Showing posts with label Euskal Herria. Show all posts
Showing posts with label Euskal Herria. Show all posts

2009/06/06

> Berria: Lesbianismoa > LESBIANAK ADISKIDEEI EMATEN DIETE LEHENBIZI BEREN JOERA SEXUALAREN BERRI

  • Lesbianek adiskideei ematen diete lehenbizi beren joera sexualaren berri
  • Gazteek eta helduek modu desberdinean bizi dute lesbianismoa, Aldarte Zentroaren ikerketa baten arabera
  • Berria, 2009-06-06 # Maite Asensio • Bilbo
Hego Euskal Herriko lesbianei buruzko ikerketa aitzindaria egin zuen 2006tik 2008ra Gay, Lesbiana eta Transexualen Arretarako Aldarte Zentroak, eta horren aurkezpena egin zuen ostegun iluntzean, Emakundek antolatutako Berdintasunerako VI. gunearen barruan. Besteak beste, Hegoaldeko lesbianen profila definitu dute, eta haien ikusgaitasuna handitzeko proposamen soziopolitikoak egin dituzte. Ikerketaren arabera, nabarmena da lesbiana gazteek eta helduek modu desberdinean bizi dutela haien joera sexuala, baina oraindik ere adiskideen esparrua ezinbestekoa da lesbianismoa ezagutzeko eta horri buruz hitz egiteko.

Lesbiana gazteentzat errazagoa da haien joera sexualaren berri ematea, baina, halere, inkestatuen erdiek baino gehiagok diote «zaila» edo «oso zaila» egin zitzaiela lesbianak direla esatea. Lehenbizi adiskideei esaten diete gehienek; ondoren ahizpei edo nebei, amari, lankideei eta aitari. Lagunen eremua ere «funtsezkoa» da lesbianismoa ezagutzeko edo joera sexual desberdinen berri izateko, hedabideak, familia edo eskola baino lehen.

Belaunaldien artean aldaketa gehiago antzeman ditu ikerketak. Lesbiana gazteek 6 eta 14 urte arteko garaian izan zuten lehenengoz lesbianismoaren berri. Helduek, ordea, beranduago entzun zituzten heterosexualitateaz besteko aukera sexualei buruzkoak: %48,5ek, 14 eta 24 urte bitartean. Gainera, 40ko eta 50eko hamarkadetan jaiotakoek harreman heterosexualen bidez izan dituzte seme-alabak. «Belaunaldi horiek ezkontzeko izan zuten presioa adierazten du datu horrek», Inmaculada Mujika Aldarteko kidearen ustez. Gazteek intseminazio artifizialera jotzen dute batik bat.

Sinesmen erlijiosorik ez
Arabako, Gipuzkoako, Nafarroako eta Bizkaiko 468 lesbianari egindako inkestetan oinarritu da azterlana. Batez ere elur bolaren metodoa erabili dute inkestak banatzeko (ezagunei eman, horiek ere haien lagunen artean bana dezaten), eta, beraz, lagin horrek ez du benetako biztanleria ordezkatzen (parte-hartzaileen %55 Bizkaikoak dira, esaterako). Dena den, ondorio «esanguratsuak» atera dituzte, Ana Ureta Aldarteko lehendakariaren ustez: «Batez beste 27 eta 47 urte artean dituzten lesbianekin hitz egin dugu; sinesmen erlijiosorik gabekoak dira, ezkertiarrak, gaztelaniazko hiztunak (Gipuzkoan izan ezik), eta goi mailako ikasketekin».

Halaber, lesbianen inguruko aurreiritzi asko hausten ditu azterlanak. Inkestatuen %88k garrantzi handia edo nahikoa ematen diete sexu harremanei, eta hamarretik lauk bikotekidearekiko harremana etengo luke sexua ona izango ez balitz. «Lesbianak sexugabeak garela uste dutenei kontrajartzen zaizkie datu horiek», esan du Nekane Zabaleta Aldarteko bazkideak.

Lesbianen ikusezintasunaren seinaleak ere ageri dira ikerketan. Inkestatuek diote ikusgaitasun «nahiko handia» dutela hurbileko ingurunean, baina ez esparru publikoan. Esaterako, inkestatuen %64,5ek ez dute inoiz irainik jasan lesbiana izateagatik; bada, ikusezintasunak datu hori baldintzatzen duela uste dute ikerketaren egileek: «Emakumeen %90 baino gehiagok irainak jasan izan dituzte emakume izateagatik. Lesbianek eraso gutxiago jasotzen dituzte haien joera sexualari lotuta, ikusezina delako».

Bestalde, ikestatuen %74,4 ezkongabeak dira, baina horien %57,5ek bikotekidearekiko harremana «formalizatu» nahiko lukete. Gehienek ezkontza hautatuko lukete horretarako, «baina ez aitorpen soziala lortzeko, baizik eta bikote heterosexualen eskubide berdinak izateko», Uretak dioenez. Halere, administrazioan eskubide horiek gauzatzeko zailtasun handiak dituztela salatu dute lesbianek, seme-alaben izena emateraroan, adibidez.

2008/02/06

> Komunikatuak: O-16 > ABORTATZEKO ESKUBIDEAREN ALDE KALERA!! EMAKUMEONA DA ERABAKIA

  • ABORTATZEKO ESKUBIDEAREN ALDE KALERA!! EMAKUMEONA DA ERABAKIA
  • EHGAM-DOK, 2008-02-06 # Otsailaren 16an Manifestazio Nazionala Iruñean


Berriz ere kalera irten eta espazio publikoa berreskuratu dugu. Aspalditik datorkigun eskubidea da, beronen defentsa gure taldeen oinarrian dago: abortua libre eta doan.
Abagune honetan, non 2.000 emakumetik goraren bizi pribatuaren aurkako eraso polizial eta errepresiboa ematen ari den. Emakumeok eskubiderik oinarrizkoena, norbanakoaren gorputza kontrolatzekoa, praktikan jartzeko pasa dira kliniketatik.


1985ean onartutako Legearen aplikazio zehatza eta hitzemandako honen moldaketa atzeratzeko gobernutik egiten ari diren maniobrak SALATZEN DITUGU. Abortua delitu bezala mantentzen jarraitzeak mugatua bihurtzen du, baina ez honek bakarrik. Hiru balizko arrazoien praktika ere, dohainik eta emakumeontzat garantia guztiekin, gero eta zailagoa da aplikatzen zentro publikoetan.


Emakumeon eskubide sexual eta erreproduktiboak ezabatu eta zapalduak izan dira eskukada bat boto eta soldata handiz hornitutako besaulki batzuengatik. Eliza katolikoak, era erasokor eta inkisitorialean, berriz ere eskenatoki elektorala estutzen du gure bizietan muturrak sartuaz, askatasunen deuseztapenerako argumentuak erabiliaz.


Ez da emakumeon eskubideak beteak izango direla ziurtatzen. Aitzitik, HNEak ez dira zentro publikoetan praktikatzen; ez da doan; oztopo mediko eta juridikoen lasterketa bat da; eta, azkenean, guardia zibilaren eskutik emakume eta profesionalak atxilotuaz amaitzen den tranpa maltzur bat izaten amaitzen du.


Basauriko epaiketa ospetsua dugu gogoan Euskal Herrian, non jendarte osoa mobilizatu eta abortuaren zatitako despenalizazioarekin amaitu zen. Diktadura frankistaren hondarrak zirela pentsatu nahi genuen. Bere ondorengoek emakumeon eskubideen aurka egiten duen jendarte kontseraboreena bere egin dutela egiaztatu da orain.


Oraindik orain, lege berriarekin ikusi dugu nola abortu gehienak klinika pribatuetan egiten diren. Zentro publikoetako analisi eta informe medikuen bide luze eta zailak emakumeak asistentzia azkar eta egokiagoaren bila zuzentzen ditu. Zentroetako profesionalen gain, berriz, botere judizial eta polizialaren mehatxu konstantea eta legea hausten ari diren etengabeko ustea dago.


Nafarroan are okerragoa da egoera. UPNren gobernua, PSN-PSOEren laguntzaz, legearen aplikazioa oztopatzen ari da eta egungo estatuko legislazioa ez du betetzen.


  • HEMEN EZIN DA ABORTATU.
  • HEMEN, OSASUNGINTZA PUBLIKOA KLASE MEDIKO ATZERAKOIENAREN PLAZA PROPIOA DA.
    HEMEN EZ DIRA EMAKUMEON ESKUBIDEAK
  • ERRESPETATZEN.
  • HEMEN GIZA ESKUBIDEAK URRATZEN DIRA.
  • EUSKAL HERRIAN EMAKUMEON EZIN DUGU GURE GORPUTZARI BURUZKO ERABAKIRIK HARTU, ABORTUA EZ DA EZ LIBREA EZ DOAN.


Ez gara isilduko. Ez gaituzte isilduko. Kalera batera eta aldarrikatzaile irten gara UPNren gobernuaren praktika legeausleak salatzeko. Gogoz kontrako haurdunaldiak gutxituko dituen sexu hezkuntza eta orientazio programen falta salatzeko. Familia harreman eredu heterosexualaren inposaketa salatzeko. Botere judiziala eta etxe zein klinika pribatuetara sartuz erabiltzaileen historia eta biziak bahitzen dituen polizia salatzeko. Ez garela promesa elektoralen bidez engainatzen utziko abisatzeko: Abortua libre eta doan orain!!!! Gu erditzen gara, guk erabakitzen.

  • abortoaren aldeko iruñeako batzordea, alsatsuko feministak, amalatz, arabako emakumeen asanblada, argitan, basauriko emakume taldea, bizkaiko emakumeen asanblada, emakume internazionalistak, ermuko asanblada,euskal herriko bilgune feminista, herne, lanbroa, medeak, ondarruko emakume taldea, plazandreok, 7menos20