Showing posts with label Julen Zabala. Show all posts
Showing posts with label Julen Zabala. Show all posts

2008/10/12

> Berria: Trans > TRANSEXUALITATEA BURUKO ERITASUNEN ZERRENDATIK ATERATZEKO ESKATU DUTE

  • Transexualitatea buruko eritasunen zerrendatik ateratzeko eskatu dute
  • Bilbon eta Donostian elkarretaratzeak egin dituzte gizartean nagusi den «gizon-emakume binarismoa» amaitzeko
  • Berria, 2008-10-12 # Ainhoa Sarasola · Donostia

DMS-IV. Hizki horiekin dago jasota buruko eritasunen Europako zerrendan transexualitatea. AEBetako zerrendan ere jasota dago, beste kode batekin. Hizkiak hizki, transexualitatea buruko eritasun gisa hartzen du egun Osasunerako Mundu Erakundeak (OME). Horrek, osasun zerbitzuetara jotzen dutenean transexualentzat prozesu «oso gogorra» dakarrela uste dute Euskal Herriko Gay eta Lesbianen Askapen Mugimenduak (EHGAM) eta Medeak kolektibo feministak. Transexualitatea buruko gaitzen zerrendatik kentzeko eskatu zuten Donostian eginiko elkarretaratzeetan, atzo.


Josebe Iturrioz Medeak-eko kideak azaldu zuenez, transexualek osasun zerbitzuetara jotzen dutenean, psikiatra baten eskuetatik pasatu behar izaten dute lehenik, eta «prozesu gogorra» da hori haientzat. «Arazoren bat baduzu, depresioa esaterako, ez dizute uzten aurrera jarraitzen». Medikuntzak halako kasuetan jarraitzen dituen metodologia eta testak ere ez direla batere egokiak deritzo. «Nola neurtzen da gizontasuna eta emakumetasuna? Amaren zapatak jartzen ote dituzun edo makillatzen zaren galdetuta?».


Osasun sistemak, gizartean nagusi diren gizon-emakume bi polo hegemonikoak indartzen dituela uste du Iturriozek, eta ez dago horren alde. «Zergatik emakume batek ezin du zakilik izan? Guk diogu sexua bera eraikia dela, eta gorputzak askotarikoak direla; hor daude intersexualak, adibidez». Ordea, intersexualei jaiotzez ebakuntza egiten zaiela, eta normalean gainera ezkutatu egiten zaiela dio Iturriozek. «Beraz, errealitate hori ez dugu ezagutzen. Beti izango dira gutxiengo bat, erreprimitzen dugun heinean».


Hala, «gizon-emakume binarismoa» gainditu, eta horietatik harago, gorputzen aniztasuna aitortzeko eskatzen du. «Horregatik diogu gure gorputzak ez daudelagaixorik edo ez direla erratzen, baizik eta gizartea erratzen dela». Tokian tokiko erakundeei transexualitatea eta intersexualitatea modu integralean eta transbersalki lantzeko ere eskatzen die. Iturriozen esanetan, ez baita berdintasunerako departamentuetan lantzen diren gaietatik aparte dagoen zerbait, «sexualitatearen barruan eta sexismoarekin erlazionatua» dagoen auzia baizik.


Iritzi berekoa da Julen Zabala EHGAMeko kidea. Instituzioetatik auzia modu osoagoan landu beharko litzatekeela dio. Urtetan transexualitatearen auzia baztertuta egon dela uste du, baina ari direla, gay eta lesbianen eskubideen aldeko mugimendutik, errealitate hori azaleratzen saiatzen. Auzia gay eta lesbianen borroka agendan dagoela dio.


Eta transexualek izan ditzaketen arazo zehatzetatik harago ere, bi sexu nagusiren binarismoak ez duela zertan hala izan behar uste du, gizartean eredu hori oso errotuta badago ere. «Dena dago guztiz markatua; komunak neskentzat eta mutilentzat, nortasun agirian sexua jartzea... adibideak baino ez dira, baina garbi erakusten dutenak egunero estereotipo oso indartsuak sortzen dituztela, eta horrek eragina badu». Ordea, inguruan kasu latzen bat gertatzean soilik jabetzen da gizartea errealitate horretaz, Zabalaren ustez. Horregatik eskatzen du arlo guztietako erakundeen esku-hartzea.


Eskaera zehatzak
Transexualitatea buruko gaitzen zerrendatik ateratzeko eskatzeaz gainera, beste hainbat eskaera egin zituzten bi elkarteek atzoko protestetan. Hormona tratamendu eta ebakuntza «askeak» aldarrikatu zituzten, psikiatraren tutoretzarik gabekoak. «Genital anbiguoekin» jaiotakoei egun gutxira egin ohi zaien ebakuntza egiteari uzteko, agiri ofizialetatik «sexua» eta «ezertarako balio ez duten antzeko datuak» ezabatzeko, eta transexualen babeserako legeak sustatzeko ere eskatu zuten.


Hala, Osakidetzako lehen artatzean «erabateko hobekuntza» eta Gizarte Segurantzan tratamendu eta ebakuntzak onartzea aldarrikatu zuten. Eusko Jaurlaritzari, berriz, Generoaren Saila sortzeko eta transexualitatea berdintasunerako departamentu eta arloetan lantzeko eskatu zioten.


Donostian bezala, Bilbon ere elkarretaratzea egin zuten Trans Koordinakundeak deituta, eskaera berberak plazaratzeko. Gaurko, berriz, Gasteizen 7menos20 eta Las Invertidas taldeek deitu dute hitzordua, 13:00etan, Andra Mari Zuriaren plazan.

2008/06/28

> Berria: Ekainak 28 > DONOSTIA: BERDINTASUNA ALDARRI HARROTASUNEZ

  • Berdintasuna aldarri harrotasunez
  • 'Heterosexismoaren aurka, intsumisioa' eta 'Lesbiana ikusgaiak eta askotarikoak' leloek gidatuko dute gaur, homosexualen harrotasunaren egunean egitekoa den manifestazioa.
  • Irutxuloko Hitza, 2008-06-28 # Mikel Goñi

Gaur, ekainaren 28an gay, lesbiana, transexual eta bisexualen harrotasuna aldarrikatzen ari dira munduko bazter askotan. Donostian ere, manifestazioa eta festa izango dira gaur, kaleko aldarrikapena arratsaldeko 20:00etan irtengo da Bulebarretik eta jaia berriz, Egia kultur etxean gaueko 23:30etan hasiko da.


Bi ekimen horien atzean hirian errotuta dauden hiru talde daude, hain zuzen, Gehitu, EHGAM eta Medeak taldeak dira gaurko ekitaldiarekin bukatzen den hilabete osoko ekimenen segidaren arduradunak. Ekimenek Udalaren babesa dute.


Deialdi bat, bi lelo
Manifestaziorako deialdia bateratua izanik ere, bi lelo ezberdin erabiliko dituzte. EHGAM-eko kidea den Julen Zabalak bere taldeak Heterosexismoaren aurka, intsumisioa aukeratzeko arrazoiak azaldu dizkio IRUTXULOKO HITZARI, «legezko normalizaziora iritsi gara, gutxi gora behera. Baina, orain arazoa da sexismoa, batez ere, heterosexismoa. Hori ez da heterosexualei kritika, sexismoari egindakoa baizik».


Bestalde, Gehituk Lesbianak ikusgai eta askotarikoak leloa zabaldu nahi du gaurko manifestazioan. Izan ere, mugimendu hau kezkatzen duen auzietako bat da lesbianek alor publikoan duten pisu txikia da.


Horren aurrean, Koldobike Mujikak, Gehituko koordinatzaileak, lesbianen kolektiboak, erakundeek eta banakoek hartu beharreko hiru neurriren berri eman zuen. Batetik, lesbianek beraiek lasaitasunez publikoan azaltzeko erronkari heldu behar diote. Jarraitzeko, erakunde publikoek berdintasun politikak garatzean lesbianen egoera ere kontuan hartu behar dute. Azkenik, ikusgaitasunaren garratzia nabarmentzea.


Eremu publikoan gertatzen den lesbianen ikusgaitasun ezaren adibidetzat jo dute Gehituk urtero ematen duen Gehitu Zilar saria emateko emakume lesbiana bat bilatzeko zailtasuna . Hori dela eta, aurten Jesus Vazquez telebista aurkezleari emango diote. Aurkezleak normalizazioaren bidean egindako lana saritu nahi du Gehituk.

Udalari gazi eta gozo
Gaurko ekitaldiak babesteak ekarri dio udalari homosexualen elkarteen oniritzia. Hala ere, alderdi ezkorra aipatzeko garaian, EHGAMek kritikatu egin du Udalak joan den hilabetean argitaratu zuen gay, lesbiana eta transexualeei zuzendutako turismo gida. Julen Zabala antiguarrak azaltzen duenez, «kontsumoa eta turismo berezia zabaltzeko ideiaren kontra gaude, kontsumismoaren kontra. Izan ere, gure elkartearen leloetako bat "Ez gaude salgay" baita».

Ekainaren 28aren bilakaera
Ia 40 urte pasa dira New York-en homosexualen harrotasunari eguna eskaintzen hasi zitzaizkionetik. Donostian, berriz, 1979an egin zen lehen mobilizazioa «egun gutxi batzuk lehenago Errenteria-Oreretako Apolo diskotekan homoxesual bat hil zuten eta horren kontra deitu zen lehengo manifestazioa», gogoratzen du Koldobike Mujikak, eta jarraitzen du «ordutik gauzak asko aldatu dira. Hasierako urte horietan, esaterako, ETBkoek elkarrizketa egin ziguten Gladys-enean, eta gu, lesbianok kamarari bizkarra emanez hitz egin genuen». Parte hartzea ere aldatu da Mujikaren aburuz, «hasieran jendetsuagoak ziren, hildakoek beti hunkitzen zaituztetelako, horretaz gain, espaloietan begira zegoen jendetza ere handiagoa zen».

2008/01/12

> Iritzia: Julen Zabala · EHGAMeko kidea > BAI, MARITXUA NAIZ

  • Bai, maritxua naiz
  • Berria, 2008-01-12 # Julen Zabala · EHGAMeko kidea / Erredakzioan itzulia

Urtarrilaren 3rako Kattalingorrik -gay, lesbiana eta transexualei laguntzeko Iruñeko zentroak- elkarretaratzea antolatu zuen, eraso homofobo bortitz bat salatzeko -beste bat, zoritxarrez-. Han bildu ginenok Davidi, hau da, eraso zioten gazteari elkartasuna adierazteko atsegina izan genuen, ilunabarreko eguraldi zakarrari batere kasurik egin gabe.


Egun batzuk lehenago komunikabideetan albistearen berri eman zutenean, hotzikara izugarri bat sentitu genuen. Gay, lesbiana, transexual izan edo, besterik gabe, heteronormak ezartzen duenaren aldean desberdin sentitzen garenok guri egina bezala sufritzen dugu gisa horretako zernahi eraso.


Diskriminazioaren kontra aspalditik ari garen erakundeok hasieratik argi eta garbi izan dugu inork ez lukeela sufritu behar bere izaera dela kausa -izaera sexuala eta beste zernahi motatakoa-. Baina, zoritxarrez, halaxe gertatzen da oraindik ere, aztoratzeko bezain maiz, nahiz eta gutxitan zabaltzen den horren oihartzuna.


Huskeria da lege aldetik zerbait aurreratu, gizartean onarpenak bildu eta erreferente batzuk sortu izana, benetako orduan egitura heterofaxistak ia bere hartan baldin badaude gure gizartean.


Davidek eta bera bezalako gazteek eskubide guztia dute diren bezalakoak agertzeko nahi duten tokian, nahi duten orduan eta nornahirekin. Orain, hemen, nornahi aurrean dugula, modua izan behar dugu ahotsa goratu eta beldurrik gabe esan ahal izateko: «Bai, maritxua naiz, eta zer?», «bai, bollera naiz, ezin da ala?», «bai, trans naiz, inporta al zaizu ba?».


Davidek kemen handia duela aitortu behar dugu, ez bere adinarekin jendaurrean bere izaera onartu duelako bakarrik, baita sufritu duen eraso homofoboari duintasun bete-beteaz aurre egin diolako ere: buruz buru, erasoa salatuz, komunikabideetan salatu ere, eta Kattalingorrik antolaturiko elkarretaratzean agertuz, artean zauriturik zegoela. Salatu izana bera aurrera ari garen seinale da, dudarik gabe, baina dagokion neurrian eskertu behar diogu.


Badakigu zein zaila den zernahi salaketa aurkeztea, eta are gehiago eraso heterofaxistak salatzea: homofoboak, lesbofoboak, transfoboak, (hetero)sexistak, matxistak... Eta are gehiago lekukotasunik emango duen inor ez badago. Ausardia handia behar da, dudarik gabe, norberaren eta gizartearen beldur kontaezinak gainditzeko. Baina beste biderik ez dago.


Gehiegitan bide hori ez da nahikoa, baina ezinbestekoa da erasotzaileak identifikatzeko lana eta epaiketarako bidea hasteko. Errudunak kalean ibil daitezke ezertxo ere gertatu ez balitz bezala. Zaila da konprenitzen, eta are zailago horrelako erasoek gizartean nolako alarma sortzen duten kontuan izanik -gogora ditzagun Sergi Xavier Martinen kasuko irudi izugarriak: neska gazte bati eraso zion iazko urriaren 7an, Bartzelonako tren batean-. Epaileei dei egiten diegu, horrelako kasuetan berehala erantzuna eman eta zigor zentzagarriak ezar ditzaten.


Davidi abenduaren 27an eraso zioten, «maritxu zikina» oihukatuz bat; garaitsu berean, Eliza katolikoko hierarka batzuek, nola ez, adierazpen negargarriak egin zituzten. Erasoa gertatu baino ordu batzuk lehenago, Bernardo Alvarezek adierazi zuen, Tenerifeko pulpitutik, homosexualitateak kalte egiten diela pertsonei eta gizarteari, gaitz bat dela eta homosexualen %94 bizioagatik direla homosexual, eta, gainera, adingabekoei abusuak egitea zuritu zuen: «Izan ere, deskuidatuz gero, probokatu egiten zaituzte».


Egun batzuk geroago, familia kristauaren aldeko «otoitzean» eta aita santuaren bedeinkazioarekin, beste hierarka batzuek ekin zioten. Rouco Varelak familia arloko politiken kontra egin zuen: esaterako, sexu berekoak ezkontzearen eta dibortzioa soiltzearen kontra. Horrelakoek, hark esan zuenez, «giza eskubideetan atzera egitea dakarte».


Garcia-Gascok laizismoaren kultura deitzen duena kritikatu zuen; haren esanetan, etsipena dakarren iruzur bat da, abortuaren, dibortzioaren eta «gazteen heziketa manipulatu nahi duten ideologien» bidez egina: «Demokraziaren galbidean gara». Cañizaresek, berriz, segurtatu zuen familiaren kontrako «mehatxu argiak eta eraso gogorrak» daudela, eta «gizartearen geroaren kontrako eraso larriak» direla.


Baina ez dezagun geure burua engaina. Nahiz eta badagoen horrelakoak hierarkia katolikoaren parte baten fanatismoaren erakusgarritzat hartzen duenik eta eliza baten barrenean jarrera batek baino gehiagok lekua badutela pentsatzen duenik, isiltasunak hau gogorarazten digu: entzun eta isil, baiezko biribil.


Blazquez delako baten hitzak -apezpikuen presidente eta neurritasunaren ordezkari omen-, abenduaren 30eko «otoitz» hartan esanak, argiak eta garbiak dira. «Familia kristauari izena kendu nahi diote, ustezko familia moderno batekin kontrajarriz», adierazi zuen, eta gaitzetsi egin zituen familia eredua bakarra dela ukatzen duten lege guztiak. Hauxe omen da eredu bakarra: «Ezkontzan, hau da, gizon baten eta emakume baten batasun iraunkorrean oinarriturikoa».


Argi baino argiago utzi dute homosexualitateak, esaterako emakumearen berdintasunak bezala, ez duela lekurik eliza horretan, eta katolikoen zerua -ia eliza guztiena bezala, baita ia erlijio guztiena ere- lurreko infernua dela gay, lesbiana eta transexualentzat.


Bada garaia etengabeko eraso horiek geldiarazteko. Indar aurrerakoi eta gizarte mugimendu guztiek eginahalean aritu behar dute izurrite hori betiko bukatzeko eta gizarte egiaz laikoa ezartzeko. Hierarkia katolikoaren fanatismo horrek, isiltasun konplizeak eta beste sektore ultra batzuen segidismoak, dudarik gabe, honelakoak ekartzen dituzte: homofobia, lesbofobia, transfobia, (hetero)sexismoa eta matxismoa. Eta horien fruituak irainak izaten dira, eta erasoak, eta gorrotozko krimenak.


Giza Eskubideetan, berdintasunean eta aniztasunean sinesten ez duten erakundeak, emakumea baztertzen segitzen dutenak eta homosexualitatea gaixotasuntzat hartzen dutenak mespretxatu egin behar dira gizartean, eta baztertu instituzioetan: hasteko, ezin dute finantzabide publikorik jasotzen segitu, eta ezin dute hezkuntza sisteman parte hartzen segitu.


David gazteak eraso homofobo bortitzaren inguruan izaniko jarrera eredugarriak pentsarazi egin beharko lioke gizarte guztiari. Haren lekukotasuna ikasgai ezin baliotsuagoa da, eta kontuan hartu behar dute, besteak beste Herritartasunerako Hezkuntza izeneko irakasgaian, homofobiaren gaia tratatzeko orduan. Hezkuntza sistemaren eta gizarte pedagogiaren bitartez bakarrik lortuko dugu salatutako eraso horren gisakorik ez izatea berriro.


Herritartasuna lortzeko puntukako baimen bat egongo balitz, Davidek sobran izango luke makina bat puntu. Baina, haien txatalen parafrasea eginez, orratzaren begitik gamelua igarotzea errazago litzateke, hierarkia katoliko penagarri eta lotsagarri horrek herritartasuna lortzea baino.


Burua tente bizi nahi dugunok, «bai, maritxua naiz», «bai, bollera naiz» edo «bai, trans naiz» harro esateko askatasunez bizi nahi dugunok, sostengua, maitasuna eta elkartasuna adierazi nahi diogu Davidi. Hark bezala bere izaeragatik sufritzen edo sufrituko dutenek, jakin dezatela lekua badutela gure familian; Goliat heterofaxistari min egiten badio ere, gurea ere familia handi bat da, ezaugarri nagusi gisa desberdintasuna eta aniztasuna errespetatzea duen familia bat.

2007/06/28

> Iritzia: Mikel Martin · Julen Zabala · EHGAM > 30 URTE AURREJUZGUETATIK ASKATUZ

  • 30 urte arrejuzguetatik askatuz
  • Berria, 2007-06-28 # Mikel Martin eta Julen Zabala · EHGAMeko kideak # Erredakzioan itzulia

Ekainaren 28a Gay, Lesbiana eta Transexualen Askapenaren Nazioarteko Eguna da, Stonewalleko matxinadaren oroigarri: New Yorkeko tabernan hartan, Poliziaren umiliazioak sufritzeaz nazkaturik, homosexualek, lesbianek, drag-ek, trabestiek eta transexualek adorea izan zuten beren ahotsa goratu eta zeukaten arma bakarrarekin borrokatzeko: duintasunarekin. 1969. urtean gertatu zen, eta orduko gertaera haiek hasiera eman zioten gay, lesbiana eta transexualen (GLT) borroka molde berri bati. Haren ondorioz, gay askapenerako fronteak sortu ziren hainbat tokitan.


Ezin aurkituko genuke ekainaren 28a baino egun hoberik EHGAMen 30. urteurrena ospatzeko. EHGAM Euskal Herriko Gay eta Lesbianak Askatzeko Mugimendua da, eta 1976. urtearen bukaeran eman zituen aurreneko pausoak, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan, eta hurrengo urtean agertu zen lehen aldiz jendaurrean. Orain, 2007. urte osoan, ospatzen ari gara aktibismoaren barruan eta kanpoan erreferente bihurtu den talde horrek lehenbiziko 30 urteak bete dituela borrokan.


Desberdina baztertzen den gizarte batean, EHGAMek desberdintasuna aldarrikatu du beste ezeren gainetik. Haren borrokaren helburua izan da, batetik, oztopoak, estereotipoak eta aurrejuzguak gainditzea eta, bestetik, GLT jendeari etengabe ukatzen zitzaizkion eskubideak aldarrikatzea, sexu orientazioaren edo genero identitatearen ondorioz eginiko zernahi diskriminazio salatuz.


Esan dezakegu 30 urte egin ditugula Euskal Herria gure koloreekin kutsatzen. Luzerako lan zaila izan da, gogor egin baitigute alde askotatik eta tema handiz. Ezin ahaztu dugu 1983 arte taldea klandestinoa eta legez kanpokoa izan zela. Hasiera latz hartan, borrokagai nagusia izan zen Gizartearentzako Arriskuen eta Gizarteratzearen Gaineko Legea indargabetzea eta gay mugimenduko taldeak legeztatzea -hori zailagoa zen, gainera, EHGAMentzat-.


Aurrerapauso txiki bat ematen zen bakoitzean, aldarrikapen berriak agertzen ziren, homosexualitatea zigortzeari uzteak ez baitzuen ekarri ez «eskandalu publikoa» desagertzea, ez kode militarrean praktika homosexualak zigortzeari uztea. Nabarmen matxista zen publizitate kanpaina bat salatu eta kentzeko eskatu ondoren, borrokan segitu beharra zegoen sexu bereko bikoteei egiten zitzaien diskriminazioaren kontra, eta abarren kontra: pentsioak jaso ezina, etxea errentan hartzeko nekeak, transexualek lan munduan sufrituriko bereizkeria, esaterako.


Makina bat kanpaina egin da bazterketaren kontra, gizarte onarpenaren alde, irainen eta bereizkeriaren kontra, lege eta gizarte berdintasunaren alde, agerira ateratzearen alde eta estereotipoen kontra, desberdina izateko eskubidearen alde eta aurrejuzguen kontra, sexu aniztasunaren alde, hezkuntzako eta lan munduko bereizkeriaren kontra, soldadutzari intsumiso izatearen alde, apostasiaren alde eta gaitzesten gaituzten elizak finantzatzearen kontra, transexualitatearen medikalizazioaren kontra, sendatzeko terapien kontra, eskola liburu homofoboak baztertzearen alde, baztertu nahi gaituzten ghetto-aren kontra, merkatu arrosaz baliaturik eskrupulurik gabe negozioa egiten dutenen kontra...


Hori guztia joan deneko 30 urte honetako borrokaren parte da: aurrejuzguetatik askatuz, atxikimenduak bilduz, sexu pluraltasunaren alde eginez eta aniztasuna aldeztuz. Eta GLT mugimenduak etengabe aldarrikapenak egin dituelako iritsi dira oraingo lorpenak, batez ere lege esparruan.


EHGAMen hasierako urte haietan, ezin zen imajinatu ere egin oraingo egoera -lege aldetik dagoena, behintzat- iritsiko zenik. GLTren borroka etengabearen emaitza dira Kode Zibila aldatu eta sexu bereko bikoteen ezkontzak onartu izana -berdintasunez adoptatu ahal izatea ere bai- eta Genero Identitatearen Legea onartu izana. Pauso horiek ez dira aski, baina oso pauso garrantzitsuak dira.


Baina oraindik lortzeko daukagu gizarte berdintasun osoa. Berriki eginiko hainbat ikerketaren arabera, datuak ez dira oso onak. Gay eta lesbianen %80k nahiago dute lanean beren orientazioa ezkutatzea, arazorik eta diskriminaziorik ez izateko. Eta gazteen %40k ez dute lagun homosexualik izan nahi.


Eskolan, orain ere etengabe jazartzen diote generoari dagokionez estereotipoak betetzen ez dituenari. Transexualitatearen inguruan, nabarmenak dira ulertu ezina eta gizarte bazterketa. Oraindik ere pertsona asko baztertzen dituzte, iraintzen dituzte edo erasotzen diete desberdinak izateagatik eta desberdinak direla emateagatik. Eta zer esan indarkeria matxistaz, bere egiturak aldatzen ari direla onartzen ez duen gizarte baten adierazgarri.


Jendaurrean eskerrak eman nahi dizkiegu bide luze honetan EHGAMekin edo beste GLT taldeekin elkarlanean ari diren guztiei eta gure borroka babestu duten guztiei, pertsonalki edo erakunde sozial, politiko eta sindikaletan. Bidea ez da erraza izan, eta horiek guztiak gabe ezinezkoa izango zen.


Baina oraindik ezinbestekoa zaigu modu kolektiboan ohartzea gizarte berdintasunaren alde eta jarrera homofobo, lesbofobo, transfoboa edo heterosexista guztien kontra borrokatzen segitu beharra dagoela. Ezin da ahaztu, inolaz ere, oso hurbil ditugun zenbait tokitan eskuin muturreko errebisionismorik eskuindarrena aurrera egiten ari dela eta munduko toki gehienetan GLT jendea egoera lazgarrian dagoela, jazarririk eta hilko duten arriskuan.


Era berean, bidean geratu direnak gogorarazi nahi ditugu, lorturiko aurrerapenak ezagutu ezin izan dituztenak. Eta, batez ere, hiesaren ondorioz hilak. GLT askapen mugimendua hasiera zail hartatik ia atera gabe zegoela, hiesa agertu zen 1980ko hamarraldian, eta horrek markatu egin gintuen betiko: ikasi behar izan genuen, ezartzen zitzaigun estigma soziala gainditzen ez ezik, errealitate berri bati aurre egiten eta elkartasunezko sare berriak josten ere.


Ekainaren 28 honetan, atera gaitezen kalera, urtero bezala. Guztiei gonbit egiten diegu aurrejuzguetatik askatu eta gure koloreekin bat egin dezaten, ostadarrak ematen duen aniztasun horretan, halako egun berezian eta urte osorako nahiko genukeen askapen espirituarekin. Aurten, Desberdintasuna bizi leloarekin ospatuko du EHGAMek ekainaren 28a. Mezu horixe zabaldu nahi dugu gure 30. urteurrenean: pertsona guztiek bizi dezatela, askatasun osoz, beren izateko era, beren sentitzeko era, beren desberdintasuna, besteenganako errespetuz.

2007/06/27

> Berria: Ekainak 28 > HOMOSEXUALEN MUGIMENDUAZ ARIKO DIRA GAUR ITSASONDON

  • Homosexualen mugimenduaz ariko dira gaur
  • EHGAMeko bi kidek emango dute hitzaldia, gaur iluntzeko zazpietan
  • Goierriko Hitza, 2007-06-27 # Arkaitz Apalategi

Gay eta lesbianen nazioarteko egunaren atarian, kolektibo horren egoera ezagutu eta euren aldarrikapenak zein diren jakiteko hitzaldia antolatu du Itsasondoko Kultur Elkarteak. Hala, Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduko (EHGAM) Julen Zabalak hitzaldia emango du gaur. Saioa 19:00etan hasiko da, Itsasondoko Gazte Kultur Etxean.


Antolatzaileek gaiaren inguruko kontzientzia zabaldu nahi dute: «Jendeak jakin behar du Goierrin badagoela mugitu eta elkartzen den talde bat, askorentzat erreferentzia eta laguntza izan daitekeena».


30 urte aurreiritziak baztertzen izenburua jarri diote hitzaldiari. Bertan gay eta lesbianen mugimenduak azken hiru hamarkadetan egindako lana eta aurrera begira dituzten erronkak azalduko dituzte. Julen Zabalarekin batera, Goierriko Les-Gay Taldeko kideak ere izango dira. Haiek azaldu dutenez gay eta lesbianen mugimendua duela 30 urte sortu zen, EHGAMekin batera. «Harrezkero hainbat arlotan hobetzea lortu duten arren oraindik lan handia dago egiteko, benetako berdintasun sozialaren bidean».


Itsasondoko Kultur Elkarteak gaiaren inguruan ekintza gehiago antolatzeko asmoa du. Uztailean egingo diren aire libreko film emanaldietan lehena gai horren ingurukoa izango da. Datorren ikasturteari begira ere harreman zuzenagoa izan nahi dute EHGAMekin, ekintza gehiago egiteko.