2008/10/30

> Komunikatua: Donostiako Koordinadora Feminista > EMAKUMEAK GORROTATZEN DITUZTEN GIZONEZKOAK

  • Emakumeak gorrotatzen dituzten gizonezkoak
  • Donostiako Koordinadora Feminista, 2008-10-30
Joan den astean Donostiako Loiolako Erribera auzoan neska bat bortxatu zuten. Berehala etorri ziren erreakzioak. Era guztietako komentarioak entzun ditugu, izugarrienak etorkinen kontrakoak izan dira, bete batzuk auzoaren argiztatze txarrari errua botatzen diote.


Baina zoritxarrez hau ez da gure hirian gertatu den eraso bakarra. Aurten ertzaintzak 102 gizonezko atxilotu ditu askatasun sexualen kontrako delituengatik; iaz baino % 22 gehiago.


Aurten bost emakume erail dituzte Euskal Herrian, eta Estatu españolean 70 eta 90 emakume artean hiltzen dituzte urtero. Madrileko Instituto de la Mujerren datuen arabera Estatu españolean zortzi bortxaketetatik bakarra salatzen da, eta urtero 20.000 emakume inguru bortxatuak izaten direla kalkulatzen da. Europako Kontseiluak 2000.urtean jada esan zuen, 16 eta 44 urte arteko emakumeen baliaezintasun eta heriotza arrazoi nagusiena indarkeria sexista dela.


Errealitatea gordina da. Eraso matxistak etxe barruan zein kanpoan ematen dira, argiarekin eta argirik gabe, eta erasotzaileak herrialdeko zein kanpoko gizonak dira, baina guztiak ere emakumeak gorrotatzen dituzten gizonak dira.


Beraien desio, beldur eta miseriak gure eskubideen gainetik jartzen dituzten gizonak. Baina badirudi beti arazoaren arrazoiak estali nahi direla. Ez da emigrazioa, ez da prekarietatea, ez da alkohola, ez da maitasuna. Emakumeak gorrotatzen dituzten gizonezkoak dira.


Auzoak argiztatu egin behar dira, noski, baita hiriko puntu beltzak ezabatu ere. Baina ez da iluntasuna beldurtzen gaituena, baizik eta iluntasun horretan ezkutatuta egon daitekeena. Emakumeak gorrotatzen dituzten gizonezkoak.


Joan den larunbatean izandako bortxaketa honen ondorioz, ezezagunak zitzaizkigun eta ezagutu behar ditugun datuak azaleratu dira. Eraso matxistei buruzko gardentasuna eta informazioa nahi dugu. Erasotzaileak zeintzuk diren jakin nahi dugu.


Badakigu bortxaketa eta eraso gehienak ez direla salatzen. Hori horrela, emakume erasotuak egindako denuntzia eraginkorra izan dadin erraztasun handienak eman behar dira.


Ez dugu alarmistak izan nahi, erasoak ez dira gehitu, gauza da, gehiago denuntziatzen direla, gehiago direla beraien erasotzaileak salatzen dituzten emakumeak. Bizitzeko eta askatasunean gure eskubideez gozatzeko eskubidea errebindikatzen dugu.


Beste mundu bat behar dugu, beste balore batzuetan heziak izan behar dugu. Gorrotatu, eraso eta hiltzen gaituzten gizonekin, bukatu behar dugu. Matxismoarekin bukatu behar dugu. Ez dugu nahi bizitza osoan erasoak salatzen aritzea. Bukatu daitezen nahi dugu. Aski da!.


Gure elkartasunik beroena helarazi nahi diegu emakume erasotu guztiei. Denak izan gara behin edo behin erasotuak. Baina guzti horren gainetik gure bizitza dago, gure askatasuna, gure desio eta ilusioak. Beldurrik gabe bizitzeko eskubidea. Kalea eta gaua ere gureak dira.

No comments: