2008/10/14

> Elkarrizketa: Iñaki Saratxaga > "BELAUNALDIAK BEHARKO DIRA ARTEAN HOMOSEXUALITATEA NORMALTZAT HARTZEKO"

  • Iñaki Saratxaga - Artista: «Belaunaldiak beharko dira artean homosexualitatea normaltzat hartzeko»
  • Erotika homosexualaren inguruko marrazki saila du ikusgai Bilboko argazkilari, bideogile eta marrazkilariak Errenteriako (Gipuzkoa) Mikelazulo elkartean. Urri osoan egongo da zabalik.
  • Berria, 2008-10-14 # Edu Lartzanguren

Iñaki Saratxaga (Bilbo, 1956) argazkilaria da, eta bideogintzan aritu izan da azken urteotan. Arte plastikoen eta ikus-entzunezkoen artean jartzen du bere mundua. Erotismo homosexuala landu du marrazkien bidez. Ero-apuntes izenburuko erakusketan ari da lana erakusten hil honetan, Errenterian (Gipuzkoa), Mikelazulo elkartean.


Nola sortu zen Ero-apuntes erakusketa egiteko ideia?
Marrazkigintza eta pinturarekin hasi nintzen ni, ikuspegi akademikotik, figurak eta gorpu biluziak lantzen. Oinarri horretatik abiatuta, eduki apur bat politikoagoa landu nahi izan dut, hau da, gay erotika eta sexualitatea. Artearen bidez gay erotismoa agerrarazi nahi izan dut. Apunteak dira, marrazki azkarrak. Horrela ikasten zen marrazketa garai batean, baina gero eta gutxiago egiten da. Bi gauzak aldarrikatu nahi izan ditut, beraz: figuraren azterketa marrazketa klasikoan, baina eduki zirikatzaileagoa ematen, jendea oraindik deseroso sentitzen delako gai horrekin.


Lehen aldiz jorratzen duzu gai hori zure lanean. Zergatik orain?
Orain arte argazkigintzan aritu naizelako, eta gai hori argazkien bidez jorratzea askoz zailagoa izango zitzaidan eta askoz garestiagoa. Izan ere, halako lanen errendimendua zero da. Bilbon bitan erakutsi ditut marrazkiok eta beste behin Bartzelonan (Katalunia), eta, denera, bi koadro baino ez dira saldu. Oso zaila da gai hori erakustea eta saltzea.


Gaia oraindik zentsuratu egiten dela esan ohi duzu...

Ia ezinezkoa da arte galeria batean zintzilik ikustea erotika homosexualaren inguruko lanak. Erotika heterosexuala ikustea ere zaila bada, homosexuala jartzea, harrigarria da. Homosexualen ezkontzak baimentzen dituen legeak egonda ere, hemen gizarteak ez du oraindik onartuta homosexualitatea. Urte asko falta dira, belaunaldiak, sexualitate hori normaltzat hartzeko bai eguneroko bizimoduan bai artean. Londresen hiru urtez egin nuen lan argazkilari gisa, eta hura askoz irekiagoa da. Espazioak badira han eta kantitate gehiago, baina, dena den, hemen bezala, zentsura eta bazterketa dago.


Zer-nolako erreakzioak jaso dituzu orain arte?
Onak. jendeak gustuko ditu marrazkiak. Izan ere, ez dira gogorrak, erotikoak dira, ez da pornografia. Teknika ere, leuna da. Ez dut asmorik gaia jorratzeko bideoaren bidez edo beste baliabide baten bidez. Horrela geratuko da. Litekeena da marrazki gehiago egitea etorkizunean, baina, betiere, teknika bera erabilita.


Nerabeei eskaini diezu erakusketa. Zergatik?

Adin horretan daudenak sentitzen dira minberen, ofiziala ez den joera sexuala dutenean. Nire aldetik, haiei laguntzeko egiten dudan ekarpen txikia da erakusketa. Izan ere, uste dut lagungarria izan dakiekeela sexu joera hori agerian ikustea normaltasunez erakusketa areto batean; gaia jorratzen duen jendea dabilela eta jendaurrean erakusten duela ikustea, alegia.


Zure esperientziatik ari zara?
Bai, gustatuko litzaidake interes eta sostengu gehiago ikustea egun hedabideetan eta ikus-entzunezkoetan gaia normaltzeko, nire belaunaldian ikusi dudana baino.

No comments: