- Transexualitatea buruko eritasunen zerrendatik ateratzeko eskatu dute
- Bilbon eta Donostian elkarretaratzeak egin dituzte gizartean nagusi den «gizon-emakume binarismoa» amaitzeko
- Berria, 2008-10-12 # Ainhoa Sarasola · Donostia
DMS-IV. Hizki horiekin dago jasota buruko eritasunen Europako zerrendan transexualitatea. AEBetako zerrendan ere jasota dago, beste kode batekin. Hizkiak hizki, transexualitatea buruko eritasun gisa hartzen du egun Osasunerako Mundu Erakundeak (OME). Horrek, osasun zerbitzuetara jotzen dutenean transexualentzat prozesu «oso gogorra» dakarrela uste dute Euskal Herriko Gay eta Lesbianen Askapen Mugimenduak (EHGAM) eta Medeak kolektibo feministak. Transexualitatea buruko gaitzen zerrendatik kentzeko eskatu zuten Donostian eginiko elkarretaratzeetan, atzo.
Josebe Iturrioz Medeak-eko kideak azaldu zuenez, transexualek osasun zerbitzuetara jotzen dutenean, psikiatra baten eskuetatik pasatu behar izaten dute lehenik, eta «prozesu gogorra» da hori haientzat. «Arazoren bat baduzu, depresioa esaterako, ez dizute uzten aurrera jarraitzen». Medikuntzak halako kasuetan jarraitzen dituen metodologia eta testak ere ez direla batere egokiak deritzo. «Nola neurtzen da gizontasuna eta emakumetasuna? Amaren zapatak jartzen ote dituzun edo makillatzen zaren galdetuta?».
Osasun sistemak, gizartean nagusi diren gizon-emakume bi polo hegemonikoak indartzen dituela uste du Iturriozek, eta ez dago horren alde. «Zergatik emakume batek ezin du zakilik izan? Guk diogu sexua bera eraikia dela, eta gorputzak askotarikoak direla; hor daude intersexualak, adibidez». Ordea, intersexualei jaiotzez ebakuntza egiten zaiela, eta normalean gainera ezkutatu egiten zaiela dio Iturriozek. «Beraz, errealitate hori ez dugu ezagutzen. Beti izango dira gutxiengo bat, erreprimitzen dugun heinean».
Hala, «gizon-emakume binarismoa» gainditu, eta horietatik harago, gorputzen aniztasuna aitortzeko eskatzen du. «Horregatik diogu gure gorputzak ez daudelagaixorik edo ez direla erratzen, baizik eta gizartea erratzen dela». Tokian tokiko erakundeei transexualitatea eta intersexualitatea modu integralean eta transbersalki lantzeko ere eskatzen die. Iturriozen esanetan, ez baita berdintasunerako departamentuetan lantzen diren gaietatik aparte dagoen zerbait, «sexualitatearen barruan eta sexismoarekin erlazionatua» dagoen auzia baizik.
Iritzi berekoa da Julen Zabala EHGAMeko kidea. Instituzioetatik auzia modu osoagoan landu beharko litzatekeela dio. Urtetan transexualitatearen auzia baztertuta egon dela uste du, baina ari direla, gay eta lesbianen eskubideen aldeko mugimendutik, errealitate hori azaleratzen saiatzen. Auzia gay eta lesbianen borroka agendan dagoela dio.
Eta transexualek izan ditzaketen arazo zehatzetatik harago ere, bi sexu nagusiren binarismoak ez duela zertan hala izan behar uste du, gizartean eredu hori oso errotuta badago ere. «Dena dago guztiz markatua; komunak neskentzat eta mutilentzat, nortasun agirian sexua jartzea... adibideak baino ez dira, baina garbi erakusten dutenak egunero estereotipo oso indartsuak sortzen dituztela, eta horrek eragina badu». Ordea, inguruan kasu latzen bat gertatzean soilik jabetzen da gizartea errealitate horretaz, Zabalaren ustez. Horregatik eskatzen du arlo guztietako erakundeen esku-hartzea.
Eskaera zehatzak
Transexualitatea buruko gaitzen zerrendatik ateratzeko eskatzeaz gainera, beste hainbat eskaera egin zituzten bi elkarteek atzoko protestetan. Hormona tratamendu eta ebakuntza «askeak» aldarrikatu zituzten, psikiatraren tutoretzarik gabekoak. «Genital anbiguoekin» jaiotakoei egun gutxira egin ohi zaien ebakuntza egiteari uzteko, agiri ofizialetatik «sexua» eta «ezertarako balio ez duten antzeko datuak» ezabatzeko, eta transexualen babeserako legeak sustatzeko ere eskatu zuten.
Hala, Osakidetzako lehen artatzean «erabateko hobekuntza» eta Gizarte Segurantzan tratamendu eta ebakuntzak onartzea aldarrikatu zuten. Eusko Jaurlaritzari, berriz, Generoaren Saila sortzeko eta transexualitatea berdintasunerako departamentu eta arloetan lantzeko eskatu zioten.
Donostian bezala, Bilbon ere elkarretaratzea egin zuten Trans Koordinakundeak deituta, eskaera berberak plazaratzeko. Gaurko, berriz, Gasteizen 7menos20 eta Las Invertidas taldeek deitu dute hitzordua, 13:00etan, Andra Mari Zuriaren plazan.
No comments:
Post a Comment