2007/05/08

> Iritzia: Felipe Izagirre > AMAIA-AIMARREN OMENEZ

  • Amaia-Aimarren omenez
  • Berria, 2007-05-08 # Felipe Izagirre · Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen aldeko Elkarteko kidea

Ez zintudan ezagutzen zuzenean. Zure hurbilekoak ditut ezagunak eta adiskideak, eta haiekiko sentimenduek hurbildu naute zuregana.


Beilatokian egin dugu elkarrekin topo. Zure gorpua hilik, arnasarik gabe, nirea oraindik bizirik. Benetan barnean sentitu zaitut. Zure aurpegiak barne edertasuna islatzen zuen: freskura, duintasuna, argia eta maitasuna. Zure gurasoekin hitz egin ondoren, askatasuna sentitu dut azal-azalean, askatasuna izan baita zure bizitzako lorpenetako bat, batik bat, barne askatasuna zure modura bizitzeko, zure norabideak bideratzeko gizarteak jartzen dizkigun arau eta moldeetatik haratago, inguruko esamesei kasurik egin gabe, zure barne argiari jarraituz. Heriotzari ere askatasunez egin diozu aurre, eta askatasunak duintasuna darama. Duintasunez hiltzeko eskubidea defendatzen dugunok pertsonaren askatasunean oinarritzen gara.


Eta, zalantzarik gabe, duintasunez hil zara. Nahiz eta zeure buruaz beste egin duzun. Eta zer? Edozein heriotza mota, askatasunez egiten denean, duina da, eta askatasunez jokatzea duintasunez jokatzea da.


Eta maitasunak lagundu dizu zure bizitza osoan. Zure gurasoek, zure familiakoek, zure lagunek, denek, maite izan zaituzte, eta bizitzako azken momentuan ere haien maitasun osoa izan duzu. Zer gauza ederragorik askatasunez eta maitasunez inguraturik hiltzea baino?


Hernaniko plazan, arratsalde-ilunabarrez eskaini zizuten omenaldi edo hileta zibilaz, esan nahi baita, erabat laikoaz, esan nahi dizut seguruenik zuk nahi zenukeena izan zela. Zazpi eta erdiak puntuan plazan bildurik geundenon artean isiltasun sakona nagusitu zen. Ez zaratarik gabeko isiltasun azalekoa, lengoaia sakona duen isiltasuna baizik, emozioz, sentimenduz beteriko isiltasuna. Eta jende asko bildu zela esan nahi dizut, Aimar, adin guztietakoa, zurekiko sentimenduren batek lotzen zuen jendea.


Negar artean esan eta entzundako hitzak barnera, oso barnera, iristen ziren. «Ez dugu galderarik egin nahi», zioten zure lagunek. Erantzuna eman diguzu eta zure bizitza osoan erantzunak ematen zenekien. Izan ere, zergatik egin galdera absurdoak. Zure heriotzak ez du agerpenik behar. Duintasunez hil zara, eta kito.


Gure gizarte hipokrita honetan tabu diren hainbat hitz, hala nola suizidioa, eutanasia eta abar, moral faltsu baten ondorioak, destabuizatu dituzu, konbentzionalismo hutsetik haratago bizi izan baitzara.


Beste tabu bat ere plazaratu duzu: sexuarena. Ez omen zinen armairutik atera zioen zure lagunetariko batek, ez baitzinen inoiz barruan egon. Transexualitatea, sexuz aldatzeko nahia. Hor ere askatasunez eta duintasunez jokatu duzu, zoriona ez baitatza gure gizarteak nahi duen erara bizitzean, askatasunean bizitzean baizik.


Zorionak, Aimar, beste arlo askotan bezala hemen ere bide berriak irekitzen saiatu zarelako. Seguru nago Hernaniko gizartea horrelako hitzak entzuteko gogoz zegoela eta plazan grabaturik geratuko direla.


Nik, egia esan, zuri, zure gurasoei, lagunei eta Hernaniko herriari eskaini nahi diedan omenalditxo honekin zorionak eman nahi dizkizut. Zergatik ez? Dolua hor dago, nola ez, baina bakea eta lasaitasuna eta maitasuna ere bai.


Eta, bukatzeko, zure eskelan agertu zen irudi eder hori aipatu nahi dizut, alegia, izarretara hegan egin, zure izpiritua izar bilakatu, eta zure gorpua Ama Lurraren magalean abandonatu zenuelako. Hernaniko kosmos txikian hor egongo zara, izar argitsua baitzinen, oroimen kolektiboan beste izar askorekin batera, zure gorpua lur bihurtzen den bitartean.


«Hegoak ebaki banizkio/ neuria izango zen/ Ez zuen alde egingo/ Baina horrela ez zen txoria izango/ Eta nik, txoria nuen maite».


Eskerrik asko, eta zorionak, Aimar!


Adiorik ez.

No comments: