-jazarpenari amaiera ematera behartzeko. Batasunak «gizartearen izurritetzat» jo zuen arazoa eta «ekintzak hitzen pare jartzera deitu zuen».
Herriz herri
Euskal Herri osoan herriz herri egin ziren mobilizazioak: Bilgune Feministak jakinarazi zuen eurak izandako lekuei dagokienez, orotara 4.500 bat herritar bildu zirela: Bilbon 1.000 bildu ziren, Donostian 300, Gasteizen 900 eta Iruñean 1.500. Udalek deituta, Ikaztegietan (20) eta Oiartzunen ere elkarretaratzeak egin zituzten. Bestalde, Iruran (60), Garesen (70) Leioan (30) eta Urduñan (32) ere bildu ziren.
2008/11/18
> Berria: Matxismoa > DURANGOKO LIBURU ETA AZOKAKO KARTELAK JARRERA KONTRAJARRIAK SORTZEN JARRAITZEN DU
- Durangoko Liburu eta Disko Azokako kartelak jarrera kontrajarriak sortzen jarraitzen du
- Gara, 2008-11-18 # Ianire Renobales · Bilbo
Durangoko Azokako kartelaren inguruko eztabaidek indarrean diraute. Gizarte talde eragile desberdinek euren iritzia plazaratzeari ekin diote eta oraingoan, Euskal Herriko Bilgune Feministak hartu du hitza.
Historian, emakumeak jasandako diskriminazioa eta bereizketa du hizpide talde honek eta honen arira, 2008ko Azokako kartelari uko egiten diotela jakinarazi nahi izan dute. «Aurten Durangoko Liburu eta Disko azoka aurkezteko erabili den kartelak gure ustez ez du asko laguntzen ibilbide hori aldatzen». Bilgune Feministak azoka antolatzen duen Gerediaga elkarteari kartela kentzeko eskatu dio, baina ezezkoa jaso du. Talde honen aburuz, Gerediaga aurrerapausua eman beharrean atzerapausua bultzatzen ari da.
Txapelarekin identifikatu ezin
Jakin badakigunez, eztabaida sortu duen kartelean txapela, betaurrekoak eta kaskoak ageri dira. Batzuek diotenez, bi sexuak antzeman daitezke irudian betaurrekoen eitea femeninotzat hartzen dutelako. Antza denez, kaskoek ez dute sexurik, baina iskanbila txapelarekin piztu da. Argazkian ez da ageri giza figuraren arrastrorik; hala ere, gizarte eragileek modu oso desberdinean egin dute irakurketa. Bilgune Feministaren arabera, «emakumea ez da identifikatzen txapelarekin eta horrek kultur eremutik urrun sentiarazten du nahiz eta kartel egilearen helburua hori ez izan». Gauzak hala, kulturaren esparruan ere emakumeak zapalkuntza bizi duela argitu nahi izan dute ildora. Bestalde, kartelean agertu ez arren, egileak lana izendatzeko erabili duen esaldiak ere iritziak sorrarazi ditu, «Gizon ikusezina Azokan».
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak salaketa egin bezain laster, sumendiak eztanda egin zuen. Alde batetik, kartelaren inguruan sortutako ika-mikak gehiegizkotzat jotzen dituztenak; bestetik, sexu bereizketaren mesedetan lan egiten duela uste dutenak. Hausnarketa kontrajarriak alboraturik, Durangoko Azoka denon ahotan dago, bai, baina ez euskal kulturari buruz irmoki aritzeko.
2008/11/16
> Iritzia: Maider Alustiza Lasa > EMAKUME IKUSEZINA
- Emakume ikusezina
- Gara, 2008-11-16 # Maider Alustiza Lasa · Donostia
Tristura handiz, ezintasunez esango nuke, hartu dut aurtengo Durangoko Azokako kartelaren aurkezpena. Egilea izenburuarekin nahastu egin delakoan nago, «Gizon ikusezina» gabe «emakume ikusezina» islatzen baitu afixa horrek. Emakume eta euskaltzale eta Azokako partaide naizen aldetik, iraindua sentitu dut neure burua eta, oro har, emakumeei egindako bazterkeria oso larria dela deritzot. Diseinu grafikoan aritzen naiz ni ere, eta ez diot helduko kartelaren alde artistikoari, baina kartel horrek ez du emakumea ordezkatzen, soilik gizonezkoak baizik, bai irudian bai izenburuan. Emakumezko asko joan ohi gara Durangoko Azokara eta horiek ere kartelean irudikatu beharko liratekeela uste dut. Aurten huts larria egin duela helarazi diot Gerediaga Elkarteari, eta nire kexa Durangoko Udalera ere bidali dut, zerbait egin dezaten eta hurrengo urteetan epai-mahaiak emakumeok kontuan har gaitzan.
2008/10/07
> Iritzia: Gara > TAMALEZ SARRI, SARRIEGI GERTATZEN DIRA
- Tamalez sarri, sarriegi gertatzen dira
- Gara, 2008-10-07
Doccas David gaztea aurten Euskal Herrian emakumeen aurkako indarkeriak eragindako bosgarren biktima da, emakumeen aurkako erasoek izan dezaketen ondoriorik larrienaren bosgarren biktima. Mota horretako hilketen maiztasunak gure gizartearen arazo handienetakoaren aurrean gaudela adierazten du, are handiagoa hilketa bakoitzeko eraso ugari gertatzen direla kontuan izanda. Herenegun jaso zuen, Santurtzin, Doccas Davidek eraso ikaragarria, baina atzo bertan Baionan, Gasteizen eta Bilbon gizonezko bana atxilotu zuten emazteari edo/eta beste emakume bati eraso egin izana egotzita; larunbatean sexu eraso bat gertatu zen Gasteizen, ostiralean Arrasaten beste bat... Emakumeen aurkako erasoak, beraz, ez dira noizbehinkako kontua. Hala balira ere, larriak izango lirateke, baina maiztasun horrek gizarte honetan sistema patriarkala noraino errotuta dagoen erakusten du, eta horrek berezko duen desberdintasun egoeran bilatu behar dira indarkeria mota horren kausak, kasu bakoitzaren inguruabarretan baino gehiago.
Emakumeen aurkako indarkeriak ez du bereizketarik egiten, ez adinari ez faktore sozial edo kulturalei dagokienez. Hala ere, azken hilketa honetan ezin da saihestu hildako emakumea etorkina zela eta, ondorioz, eraso egiteko errazagoa. Izan ere, egoera horretan dauden emakumeek zailtasun handiagoei aurre egin behar izaten diete; esate baterako, tratu txarrak salatzeko eragozpen handiagoak izaten dituzte. Eta, paradoxikoki, zailtasun horiek, eskubide murrizketa horiek, legeek beraiek ezartzen dituzte.
Behin eta berriz entzuten da gizarteak arazo honen larriaz jabetu eta kausei heldu behar diela; lan hori baina, ezin da hilketa bat gertatzen denean bakarrik egin. Eta horretan herri erakundeek aparteko erantzukizuna dute, emakumeen aurkako indarkeriaren ondorioz hilketa bat gertatzen deneko gaitzespen hitzetatik haratago doan erantzukizuna. Diskurtsoetako eta legeetako berdintasun hori benetako bihurtu beharra dago, ezberdintasunak emakumea emakume izate hutsagatik arriskuan, maiz hiltzeko arriskuan, bizitzera kondenatzen baitu.
2008/10/06
> Berria: Indarkeria > GIZONEZKO BAT ATXILOTU DUTE BAIONAN EMAZTE OHIA ETA ALABA JO DITUELAKOAN
- Gizonezko bat atxilotu dute Baionan emazte ohia eta alaba jo dituelakoan
- Polizia frantsesak 52 urteko gizonezko bat atxilotu du Baionan, ustez emazte ohia eta hiru urteko alaba jo dituelako.
- Gara, 2008-10-06
52 urteko gizonezkoak ustez ama-alabak larri zauritu ditu, eta hilketa saioa leporatzen diote. Bikotea banatuta bizi zen eta dibortziatzeko prozesuan zen.
Joan den ostegun iluntzean izan zen erasoa emazte ohia bizi zen etxean, Baionako Beyris auzoan. Antza denez, gizonak lehendabizi labanarekin eraso zion emakumeari, eta gero, harri batekin. Toraxean eta buruan zauri larriak eragin zizkion arren, emakumeak alde egitea lortu zuen eta auzokideek osasun zerbitzuei deitu zieten.
Emazte ohiak alde egin eta gero, hiru urte eta erdiko alabarengana joan zen eta harriekin kolpeka hasi zitzaion, umeak konortea galdu zuen arte.
Larrialdi zerbitzuetako kideek haurra konorterik gabe aurkitu zuten. Erietxera eraman zuten eta zauri larriak dituen arren, hiltzeko arriskutik kanpo dago.
Ustezko erasotzailea asteburuan atxilotu dute.
2008/10/01
> Berria: Berdintasuna > "GIZON IKUSEZINA AZOKAN", DURANGOKO EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKAREN IRUDI BERRIA
- «Gizon ikusezina Azokan», Durangoko Euskal liburu eta Disko Azokaren irudi berria
- Aritz Zabala gasteiztarraren kartela izan da lehiaketara aurkeztutako hogeita bi lanen artean aukeratu dutena, epaimahaiaren esanetan, haren «inpaktu bisuala, mezu zuzena eta sinpletasun plastikoa» direla eta.
- Gara, 2008-10-01
Abenduaren 5etik 8ra egingo den 43. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak badu jada irudia; Gerediaga Elkarteak antolatutako lehiaketara hogeita bi kartel aurkeztu ondoren, Aritz Zabala 25 urteko gasteiztarraren irudia irten da garaile.
Aurtengo edizioaren egitarauaren gai nagusia irudia izango da. Zabalak berak pertsonaia baten irudia islatu nahi izan du bere lanean, betaurrekoak, aurikularrak eta txapela dituen pertsonaia batena, hain zuzen ere. Atzo egin zen aurkezpenean elementu bakoitzaren funtzioa zein den ere argitu zuen egileak berak: «Betaurrekoak irakurtzeko, aurikularrak entzuteko, txapela azokak kulturarekin eta euskararekin duen harremana adierazteko».
«Gizon ikusezina Azokan» goiburuarekin aurkeztu zuen Zabalak bere kartela lehiaketara, eta agertzen diren elementu guztiak gizon ikusezina osatuz ipinita, «pertsonaia literario bati keinu egiten» diola gaineratu zuen.
Aritz Zabalak, Publizitate Grafikoaz gain, Argitalpenen Diseinua eta Ekoizpena ikasketak egin ditu. Estatuko eta Autonomia Erkidegoetako Eskola Kontseiluen XVIII. Topaketa iragartzeko logotipo eta kartel lehiaketaren irabazlea ere izan da. Azken sari honekin 1.300 euro jasoko ditu.
Epaimahaia osatu duten bost lagunek -Gerediaga elkarteko kide bik eta diseinuaren, komunikazioaren eta arte plastikoen arloko beste hiru profesionalek- haren «inpaktu bisuala, mezu zuzena eta sinpletasun plastikoa» aintzat hartuta aukeratu dute Zabalaren lana.
Aurten ere Durangoko Landako erakustazoka euskaraz idatzitako lanez eta euskal gaiak beste edozein hizkuntzatan biltzen dituzten argitalpenez beteko da lau egunez.
Gerediaga elkarteak antolatzen duen azokak bost sail -editorialak, banatzaileak, diskoetxeak, erakundeak eta kultur eragileak- izango ditu, eta atzo jakinarazi zutenez, egunero goizeko hamarretan irekiko ditu ateak, iluntzeko zortziak arte.
2008/09/02
> Berria: In memoriam > XABIER PORTUGAL PASAIKO ALKATE OHI ETA KAZETARIA HIL DA
- Xabier Portugal Pasaiako alkate ohi eta kazetaria hil da
- Xabier Portugal Pasaiako alkate ohi eta kazetaria hil egin da, gaixotasun baten ondorioz. Hileta bihar izango da, Pasai Antxoko San Fermin parrokian, 19.30ean
- Gara, 2008-09-02
Portugal oso ezaguna zen, bai bere herriaren alde egin zuen lanagatik baita bere kazetari lanagatik ere.
Pasaiako alkate izan zen 1987 eta 1995 artean, HBrekin. Ondoren Kultura zinegotzi izan zen, 1999 eta 2003 artean. Alkate nahiz zinegotzi gisa, Kultura Batzordeko lehendakari izan zen urte horietan guztietan.
San Fermin jaien alde urtetan egin zuen lana ere aipatzekoa da; festen batzordearekin frankismoaren ondotik kolaboratzen zuen eta aurten, Salktzeroak peñak Sanferminetako Saltzero Nagusi izendatu zuen.
Arlo profesionalean, Pasaia-Lezo Lizeoko irakasle eta zuzendari gisa jardun zuen, baina egun erretiratua zegoen. Pasa den apirilean omenaldia egin zioten ikastetxean. Horretaz gain, lau urtez Gipuzkoako Ikastolen Federazioko ikusentzunezko programen arduradun izan zen.
Xabier Portugalen beste ezaugarrietako bat zinema eta jazzarengangik zuen zaletasuna da. Zinema kritiko gisa, hainbat aldizkari eta egunkarirekin kolaboratu zuen, hala nola "Anaitasuna", "Zeruko Argia", "Argia", "Jakin", "Punto y Hora", "Egin" eta GARA. Azken egunkari honetan jazz kritikak ere egiten zituen.
Donostiako Jazzaldiaren eta Zinemaldiaren kolaboratzaile ere bazen, eta Irun eta Donostiako Zinema Amateur jaialdietan eta Lekeitiko Euskal Zinemaren Topaketetan epaimahaikide izan zen.
Otsailean liburua kaleratu zuen
Aurtengo otsailean "Pasaia 1931-1939. Zanpatuen Oroimina" liburua argitaratu zuen Portugalek; bertan gerra garaiko gertaerak biltzen zituen (argazkian liburuaren aurkezpenean ageri da, Maider Ziganda Pasaiako alkatea eta Koldo Izagirre idazlea alboan dituela).
Hileta, bihar Haren aldeko hileta bihar egingo da Pasai Antxoko San Fermin parrokian, arratsaldeko 19.30ean.