2007/05/12

> Berria: Justizia > EPAIKETA ATZERATUTA MARTINEN ESKUBIDEAK URRATU EGIN DIRELA DIO HERRI AKUSAZIOAK

  • Epaiketa atzeratuta Martinen eskubideak urratu egin direla dio herri akusazioak
  • Mikel Martin ustez jo zuten militarren auzia atzeratu da, akusatu batek abokatu gabe deklaratu zuelako
  • Berria, 2007-05-12 # I. Petxarroman · Donostia

Atzo egitekoa zen epaiketa atzeratuta Mikel Martinen eskubideak «urratu» egin dituztela adierazi du herri akusazioko eta Zutik-eko bozeramaile Gerardo Karrerek. «Beste urte eta erdi inguru itxaron beharko dugu orain beste epaiketa bat egin arte? Ez gaude ados epailearen erabakiarekin, pentsatzen dugulako, batzuen eskubideak babestuta, Mikelenak urratzen ari direla», esan zuen Karrerek. Eta gaineratu zuen, Mikel Martinen eskubideak babestea lehenetsi beharko luketela, hark pairatu zuelako erasoa.


Mikel Martin EHGAM eta Zutik-eko kidea ustez jipoitu zuten militarren aurkako auzia atzeratzea erabaki zuen atzo epaileak, lau akusatuetako bati, Jose Antonio Rodriguezi, abokatuaren laguntzarik gabe hartu ziotelako deklarazioa Alcala de Henaresko epaitegian (Madril). Epaiketa atzeratzeko eskatu zuen lau militar espainiarren abokatuak, eta epaileak aintzat hartu zuen eskaria, prozedura irregularra argudiatuta.


Mikel Martinen abokatu Miguel Castellsek esan zuenez, epaiketak aurrera jarrai zezakeen, akusatu bakarra, oraingoz, auzitik kenduta. Baina epaileak ez zuen onartu Castellsen argudioa.


Edozein modutan, hedabideei egindako deklarazioetan onartu zuen epaileak hartutako erabakia «zuzena» izan dela. «Gure arteko ezadostasuna zen nik uste nuela baliogabetze partziala izan behar zuela, bakarrik Rodriguez akusatuari eragingo ziona. Epailearen iritzia, jakina, garrantzitsua da, eta onartu behar da, kasu honetan, arrazoizkoa dela».


2005eko urtarrilaren 13an jasan zuen jipoia Mikel Martinek. Donostiako Urbieta kaletik zihoala, gauez, lau pertsona ikusi zituen jarrera bortitzean, kale seinaleak jotzen. Hurbildu zenean, irainka hasi zitzaizkion, Martinek berak salatu duenez. Ondoren, konortea jo arte jo zuten, bortizki, ea ETAren eta Ibarretxeren planaren aldekoa zen galdetuz. Martinek 137 egun behar izan zituen erasoan egin zizkioten zauriak osatzeko.


«Legea ezar dakien»

Mikel Martinek «harriduraz» hartu zuen epailearen erabakia, eta eskertu zuen elkartasuna erakustera hurbildutako guztien jarrera. Izan ere, dozenaka lagunek babestu zuten Martin atzo Donostiako epaitegian.


Martinek esan zuen gogotsu dagoela prozedura bukaeraraino eramateko. «Akusatuen akordio proposamena jaso dugu, baina uko egin diogu. Nik prozeduraren amaieraraino heldu nahi dut, legea bere ondorio guztiekin ezar dakien». Onartu zuen, ordea, beretzat gogorra izango dela berriro ustezko erasotzaileekin parez pare aurkitu behar izatea. «Hala ere, pasatu beharrekoa pasatuko dut, zeren eta gehienbat ez dut nahi zigor gabe geratzerik».


Erasoa egin zutelakoan, urte eta erdiko kartzela zigorra eta 6.000 euroko kalte-ordainak eskatu ditu fiskalak Martin jipoitu zuten bi militarrentzat. Martinen abokatuak eta herri akusazioek -Zutik alderdiak eta EHGAM mugimenduak- zigor handiagoak eskatu dituzte: hiru urteko kartzela zigorra ustezko erasotzaileentzat, eta beste bientzat 7.200 euroko isuna. Halaber, Martinentzat 18.000 euroko kalte-ordaina eskatuko dute.


Orain, Jose Antonio Rodriguez akusatuak deklaratu egin beharko du, eta horren ondoriozko tramite judizialak osatu ostean, epaiketara deituko dute berriz.


Bestalde, Errenteriako Udalak eskatu du gertaera hauek «guztiz argi» daitezen. Gertaerok gizarteko bizikidetzari «kalte handia» egiten diotela gaineratu du.

  • Gerardo Karrere · Zutik-eko eta herri akusazioko kidea: «Ez gaude ados, batzuen eskubideak babestuta, Mikel Martinenak urratzen ari direlako»
  • Miguel Castells · Akusazioaren abokatua: «Onartu behar da, kasu honetan, epailearen iritzia arrazoizkoa eta zuzena dela»
  • Mikel Martin · Zutik eta EHGAM-eko kidea: «Prozedurarekin amaieraraino heldu nahi dut, legea bere ondorio guztiekin ezar dakien»

No comments: