Showing posts with label Gurasotasuna. Show all posts
Showing posts with label Gurasotasuna. Show all posts

2008/07/05

> Berria: Trans > ESTATU BATUAK: THOMAS BEATIE TRANSEXUALA ALABA BATEZ ERDITU DA

  • Haurdunaldi bat, kontzeptu ugari dantzan
  • Thomas Beatie transexuala alaba batez erditu da
  • Kritikagarria batzuentzat, berritzailea besteentzat. Thomas Beatie transexualaren haurdunaldiak, amatasuna, aitatasuna, maskulinitatea, feminitatea... kontzeptu ugari hankaz gora jarri ditu. Igandean erditu zen eta dagoeneko aita da.
  • Gara, 2008-07-05 # Maider Eizmendi

Thomas Beatie Oregoneko (AEB) 34 urteko gaztea aita da, guraso hala nahiago badu. Atzo jakin genuen joan den igandean erditu zela eta biak, aitak eta alabak, osasun egoera bikaina dutela. Beatiek orain hamar urte erabaki zuen sexuz aldatzea eta legeak gizon izaera aitortu zion. Hala eta guztiz ere, bere obulutegia eta umetokia mantendu zituen eta bere emazteak, haurrik izan ezin duenez, bere hormona tratamendua bertan behera utzi eta intseminazio bitartez haurdun geratu zen Thomas orain bederatzi hilabete.


Munduko komunikabideek «haurdun izandako lehen gizon» gisa bataiatu dute, baina izatez, Thomasek beste pertsona batzuk aurretik zabaldutako bidea jarraitu baino ez du egin. Aldea, albisteak izandako oihartzunean dago, Thomasek bere egoeraren berri munduari eman eta bere haurdunaldiaren irudiak plazaratu baititu. «Oso ausarta izan da», horrela dio Beatriz Preciadok, Generoaren Teoria Paris VIII Unibertsitatean irakasten duen Burgoseko irakasleak. Donostian dago egun hauetan «PornoPunkFeminismoa» izenburupeko jardunaldi batzuen koordinazio lanak egiten, eta bertan izan du erditzearen berri. GARA berarekin izan da Thomas Beatieren kasuaren eta honek mahai gainean jarri dituen eztabaida anitzez mintzatzeko.


Kasua ezagun egin zenetik aztoratu egin ditu asko. Zenbaitek ezin du ulertu gizon izateko pausoa eman ostean, hori eten eta haurdun geratzeko erabakia hartu izana, zenbaitek «aita beharrean ama» izango dela dio, baina berak argi adierazi du, erdituta ere haurraren aita izango dela, «rol hori» beteko duela eta Nancy emazteak amarena.


Onarpen arazo horien oinarrian, Preciadoren ustez, mendebaldeko sexu-genero kontzepzio estua dago: «Guk erregimen kontserbadore edota doktrinatzaileez hitz egiten dugunean Islam-a datorkigu burura, baina gure sexu-genero erregimena oso-oso diziplinarioa eta estua da; guk naturalizatuta bizi dugu eta ez gara arau sistema hertsitzaile horretaz jabetzen». Irakaslearen esanetan, indarrean dagoen sistemak sexu, genero eta sexualitatearen lerrokatzearekin du zerikusia: «Sexu anatomiko maskulinoari, genero maskulinoa dagokio eta, jakina, heterosexuala izan behar du, eta, gainera, hori guztia aitatasunarekin sendotu behar du; emakumeak berriz, bere feminitatea amatasunarekin azkendu behar du».


Kontua da Thomas Beatiek sistema hori apurtu duela, «maskulinitateaz dugun ideia tradizionalaren kontra egin du» eta duela pare bat hamarkada abiatutako bideari esanahia erantsi. Orduan hainbat ikerlari eta pentsalari sexu-genero lerroari eten kritikoak egiten hasi ziren eta honelakoak esaten: «badira gizonak femeninoak direnak, maskulinoak diren emakumeak... Ez dago inolako jarraipen naturalik eta orain ikasi behar dugu amatasuna gerta daitekeela gizon baten gorputzean eta aitatasuna emakume gorputzean». Beatiek beraz, aitatasuna eta amatasuna eraikitako kontzeptuak direla eta horien mugak mugi daitezkeela utzi du agerian. «Horregatik da zaila Thomas aita dela ulertzea, nahiz eta umetokia izan, alua izan eta neska jaioa izan, normalean gizonei bakarrik ezarri zaien posizio kulturala defendatu behar du berak eta horregatik seguru aski behin eta berriz errepikatzen du bera `aita' izango dela».


Kasu zehatz honek kolektibo transexualen gaineko ikuskeran ez ezik, emakume izatean eta honen ulermenean ere zeresana eman dezake. «Emakumeen gorputza, orain arte naturalizatuena, desnaturalizatzeko pauso gisa ulertzen dut. Gizonaren gorputzak ere metafora kultural ugari ditu, baina emakumearen gorputza izan da diziplinatua eta arautua eta, batez ere, ugalketa kontrolari dagokionez. Ikuspuntu horretatik, Thomasek emandako pausoa ikaragarria da», zehaztu du Preciadosek. Horren harira, gorputza beste modu batean begiratzen ikasi behar dugula nabarmendu du Preciadok. «Kulturak eta irudiek -zinematografikoek, literarioek, pornografikoek- eraikitzen dute gorputza. Hori guztia kontuan hartu gabe gorputzak ez du egun esanahirik.


Medikuntzak eta teknologiak gorputzean duten eragina ere aintzat hartzekoa dela dio irakasle honek: «Gorputza lehen unetik teknologiaren ondorioa da; edozein gorputzek -ez soilik transexualenak- kontaktu zuzena du teknologia hormonalekin adibidez; oso neska gutxi ezagutzen ditut gaztetatik pilula hartzen ez dutenak eta beren feminitatea, hilekoa, teknikoki kontrolatua dago».


Lehen ere bideak irekita baziren kasu honen publikotasuna transexual eta gay ugarirentzat «izugarria» izan da, «amatasuna mamua dela askorentzat». Kontuan izan behar da gainera, gizonezko transexualen sexu aldaketetan urte askoan pertsonak antzutzera jo izan dela: «Testosteronak obulutegiko minbizia izateko arrisku txiki bat dakar, eta horregatik urte askoan medikuntzak proposatu izan du hormonak hartzen hasi aurretik, obulutegia eta umetokia kentzea». 90eko hamarkadan, ordea, «transgenero mugimenduarekin» transexual asko beste modu bateko gorputza nahi zutela aldarrikatzen hasi ziren, hau da, gizon izan zitezkeela beren ugalketa organoak mantenduta ere. «Thomasek horixe dio, gizona dela alua izan arren, eta ideia hori oso berritzailea da maskulinitateaz dugun ideia zakilean eta sarketan oinarritzen delako ia esklusiboki». Thomasen alabaren gainean, eta beste transexual batzuen seme alaben esperientziak kontuan hartuta zera dio: «Beste batzuek baino errazago ulertuko dute modu asko daudela gizon eta emakume izateko eta identitatea eta desioa mugikorrak eta aldagarriak direla».


Ziur Beatieren erditzeak kalapita eragin eta kontserbadoreen kritikak jasoko dituela; baina mahai gainean jarri ditu kontzeptu eta ulerkera ugari; eta hori eskertzekoa da.

2007/02/17

> Berria: Gurasotasuna > SEXU BEREKO GURASOEN ETA GURASOGAIEN ELKARTEA SORTUKO DUTE GAUR MIARRITZEN

  • Sexu bereko gurasoen eta gurasogaien elkartea sortuko dute gaur Miarritzen
  • Ezkontza eta adopzio eskubideari buruz jarrera har dezaten eskatuko diete hautetsiei
  • Berria, 2007-02-17 # Aitor Renteria · Miarritze

Miarritzeko (Lapurdi) gay eta lesbianen elkarteak (LGP) bilkura bat antolatu du gaur Miarritzen sexu bereko guraso eta gurasogaien elkartea sortzeko asmoz. Frantziako presidentziarako hauteskundeen harira, sexu bereko pertsonen ezkontza eta adopzio eskubideari buruz jarrera har dezaten eskatuko diete hautetsi eta hautagaiei. Bederen PSF eta UDFeko ordezkariak presente izanen dira bilkuran.


«Lesbianen %11k eta gay-en %7k haur bat daukate; lesbianen %45k eta gay-en %36k ukan nahi dute», dio Philippe Lacoste LGPko presidenteak. Haurra ukan nahi duten sexu bereko pertsonek Administrazioaren zirrikituak baliatu behar dituzte. Legeak errealitatea onartu behar duela nabarmendu du, sexu bereko pertsonei gainerateko pertsonei onartzen dizkien eskubide berak aitortuz.


Frantziako legeak elkarrekin ezkontzea kalerazten die sexu bereko pertsonei. Ezin dute haurrik adoptatu eta ezin dute lagundutako ernalkuntza baliatu. Norbanakoek haur bat adoptatzea haizu dute. «Hipokresiak agintzen du, gurasoetariko bat kukutu behar delako adopzio prozedura irauten duen bitartean», azaldu du Lacostek.


Lehen traba hori gaindituta ere, legeak inposaturiko hesiak sexu bereko bikoteei ez diete aitortzen gainerateko bikoteek dituzten eskubide berak. Bigarren gurasoa, egunerokoan eragile bada ere, legearen aitzinean ez du eskubiderik. Horrela, haurraren ardura legala duen gurasoari zerbait gertatzen bazaio, bigarren gurasoak ez du haurraren ardura legala eskatzeko aukerarik.


«Gainerateko haurrek dituzten eskubideak ukatu egiten dizkiote sexu bereko gurasoen haurrari», salatu du Lacostek. Oinordetza eskubidea ere debekatzen diote haurrari eta hori jasanezinezko diskriminazioa dela dio.


Diskriminazioa ezabatu

Gurasoen ardura hobesten duen legea, gurasoen eskubide eta eginbeharra finkatzen duen legea bilakatzea eskatzen dute. Haurraren familia liburuan, adibidez, hiru elementu agertzea eskatzen dute: norengandik sortu den, noren haurra den eta zeinek hezi duen.


Informazioa gardena izatea eskatzen dute. «Informazioa gordez haurrari adierazten zaio ezberdina dela, gorde behar duen zerbait duela», azpimarratu du Lacostek. Arduraren etika garatzeko legeak gardentasuna eskaini behar duela uste du LGPk.


Legearen trabak direla eta, sexu bereko bikoteek molde ezberdinak baliatu behar izan dituzte haurrak ukaiteko. «Batzuek aitzineko bikote heterosexualetatik, bertzeek lagundutako ernalkuntza, isilpeko adopzioa edo bertze batzuen parte-hartzea. Legeak borondate naturalari hesia jarri nahi dionean bideak atzematen dira lortzeko». Legearen bermea eskatzen dute.