Showing posts with label Publizitatea. Show all posts
Showing posts with label Publizitatea. Show all posts

2008/12/08

> Iritzia: Bilgune Feminista > TXAPELA BURUAN GIZONA MUNDUAN

  • Txapela buruan gizona munduan
  • Gara, 2008-12-08 # Iosune Irigoien Garcia / Edurne Epelde Pagola · Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak

Aspaldidanik emakume idazle nahiz abeslarien erreferentziak falta izan zaizkigu. Euskal kulturaz hitz egiten burua gizonezkoen irudiz betetzen zaigu eta halaxe gertatu izan da Euskal kultura mugitzen duten eskuek eta buruek zein sexu duten garbi uzten digu kartel honek. Txapelarekin identifikatu ezinean, txapelaren atzean eta kultur eremutik urrun sentiarazi gaitu.


Urteak aurrera joan ahala Durangoko Azokan gero eta liburu eta disko gehiagorekin egiten dugu topo. Zorionez disko eta liburu hauen egileak ez dira gizonezkoak bakarrik, pixkanaka kultur ekoizleen artean emakumezkoak ere beren tokia hartzen ari dira. Egun emakumeok irakurtzen ez dakigula eta gure garunak ez daudela kulturarako prestatuta baieztatzea astakeria handia litzateke. Baita euskal kulturaren hartzaileak gizonezkoak bakarrik direla esatea ere. Bistakoa da mendeetan emakumeok ukatu izan zaigun kultura bizi, gozatu eta sortzeko eskubidea gutxika berreskuratzen ari garela. Gainera, sistema patriarkala emakumezkoak kultur ekoizle ez izateko muga ugari jartzeaz arduratu bada ere, asko izan dira oztopo hauek gaindituz pentsalari, filosofo, idazle nahiz kulturzale izan diren emakumeak.


Egun, emakumeok gizonek adina irakurtzen dugula esan dezakegu eta gaitasuna izan arren, gure buruarengan nahiko sinesmen biltzen dugunean idaztera ere egiten dugu jauzi. Baina aspaldidanik emakume idazle nahiz abeslarien erreferentziak urriak izan ditugu. Euskal kulturaz hitz egitean burua gizonezkoen irudiz betetzen zaigu eta halaxe gertatu izan da urte luzeetan zehar ere; hedabideetan kulturaz hitz egiterakoan gizonezkoen lanak nagusitu direla behin eta berriz.


Hori horrela izatearen arrazoiak ez dira ezkutukoak. Patriarkatuak ongi moldatu du guztia emakumezkoen zapalkuntzak bere horretan iraun dezan. Gizonen eta emakumeen arteko botere harremanak dira sistemaren tresna nagusi, eta eredu androzentrikoen sorrerak emakumeak itzalean mantendu gaitu. Guk jasotako ereduak hortaz, gizonezkoenak izan dira oro har, eta eredurik ezak emakumezkoak ere gizonezkoen moldeekin bat egitera bultzatu gaitu. Horregatik diogu emakumeok ikusezintasun egoeran bizi garela, nahiz eta pixkanaka hori atzean uzteko borondatea eta indar nahiko agertzen ari garen egunerokoan. Sexu bereizkeriaren ondorioz, emakumeak ez du gizonak hainbat denbora, arte adierazpenak eta sormena lantzeko, ezta espazio propioa izan edo baliabide ekonomikoak izateko aukerarik ere. Historikoki, baita gaur egun ere, emakume ezberdinek egindako lanak, idazketak... itzalean geratu dira eta ez dute merezitako aitortza jaso.


Kultur eta literatur ekoizpenean emakumeok historian zehar jasan duen diskriminazioa gainditu nahi badugu bada zer eginik. Guztion borondatea beharrezkoa izango da hau lortzeko, eta egia esan aurten Durangoko Liburu eta Disko Azoka aurkezteko erabili den kartelak ez du asko laguntzen ibilbide honetan. Gerediagak, Euskal Herriko disko eta liburu azokarik garrantzitsuenaren antolatzaile izanik, zeregin horretan funtsezko ekarpena egin dezakeelakoan gaude. Horretarako Bilgune Feministak azken lau urteetan proposamenak luzatu izan dizkiogu Gerediagari. Aurtengo martxoan ere beraiekin bildu ginen eta beren jardueraren berri eman zigutenean, bertan ikuspegi feminista txertatzeko proposamena luzatu genien.


Baina berriro ere Azokaren inguruan ateratako kartelaren bidez emakumea txapelaren atzean ezkutatu dutela uste dugu. Gizonezko ikusezina omendu nahi izan dute aurtengoan, eta tira, ideia onargarria izan daiteke, baina guztiok gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna lortzeko dugun erantzukizuna kontuan hartuta eta behin eta berriz emakume erreferentzi berrien beharrean gaudela badiogu, orduan, zergatik atera dute emakumeak bazter uzten gaituen irudi bat?


Uste dugu jendartean eztabaida piztu duen kartel hau ez dela kasualitatea, ez eta huskeria ere. Euskal kultura mugitzen duten eskuek eta buruek zein sexu duten garbi uzten digu guri kartel honek. Txapelarekin identifikatu ezinean, txapelaren atzean eta kultur eremutik urrun sentiarazi gaitu, nahiz eta kartel egilearen helburua hori ez izan.


Azken asteetan Durangoko Azokako kartelaren inguruan gauza asko entzun ditugu. Horren harira, Euskal Herriko Bilgune Feminista Gerediaga elkartearekin harremanetan jarri zen bere desadostasuna adierazi eta kartela kentzeko eskatuz, baina ezezkoa jaso genuen. Jarrera ezkor honekin Euskal Herri parekide bateranzko bidean Gerediagak aurrerapausoak eman beharrean atzerapausoa eman du emakumeok «ikusezintasun bikoitzera» kondenatuz.


Jendarteko beste eragile askok ere bere desadostasuna adierazi zuen, azkenean Gerediaga elkarteak emakumeoi ere erreferentzia egiten digun spota kaleratzea lortu arte. Baina, gure ustez, spot honek ez du emakumeen ikusezintasunarekin dugun arazoa konpontzen. Spot hori egoerari emandako erantzun azkar bat izan da, oinarrian dagoen arazoa konpondu gabe, alegia, emakumeok kultur ekoizpen eta kontsumoan dugun egoerari erreparatu gabe. Horregatik egun hauetan, eta urtero egiten dugun bezala, Durangoko Azokan emakumeon ikusgarritasunaren aldeko dinamika bultzatu nahi dugu.


Parekidetasuna oinarri duen Euskal Herria nahi dugu, emakumeen erreferentez josia eta sexuaren araberako oztoporik gabea. Musika eta literaturari dagokionez, emakumeok pairatzen dugun desberdintasun egoera gainditzeko eta gure parte-hartzea eragozten duten oztopoak gainditzeko garaia da. Egin dezagun ba ikusgarri begirada soilean ikusten ez den hori.


Amaitzeko, Bilgune Feministak emakume guztiak animatu nahi ditu, inoiz baino gehiago, kultur ekimen orotan parte hartzera eta egoera edota ekimen diskriminatzaileen aurrean egunero beren haserrea adieraztera.

2008/11/20

> Iritzia: Josu Torre > IKUSEZINA

  • Ikusezina
  • Deia, 2008-11-20 # Josu Torre

Barandiaran jaunarekin afaltzeko izan nuen lehen eta aukera bakarrean 84 urteko gizon kementsu baten aurrean nengoela jakin nuen, aspaldi ordea, Galeria del Libro dendan sari bat hartu ondoren gurekin elkartu zen bertan gau luze eta aberasgarri batetan. Espeleologo bizkaitar batzuk nola halako haitzulo bat kausitu omen zutela Karrantza aldean aipatu zioten ataundar jakintsuari. Ezaugarri ba-tzuz erantzuna entzun ondoren, honako hau esan zien satorren munduan jarduten zuten gazteei: "Ea halako baten zuekin lurperatzen naizen bertatik bertara ikuskatzeko". Ez dakit promes edo hitza bete zuenetz baino asmoak berak zerbait adierazten du.


Nere buruari galdezka ari naz zertara ote datorren duela 36 urteko kontua edo jadanik duela 17 urte betiko joan zitzaigun apaiz eta antropologo maitagarria. Aipatu gauaz geroztik ez naiz behin ere aurrez aurre izan Joxemielekin baina bai ordea milaka aldiz bere irudia ikusi hedabide orotan. Eta hura, ez besterik, etorri zait gogora aurtengo Durangoko LD Azoka iragartzen duen afixa ikusi dudanean. Badira txapel janzkera moeta oso bereziak, Iparragirre, Sabino Arana edo edozein reketerena baina aipatu hori, ia zalantza gabe, Barandiaran zenarena da. Gerora, gaur berton, liburu baten ikuskatu dut baieztatzeko eta horrela deritzat. Ezohiko edo arraro xamar iruditzen zaizkio halako en-tzungailuak esekita, baina txapelaren azpi eta betaurrekoen atzeko ikusezina -hala behar 1991.ean hil zelako- Joxemiel Barandiaran da. Fijatu zaitezte!, bera da! Edo beste edonor, erabat gaurkotua. Pentsa! Landakon izango diran milaka eta milaka diska eta liburu eta Ikusezina mp3 batekin konforma daitekela dirudi edo pendrive batetik haratago skydrive batekin. Karteleko ikusezina oso modernoa da eta genero jakinik ere ez zaio nabaritzen.

2008/11/16

> Iritzia: Maider Alustiza Lasa > EMAKUME IKUSEZINA

  • Emakume ikusezina
  • Gara, 2008-11-16 # Maider Alustiza Lasa · Donostia

Tristura handiz, ezintasunez esango nuke, hartu dut aurtengo Durangoko Azokako kartelaren aurkezpena. Egilea izenburuarekin nahastu egin delakoan nago, «Gizon ikusezina» gabe «emakume ikusezina» islatzen baitu afixa horrek. Emakume eta euskaltzale eta Azokako partaide naizen aldetik, iraindua sentitu dut neure burua eta, oro har, emakumeei egindako bazterkeria oso larria dela deritzot. Diseinu grafikoan aritzen naiz ni ere, eta ez diot helduko kartelaren alde artistikoari, baina kartel horrek ez du emakumea ordezkatzen, soilik gizonezkoak baizik, bai irudian bai izenburuan. Emakumezko asko joan ohi gara Durangoko Azokara eta horiek ere kartelean irudikatu beharko liratekeela uste dut. Aurten huts larria egin duela helarazi diot Gerediaga Elkarteari, eta nire kexa Durangoko Udalera ere bidali dut, zerbait egin dezaten eta hurrengo urteetan epai-mahaiak emakumeok kontuan har gaitzan.

2008/11/15

> Erreportajea: Berdintasuna > BA AL DAGO EMAKUME TXAPELDUNIK?

  • Ba al dago emakume txapeldunik?
  • Eusko Jaurlaritzako Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak Gerediagari eskatu dio emakumeei erreferentzia egiten dien elementuren bat jartzeko Durangoko 43. Azoka iragartzen duen kartelean.
  • Berria, 2008-11-15 # Aitor Abaroa

Durangoko 43. Euskal Liburu eta Disko Azokari hasiera emateko hiru aste falta dira. Ohikoa ez den arren, aurten, azoka, hasi aurretik dago guztien ahotan. Eusko Jaurlaritzako Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak azoka iragartzen duen kartela aldatzeko eskaria egin baitio azoka antolatzen duen Gerediaga Elkarteari.
Durangoko Azoka iragartzeko kartela lehiaketa bidez aukeratzen da. Aurtengoan, aurkeztutako 22 karteletatik, Aritz Zabala 25 urteko diseinatzaile gasteiztarrarena aukeratu du horretarako osatutako epaimahaiak. Kartelean betaurrekoak eta aurikularrak ageri dira, eta horien gainean, txapela bat. «Betaurrekoak irakurtzeko, aurikularrak entzuteko, txapela azokak kultura eta euskararekin duen harremana adierazteko», azaldu zuen Zabalak iragan irailaren 30ean kartelaren aurkezpen ekitaldian.


Epaimahaiak, aldiz, «bisualki duen inpaktua, daukan mezu zuzena eta sinpletasun plastikoa» aintzat hartu zituen kartela aukeratzeko orduan. Honakoak izan ziren epaimahaia osatu zutenak: Armando Bayer, Bost Talde Grafikoko diseinatzailea; Rodrigo Sainz, diseinatzaile grafikoa; Txelu Angoitia, argazkilaria; Jon Irazabal, Durangoko Azokako zuzendaria eta Izaskun Ellakuriaga, Azokako komunikazio arduraduna.


Kartela aldatzeko eskariak salaketa pertsonal batean du hazia. Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak idatzizko salaketa bat jaso zuen Durangoko Azokako kartel ak eta hura aurkezteko lemak emakumeak «ikusezin» bihurtzen zituela salatzen zuena. Kartela lehiaketara aurkezteko Zabalak hautatutako esaldiak, aldiz, «Gizon ikusezina azokan», zioen.


Gauzak horrela, Berdintasunerako Defentsa Erakundeak aintzat hartu du salaketa eta ofiziozko ikerketa hasi du. Hala ere, horrelako prozedura batek hilabeteak iraun dezakeela kontuan hartuta, eta Azoka hiru aste barru egingo dela jakinik, Berdintasunerako Erakundeak zuzenean jo du Gerediaga Elkartera, eta eskari argi bat legin dio: kartela aurkezten duen esaldia aldatzea eta emakumeek kulturan duten presentziari erreferentzia egiten dion elementuren bat gehitzea irudian.


Gerediagaren oharra
Gerediaga Elkarteak, bere aldetik, ohar bat eskegi du www.durangokoazoka.com web orrian, salaketaren inguruan esan beharrekoak azaltzeko. Elkartetik adierazi dutenez, ez dute inolako polemikan sartu nahi eta ez dute komunikabideetan inolako azalpenik emango; esan beharreko guztiak web orrian irakur daitekeen oharrean daudela adierazi dute.


Jasotako salaketaren inguruan, hiru kontu azpimarratu dituzte elkartetik. Lehenengo biak, kartelean ikusten den irudiari lotuak. Lehenengoan, «txapelaren irudi tradizionala» erakusten dela adierazi dute, «argi eta garbi gizonarekin lotutako jantzi-osagaia»; baina baieztapena errealitatearekin bat ez datorrela argudiatu dute, «txapela emakumezkoek zein gizonezkoek» osagarri legez erabili izan dutela. Bigarrengoan, aldiz, karteleko betaurrekoengatik ez dela «ezer» aipatzen adierazi dute, eta «nesken modelotzat katalogatuta» daudela jakinarazi.


Hirugarrengo kontuak, azkenik, salaketan aipatzen den leloari edo esaldiari egiten dio erreferentzia. Oharrean diotenez, «esaldia ez da Gerediagak ipinitakoa, autoreak emandakoa baino, kartela lehiaketara aurkezteko». Esaldia H. G. Wells-en eleberrian oinarrituta dago. Gainera, argitu nahi dute, «esaldi hori ez dela Durangoko Azokaren leloa, eta ez dela kartelean agertzen». Horretaz gain, oharrean azaltzen dute, «kartela aukeratzeko ez dela erabakigarria izan». Izan ere, kartela aukeratzeko prozedura lehiaketa izaki, diseinatzaile bakoitzak lelo bat jarri behar du kartela identifikatu ahal izateko, epaimahaikoek ez baitute inoiz egilearen izenaren berririk izaten.


Berdintasunerako Erakundea ez da izan kartelaren aldaketa eskatu duen erakunde bakarra. Durangoko Udalaren Aholkularitza Batzordeak ere desadostasuna agertu du aukeratutako kartelarekiko; are gehiago, kartela erretiratzeko eskaria luzatu dio Gerediaga Elkarteari. Udaleko berdintasun Batzordea, aldiz, ez da horren urrun joan, eta hurrengo urteetara begira, Berdintasun Legea kontuan hartzeko eskatu dio Gerediagari.


Lertxundiren zutabea
Komunikabideetan oihartzun handirik izan ez zuen arren, hainbat web orri eta blogetan azpimarratu zuten iragan urriaren 2an Anjel Lertxundik BERRIAko Hitz Beste zutabean kartelak iradokitakoen inguruan idatzitakoa. Artikuluan esan nahi zuenaren berri eman du idazleak: «Niri ez zaizkit salaketak gustatzen eta artikuluan ere ez nuen ezer salatzen, hausnarketarako puntu edo galdera batzuk egin baino». Lertxundik azaldu du kartelak iradokitakoaren arabera, emakume eta gizonen ezaugarriei buruzko aipamena egin zuela. Lertxundiren aburuz, «onkeriazko jarrera gehiegizkoa dugu gauza batzuekiko. Askeago behar genuke, kritika soziala egiterakoan. Gainera, nik memento batean ere ez nuen artikuluan esaten kartela gustuko nuen ala ez», gaineratu du.


Artikulu hark, gainera, izan zuen bere garaian erantzuna, eta hantxe geratu zen kontua. Aritz Zabala kartelaren diseinatzaileak BERRIAko Iritzia sailean erantzun zion Lertxundiri. Ezer baino lehen, Lertxundik egindako «kritika eskertu» zuen Zabalak, bere lanari «erreparatzeagatik». Ondoren, kartelaren inguruko azalpenak eman zituen. Zabalak azaldu zuen izenburua «pertsonaia literario» batean oinarritzen zela, eta kasualitatez baino ez zela gizonezkoa. Jakinarazi zuen, gainera, betaurrekoak neska batenak direla. Zabalak aditzera eman zuen ez zuela ulertzen zergatik ikusten zuten batzuek gizonezkoa txapelaren azpian, eta berak erantzun zuen, agian, gizartean ikuspegi matxista sustraituta dagoelako zela. Azkenik, ezer ez dagoen lekuan bilatzeari uzteko eta irudiek duten genero konnotazioa ezabatzeko proposamena egin zuen.

2008/10/10

> Iritzia: Aritz Zabala > DURANGOKO AZOKAKO KARTELAZ

  • Durangoko Azokako kartelaz
  • Berria, 2008-10-10 # aritz zabala · 2008ko Durangoko Azokako kartel lehiaketaren irabazlea

Hasteko eta ezer baino lehen Anjel Lertxundik egindako kritika eskertu nahi nuke, nire lanari erreparatzeagatik. Ondoren, kartelaren inguruko azalpen batzuk ematea gustatuko litzaidake, harrituta geratu bainintzen egindako erreferentziarekin.


Izenburua pertsonaia literario batean oinarritzen da besterik gabe, kasualitatez gizona dena. Irudiari dagokionez; alde batetik betaurrekoak neska batenak dira eta bestetik zergatik ikusi gizasemea txapelaren azpian denok badugu burua? Agian gizartean ikuspegi matxista sustraituta dagoelako? Ez al da hobe «feminismokerian» erori gabe, ezer ez dagoen lekuan bilatzeari utzi eta irudiek duten genero konnotazioa ezabatzea?

2008/10/02

> Iritzia: Anjel Lertxundi Esnal > IKUSEZINA, NOR?

  • Ikusezina, nor?
  • Berria, Hitz beste, 2008-10-02 # Anjel Lertxundi Esnal

Esan berri digute Durangoko Azokako aurtengo irudiak Wells-en pertsonaia literario ezagunaren erreferentzia egiten duela. Betaurrekoengatik eta aurikularrengatik bakarrik balitz, ikusezinaren sexua ere ikusezina. Txapelak egiten du ikusezina ar. Eta euskaldun. Horregatik edo, niri Wellsena baino gehiago iradokitzen dit Mogelen Peru Abarka gaurkotu bat (inork gutxik irakurtzen duelako, ikusezina dugu Peru ere). Arteak ez du ba mezuen oihartzun ugaritasuna bilatzen?


Baina Wells-engana itzuliz: kartelak bere keinua gizon ikusezinari egin beharrean, Marvelen komikietako emakume ikusezinari egin nahi izan balio? Zer nolako ezaugarrirekin adieraziko genituzke emetasuna gehi euskalduntasuna?


Galdera pertinenteak dira: emakumezkoak omen dira gehien irakurtzen dutenak, baina gizonezko batek ordezkatuko ditu aurtengo azokako irakurleak. Emakumeak, irakurleenak izanagatik ere, ikusezin.

2008/10/01

> Berria: Berdintasuna > "GIZON IKUSEZINA AZOKAN", DURANGOKO EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKAREN IRUDI BERRIA

  • «Gizon ikusezina Azokan», Durangoko Euskal liburu eta Disko Azokaren irudi berria
  • Aritz Zabala gasteiztarraren kartela izan da lehiaketara aurkeztutako hogeita bi lanen artean aukeratu dutena, epaimahaiaren esanetan, haren «inpaktu bisuala, mezu zuzena eta sinpletasun plastikoa» direla eta.
  • Gara, 2008-10-01

Abenduaren 5etik 8ra egingo den 43. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak badu jada irudia; Gerediaga Elkarteak antolatutako lehiaketara hogeita bi kartel aurkeztu ondoren, Aritz Zabala 25 urteko gasteiztarraren irudia irten da garaile.


Aurtengo edizioaren egitarauaren gai nagusia irudia izango da. Zabalak berak pertsonaia baten irudia islatu nahi izan du bere lanean, betaurrekoak, aurikularrak eta txapela dituen pertsonaia batena, hain zuzen ere. Atzo egin zen aurkezpenean elementu bakoitzaren funtzioa zein den ere argitu zuen egileak berak: «Betaurrekoak irakurtzeko, aurikularrak entzuteko, txapela azokak kulturarekin eta euskararekin duen harremana adierazteko».


«Gizon ikusezina Azokan» goiburuarekin aurkeztu zuen Zabalak bere kartela lehiaketara, eta agertzen diren elementu guztiak gizon ikusezina osatuz ipinita, «pertsonaia literario bati keinu egiten» diola gaineratu zuen.


Aritz Zabalak, Publizitate Grafikoaz gain, Argitalpenen Diseinua eta Ekoizpena ikasketak egin ditu. Estatuko eta Autonomia Erkidegoetako Eskola Kontseiluen XVIII. Topaketa iragartzeko logotipo eta kartel lehiaketaren irabazlea ere izan da. Azken sari honekin 1.300 euro jasoko ditu.


Epaimahaia osatu duten bost lagunek -Gerediaga elkarteko kide bik eta diseinuaren, komunikazioaren eta arte plastikoen arloko beste hiru profesionalek- haren «inpaktu bisuala, mezu zuzena eta sinpletasun plastikoa» aintzat hartuta aukeratu dute Zabalaren lana.


Aurten ere Durangoko Landako erakustazoka euskaraz idatzitako lanez eta euskal gaiak beste edozein hizkuntzatan biltzen dituzten argitalpenez beteko da lau egunez.


Gerediaga elkarteak antolatzen duen azokak bost sail -editorialak, banatzaileak, diskoetxeak, erakundeak eta kultur eragileak- izango ditu, eta atzo jakinarazi zutenez, egunero goizeko hamarretan irekiko ditu ateak, iluntzeko zortziak arte.