Showing posts with label Zinegoak. Show all posts
Showing posts with label Zinegoak. Show all posts

2009/01/20

> Elkarrizketa: Roberto Caston > "DESBERDINA DENA ONARTZEA ZAILA DA..."

  • Roberto Caston – Zinemagilea: «Desberdina dena onartzea zaila da, desberdina den hori ikusten ez baduzu, bizi ez baduzu»
  • Traza handiko atzerriko zinema jaialdi batean aurkeztuko den aurreneko euskal filma zuzendu du Roberto Castonek. Berlinaleko Panorama sailean erakutsiko dute 'Ander', sexu askatasuna gai nagusi duen euskarazko pelikula.
  • Berria, 2009-01-20 # Irune Berro • Bilbo
Zinegoak jaialdiko eskuko egitarauetako testuak idazten aurkitu dugu Roberto Caston zinemagilea (Coruña, 1973). Ander filmaren egilea ez ezik, Zinegoak jaialdiko zuzendaria ere baita Caston. Galiziarra sortzez, sei urte daramatza Bilbon bizitzen. Aurten, urtarrilaren 30etik otsailaren 7ra egingo dute gay, lesbiana eta transexualen inguruko Bilboko zinema festibala. Eta, egunotan, azken kontuak lotzen dabil Castonek gidatzen duen lan taldea. Ohi baino lanpetuago dabiltza, estresak jota. Baina Castonek gogo onez erantzun die aurki estreinatuko duen filmari buruzko galderei. Zuzendu duen lehen lan luzea da. Iragan den udan grabatu zuen, Bizkaiko Zeanuri herrian, Josean Bengoetxea eta Christian Esquivel aktoreekin.

Baserri giroan kokatu duzu filmak kontatzen duen istorioa, bizimodu hiritarretik urrun. Eta horren helburua probokatzea dela esan duzu. Eztabaida sortzea, jendearen kontzientzian eragiteko.
Jendeari zer pentsatua eman nahi diot; esan nahi diot homosexualitatea ez dela bakarrik hiri handietan gertatzen. Herrietan ere ematen dela, herri txikietan. Lurrarekin lotura estua duten toki horietan tradizioak agintzen duela uste da, ez dela inoiz ohiz kanpoko gauza arrarorik gertatzen. Baina sexu bereko pertsonak maite dituztenak leku guztietan daudela esan nahi diot jendeari, filmaren bidez. Homosexualitatea ez dela hirira mugatzen. Egon daitezkeela desberdin pentsatzen eta maitatzen duten bi edo hiru edo zenbait pertsona herri batean, txiki-txikia izan arren. Pixkana haziz doan immigrazioak ere ekar ditzake aldaketak herri txikietara. Eta prostituzioa ez da berria leku horietan. Osagai horiek ditu filmak.

Zure ustez, baserri giroko herri horietan itxiagoa da jendea hirietan baino? Ez da topikoa?
Itxiagoak direla iruditzen zait. Leku guztietako herri txikietan gertatzen da, Euskal Herriko herrietan, Galiziakoetan, Andaluziakoetan... Baserri giroko herri txikiak tradizionalagoak izaten dira, aldaketarekiko eta pentsaera modernoarekiko hotzagoak. Zailagoa da jende horrengana heltzea. Batzuek, hala ere, harritzen zaituzte; hirietan bizi diren askok baino pentsaera askatzaileagoa dute. Baina tira, homosexualitatearen normalizazioan urratsak egitea zailagoa da herrietan, hirietan baino. Homosexualitatea ikusezina baita toki horietan. Eta desberdina dena onartzea zaila da, desberdina den hori ikusten ez baduzu, bizi ez baduzu.

Hirietan ere jende asko bizi da errealitate horri bizkar emanda. Ez duzu uste?
Bai, noski. Arlo honetan dena egina dagoela pentsatzen dutenak oker dabiltza. Bide luzea dugu oraindik egiteko. Bilbo, esaterako, hiri nahiko handia da, eta ez da ohikoa sexu bereko bikoteak kalean eskutik hartuta ikustea. Jendea ez da ausartzen benetan den moduan agertzera.

Beharrezkoa da gaur egun halako filmak egitea?
Baserri giroan nahiz hirian kokatzen direnak, denak dira beharrezkoak. Jende askorengana denbora gutxian heltzeko bitarteko ezin hobea da zinema. Kontua da zinema industria dela, eta, zoritxarrez, pelikulek negozio izan behar dute jendearengana heltzeko. Hau da, banatuko duen enpresarik ez badago, estreinatu barik geratuko da filma. Eta, horrela, nekez iritsiko da jendearengana. Homosexualitatea eta transexualitatea gaitzat duten filmei gertatzen zaie: bidean geratzen dira. Estatu espainiarreko aretoetara apenas heltzen diren. Euskal Herrian nekez ikus daitezke. Komertzialenak heltzen dira. Batzuetan mirariak gertatzen dira: film batek sari garrantzitsu bat jasotzen du eta munduaren luze-zabalean hedatzen da. Brokeback Mountain, esaterako. Pelikula ikaragarria da. Baina homosexualitateari buruzko ikuspegi gris samarra ematen du. Pertsonaietako bat hiltzen da... Tira, 60ko edo 70eko hamarkadan giroturik dago, eta sasoi hartan errazagoa zen hala gertatzea beste era batera baino, baina...

Zure filmak amaiera zeharo desberdina duela esan nahi duzu?
Erabat desberdina, bai. Batzuek galdetzen didate ea Ander euskal Brokeback Mountain-a den, baina ez dute zerikusirik, benetan. Ezertan ere ez dute antzik. Ezta azaltzen diren mendietan ere, ederragoak dira hemengoak!

Zer-nolako ikuspegia eman nahi izan duzu homosexualitateaz?
Oso modu naturalean agertu nahi izan dut. Anderrek ez daki homosexuala dela, eta ez da bere homosexualitateaz jabetuko Jose ezagutuko duen arte. Emakumeekin harremanak izan ditu noizbehinka, eta Reme prostitutarekin ere bai. Baina besterik ez. 44 urte ditu eta mutilzaharra da. Haren etorkizuna amarekin bizitzea dela dirudi. Euskal Herrian dauden hainbat baserritarren antzeko bizimodua du Anderrek. Ez du esan nahi mutilzahar guztiak homosexualak direnik, baina Anderren kasuan hala da. Bere sexualitatea txarto ulertu duelako dago egoera horretan.

Filmak aurrera egin ahala aurrera egingo du ere Anderren pertsonaiak?
Modu naturalean jabetuko da bere sexualitateaz, Joseren bidez. Homosexuala dela jakitean sortuko da gatazka bere baitan. Josek ez du halako gatazkarik. Perutik dator Jose. Ez dakigu Perun hala bizi duten, baina Josek behintzat hala bizi du bere homosexualitatea. Ez dio beldurrik jendearen jarrerari. Anderrek, ordea, sekulako beldurra dio jendeak esan dezakeenari. Hori da bien arteko desberdintasun nagusia. Jose kanpotik dator eta azaleko koloretik hasita da desberdina herrian. Beste zerbaitetan ere desberdina izateak ez dio askorik axola. Azkenean Anderrek berak askatuko du barruan duen korapiloa.

Berlinaleko Panorama sailean parte hartzeko hautatu dute filma.
Zinemaz dakiten lagun batzuei erakutsi nien eta gustatu zitzaien. Berlinale laster izango zela eta, probatzea pentsatu genuen. Panorama sailera aurkeztea filma, eta ez sail ofizialera, hor behi sakratuen lanak ematen baitituzte eta gurea aurrekontu txikiko filma baita. Oso zaila da Panoraman aukeratzea. Milaka eta milaka lan aurkezten dira, eta soilik hamabost aukeratzen dituzte. Pasatu behar duen lehen iragazkia Espainiako Kultura Ministerioarena da. Eta Ander filmak pasatu zuen, Agustin Diaz Yanesen Sólo quiero caminar filmarekin batera. Liga berberean jokatuko dute biek, eta harrigarria da Diaz Yanesen pelikulak sekulako aurrekontua baitu. Beraz, Ander maila horretara heltzea izugarri pozgarria da guretzat. Telefonoz deitu nindutenean pozez saltoka hasi nintzen, ezin nuen sinetsi! Gainera, badago gehiago: Panorama sailaren barruan, Panorama Berezia azpisaila dago. Hau da, hiru film aukeratzen dituzte areto arruntean barik, jauregi batean eskaintzeko. Jendaurrean estreinaldi bat egiteko, ekitaldi batekin eta abar. Julie Delpyren azken pelikularekin batera emango dute gurea. Iaz Madonnaren filma estreinatu zuten sala horretan. Madonna pasatu zen alfonbra gorritik pasatuko gara gu, ikaragarria da! [barrezka esan du].

Zure lehen film luzea izanik, ez zenuen halako arrakastarik espero, ezta?
Film bat idazten duzunean [Castonek berak idatzi du Ander filma-ren gidoia] pentsatzen duzun lehen gauza da: «mesedez, enpresaren bat egon dadila filma banatzeko prest». Estatu espainiarrean, sortzen diren filmen erdiak baino ez dira estreinatzen. Gainerakoak zuzendarien lagunengana baino ez dira heltzen. Nik gogo bereziz heldu nion film honi, egiten nuen lehen lan luzea baitzen. Ez dakit asko edo gutxi dakidan, baina hasieratik izan nuen argi nekien dena emango nuela filmaren alde. Egin ditudan ikasketek filma sortzen izugarri lagundu didatela uste dut, gainera. Filologia Hispanikoa ikasi nuen aurrena, eta Zinema Zuzendaritza gero. Pelikula bat egiteko garaian, osagarriak direla uste dut. Zeren hizkuntzak eta literaturak ikasita, istorio bat kontatzeko baliagarriak zaizkizun gakoak eskuratzen dituzu. Eta ikus-entzunezko arteen ikasketek istorio hori irudien bidez zelan kontatu erakusten dizute. Horretaz gain, zorte handia izan dut: talde artistikoak dena eman du. Askoren lehen lan luzea izan da.

Berlinalen erakutsi baino lehen, Euskal Herrian estreinatuko da Ander, Zinegoak jaialdian, hil bukaeran. Baina noiz helduko da aretoetara?
Gutxien-gutxienez filma Euskal Herrian ikustea nahi genuen. Eta ezuste polita hartu dugu atzerriko enpresa banatzaile ugarik interesa agertu dutela ikusita. Badirudi Europako zenbait herritan eta AEBetan erakutsiko dutela. Euskal Herrian, aldiz, ez dakigu aretoetara helduko den. Hemengo enpresa bakar batek ere ez digu deitu. Zain egon gara; Berlinen egongo ginen jakin nahi genuen deitu baino lehen. Ez baitzaituzte berdin hartzen Berlinen egongo bazara edo ez bazara egongo. Ea lortzen dugun Euskal Herrian, gehiagorik ez bada, gutxienez, bi astez egotea aretoetan. Eta jakina, irabazirik balego, Berdindurentzat izango lirateke sosak.

Berdindu, lesbiana, gay eta transexualen arretarako Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuak ekoitzi du filma. Halako obra bat babesteko prest dagoen ekoizpen enpresarik ez dago Euskal Herrian?
Ekoizpen enpresa bati aurkeztu izan banio, ziurrenik ez luke onartuko. Gidoi intimista du filmak, arriskatua. Kutsu naturalista du gainera, dokumentalera egiten du. Ez da film aspergarria, baina tempo lasaia du, baserri mundukoa. Hemengo ekoizpen enpresa batzuei aurkeztu nien, haien iritzia ezagutzeko, bideragarria zen jakiteko. Eta proiektuak etorkizunik ez zuela esan zidaten. Baina ez da harritzekoa: ekoizpen enpresek beti erratzen dute. Gauza askori esan behar diete ezetz, dena ezin baitute ekoitzi. Baldintza horietan zaila da asmatzea. Zinema ekoizle izatea oso zaila da, inoiz ez dago jakiterik produktu ona non dagoen. Eta ekoizlearen lana ezinbestekoa da zineman, oso garrantzitsua. Horregatik dago zinema espainiarra dagoen moduan... Ekoizle on gutxi daude.

Euskarazko filma da Ander; haatik, zuk ez dakizu euskaraz. Zelan moldatu zara pelikula zuzentzeko?
Gidoia gaztelaniaz idatzi nuen, eta euskaraz izan behar zuten zatiak beste kolore batekin markatu nituen. Aktoreek gaztelaniaz irakurri zuten, eta hautaprobak gaztelaniaz egin genituen. Euskaraz izan behar zuen zatia itzuli genuen, Arratiako bizkaierara gainera. Ibar horretako neska batek, Arantza Etxebarriak egin zuen itzulpena eta nirekin egon zen filmaketan. Euskal hizkuntzaz arduratu zen bera, eta hizkuntza konbentzionala ez den beste hizkuntzaz arduratu nintzen ni. Nik hizkuntza ez ezagutzeak filmari on egin diola esango nuke, aktoreek dituzten beste ahalmen batzuei erreparatu bainien: transmititzen dituzten emozioei, tonuari... Testuak sor dezakeen morrontzatik urrun aritu naiz.

2007/02/06

> Elkarrizketa: MIKEL MARTIN · EHGAM > "HETEROSEXUALENGANA IRISTEA DA HELBURUA"

  • Mikel Martin · EHGAM-eko kidea
  • «Heterosexualengana iristea da helburua»
  • Bilbon egin den 'Zinegoak' zikloko filma batzuk eman dituzte asteburuan herrian
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-02-06 # I. Berrio


Asteburuan Les-Gay-Trans gaiak lantzen dituzten ikus-entzunezkoen emanaldiak antolatu ditu EHGAM-ek. Taldeko kide Mikel Martin (Donostia, 1954) pozik agertu da herritarren artean izan duen harreragatik. Datorren urtean berriz ere filmak emango dituzte.


Ostiralean eta larunbatean filmak eman zenituzten Kulturgunean. Zein izan da erantzuna?
Oso ona, bi egunetan 250 ikusle inguru izan ditugu.


Eta zuek pozik al zaudete?
Bai. Azken film laburra eman eta han bertan balorazioa egin genuen. Jendea gogoz geratu zela ikusi genuen. Ikusleei motz egin zitzaien eta gehiago nahi zuten. Hori oso seinale ona dela uste dugu. Horregatik, gure aldetik helburuak bete ditugula uste dugu.


Zeintzuk ziren helburu horiek?
Batetik, Zinegoak bera herrira ekartzea. Azken lau urteetan egon gara horretarako borrokan, eta azkenean lortu dugu. Zinegoak Bilbon egiten da, eta garrantzitsua da filmak herri batera ekartzea.


Zein zen beste helburua?
Zine desberdina ikusi dugu. Esaterako, lesbianek egindako film laburrak. Lesbianek zein bizimodu duten ikusi ahal izan dugu. Euskal Herrian egindako zinema ere ikusi dugu. Azken batean, jendeari gure berri eman nahi genion, eta lortu dugu.


Eta ba al dago hobetzeko zerbait?
Bai, jakina. Luis Antonio Villenak esaten duen moduan, Les-Gay-Trans mugimendua bizi dugunotik haratago zabaldu behar da zinema hori. Heterosexualengana iristea da helburua. Alegia, jende gehiago ekarri behar dugu zinema aretora.


Hortaz, jarraitzeko asmoa duzue.
Bai. Datorren urtean ere Zinegoak-en zati bat hona ekartzen saiatuko gara. Udala, aurten adina edo gehiago inplikatzen saiatuko gara horretarako.

2007/01/31

> Berria: Zinemaldoa > HAMAR ZINE PROIEKZIO IZANGO DIRA IKUSGAI EHGAMEK ESKUTIK

  • Hamar zine proiekzio izango dira ikusgai EHGAMen eskutik
  • Les-Gay-Trans zine emanaldia etzi eta etzidamu izango da Errenteria Hiria Kulturgunean, estreinaldi askorekin
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-01-31 # Ekaitz Arrieta


EHGAM Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduak zine emanaldiak antolatu ditu etzirako eta etzidamurako Errenteria Hiria Kulturgunean. Guztira hamar proiekzio izango dira ikusgai bi egunetan, bost egun bakoitzean. Proiekzioen artean dokumentalak eta laburmetraiak izango dira. Etzi zein etzidamu 20:00etan hasiko dira zine emanaldiak. Sarrerak, berriz, bihar jarriko dira salgai 19:00etatik 21:00etara Errenteria Hiria Kulturguneko lehenengo solairuan. Ostiralean eta larunbatean, ordea, 19:00etatik 19:45etara eskuratu ahal izango dira.


Lehen aldia da horrelako ekimen bat antolatzen duela EHGAMek. «Bidea pixka bat zailagoa izango da, baina ibiltzen hasi behar da. Urte batzuk daramatzagu ekimen honen atzetik eta, aurten lortu egingo dugu», adierazi du Mikel Martin EHGAMeko kideak. Guztira, lau dokumental eta sei laburmetrai izango dira ikusgai Niessenen eta, horien inguruko azalpena eman du Julen Zabalak: «Eskainiko diren bi dokumental Zinegoak emanaldian sarituak izan dira eta, hori oso garrantzitsua da. Dokumental mota hauek leku zehatz batzuetan ikusteko aukera dago».


Zuzendariak, bertan
Antolatzaileek adierazi dutenez, Euskal Herrian egindako dokumental eta laburmetraiak dira «gehienak». Larunbateko proiekzioetan bi zuzendari izango dira Errenteria Hiria Kulturgunean. Pasos, Carliños y una Super-8 laburmetraiko zuzendariak, Eva Mateos eta Estibalitz Valiño, eta, Pasion por el arte laburmetraiko Ignacio Goitia. Laburmetraiei buruz hitz egin ahal izango da aipatutako zuzendariekin.


EHGAMeko kideen esanetan, proiekzio guztiak izango dira estreinaldiak. «Normalean, zinema komertzialean botatzen ez diren proiekzioak dira eta, hemen ikusteko aukera bakarrik izango da». «Hiriburutik atera nahi genuen, herriak garrantzitsu bihurtu nahi ditugu. Gipuzkoa osoan egiten ari gara ekimenak, nahiz eta garrantzitsuenak Donostiakoak izan», adierazi du Zabalak.


Herritarrei zine emanaldietara joateko deia egin diete antolatzaileek: «Uste dugu ordaindu beharreko sarrera aproposa dela eta horregatik zine emanaldietara joateko deia luzatzen diegu herritar orori», azpimarratu du Martinek.


Zine proiekzioen iraupena laburra izango da etzi eta etzidamu, ordu erditik beherako iraupena dute denek.

2007/01/28

> Berria: Zinegoak > "UNVEILED" FILM LUZEA SARITU DUTE BILBOKO ZINEGOAK JAIALDIAN

  • 'Unveiled' film luzea saritu dute Bilboko Zinegoak jaialdian
  • Berria, 2007-01-28 # Erredakzioa · Bilbo


Unveiled ekoizpen alemaniar-iraniarrak eskuratu du Zinegoak Bilboko Gay/Lesbo/Trans Zinemaren Nazioarteko Jaialdiko sari nagusia, eta Angelina Maccarone zuzendariak jasoko du film luze onenari dagokion saria, 3.000 eurokoa. Manuela Kay buru duen epaimahaia Pascale Ourbihk, Matteo Colombok eta Francisco Dalmaok osatu dute.


Ikusleek aukeratu dituzte, emanaldi bakoitzaren ondoren emandako botoen bitartez, dokumental eta film labur onenen sariak nori eman. Dokumental onenaren saria Lovinska Kavumaren Rape for who I am (Hegoafrika) lanak jaso du, eta horrenbestez, 2.000 euro jasoko ditu. Film labur onenaren saria, berriz, Eva Mateos eta Estibaliz Valiko euskal zinemagileen Pasos, Carliños y una super-8 lanarentzat izan da. 1.000 euroko saria jasoko dute.


Azkenik, Bilboko Udaleko Emakumearen Sailak izendatutako hiru pertsonak osatutako epaimahaiak Electroshock (Juan Carlos Claver, Espainia) filmari eman dio Lesbianismoa eta Generoa saria. 1.500 euro jasoko ditu zuzendariak.


Epaimahaiak film luzeen kalitatea goraipatu du «bere zabaltasunagatik eta konpromiso sozial eta politikoagatik».


Joan den astelehenetik atzora arte 68 film ikusi dira Zinegoak jaialdian, horietatik 52 lehiaketan, eta 5.000 lagun baino gehiago izan dira proiekzioetan. Nolanahi ere, datorren astean ere filmak eskainiko dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan, eta antolatzaileek espero dute 7.000ra iritsiko dela ikusle kopurua.

2007/01/25

> Berria: Zinegoak > EGIA ABSOLUTUAK APURTZEKO ISTORIOAK

  • Egia absolutuak apurtzeko istorioak
  • Homosexual, lesbiana eta transexualen inguruko gero eta film gehiago egiten da gurean. Horietako bost Bilboko Zinegoak jaialdian aurkeztu dituzte egunotan.
  • Berria, 2007-01-25 # Maite Asensio · Bilbo

Giro tradizionalean bizi direnek jasaten duten diskriminazioa, Eliza katolikoaren ezkutuko kontuak, hiru adiskideren bidaia... Gai ezagunak dira, egunkarietan, filmetan zein lagunen solasaldietan maiz agertzen direnak. Baina oraingoan ezaugarri jakineko pelikuletan ageri dira: protagonistak homosexualak, lesbianak edota transexualak dira, eta egileak, euskal herritarrak.


Euskal egileen bost film laburrek hartuko dute parte aurtengo Zinegoak Gay/Lesbo/Trans Jaialdian. Zinemagintzak krisialdia bizi duen honetan, Ignacio Goitiak bi lan aurkeztu ditu, eta Eva Mateosek eta Estibaliz Valiñok, Eduardo Gabiñak eta Roberto Menendezek beste bana. Oraindik ikusle asko erakartzen ez dituen gaia jorratzen ausartu dira, gainera.


Estereotipoek eta aurreiritziek oraindik ere indar handia dute gurean. Ikusleei kostatu egiten zaie homosexual, lesbiana eta transexualen gorabeherak kontatzen dituzten filmak ikustera joatea. Adibiderik argiena Ignacio Goitiak eman du: «Fantasie Pyreneene Pirinioetako Salieseko [Frantzia] zinemaldirako egin nuen, eurek eskatuta, eta azkenean, filma lehiaketatik kanpo utzi zuten».


«Jendeak uste du kontu arraroez aritzen garela, baina ez da hala, denoi gauza berdinek eragiten digutelako. Uste dute homosexualen gaia sexuaren ikuspuntutik jorratuko dela, baina gehienetan ez da hala», dio Roberto Menendezek. Istorioen bidez, aldarri bera hedatu nahi dute euskal egileek: normalizazioa. Eurek heterosexualen inguruko filmak ikusten dituzten bezala, heterosexualek ere eurenak ikus ditzaten. Eva Mateosek argi adierazten du: «Guk istorio normal bat kontatu dugu, baina kasualitatez protagonistak lesbianak dira».


Euskal zinemagintza oparoa
Zinegoak jaialdiaren joan den urteko edizioan Menendez izan zen film bat aurkezten lehenbiziko euskal herritarra; aurten, bost dira. Itxuraz harritzekoa da, baina egileek normaltzat hartu dute aurten euskal autoreek jaialdira egindako ekarpen oparoa. Izan ere, filmak egiteko gero eta aukera gehiago dago, edonork izan dezakeelako kamera bat eskura. Hala dio Goitiak: «Diru askorik gabe zinemara hurbiltzea errazten duen teknika gehiago dago. Euskal Herrian belaunaldi berria jaiotzen ari da». Mateos haratago doa: «Euskal Herrian oso egile onak daude, gehiago ez egoteak harritzen nau».


Menendezek ere oraindik tabu diren gaiak jorratzera ausartzen den jende gehiago dagoela ikusi du. Eta Zinegoak jaialdiak laguntzen duela uste du: «Gay tematika ez duten zinemaldi asko daude eta horietatik ere pasatzen dira gure filmak, baina une honetan, gaia zehazki tratatzen duen zinemaldi honen beharra dago». «Lan bat egin eta nonbaitera bidal daitekeela jakinda, jendea animatu egiten da», dio Eduardo Gabiñak.


Gero eta aukera gehiago dago filmak egiteko; profesional bihurtzea da konplexuena. Film laburretik luzera saltoa ematea zaila bada, are zailagoa da euskaraz filmik egitea. Jaialdian parte hartuko duten bost filmak gaztelaniaz dira. Egile batzuek ez dute ohiko hizkuntza, eta zaila zaie filmetara eramatea. Baina saiatu nahi dute. Gabiñaren hurrengo proiektua euskaraz izango da. Eta Mateosek honetan ere bultzatu nahi du: «Azpitituluak euskaraz jarri ditugu. Gu gara zinemagintzaren oinarria, eta guk bultzatu behar dugu hizkuntza».

  • Filmak

­ 'Pasión por el arte' (Ignacio Goitia). Elkar ezagutzen ez duten bi gizonek, Bilboko Arte Eder Museoan dagoen margolan batekiko pasioa dute. Film labur honen bidez, Goitiak bere bi ogibideak bateratu ditu: pintura eta zinema. Bilboko Orkestra Sinfonikoak interpretaturiko Juan Crisostomo Arriagaren musika erabili du.

­ 'Fantasie Pyreneene' (Ignacio Goitia). Bi emakumek Pirinioetako soro batean egiten dute topo. Bi pertsonaia kontrajarri dira: bata depresiboa, eta bestea alaia. Tradizioa bi ahoko arma izan daitekeela erakutsi nahi du Goitiak.

­ 'Tres tristes travestis' (Eduardo Gabiña). Ordenagailu eramangarri baten bidez filmatutako dokumentala da. Torrevieja (Herrialde Katalanak) eta Almerian (Espainia) barrena hiru trabestik egiten duten bidaiaren berri ematen du.


­ 'Pasos, Carliños y una super-8' (Eva Mateos eta Estibaliz Valiño). Zuzendari eta aktore dira Eva Mateos eta Estibaliz Valiño film labur honetan; benetan gertatutako istorioa komedia bihurtu dute. Aste Santuan koadrilak alde egiten dietenean, bi neskek kamera hartu eta egoeraren alderdirik baikorrena ateratzeari ekiten diote: festak, maitasuna.


­ 'Encruzijados' (Roberto Menendez). Pertsonaiak plaza batean agertzen dira, eta euren telefono solasaldiak elkarren artean nahasten dira. Horrela aurkezten du Menendezek Eliza katolikoko hainbat kidek burututako sexu gehiegikerien inguruko istorioa.

2007/01/23

> Berria: Zinegoak > FILIPINETAKO LAN BATEKIN HASI DA ZINEGOAK

  • Filipinetako lan batekin hasi da Zinegoak
  • Atzo izan zen irekiera gala Arriaga Antzokian; Rosa Maria Sardak Ohorezko Saria jaso zuen bertan
  • Berria, 2007-01-23 # Erredakzioa · Bilbo

El florecimiento de Máxino Oliveros Filipinetako filmarekin jarri zen martxan atzo Zinegoak, Bilboko Gay-Lesbo-Trans Zinemaren Nazioarteko Jaialdia. Irekiera galaren amaieran eman zuten Berlinalen saritu zuten filma, Arriaga antzokian. Ekitaldi horretan izan zen Rosa Maria Sarda Kataluniako aktorea; izan ere, hark Ohorezko Saria jaso zuen. «Gazteak nirekin gogoratzea hunkigarria da; pozten nau nire lanak aitortza merezi duela uste izanak», esan zuen Sardak.


Aste osoan izango dira proiekzioak Zinegoak jaialdian, Capitol zinemetan, Bilborock aretoan eta Fnac auditoriumean. Guztira 64 film emango dituzte, horietako 12 iraupen luzekoak izango dira, eta bi aldiz emango dituzte.


Au delà de la haine frantziarra da zerrenda ofizialean nabarmentzen direnetako bat. Olivier Meyrouren dokumental horrek Teddy saria irabazi zuen azken Berlinale jaialdian. Ikusmina sortu duen beste dokumental bat Rape for who I am da, Lovinsa Kavumarena. Hegoafrikan lesbianek pairatzen duten egoera du ardatz. Mexikotik etorriko da El cielo dividido, gazteen maitasuna mintzagai hartzen duen lana. Juan Carlos Claverren Electroshock filmak ere maitasuna du hizpide. Bestalde, larunbateko amaiera ekitaldian beste film interesgarri bat emango dute: Tren de las 18.15 procedente de Ostkreuz, Ades Zabel transformista rol nagusian duen film alemaniarra.


Euskal Herriko egileak
Euskal Herrian egindako ikus-entzunezko lau film emango dituzte aurtengo Zinegoak jaialdian. Roberto Menendezek Encrucijados film laburra aurkeztuko du gaur Capitol zinematokietan. Eliza katolikoaren barruan izandako gehiegikeria sexualak ditu hizpide lan horrek. Lehiaketatik kanpo, Eduardo Gaviñak Tres tristes travestis erakutsiko du ostegunean, Fnacen, La Prohibida, Nacha La Macha eta Yogurinha Borova transformisten inguruko lana. Horrez gain, Eva Mateosen eta Estibaliz Valiñoren Pasos, Carliños y una Super-8 film laburra emango dute ostiralean.


Bestalde, Ignacio Goitia artista plastikoak bi film labur aurkeztuko ditu Bilboko zinemaldian: Pasión por el arte eta Fantasie Pyrénéene. Goitiaren hitzetan, lan horiek bere ohiko lanaren «luzapena» baino ez dira.

2007/01/21

> Laburrak: Zinemaldiak > ORERETA: EHGAMEK BI ZINE EMANALDI ESKAINIKO DITU KULTURGUNEAN

  • EHGAMek bi zine emanaldi eskainiko ditu kulturgunean
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-01-21 # Iñaki Berrio

Herriko EHGAMek film labur eta dokumentalez osatutako bi emanaldi prestatu ditu otsailaren 2rako eta 3rako. Emanaldiak Errenteria Hiria Kulturgunean izango dira eta sarrerek 3 euro balioko dute. Bi emanaldiak 20:00etan hasiko dira. EHGAMek berak Bilbon antolatu duen Zinegoak izeneko II. Gay-Lesbo-Trans Nazioarteko Zinemaldiko lan batzuk erakutsiko dituzte herrian.

2007/01/12

> Berria: Zinegoak > FILM, ARETO ETA EGUN GEHIAGO IZANGO DITU AURTEN ZINEGOAK

  • Film, areto eta egun gehiago izango ditu aurten Zinegoak
  • Lehen aldiz hartuko dute parte Euskal Herriko zinemagileek sail ofizialean, bost film laburrekin
  • Berria, 2007-01-12 # Maite Asensio · Bilbo

Hazi egin da Zinegoak, Bilboko Gay/Lesbo/Trans Zinemaren Nazioarteko Jaialdia. Urtarrilaren 22tik 27ra egingo da laugarren ekitaldia, eta jadanik marka guztiak hautsi ditu. Homosexualei, lesbianei eta transexualei buruzko film labur, luze eta dokumentalek gero eta ikusle gehiago dituzte. Beraz, jaialdia hazkundera egokitu da, eta film, egun eta areto gehiago izango ditu aurten. «Zinegoak 2007 orain arteko onena izango da», antolatzaileen esanetan.


Guztira 64 film emango ditu aurten Zinegoak jaialdiak: 13 film luzek, 30 film laburrek eta 12 film dokumentalek hartuko dute parte sail ofizialean. Horien artean, Berlinale Berlingo Nazioarteko Zinemaldiak homosexual, lesbiana eta transexualen gaineko film onenei ematen dizkien Teddy Bear sarien hiru irabazleak egongo dira. Gainera, lehen aldiz, euskal autoreak ordezkatuta egongo dira sail ofizialean, bost film laburren bidez. Off Zinegoak atalak, berriz, formaz zein edukiz esperimentalagoak eta transgresoreagoak diren bederatzi film labur emango ditu.


Sail ofizialeko 52 filmek hartuko dute parte lehiaketan. Homosexual, lesbiana eta transexualen inguruko zinema eta literaturarekin lotutako lau lagunek osatuko dute epaimahaia: Matteo Colombo arlo horretako Milango zinemaldiaren antolatzailea eta kazetaria, Pascale Ourbi Aljeriako aktorea, Manuela Kay kazetari eta idazle alemaniarra eta Francisco Dalmao hezitzaile kultural uruguaiarra. Epaimahaiak film luze onena sarituko du, eta ikusleen esku utziko du film labur onenaren hautaketa.


Sarda eta De la Iglesia omenduz
Aurtengo Ohorezko Saria Rosa Maria Sarda kataluniar aktoreari emango diote, urtarrilaren 22an, Arriaga antzokian izango den inaugurazio ekitaldian. Sardak interpretatu dituen pertsonaiek homosexualitatea defenditu izan dute, eta, horregatik, «amatzat» daukate gay, lesbiana eta transexual askok, Roberto Caston Zinegoak jaialdiko zuzendariaren arabera.


Bestalde, Zinebi eta Zinegoak jaialdiak elkarlanean ibili dira Eloy de la Iglesiari omenaldi zikloa eskaintzeko; De la Iglesia 2006ko martxoan hil zen. Zinemagile zarauztarrak ausardia handiz tratatu zituen homosexual, lesbiana eta transexualen inguruko gaiak, baita droga eta marjinazioari buruzkoak ere. Hala, haren lau film luze emango dituzte hilaren 23an.


Urtero bezala, Zinegoak jaialdiko filmak Capitol zinemetako 3 eta 4 geletan eta Bilborock aretoan emango dituzte. Gainera, Fnac dendak ere Off Zinegoak ataleko filmak proiektatuko ditu.


Bestalde, urtarrilaren 29tik otsailaren 3a arte, jaialdiko film arrakastatsuenak Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait herritan emango dira: Sestao, Portugalete, Leioa, Sopela, Basauri, Getxo, Berango, Galdakao, Erandio eta Errenterian.