Showing posts with label Aimar Elosegi Ansa. Show all posts
Showing posts with label Aimar Elosegi Ansa. Show all posts

2008/02/03

> Berria: Omenaldia > AMAIA-AIMAR: "NI NORMALA NAIZ"

  • «Ni normala naiz»
  • Kronika, 2008-02-03

“Ikustezina ikusten Isasi” emanaldia izan zen atzo Sandiusterri aretoan, transexualitatearen inguruan, eta ´bakoitzak nahi duena izateko duen eskubidea` aldarrikatzeko. Gaur egungo gizartean transexualek nahiz ezarritako eredutik ateratzen den edonork dituen trabak azaltzeko helburua zuen atzoko emanaldiak eta Amaia-Aimarren borroka gogoratzea. Ornitorrinkus taldearen abestiek hasi zuten emanaldia eta ondorenean, Amaia-Aimarrek utzi zuen karta bat irakurri zuten. Amaia-Aimarren amak idatzitako testu bat irakurri zuen jende aurrean, bere lagun batek, jarraian. Transexuala zela esan zienean, familian ikasketa bat hasi zutela azaltzen du. transexualitatea gizon eta emakume aukera itxitik, bariante bat gehiago dela nabarmendu zuen eta horren «normaltasuna» aldarrikatu behar dela, nahiz eta gizarte honek ezarritako normak hausten dituenari traba ugari jarri.


Bi film dokumental

Emanaldi bukaeran transexualitateari buruzko bi film dokumental ikusteko aukera izan zen Sandiusterrin. “The birthday” iranen egindako dokumental holandarra izan zen bata, Kianfar eta Mohrek zuzendua; eta “Vestido negro” espainiarra bestea, Sergi Perezek zuzendua.

2008/02/02

> Berria: Omenaldia > HERNANI: "IKUSTEZINA IKUSTEN IKASTEN" EMANALDIA GAUR SANDIUSTERRIN

  • ‘Ikustezina Ikusten Ikasten’ emanaldia gaur Sandiusterrin
  • Arratsaldeko 19:00etan izango da.
  • Kronika, 2008/02/02

Amaia-Aimarren borroka gogoratu eta eskertuko dute gaur, Sandiusterri aretoan, arratsaldeko 19:00etan hasiko den emanaldian. Amaia-Aimar zenaren senitarteko eta lagunek hartuko dute parte, Ornitorrinkus taldeak (Judith Montero, Maialen Lujanbio eta Xbier Ekizia) kanta batzuk eskainiko dituzte eta 2 film dokumental ere izango dira: “The birthday”, holandarra, Negin Kianfar eta Daisy Mohr-ek zuzendua; eta “Vestido negro”, Sergi Perezek zuzendua. Emanaldia antolatu dute Berdintasun kontseiluak, Herne neska taldeak, udaleko Berdintasun sailak eta Zinegoak-ek.


Nahi dena izateko eskubidea
Gaurko emanaldiaren helburuetako bat da gizarteak jartzen dituen trabak azaltzea, horiek hausteko bidean jarraitzeko. ´Oraindik ere, gure gizarteak arazo asko eta latzak sortarazten dizkie transexualei, normaltzat jotzen denetik at egoteagatik`, antolatzaileek azpimarratu dutenez. Joera sexualetan aurrerapausoak eman direla nabarmendu arren, pertsonak gizon eta emakume kategoriatik haratago ulertzea, oraindik ere zail egiten dela diote, ´gizontasuna eta emakumetasuna kaja itxiak dira, eta jendeak horietako bat ematen digu, jaiotzean ditugun genitalen interpretazioa dela medio`. Horren aurrean norberak nahi duen modukoa izateko eskubidea aldarrikatuko dute gaurko emanaldian.

2008/02/01

> Berria: Omenaldia > HERNANI: "IKUSTEZINA IKUSTEN IKASTEN" EMANALDIA BIHAR SANDIUSTERRIN

  • ‘Ikustezina Ikusten Ikasten’ emanaldia bihar Sandiusterrin
  • Amaia-Aimarren omenezkoa izango da, arratsaldeko 19:00etan
  • Kronika, 2008-02-01

“Ikustezina ikusten ikasten” emanaldia izango da bihar Sandiusterrin, 19:00etan, Berdintasun kontseiluak, Herne neska taldeak, udaleko Berdintasun sailak eta Zinegoak-ek antolatuta. Bertan parte hartuko dute, Amaia-Aimarren senitarteko eta lagunek eta Ornitorrinkus taldeak (Judith Montero, Mailen Lujanbio eta Xabier Erkizia). Horrez gain, bi film dokumental ere emango dituzte: “The birthay” eta “Vestido negro”. Emanaldian, Amaia-Aimarren borroka gogoratu eta eskertu nahi dute antolatzaileek, eta gizarte honek transexualei sortzen dizkien arazoak agerrarazi.

2007/06/20

> Berria: Sariak > GEHITUK AMNESTY INTERNATIONALI EMAN DIO ZILARREZKO SARIA

  • Gehituk Amnesty Internationali eman dio zilarrezko saria
  • Berria, 20067-06-20 # Erredakzioa · Donostia

Gehitu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen elkarteak Amnesty Internationali (AI) eman dio Zilarrezko Gehitu saria, AI lesbianen, gayen eta transexualen giza eskubideen alde egiten ari den lana saritzeko.


Gehituk Amnesty Internationalen hiru merezimendu nabarmendu ditu saria berari emateko. Alde batetik, AIk duen «ibilbidea, oihartzuna eta ospea izanik», lesbianen, gayen eta transexualen giza eskubideen aldeko borrokan ari dela. Bestetik, AIk mundu osoan lan egiten duela lesbianen, gayen eta transexualen eskubideen alde eta eskubide horien urraketaren kontra. Nazioarteko lana da, hain zuzen, Gehituren erronketako bat: «Gure inguru hurbilenean berdintasun maila handia lortu dugu, bai gizartean, bai legeetan, baina badakigu lanean jarraitu behar dugula», dio Gehituk. «Nazioartean lan egitea da gure etorkizuneko erronkarik garrantzitsuenetakoa».


Gehituk nabarmendu duen AIren hirugarren meritu nagusia erakunde horren alerta sarea da: «Erabilgarritasun handiko tresna da homofobia eta transfobia salatzeko».


Gehituk Europa izango du gogoan ekainaren 28ko ospakizun eta aldarrikapenetan, gay eta lesbianen nazioarteko egunean. Europa, atzerapausorik ez, berdintasuna posible da leloa aukeratu du egun horretarako: «Kezka handiz ikusten dugu gure inguruan gertatzen ari dena: Poloniako Gobernuaren jazarpena lesbianen, gayen ea transexualen kontra, Letoniako Gobernuak lesbianen, gayen eta transexualen segurtasuna bermatzeko ezer ez egitea... Hemen lortutako eskubideak esportatzeko apustua egiten dugu, berdintasuna Europako beste herrialdeetara ere hel dadin».


Egun horretan Gehituk ospatu egingo du Espainian homosexualen eta transexualen eskubideen aldeko bi lege onartzea: alde batetik, Genero Nortasunaren Legea eta, bestetik, homosexualen arteko ezkontza baimentzen duen Kode Zibilaren aldaketa. Genero Nortasunaren Legearen bitartez, transexualek izena eta sexua aldatu ahal izango dituzte agirietan, genitalak aldatzeko operaziorik egin behar izan gabe. Hala ere, Gehituk gogoratu du «berriki» Hernaniko (Gipuzkoa) transexual bat hil dela, «sexu aldaketa prozesua gainditzeko indarra falta izan zaiolako».

2007/06/07

> Iritzia: Herne > "EL CAMINO DE MOISES"EN EMANALDI ETA HITZALDIA AIMARREN OMENEZ

  • "El camino de Moises"en emanaldi eta hitzaldia Aimarren omenez
  • "El camino de Moises" eta hainbat gehiagorena.
  • Herne Neska Taldea, 2007-06-07

Astelehenean Sandiusterri aretoan bildu ginen Hernaniko hainbat pertsona, Medeak, Garaipen eta Ehgam-ek antolatutako "Beste garaiak, beste amodioak" emanaldien barruan. (Podriamos haber hecho un poco más de propaganda...). Bueno nondik hasi? Lehenengo, "El camino de Moises" dokumentala jarri zen (por cierto, lortzeko oso zaila den dokumental bat...), eta bertan Anak Moises izan arte egindako bidea erakusten da.


Eta zorte handiena, Moises bera han izatea izan zen, eta ez hori bakarrik! Ivan, Iruñakoa, eta Amets Astigarragakoa ere han izan genituen, haien bizipenak kontatzeko. Amaia-Aimar ere gogoan izan genuen, Hernanin izandako gertakari ilun hau gogoratzeko eta egun transfobiak duen pisua salatzeko.


Bertan entzun genituen adierazpenen artean, aipatu behar ditugu, batetik, Moisesek utzitako ideia batzuk:

  • Ikus ditzagun generoak beste modu batera.
  • Ikus ditzagun gorputzak beste modu batera.


Ivan-ek osasungintzaren oztopoak azpimarratu zituen, nola behin, pertsonak prozesua hasteko aukera hartzen duenean, ez duen oztoporik besterik jasotzen, transfobo asko baitago osasungintzan. Iruñean eta Bilbon, laguntza eskaintzen duten medikurik badela ere esan zuen.


Amets-ek bere esperientzia kontatu zigun, eta berak ez duela arazorik handirik izan esan zigun, ondo joan omen zaio orokorrean.


Azpimarratutako ideetako bat zera izan zen: Arazoa ez da transexualitatea, arazoa transfobia da.


Guk hemendik, trasfobia salatzeaz gain, erreflexioa eskatzen dugu, aldaketak eskatzen ditugu, informazioa eskuragarri izatea eskatzen dugu, oztopoak ezabatu nahi ditugu, norberak, eta edozein pertsona transexualek bere bidea egin dezan, arazorik gabe, babestuta eta gizarteak inposatzen dizkigun genero horien pisua bizkarrean bakarrik eraman behar ez ditzan.


Pozik gaude, emanaldiak jasotako onarpenarekin, jasotako harrerarekin, eta han ikusitako jende guztiarekin, eta eskatzen dugu aurrera jarraitzea, kontzientzia hartuz, eta borrokatuz.


Hemendik eskerrak joandako guztiei, nola ez, Moises, Ivan eta Amets-i, eta Medeak, Garaipen eta Ehgami, beraiekin parte hartzeko aukera zabaltzeagaitik, eta emanaldi hau Hernanin eman izanagaitik.

2007/06/06

> Berria: Ekitaldiak > MOISES HERNANIN: "GENEROA IKUSTEKO BESTE MODU BATZUK BULTZA BEHAR DITUGU"

  • «Generoa ikusteko beste modu batzuk bultza behar ditugu»
  • Kronika, 2007-06-06


Astelehenean, transexualitateari buruzko “El camino de Moises” dokumental proiekzioa eta hitzaldia izan ziren Sandiusterrin, “Beste amodioak... beste garaiak” emanaldien barruan. GARAIPEN, MEDEAK eta EHGAM taldeak zenbait emanaldi antolatu dituzte Lesbiana, Gay eta Transexualen Askapenerako Nazioarteko Egunaren bueltan, eta Hernanin emanaldia egiteko erabakia hartu zuten, batipat Aimarren heriotzak eraginda, eta antolakuntza horretan HERNE neska taldeak eta Berdintasun Kontseiluak eman duten laguntza azpimarratu zuten antolatzaileek. “El Camino de Moisés” Documentos TVk bere garaian egindako dokumentala da eta bertan Bartzelonako Moisesen historia kontatzen du, Ana zenetik Moiseserako bide luze eta korapilotsua. Jarraian, Aimarren argazkiz osatutako DVD labur bat eman zuten eta ondorenean, Moises berak eman zuen hitzaldia, Iruñako Ivan eta Astigarragako Ametsek lagunduta. Ondorenean, Aimar Elosegi Ansaren gurasoei lore sorta bat eman zieten Sandiusterrin.


Identitatea berreraikitzen

Dokumentalak bere identitatea berreraikitzeko Moisesek egindako bide luzea kontatzen du. 21 urtera arte Ana izandakoak, Moises izateko urratsa eman zuen bere garaian, bularrak laburtu, hormonak hartu, obarioak kendu, izena aldatu eta abar. Sexua aldatu edo ez sortutako zalantzak, trabak, medio eskasak eta gainerakoak azaltzen ditu dokumentalak eta Moisesek berak aireratzen dituen galdera eta zalantzak: zergatik hainbeste traba bere identitatea argi duen pertsona bat onartzeko; edo gizon edo emakume izateko zer dela eta operatu behar dira bularra, sexua... zergatik ezartzen ditu gizarteak behar eta muga horiek... Generoari begira Dokumental ondorengo hitzaldian, generoa ikusteko beste modu batzuk bultza behar direla azpimarratu zuen Moisesek, gizarteak ezartzen digun har eta eme bide markatutik haratago. ´Beste aukera batzuk badaudela ikustea garrantzitsua da` kataluniarraren hitzetan, ´bestelako gorputzak badirela jakitea eta erakutsi egin behar ditugu, ikus ditzagun eta gure buruetan sartu`.


´Arazoa ez da transexualitatea transfobia da`

Arazoa transexualitatea ez dela azpimarratu nahi izan zuten asteleheneko hitzaldian eta galde-erantzunen tartean, ´arazoa transfobia da eta gizarte honek dituen beste hainbat eta hainbat fobia`. Gizarte matxista, homofobo, transfobo... batean bizi garela azpimarratu zuten, eta gaur egun zenbait jarrera homofobo edo transfobo onartu egiten direla eta sistema honek denok txikitzen gaituela, ´denok enkasilatzen gaitu`. Sandiusterriko emanaldian nabarmen gelditu zen bestelako errealitate bat nahi bada, arazoa denona dela konturatu behar dugula, norberea ere bai, ´baina jendeak uste du besteen arazoa dela, ez norberarena`.


Osasungintzan oztopoak

Gipuzkoako egoeraren berri eman zuten emanaldian eta azpimarratu zuten Gipuzkoako osasungitzako jarrera: ´norbere egoera ulertu, inguruari jakin arazi eta abar guztiak egitean, hormonak hartzeko nahiz operatzeko erabakia hartzen baduzu, medikuarengana joan eta luzatu eta luzatu egiten da prozesua, inork ez dizu ezer esaten baina ez dira hasten. Konturatzen zara medikuek uko egiten diotela, beraietatik asko direla transfoboak eta hesi bat daukazula zure aurrean`. Orokorrean egoera txarra izan arren, Iruñean eta Bilbon laguntzeko prest dauden medikuak badirela azpimarratu zuten.

2007/06/01

> Berria: Trans > HERNANI: TRANSEXUALITATEARI BURUZKO EMANALDIA

  • Transexualitateari buruzko emanaldia astelehenean
  • ‘El Camino de Moises’ dokumentala emango dute eta hitzaldia izango da Moisesen eskutik
  • Kronika, 2007-06-01

Transexualitateari buruzko Beste Amodioak... Beste Garaiak... emanaldien lehen edizioa izango da datorren astetik aurrera Donosti eta inguruetako herritan, eta Hernanin astelehenean dokumental emanaldia eta hitzaldia izango dira, arratsaldeko 19:30etan, Sandiusterrin. El Camino de Moises dokumentala izango da eta ondorenean, Moises berak emango du hitzaldia, Grup de Transsexuals Masculins de Barcelona taldeko kideak eta dokumentaleko protagonistak. Aimar Elosegi Ansaren omenezko emanaldia ere izango da astelehenekoa ´eta bere oroimena bertan izango da`.


Identitatea berreraiki
El Camino de Moises pelikulak identitate baten berreraikitzea kontatzen du, gorputzaren, generoaren eta sexuaren mugak hautsi dituen gizon baten historia. Asteleheneko emanaldia eta Donostia eta inguruan egingo diren gehiago, ekainaren 28aren bueltan (Lesbiana, Gay eta Transexualen Askatasunaren aldeko Nazioarteko Eguna) egingo direnen barruan daude. Emanaldiak GARAIPEN elkarteak MEDEAK eta EHGAMek antolatzen ditu eta Hernanikoan HERNE neska taldearen laguntzarekin eta Udaleko Berdintasun Kontseiluaren diru laguntzarekin.

2007/05/08

> Iritzia: Felipe Izagirre > AMAIA-AIMARREN OMENEZ

  • Amaia-Aimarren omenez
  • Berria, 2007-05-08 # Felipe Izagirre · Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen aldeko Elkarteko kidea

Ez zintudan ezagutzen zuzenean. Zure hurbilekoak ditut ezagunak eta adiskideak, eta haiekiko sentimenduek hurbildu naute zuregana.


Beilatokian egin dugu elkarrekin topo. Zure gorpua hilik, arnasarik gabe, nirea oraindik bizirik. Benetan barnean sentitu zaitut. Zure aurpegiak barne edertasuna islatzen zuen: freskura, duintasuna, argia eta maitasuna. Zure gurasoekin hitz egin ondoren, askatasuna sentitu dut azal-azalean, askatasuna izan baita zure bizitzako lorpenetako bat, batik bat, barne askatasuna zure modura bizitzeko, zure norabideak bideratzeko gizarteak jartzen dizkigun arau eta moldeetatik haratago, inguruko esamesei kasurik egin gabe, zure barne argiari jarraituz. Heriotzari ere askatasunez egin diozu aurre, eta askatasunak duintasuna darama. Duintasunez hiltzeko eskubidea defendatzen dugunok pertsonaren askatasunean oinarritzen gara.


Eta, zalantzarik gabe, duintasunez hil zara. Nahiz eta zeure buruaz beste egin duzun. Eta zer? Edozein heriotza mota, askatasunez egiten denean, duina da, eta askatasunez jokatzea duintasunez jokatzea da.


Eta maitasunak lagundu dizu zure bizitza osoan. Zure gurasoek, zure familiakoek, zure lagunek, denek, maite izan zaituzte, eta bizitzako azken momentuan ere haien maitasun osoa izan duzu. Zer gauza ederragorik askatasunez eta maitasunez inguraturik hiltzea baino?


Hernaniko plazan, arratsalde-ilunabarrez eskaini zizuten omenaldi edo hileta zibilaz, esan nahi baita, erabat laikoaz, esan nahi dizut seguruenik zuk nahi zenukeena izan zela. Zazpi eta erdiak puntuan plazan bildurik geundenon artean isiltasun sakona nagusitu zen. Ez zaratarik gabeko isiltasun azalekoa, lengoaia sakona duen isiltasuna baizik, emozioz, sentimenduz beteriko isiltasuna. Eta jende asko bildu zela esan nahi dizut, Aimar, adin guztietakoa, zurekiko sentimenduren batek lotzen zuen jendea.


Negar artean esan eta entzundako hitzak barnera, oso barnera, iristen ziren. «Ez dugu galderarik egin nahi», zioten zure lagunek. Erantzuna eman diguzu eta zure bizitza osoan erantzunak ematen zenekien. Izan ere, zergatik egin galdera absurdoak. Zure heriotzak ez du agerpenik behar. Duintasunez hil zara, eta kito.


Gure gizarte hipokrita honetan tabu diren hainbat hitz, hala nola suizidioa, eutanasia eta abar, moral faltsu baten ondorioak, destabuizatu dituzu, konbentzionalismo hutsetik haratago bizi izan baitzara.


Beste tabu bat ere plazaratu duzu: sexuarena. Ez omen zinen armairutik atera zioen zure lagunetariko batek, ez baitzinen inoiz barruan egon. Transexualitatea, sexuz aldatzeko nahia. Hor ere askatasunez eta duintasunez jokatu duzu, zoriona ez baitatza gure gizarteak nahi duen erara bizitzean, askatasunean bizitzean baizik.


Zorionak, Aimar, beste arlo askotan bezala hemen ere bide berriak irekitzen saiatu zarelako. Seguru nago Hernaniko gizartea horrelako hitzak entzuteko gogoz zegoela eta plazan grabaturik geratuko direla.


Nik, egia esan, zuri, zure gurasoei, lagunei eta Hernaniko herriari eskaini nahi diedan omenalditxo honekin zorionak eman nahi dizkizut. Zergatik ez? Dolua hor dago, nola ez, baina bakea eta lasaitasuna eta maitasuna ere bai.


Eta, bukatzeko, zure eskelan agertu zen irudi eder hori aipatu nahi dizut, alegia, izarretara hegan egin, zure izpiritua izar bilakatu, eta zure gorpua Ama Lurraren magalean abandonatu zenuelako. Hernaniko kosmos txikian hor egongo zara, izar argitsua baitzinen, oroimen kolektiboan beste izar askorekin batera, zure gorpua lur bihurtzen den bitartean.


«Hegoak ebaki banizkio/ neuria izango zen/ Ez zuen alde egingo/ Baina horrela ez zen txoria izango/ Eta nik, txoria nuen maite».


Eskerrik asko, eta zorionak, Aimar!


Adiorik ez.

2007/04/28

> Iritzia: Jone Egaña > KAIXO, AMAIA, BARKATU, AIMAR!

  • Kaixo, Amaia, barkatu, Aimar! (badakik ohitura kontua )
  • Kronika, 2007-04-28 # Jone Egaña

Hilak 23 izan zituen horretan triste jo zuen. Zerua goibel, hodei ilun beldurgarriak etxetik ateratzerako. Zerbait txarra gertatuko denaren seinale. Goizean goizetik irten nintzenean, kutxarako bidean. Plaza Berriko izkinan eskelak jartzen dituzten laukitxoa. Sekulan ez diat begiratzen hara, ez zaizkidak gustatzen baina egun horretan premonizioa edo horrelako zerbait izango huan. So geratu ninduan, bat-batean aurpegi gazte ezaguna, hurbildu, eta oilo-ipurdiarekin batera, malkoak begitan.


Duela urte batzuk elkar ezagutu eta elkarrekin izan gintuan Institutuan. Nahiz begiratu serioa izan, beti irribarrea ezpainetan, ondo konpontzen gintuan eta hori ez duk beti erraza izaten ikasle-irakasle harremanetan (batez ere adin horretan!). Egia esan behar badiat duela denbora luze ez hindudala ikusten eta ikusitakoan aurpegian kolore ona ez huela konturatzen nintzen. Horrelakotan beti geratzen zaidak arantzatxoa bihotzean, ahal nuen guztia egin ote nuen bere garaian "askatasun" hitz potoloaren esanahi guztiak adierazteko? Baten batek erantzungo du Aimarri ez zitzaiola esplikatu behar zer zen askatasuna gizarteari baizik, eta hala da! Zoritxarrez, aukeraketa sexuala, identitate sexuala eta horrelako kontzeptuak oso berriak dira, ezagutu berri dira. Maiz legeak onartzen dira gizarteak asumitu balitu bezala, baina gizartea legearen oso atzetik dago. Bide luzea diagu.


Omenaldian hire familiak eman din hire borrokarekin berri, zorionak familiari! (ez huan erronka arina hire eskaerak betetzea dugun gizartearen panoramarekin). Hi saiatu hintzen askatasun hori praktikatzen, baina talka egin hunan, gizarte estu, itxi eta aurriritziz betetako jendartearekin. Hitz ematen diat hire borrokarekin ere jarraituko dugula,

2007/04/26

> Berria: In Memorian > AIMAR GOGOAN IZAN ZUTEN ATZO HERNANIKO PLAZAN EGINDAKO EKITALDIAN

  • Amaia-Aimar gogoan izan zuten atzo Hernaniko Plazan egindako ekitaldian
  • Kronika, 2007-04-26

Plaza betean egin zioten atzo hileta zibila Amaia-Aimar Elosegi Ansa, astelehenean hildako hernaniarrari. Ekitaldian, dantzari eta bertsolariek hartu zuten parte eta bere lagunek eta bere senitartekoen lagunek. Senitartekoen lagunek idatzi bat irakurri zuten, bere bizitzan izandako borroka azaltzen duena eta Kronikan azaldu nahi izan dutena: “Identitate sexualaren inguruan zenbait tabu gainditu badira ere, beste zeinbait oraindik ere badira, transexualitatea kasu, eta beharrezkoa da horiek gainditzea”. Gaztearen zintzotasuna eta ausardia nabarmendu zuten eta “urte batzuk barru tabu hori gainditzean, gure herrian aintzindari bat izan zela” gogoratuko dugula esan zuten. Ekitaldian familiari babesa adierazi zioten beren lagun eta ingurukoek.