2007/05/12

> Berria: Justizia > MIKEL MARTIN JIPOITU ZUTENEN AURKAKO EPAIKETA ATZERATU EGIN DUTE

  • Martin jipoitu zutenen aurkako epaiketa atzeratu egin dute
  • Orain bi urteko galdeketan lau akusatuetako batek
  • Abokaturik gabe deklaratu zuelako hartu dute erabakia
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-05-12 # Jon Gonzalo

Mikel Martin EHGAM eta Zutik-eko kide ezaguna ustez jipoitu zuten militarren aurkako epaiketa atzeratzea erabaki zuen atzo Donostiako Auzitegiko 3. Salako epaileak. Orain bi urte, akusatuei galdeketa egin zietenean, lau akusatuetako batek (Jose Antonio Rodriguez) abokaturik gabe egin zuen deklarazioa. Hori dela eta, epaiketa baliogabetzeko eskatu zuen atzo defentsako abokatuak. Epaileak, defentsaren eskaera aztertu ondoren, ez zuen epaiketa baliogabetu, baina atzeratzea erabaki zuen.


Beraz, Jose Antonio Rodriguez akusatuak abokatuaren laguntzaz egin beharko du deklarazioa berriro ere. Hartara, lau akusatuen aurkako epaiketa egiteko baldintzak beteko dira.


«Epaileak hartutako erabakia juridikoki zuzena da. Akusatu batek ezin du abokaturik gabe deklaraziorik egin. Nolanahi ere, nik atzerapen partziala eskatu diot, akusatu baten egoerak ez duelako eraginik beste hirurengan. Azkenean, ordea, epaiketa atzeratzea erabaki du», azaldu zuen atzoko saioaren amaieran Miguel Castells akusazio partikularraren abokatuak. Epaiketa berriro noiz egingo den ezin izan zuen zehaztu, «justiziaren denborak eta epeak oso mantsoak direlako».


Ustezko erasotzaileetako birentzako, urte eta erdiko kartzela zigorra eta 6.000 euroko kalte-ordaina eskatuko du fiskalak epaiketa honetan. Biei ala biei, jipoia ematea leporatzen die. Beste bien kontra, berriz, 4.200 euroko isuna eskatuko du, jipoia eragotzi ez izana leporatuta. Mikel Martinen abokatuek, berriz, zigor handiagoak eskatuko dituzte: lehen bi militarren aurka hiru urteko espetxe zigorra, beste bien aurka 7.200 euroko isuna. Halaber, Mikel Martinentzat 18.000 euroko kalte-ordaina.


Zutik eta EHGAMeko kideen babesa jaso zuen Martinek atzo. Epaiketa hasi aurretik, eta baita epaiketa amaitu ondoren ere, Donostiako Auzitegiaren aurrean elkarretaratzea egin zuten. Mikelekin elkartasuna, Inpunitaterik ez pankartaren atzean elkartu ziren.

  • Mikel Martin · EHGAM eta ZUTIk-eko kidea
  • «Pena handia hartu dut atzerapenarekin»


Mikel Martinek sentimendu «gazi-gozoak» zituen atzoko saioaren amaieran. Batetik, han bildutako jendearen babesa eskertu zuen. Bestetik, epailearen erabakiarekin «pena» hartu zuen.


Zer-nolako sentsazioak izan dituzu epaiketan?

Ni jipoitu ninduten militarrak aurrez-aurre ikustea gogorra izan da, baina indartsu sentitu naiz. Halaber, pena handia hartu dut epaiketaren atzerapenarekin. Ni babestera jende asko etorri da honaino, eta ez zuten horrelakorik merezi.


Zer iruditu zaizu epailearen erabakia?

Legeei buruz ez dut ezer ulertzen, baina nire abokatuek esan didatenez, epailearen erabakia ulergarria da. Hori bai, hurrengo epaiketa ahalik eta azkarren egitea espero dut. Bi urte pasatu dira jipoitu nindutenetik, eta asko luzatzen ari da epaiketa.


Nola ikusten duzu auzia hemendik aurrera?

Akusatuekin akordio batera iristeko proposamena egin didate, baina ez dut onartu. Bukaeraraino iritsi nahi dut, egindakoagatik zigor ditzatela.

No comments: