Showing posts with label Sexu erasoak. Show all posts
Showing posts with label Sexu erasoak. Show all posts

2009/08/14

> Berria: Kanpainak > BILBOKO JAIETAN SEXU ERASORIK EGON EZ DADIN KANPAINA EGINGO DUTE

  • Bilboko jaietan sexu erasorik egon ez dadin kanpaina egingo dute
  • Konpartsek eta udalak erasoak salatzeko protokoloa eta sexu harreman seguruak bultzatuko dituzte
  • Berria, 2009-08-14 # Ekaitz Herrera . Bilbo
Genero indarkeriaren aurka, batetik, eta sexu harreman seguruen alde, bestetik. Horrela agertu dira Bilboko Udala eta Konpartsak, datorren Aste Nagusiari begira. Ideia biak batu dituzte kanpaina bakarrean, eta, helburua da sexu erasorik ez izatea. «Denak ez du balio festetan. Genero indarkeriaren gaian sentsibilizatzea da asmoa. Gazteengan batez ere, euren parte-hartzea aktiboagoa baita jaietan», adierazi zuen Nekane Alonsok, Bilboko Udaleko Berdintasun eta Herritarren Gaietarako zinegotziak. Eraso sexisten kontagailua «zero» izateko bidean, elkarlanean ariko dira Bilboko Konpartsak eta Udalak.

«Festa giroak eta alkoholaren gehiegizko erabilerak ezin dituzte sexu erasoak justifikatu», adierazi zuen Alonsok. Joseba Solozabal pregoilariak, bestalde, antzeko hitzak izan zituen, eta adierazi zuen «oraindik ere» badagoela alkoholaren gehiegizko kontsumoa sexu erasoekin nahasten duenik. «Edozein eraso gaitzetsi behar da, eta onartutako sexu harremanak kondoiarekin egin behar dira», adierazi zuen Solozabalek. Bestalde, konpartsetako kideek adierazi zuten protokolo bat jarriko dutela martxan erasoren bat gertatuko balitz. Txosnetako musika gelditu eta barra gainera igota, protesta egingo lukete. Hurrengo egunean, gertaera salatzeko elkarretaratzea egingo lukete Arriaga antzokiaren parean, arratsaldeko 18:00etan. «Ohartu ginen irainak, kolpeak, bortxaketak... ohikoak zirela. Horren ondorioz, protokolo bat egin genuen», adierazi zuten konpartsakideek.

Halere, erasoak salatzeaz gain, segurtasunezko sexu harremanak ere bultzatuko dituzte. Horretarako, 30.000 preserbatibo banatuko dituzte debalde. Txosnetan, Botika Zaharrean egongo den agertokiko barran, eta alde zaharreko zenbait tabernatan egongo dira eskura. Era berean, larrialdietarako telefono zenbakiak dituzten 20.000 txartel eta itsasgarriak banatuko dituzte.

Laguntza zerbitzua
Sexu erasoak gertatuko balira, zerbitzu berezi bat jarriko du martxan Bilboko Udalak. Zerbitzua goizez emango da, eta udaletxeko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako bulegoan izango da. Emakumeek horra jo dezakete aholkuak eta laguntza soziala, psikologikoa eta juridikoa eskatzera. Gainontzekoan, Gizarte Zerbitzuen Larrialdietarako telefono zenbakia ere jarri dute eskura (94-470 14 60).

2009/06/30

> Berria: Elkartasuna > DONOSTIA: HERRITAR TALDE BAT BILDU ZEN IGANDEAN MARTUTENEN, PATXI BEREZIARTUARI BABESA ESKAINTZEKO

  • Herritar talde bat bildu zen igandean Martutenen, Patxi Bereziartuari babesa eskaintzeko eta haren errugabetasuna aldarrikatzeko
  • Kronika, 2009-06-30
Jende asko inguratu zen igandean, Martuteneko kartzela aurrera, Patxi Bereziartua hernaniarrari beren babesa adieraztera, eta haren errugabetasuna aldarrikatzera. Joan den ekainaren 12an atxilotu zuten Bereziartua, eta herrian gogor kritikatu da atxiloketa, batik bat «inongo frogarik gabe atxilotu izana, eta baita atxilotzeko modua ere». Familiak errekurtsoa aurkeztua du, eta ikerketa irekita dago. Joan den igandean, familiak deialdia egin zuen Martuteneko kartzela aurrera azaltzeko, eta herritar asko izan ziren bertara azaldu zirenak, lagunak, lankideak, koru-kideak eta abar. 12:30etan, Patxi errugabea, herria zurekin lema zeramakien pankartaren atzean hernaniarraren aldeko txaloak, oihuak eta Kantuz abesbatzak kantatutako abestia entzun ahal izan ziren.

2009/06/19

> Berria: Salaketak > GIPUZKOA: SEXU ERASOA SALATZEKO KONTZENTRAZIOA EGIN DUTE HERNANIN

  • Sexu erasoa salatzeko kontzentrazioa egin dute Hernanin
  • Pasa den ostiralean hiru urteko haur bati sexu erasoa egitea leporatuta haur hezkuntzako irakasle bat atzeman zuen Ertzaintzak Hernanin.
  • Berria, 2009-06-19
Dozenaka lagun Hernaniko (Gipuzkoa) udaletxearen aurrean bildu dira eguerdian, haur hezkuntzako irakasle batek hiru urteko haur bati ustez egindako sexu erasoa salatzeko. Elkarretaratzean izan da Marian Beitialarrangoitia herriko alkatea, eta gertakaria salatzearekin batera, ustezko bortxatzailearen errugabetasun printzipioa errespetatzeko eskatu du.

Atzoko bilkuran, Hernaniko Udalak erasoaren aurkako adierazpena onartu zuen.

Pasa den ostiralean atxilotu zuen Ertzaintzak gizonezkoa, eta behin deklarazioa hartuta eta haren aurkako frogak aztertuta igandean Martuteneko (Donostia) espetxean sartu zuten. Sexu eraso larrien delitua egozten zaio, eta horrenbestez, errudun dela frogatzen bada gehienez hamar urteko kartzela zigorra jaso lezake.

Haurraren gurasoek ezarri zuten atxilotuaren aurkako salaketa pasa den ostiralean. Medikuak adintxikikoari egindako frogak aurkeztu zituzten gurasoek Ertzaintzan.