2009/08/05

> Berria: Ekitaldiak > KUKUHERRIN EGINGO DUTE MARIBOLLOTRANS KANPALDIA

  • Kukuherrin egingo dute Maribollotrans Kanpaldia
  • EHGAMek antolatzen duen egitasmoa irailaren 11tik 13ra izango da, eta izena emateko epea zabalik dago jada
  • Urola Kostako Hitza, 2009-08-05 # Aritz Mutiozabal
Azken urteetan Oiartzungo Arritxulo bilgune izan badute ere, Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak (EHGAM) Azkoitiko Kukuherri aterpetxean antolatuko du 18. Maribollotrans Kanpaldia. «Gure errealitatea beste zonalde batzuetara zabaltzeko eta agerian uzteko asmoz, aurten Azkoitian egingo dugu kanpaldia», aditzera eman du EHGAM taldeko kide Xabier Larreinak. Egitasmoa iraileko bigarren asteburuan ospatuko dute, hilaren 11tik 13ra bitartean, eta hainbat jarduera egiteko aukera izango dute parte-hartzaileek: ikastaroak, irteerak, ikuskizunak eta abar.

Jendeak elkar ezagutzeko aukera izateaz gain, les-gay mugimenduaren aurrerapausoak zeintzuk diren eta une honetan zein esparrutan ari diren lanean azaltzea da egitasmoaren helburu nagusia. Larreinaren hitzetan, «kanpaldiaren bitartez, Urola Kostan gure errelitatea ikustea nahiko genuke. Horretarako, festa bat antolatuko dugu aterpertxean bertan, eta elkarretaratze bat Loiolako basilikaren aurrean. Beraz, eskualdeko herrietako jendeak antolatu ditugun ekitaldietan parte hartzea gustatuko litzaguke».

Akanpatzeko bi aukera
Kanpaldian parte hartzeko bi aukera daude: kanpinean edo aterpetxean. Egonaldia kanpinean egin nahi dutenek 53 euro ordaindu beharko dute, eta aterpetxean ostatu hartu nahi dutenek, berriz, 64 euro. Hauek honako kontu korronte zenbakian sartu beharko dute dirua, izen-abizenak jarriz: 3035-0063-82-0630030222 (Euskadiko Kutxa). Informazio gehiago nahi duenak www.ehgam.org webgunean eskura dezake.

Diru sarrera lehenbailehen egitea komeni dela adierazi dute antolatzaileek, izena emateko lekuak mugatuak direlako. «Gure nahia ez da ahalik eta jende gehien biltzea, baizik eta egitasmoa bera egitea. Beraz, 100 lagunetara mugatzen dugu parte-hartzea», dio EHGAMeko kideak. Maribollotrans Kanpaldian festa giroa izaten da nagusi, eta «askok errepikatu» egiten du urtero-urtero.

Bestalde, Homoerotikotasuna atzo eta gaur erakusketa zabalduko du EHGAM taldeak Kukuherri aterpetxean. Irailaren 5etik 26ra bitartean egongo da ikusgai.

  • Maribollotrans Kanpaldiko egitaraua
  • Azkoitiko Kukuherri aterpetxean egingo dute aurtengo Maribollotrans Kanpaldia, irailaren 11tik 13ra. Hainbat jarduera antolatu dute 3 egunetarako.
  • Irailak 11, ostirala
  • 18:00etatik aurrera. Harrera eta ongietorria.
  • 19:00etatik 21:00etara. Nola egin zure bideoak ikastaroa.
  • 21:00etatik 23:00etara. Afaria.
  • 00:00etatik aurrera. Ondo pasa, denen artean
  • Irailak 12, larunbata
  • 08:30etik 09:30era. Gosaria.
  • 10:00etatik 12:30era. Hainbat jarduera aukeran: mendi martxa, Euskaldunon ahalduntzea ikastaroa eta Yoga saioa.
  • 12:00etatik 13:30era. Eros masaje saioa.
  • 12:30etik 13:30era. Maribollotrans liburuak.
  • 14:00etatik 16:00etan. Bazkaria.
  • 16:30etik 19:30era. Hainbat jarduera aukeran: BDSM ikastaroa, bio-dantza ikastaroaeta Gazte Topaketa jardunaldia.
  • 20:00etatik 21:00etara. Tupper Sex saioa.
  • 21:00etatik 23:00etara. Afaria.
  • 23:00etatik 23:30era. Perfomance-a.
  • 23:30etik 00:00etara. IKS Sex Perfor.
  • 00:00etatik aurrera. Maribollotrans Festa: DJ 2-ttor, DJ Yolanda eta DJ Atxur.
  • Irailak 13, igandea
  • 08:30etik 09:30era. Gosaria.
  • 10:00etatik. Yoga saioa.
  • 11:00etatik 12:30era. Ibilaldi botanikoa.
  • Goizean zehar. Edredoning alternatiboa.
  • 13:00etatik 14:00etara. Elkarretaratzea Loiolan.
  • 14:00etatik 16:00etara. Bazkaria.
  • 17:00etan. Agurra.

No comments: