- Bilboko jaietan sexu erasorik egon ez dadin kanpaina egingo dute
- Konpartsek eta udalak erasoak salatzeko protokoloa eta sexu harreman seguruak bultzatuko dituzte
- Berria, 2009-08-14 # Ekaitz Herrera . Bilbo
«Festa giroak eta alkoholaren gehiegizko erabilerak ezin dituzte sexu erasoak justifikatu», adierazi zuen Alonsok. Joseba Solozabal pregoilariak, bestalde, antzeko hitzak izan zituen, eta adierazi zuen «oraindik ere» badagoela alkoholaren gehiegizko kontsumoa sexu erasoekin nahasten duenik. «Edozein eraso gaitzetsi behar da, eta onartutako sexu harremanak kondoiarekin egin behar dira», adierazi zuen Solozabalek. Bestalde, konpartsetako kideek adierazi zuten protokolo bat jarriko dutela martxan erasoren bat gertatuko balitz. Txosnetako musika gelditu eta barra gainera igota, protesta egingo lukete. Hurrengo egunean, gertaera salatzeko elkarretaratzea egingo lukete Arriaga antzokiaren parean, arratsaldeko 18:00etan. «Ohartu ginen irainak, kolpeak, bortxaketak... ohikoak zirela. Horren ondorioz, protokolo bat egin genuen», adierazi zuten konpartsakideek.
Halere, erasoak salatzeaz gain, segurtasunezko sexu harremanak ere bultzatuko dituzte. Horretarako, 30.000 preserbatibo banatuko dituzte debalde. Txosnetan, Botika Zaharrean egongo den agertokiko barran, eta alde zaharreko zenbait tabernatan egongo dira eskura. Era berean, larrialdietarako telefono zenbakiak dituzten 20.000 txartel eta itsasgarriak banatuko dituzte.
Laguntza zerbitzua
Sexu erasoak gertatuko balira, zerbitzu berezi bat jarriko du martxan Bilboko Udalak. Zerbitzua goizez emango da, eta udaletxeko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako bulegoan izango da. Emakumeek horra jo dezakete aholkuak eta laguntza soziala, psikologikoa eta juridikoa eskatzera. Gainontzekoan, Gizarte Zerbitzuen Larrialdietarako telefono zenbakia ere jarri dute eskura (94-470 14 60).
No comments:
Post a Comment