2009/10/21

> Berria: Hiesa > HIESARI AURREA HARTZEKO "FUNTSEZKO ERREMINTA" BILAKATU DA PROBA AZKARRA

  • Hiesari aurrea hartzeko «funtsezko erreminta» bilakatu da proba azkarra
  • Berehalakoa, anonimoa eta doakoa, horrelakoa da hiesari aurrea hartzeko «funtsezko erreminta» bihurtu den proba azkarra. Minutu gutxitan burutzen den proba honek, besteren artean, infekzioaren transmisio arriskua ekiditea edota diagnostikoa ahalik eta azkarren lortzea ditu helburu.
  • Gara, 2009-10-21 # Zuriñe Etxeberrria
Orain dela hainbat urtetatik hona, Sidalava Arabako hiesaren kontrako batzordeak Giza Immunoeskasiaren Birusa (GIB) detektatzeko probak egiten ditu herritarren artean urriaren 20an. Helburua bikoitza da: birusaren egoera serologikoa ezagutzea eta transmisioaren arriskua ekiditea.

Orain dela bi urtetik dago Gasteizen hiesaren proba azkarra egiteko aukera; hain zuzen ere, San Frantzisko kaleko bigarren zenbakian, Sidalava batzordearen egoitzan. Proba egiteko lehendabizi ziztada txiki bat ematen zaio interesatuari, odol tantatxo bat hartzeko. Behin odol tanta hartuta, kartoi berezi batean jarri eta erreakzioa eragiten duen likido bat botatzen zaio. Emakumeek haurdun ote gauden jakiteko egiten ditugun proben oso antzekoa da.

Minutu batzuen buruan, emaitza izango dugu; proba egiteko erabilitako kartoian marra batzuk azalduko dira. Lehen marrak Giza Immunoeskasiaren Birusa dugula adieraziko luke; bigarrenak, berriz, proba bera baliozkotzat hartzeko balio du. Hau da, emaitza positiboa edo negatiboa izan, bigarren marra beti agertu behar da. Agertu ezean, proba ez da baliagarria izango eta prozesu osoa errepikatu beharko da.

Birusak positibo ematen duen bakoitzean Sidalavak protokolo bera jarraitzen du: Txagorritxuko ospitalearekin kontaktuan jarri eta bertara gerturatzen dira emaitza baieztatzeko. Berriz positibo emanez gero, tratamenduarekin hasi beharko litzateke. Emaitza positiboa denean, Arabako batzorde hau gaixoaren jarraipena egiten saiatzen da, etorkizunean izan ditzakeen beharretan laguntza emateko.

Batzordeko kide den Txerra Bolinagak azaldu zigunez, «probako emaitza negatiboa denean, %100ean da fidagarria; positiboa denean, ordea, %99an». Izan ere, Bolinagak adierazi zigunez, birusa dugun edo ez erabat ziurtatzeko denbora tarte bat beharrezkoa da -epe horri «leiho garaia» deitzen zaio-. Birusa hartu eta hiru hilabete pasa arte ezinezkoa da gaixotasuna detektatzea, «horrek suposatzen duen ezinegonarekin». Ezinegona GIBa dugun ez dakigulako eta, gainera, beste bati transmititu diezaiogulako.

Kasu gehiago azken urtean
Arabako hiesaren kontrako batzordean 80 pertsona inguruk egiten dute lan guztira; prebentzio arloan buru-belarri aritzen direnak, berriz, bost dira. Infekzio kopuruak izandako igoera dela-eta «kezkatuta» daude batzordean, izan ere, hiesaren prebentzio eta kontrolerako EAEko planeko datuen arabera, 2007tik 2008ra 173tik 199ra igo zen proban positibo emandako pertsona kopurua. Hori bai, baliteke horren arrazoia gero eta proba gehiago egiten direla izatea ere.

Aurtengo datuei dagokienez, urtarrila eta iraila bitartean 355 pertsona izan ziren Arabako batzordearen egoitzan informazio eske. Guztira 350 proba egin zituzten -bost kasutan praktika arriskutsurik ez zenez egon proba ez egitea erabaki zuten-, eta horietarik pertsona bakarrak eman zuen positibo. Proba egin zuten gehienak gizonak ziren, nahiz eta 143 emakume ere gerturatu ziren, baita beste bost emakume transexual ere. Proba egiteko arrazoi nagusia sexu harremanak izaterakoan preserbatiboa apurtzea edo hori ez erabiltzea izan zen. Proba egin zutenen erdia baino gehiago ziren gasteiztarrak.

Proba anonimoa, doakoa eta berehalakoa izatea oso baliagarria da gero eta jende gehiagok egin dezan. Eta noski, bide batez, birusa transmititzea ekiditeko.

No comments: