- Herritar talde bat bildu zen igandean Martutenen, Patxi Bereziartuari babesa eskaintzeko eta haren errugabetasuna aldarrikatzeko
- Kronika, 2009-06-30
2009/06/30
> Berria: Elkartasuna > DONOSTIA: HERRITAR TALDE BAT BILDU ZEN IGANDEAN MARTUTENEN, PATXI BEREZIARTUARI BABESA ESKAINTZEKO
2008/02/03
> Berria: Omenaldia > AMAIA-AIMAR: "NI NORMALA NAIZ"
- «Ni normala naiz»
- Kronika, 2008-02-03
“Ikustezina ikusten Isasi” emanaldia izan zen atzo Sandiusterri aretoan, transexualitatearen inguruan, eta ´bakoitzak nahi duena izateko duen eskubidea` aldarrikatzeko. Gaur egungo gizartean transexualek nahiz ezarritako eredutik ateratzen den edonork dituen trabak azaltzeko helburua zuen atzoko emanaldiak eta Amaia-Aimarren borroka gogoratzea. Ornitorrinkus taldearen abestiek hasi zuten emanaldia eta ondorenean, Amaia-Aimarrek utzi zuen karta bat irakurri zuten. Amaia-Aimarren amak idatzitako testu bat irakurri zuen jende aurrean, bere lagun batek, jarraian. Transexuala zela esan zienean, familian ikasketa bat hasi zutela azaltzen du. transexualitatea gizon eta emakume aukera itxitik, bariante bat gehiago dela nabarmendu zuen eta horren «normaltasuna» aldarrikatu behar dela, nahiz eta gizarte honek ezarritako normak hausten dituenari traba ugari jarri.
Bi film dokumental
Emanaldi bukaeran transexualitateari buruzko bi film dokumental ikusteko aukera izan zen Sandiusterrin. “The birthday” iranen egindako dokumental holandarra izan zen bata, Kianfar eta Mohrek zuzendua; eta “Vestido negro” espainiarra bestea, Sergi Perezek zuzendua.
2008/02/02
> Berria: Omenaldia > HERNANI: "IKUSTEZINA IKUSTEN IKASTEN" EMANALDIA GAUR SANDIUSTERRIN
- ‘Ikustezina Ikusten Ikasten’ emanaldia gaur Sandiusterrin
- Arratsaldeko 19:00etan izango da.
- Kronika, 2008/02/02
Amaia-Aimarren borroka gogoratu eta eskertuko dute gaur, Sandiusterri aretoan, arratsaldeko 19:00etan hasiko den emanaldian. Amaia-Aimar zenaren senitarteko eta lagunek hartuko dute parte, Ornitorrinkus taldeak (Judith Montero, Maialen Lujanbio eta Xbier Ekizia) kanta batzuk eskainiko dituzte eta 2 film dokumental ere izango dira: “The birthday”, holandarra, Negin Kianfar eta Daisy Mohr-ek zuzendua; eta “Vestido negro”, Sergi Perezek zuzendua. Emanaldia antolatu dute Berdintasun kontseiluak, Herne neska taldeak, udaleko Berdintasun sailak eta Zinegoak-ek.
Nahi dena izateko eskubidea
Gaurko emanaldiaren helburuetako bat da gizarteak jartzen dituen trabak azaltzea, horiek hausteko bidean jarraitzeko. ´Oraindik ere, gure gizarteak arazo asko eta latzak sortarazten dizkie transexualei, normaltzat jotzen denetik at egoteagatik`, antolatzaileek azpimarratu dutenez. Joera sexualetan aurrerapausoak eman direla nabarmendu arren, pertsonak gizon eta emakume kategoriatik haratago ulertzea, oraindik ere zail egiten dela diote, ´gizontasuna eta emakumetasuna kaja itxiak dira, eta jendeak horietako bat ematen digu, jaiotzean ditugun genitalen interpretazioa dela medio`. Horren aurrean norberak nahi duen modukoa izateko eskubidea aldarrikatuko dute gaurko emanaldian.
2008/02/01
> Berria: Omenaldia > HERNANI: "IKUSTEZINA IKUSTEN IKASTEN" EMANALDIA BIHAR SANDIUSTERRIN
- ‘Ikustezina Ikusten Ikasten’ emanaldia bihar Sandiusterrin
- Amaia-Aimarren omenezkoa izango da, arratsaldeko 19:00etan
- Kronika, 2008-02-01
“Ikustezina ikusten ikasten” emanaldia izango da bihar Sandiusterrin, 19:00etan, Berdintasun kontseiluak, Herne neska taldeak, udaleko Berdintasun sailak eta Zinegoak-ek antolatuta. Bertan parte hartuko dute, Amaia-Aimarren senitarteko eta lagunek eta Ornitorrinkus taldeak (Judith Montero, Mailen Lujanbio eta Xabier Erkizia). Horrez gain, bi film dokumental ere emango dituzte: “The birthay” eta “Vestido negro”. Emanaldian, Amaia-Aimarren borroka gogoratu eta eskertu nahi dute antolatzaileek, eta gizarte honek transexualei sortzen dizkien arazoak agerrarazi.
2007/06/06
> Berria: Ekitaldiak > MOISES HERNANIN: "GENEROA IKUSTEKO BESTE MODU BATZUK BULTZA BEHAR DITUGU"
- «Generoa ikusteko beste modu batzuk bultza behar ditugu»
- Kronika, 2007-06-06
Astelehenean, transexualitateari buruzko “El camino de Moises” dokumental proiekzioa eta hitzaldia izan ziren Sandiusterrin, “Beste amodioak... beste garaiak” emanaldien barruan. GARAIPEN, MEDEAK eta EHGAM taldeak zenbait emanaldi antolatu dituzte Lesbiana, Gay eta Transexualen Askapenerako Nazioarteko Egunaren bueltan, eta Hernanin emanaldia egiteko erabakia hartu zuten, batipat Aimarren heriotzak eraginda, eta antolakuntza horretan HERNE neska taldeak eta Berdintasun Kontseiluak eman duten laguntza azpimarratu zuten antolatzaileek. “El Camino de Moisés” Documentos TVk bere garaian egindako dokumentala da eta bertan Bartzelonako Moisesen historia kontatzen du, Ana zenetik Moiseserako bide luze eta korapilotsua. Jarraian, Aimarren argazkiz osatutako DVD labur bat eman zuten eta ondorenean, Moises berak eman zuen hitzaldia, Iruñako Ivan eta Astigarragako Ametsek lagunduta. Ondorenean, Aimar Elosegi Ansaren gurasoei lore sorta bat eman zieten Sandiusterrin.
Identitatea berreraikitzen
Dokumentalak bere identitatea berreraikitzeko Moisesek egindako bide luzea kontatzen du. 21 urtera arte Ana izandakoak, Moises izateko urratsa eman zuen bere garaian, bularrak laburtu, hormonak hartu, obarioak kendu, izena aldatu eta abar. Sexua aldatu edo ez sortutako zalantzak, trabak, medio eskasak eta gainerakoak azaltzen ditu dokumentalak eta Moisesek berak aireratzen dituen galdera eta zalantzak: zergatik hainbeste traba bere identitatea argi duen pertsona bat onartzeko; edo gizon edo emakume izateko zer dela eta operatu behar dira bularra, sexua... zergatik ezartzen ditu gizarteak behar eta muga horiek... Generoari begira Dokumental ondorengo hitzaldian, generoa ikusteko beste modu batzuk bultza behar direla azpimarratu zuen Moisesek, gizarteak ezartzen digun har eta eme bide markatutik haratago. ´Beste aukera batzuk badaudela ikustea garrantzitsua da` kataluniarraren hitzetan, ´bestelako gorputzak badirela jakitea eta erakutsi egin behar ditugu, ikus ditzagun eta gure buruetan sartu`.
´Arazoa ez da transexualitatea transfobia da`
Arazoa transexualitatea ez dela azpimarratu nahi izan zuten asteleheneko hitzaldian eta galde-erantzunen tartean, ´arazoa transfobia da eta gizarte honek dituen beste hainbat eta hainbat fobia`. Gizarte matxista, homofobo, transfobo... batean bizi garela azpimarratu zuten, eta gaur egun zenbait jarrera homofobo edo transfobo onartu egiten direla eta sistema honek denok txikitzen gaituela, ´denok enkasilatzen gaitu`. Sandiusterriko emanaldian nabarmen gelditu zen bestelako errealitate bat nahi bada, arazoa denona dela konturatu behar dugula, norberea ere bai, ´baina jendeak uste du besteen arazoa dela, ez norberarena`.
Osasungintzan oztopoak
Gipuzkoako egoeraren berri eman zuten emanaldian eta azpimarratu zuten Gipuzkoako osasungitzako jarrera: ´norbere egoera ulertu, inguruari jakin arazi eta abar guztiak egitean, hormonak hartzeko nahiz operatzeko erabakia hartzen baduzu, medikuarengana joan eta luzatu eta luzatu egiten da prozesua, inork ez dizu ezer esaten baina ez dira hasten. Konturatzen zara medikuek uko egiten diotela, beraietatik asko direla transfoboak eta hesi bat daukazula zure aurrean`. Orokorrean egoera txarra izan arren, Iruñean eta Bilbon laguntzeko prest dauden medikuak badirela azpimarratu zuten.
2007/06/01
> Berria: Trans > HERNANI: TRANSEXUALITATEARI BURUZKO EMANALDIA
- Transexualitateari buruzko emanaldia astelehenean
- ‘El Camino de Moises’ dokumentala emango dute eta hitzaldia izango da Moisesen eskutik
- Kronika, 2007-06-01
Transexualitateari buruzko Beste Amodioak... Beste Garaiak... emanaldien lehen edizioa izango da datorren astetik aurrera Donosti eta inguruetako herritan, eta Hernanin astelehenean dokumental emanaldia eta hitzaldia izango dira, arratsaldeko 19:30etan, Sandiusterrin. El Camino de Moises dokumentala izango da eta ondorenean, Moises berak emango du hitzaldia, Grup de Transsexuals Masculins de Barcelona taldeko kideak eta dokumentaleko protagonistak. Aimar Elosegi Ansaren omenezko emanaldia ere izango da astelehenekoa ´eta bere oroimena bertan izango da`.
Identitatea berreraiki
El Camino de Moises pelikulak identitate baten berreraikitzea kontatzen du, gorputzaren, generoaren eta sexuaren mugak hautsi dituen gizon baten historia. Asteleheneko emanaldia eta Donostia eta inguruan egingo diren gehiago, ekainaren 28aren bueltan (Lesbiana, Gay eta Transexualen Askatasunaren aldeko Nazioarteko Eguna) egingo direnen barruan daude. Emanaldiak GARAIPEN elkarteak MEDEAK eta EHGAMek antolatzen ditu eta Hernanikoan HERNE neska taldearen laguntzarekin eta Udaleko Berdintasun Kontseiluaren diru laguntzarekin.
2007/04/28
> Iritzia: Jone Egaña > KAIXO, AMAIA, BARKATU, AIMAR!
- Kaixo, Amaia, barkatu, Aimar! (badakik ohitura kontua )
- Kronika, 2007-04-28 # Jone Egaña
2007/04/26
> Berria: In Memorian > AIMAR GOGOAN IZAN ZUTEN ATZO HERNANIKO PLAZAN EGINDAKO EKITALDIAN
- Amaia-Aimar gogoan izan zuten atzo Hernaniko Plazan egindako ekitaldian
- Kronika, 2007-04-26
Plaza betean egin zioten atzo hileta zibila Amaia-Aimar Elosegi Ansa, astelehenean hildako hernaniarrari. Ekitaldian, dantzari eta bertsolariek hartu zuten parte eta bere lagunek eta bere senitartekoen lagunek. Senitartekoen lagunek idatzi bat irakurri zuten, bere bizitzan izandako borroka azaltzen duena eta Kronikan azaldu nahi izan dutena: “Identitate sexualaren inguruan zenbait tabu gainditu badira ere, beste zeinbait oraindik ere badira, transexualitatea kasu, eta beharrezkoa da horiek gainditzea”. Gaztearen zintzotasuna eta ausardia nabarmendu zuten eta “urte batzuk barru tabu hori gainditzean, gure herrian aintzindari bat izan zela” gogoratuko dugula esan zuten. Ekitaldian familiari babesa adierazi zioten beren lagun eta ingurukoek.