Showing posts with label Afrika. Show all posts
Showing posts with label Afrika. Show all posts

2010/01/17

> Erreportajea: Homofobia > HOMOFOBIAK HARTU DU AFRIKA


  • Homofobiak hartu du Afrika
  • Berria, 2010-01-17 # Edurne Elizondo
  • Kontinente horretako herri anitzetan delitu dira sexu bereko pertsonen arteko harremanak; Ugandan zigorrak gogortu nahi dituen legeak piztu du zalaparta, eta homosexualen eskubideen aldekoen salaketa eragin du.
Presidenteak ez du homosexualik hil nahi; nik ere ez. Nik uste dut aholku jaso dezaketela homosexualek, eta euren ohitura txarrak alde batera utzi». Mary Karoro Okurutenak dira hitzak. Ugandako agintarien alderdiko bozeramailearenak. Ugandan, delitu da homosexualitatea. Eta, berriki, delitu horrek dituen zigorrak gogortzeko proposamena egin du hango Gobernuak. Proposamen horretan, heriotza zigorra ezartzeko aukera jaso du, hainbat kasutan: homosexualek GIB birusa eduki eta harremanak izaten jarraitzen dutenean edota bortxaketa gertatzen denean, adibidez. Baina asmo horretan atzera egin du, azkenean, Ugandako presidente Yoweri Musevenik. Bizitza guztirako espetxe zigorra ezartzeko proposamenak, hala ere, indarrean jarraitzen du. Otsailean edo martxoan hartuko du lege proiektuari buruzko erabakia Ugandako Parlamentuak.

Ugandako egoera ez da salbuespena Afrikan. 53 estatuetatik 38k dituzte homosexualitatea zigortzen duten legeak. Duela hamabost urte, «homosexualak txakurrak eta zerriak baino okerragoak » zirela erran zuen Zimbabweko presidenteak. Eta homofobiak gorako bidea baino ez du egin herri horretan, geroztik. Nigerian ere badituzte homosexualen kontrako lege zehatzak, eta heriotza zigorra dago aurreikusita haientzat. Ruandan, duela gutxi hartu dute homosexualitatea zigortzeko erabakia. Bost eta hamar urte arteko kartzela zigorrak aurreikusi dituzte.

Burundin, berriz, joan den apiriletik da homosexualitatea delitu. Erabaki hori hartu eta gero, Italiako erakunde katoliko baten saria jaso zuen Burundiko presidente Pierre Nkurunzizak. Haren hitzetan, «homosexualen kontra borrokatzeagatik» eman diote sari hori. Ruanda eta Uganda, hain zuzen, herri kristauak dira; katolikoak, nagusiki. Homosexualen eskubideen aldeko hainbat elkartek Elizaren eragina jo dute herri horietan homofobiak gora egiteko arrazoi nagusitzat. Eta gauza bera gertatzen da Ugandan, elkarte horien ustez.

Ugandan, neurri berriekin, homosexualitatea zigortu eta homosexualen kontrako salaketak sustatu nahi dituzte. Lege berriak, gainera, «jarduera homosexualak errazten edo laguntzen» dituztenak ere zigortu nahi ditu. Hiru urteko espetxe zigorra aurreikusten du, halaber, lege proiektuak, ikusi dituzten jarduera homosexualen berri 24 orduko epean ematen ez dutenentzat, eta zazpi urtekoa, berriz, homosexualen eta lesbianen eskubideen alde lan egiten dutenentzat. Presidenteak lege proiektutik ezabatu ditu nazioartean zalapartarik handiena sortu duten artikuluak, baina, hala eta guztiz ere, ugariak izan dira azken hilabeteotan haren hainbat ministrok eta bertze hainbat agintarik homosexualen aurka erran dituzten hitzak. «Afrikako kulturan homosexualitatea ez dago baimendua. Haurrak babestu behar ditugu, jarduera homosexualetan aritzeko hartzen baitituzte eskoletan», erran du, adibidez, Mary Karoro Okurutek.

«Zuzendutako hilketa modu bat da lege hori», salatu du Jacqueline Kashak, Ugandako Freedom and Roam elkarteko kideak. Elkarte horrek eta bertze hainbatek uste dute milioi erdi ugandar aterako dela herritik lege berriarengatik. «Nahiago izanen dute alde egin, espetxean sartu baino».

Kasharena ez da Ugandan lege berriaren kontra entzun den ahots bakarra. Protestak izan dira, bertzeak bertze, Londresen, Washingtonen eta New Yorken. Europako Parlamentuak ere auzia jorratu du. Ugandari eskatu dio erakunde horrek bere asmoetan atzera egin dezala. Aipatzekoa da, hala ere, bozketan Parlamentuko 736 diputatuetatik 65ek bakarrik parte hartu zutela. Hiruk kontrako boza eman zioten Parlamentuak Ugandari legea onar ez dezan egindako eskaerari; hirurak dira Europako Alderdi Popularreko kide.

Kenyan,errolda
Ugandan homosexualen kontrako zigorrak gogortzeko aukera aztertzen duten bitartean, Kenyan egin nahi duten homosexualen erroldak piztu du zalaparta. Hiesari aurre egiteko Kenyako programako arduradun Nicholas Muragurik erran du homosexual anitzek gaixotasun horri buruzko informaziorik ez dutela, eta errolda horren helburua horixe dela, homosexualei informazioa helaraztea. Kontua da, ordea, Kenyan delitu dela homosexualitatea, eta hamalau urteko espetxe Bigorra ere jaso dezaketela herri horretan homosexualek.

Asmoa da ekainean hastea erroldarekin. Hainbat adituk ez dute uste hiesari aurre egiten lagunduko duenik. Zenbait homosexualek, halaber, argitu dute erroldan zenba ditzaten prest direla, baina haien identitatea babesten badute, betiere. Espetxe Bigorra izan dezaketelako Elgar musukatzeagatik.
  • Hegoafrika, salbuespena
  • Afrikako kontinentean salbuespena da Hegoafrika. Homosexualitatea han ez da delitu. Gauza bat da legeak dioena, eta bertzea errealitatea, ordea.
1994ko Hegoafrikako Konstituzioak sexu arrazoiengatik bazterketa oro debekatzen du bere testuan. Eta, 2006. urtetik, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak baimenduta daude herri horretan.

Gauza bat da legeak dioena, eta bertze bat, gertatzen dena. Esparru anitzetan, gizarteak ez ditu bere egin lege horiek, ezta lege horiek diotena ere. Ondorioz, homosexualen eta lesbianen kontrako krimenak gertatzen dira urtero. Sexu joerak oinarri dituen bazterketa, gainera, komunitate guztietara zabaltzen da Hegoafrikan. «Berdin aurki daitezke homosexualak direlako familiak baztertutako zuriak, eta lesbianak direlako eraso egin dieten beltzak. Horrelakoak gertatzen dira, oraindik ere», erran du Matuba Mahlatjiek. Homosexuala da bera, eta ezkonduta dago Hegoafrikan.

Politikaren esparruan ere agerikoa da legeen eta errealitatearen artean gertatzen den Fauzi hori. Izan ere, 2006an, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak baimendu zituztenean, Gorte Konstituzionalaren agindua bete baino ez zuten egin Hegoafrikako Parlamentuko diputatuek. Erakunde gorena da hori herri horretako auzitegien artean. Garai hartan, homosexualen arteko ezkontzak «lotsagarritzat» jo zituen «herriarentzat eta Jainkoarentzat» Jacob Zumak, gero Hegoafrikako presidente izanen zenak.

2008/03/25

> Erreportajea: Homofobia > AFRIKAN, HOMOSEXUAL IZATEA DELITU


  • Afrikan, homosexual izatea delitu
  • Homosexualitatea debekatu eta zigortu egiten da Afrikako herrialde gehienetan, eta maiz hiesaren aurkako tratamendua ere ukatzen zaie. Hegoafrika da salbuespen nagusia
  • Berria, 2008-03-25 # Ixiar Zubiarre

Antza, homosexualitatea ez da existitzen Kongon, ezta Ugandan ere. «Homosexualitatea Mendebaldeko gizarte dekadenteetan sortutako praktika arbuiagarria da, eta, beraz, ez afrikarra». Areago, «gay eta lesbianak txerriak baino okerragoak dira». Robert Mugabe Zimbaweko presidenteak homosexualen gainean duen iritzia Afrikako herrialde gehienetan erakundeek bultzatzen duten homofobiaren erakusle da. Hasi homosexualei heriotza zigorra ezartzen dieten herrialdeetatik -Sudan, Mauritania eta Nigeria- eta legeetan espresuki zigortzen ez badute ere jazarpenezko politika indarrean duten herrialdeetaraino. Marokon, esaterako, 21 lagun atxilotu zituzten atzo, «homosexualitatea bultzatzea eta moralaren kontra» egitea egotzita.


Afrikako gizarte tradizionaletan sexu bereko pertsonen arteko harremanak gaizki ikusiak daude maiz, gay eta lesbianen aurkako arbuioa gobernutik bertatik indartu eta bultzatzen bada ere. Senegalen, besteak beste, bikote homosexual baten ezkontzan parte hartu zuten dozena inguru gizonezko atxilotu zituzten orain gutxi, Icone aldizkarian ezkontzaren argazkiak argitara eman ondoren.


Senegal ez da, ordea, homosexualen aurkako legeak indarrean dituen Afrikako herrialde bakarra. Ugandan, Gambian, Ghanan eta Kenyan «ordena naturalaren aurkako haragizko harremanak» kartzelarekin zigortzen dituzte. Sudanen, Zimbawen eta Namibian «sodomia» leporatzen diote sexu berekoekin harremanak dituzten pertsonei. Maiz homosexualitatea zigortzeko «zuzentasun publikoa» interpretatu eta aplikatzen dute epaileek, eta Kongoko Errepublika Demokratikoan «familia bizitzaren aurkako krimenak» egitea leporatuta kartzelatu izan dituzte gay eta lesbianak.


Horien eskubideak defendatzeko erakundeak gero eta oihartzun handiagoa dute, ordea, kontinente beltzean. Hegoafrikako ereduari jarraiki, kriminalizazioa amaitu eta gainontzekoei bezala eskubideak bermatu behar zaizkiela dioten ahotsak gero eta ugariagoak dira. Horren adibide da orain gutxi Afrikako Lesbianen Koalizioak Maputon, Mozambikeko hiriburuan, egindako konferentzia. Agintariei homosexualak kriminaltzat har ez ditzaten eskatzeko eta homofobia gainditzeko dei egin zieten.


Gay eta lesbianen kriminalizazioak bestelako ondorio larririk eragiten du. NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu duenez, milioika laguni hiesaren aurkako tratamendua edo prebentziorako kanpainetan parte hartzea ukatzen zaie, homosexualak izateagatik.


GIZONEZKOAK BEREZIKI. Sudanen, nahikoa da gizonezko batek beste gizonezko batekin harremanak izatea, heriotza zigorrera kondenatzeko. Emakumezkoen kasuan, aldiz, lehenengoan ez, laugarrengoan beste emakumezko batekin harremanetan harrapatzen badute, orduan, eta ez lehenago, zigortuko dute hiltzera.


Afrikako herrialde askotan, gizonen arteko harremanak debekatu eta zigortzen dituzte. Lesbianak ez dituzte aipatzen zigor kodeetan. Hala ere, batzuen eskubideak besteenak baino gehiago errespetatzen direla ondorioztatzea okerra da. Izan ere, Kenyan, besteak beste, ezkontzera behartzen dituzte emakumeak, eta sexu gehiegikerien edo bortxaketa «zuzentzaileen» biktima izaten dira.


Hegoafrika da salbuespena. Gay eta lesbianen eskubideei aitortzen dien bermeari dagokionez, munduko aurreratuenen artean dago herrialde horretako Konstituzioa. 2006tik, gainera, sexu berekoen arteko ezkontzak legeztatu ditu. Alabaina, jarraitu beharreko eredu izatetik urruti dago oraindik Hegoafrika, bertan egindako ekimenek kontinentean barna erreakzio homofoboak eragin baitituzte. Nigeria, Uganda, Burundi eta Kongo herrialdeetan halako ezkontzak legez debekatzea erabaki zuten, erantzun gisa.


Alabaina, homosexualen aldeko Hegoafrikako erakundeek oraindik asko dagoela egiteko uste dute. Iazko uztailean hil zituzten bi lesbianen kasua oraindik gogoan dute horiek. Sizakele Sigasa eta Salome Masooa bortxatu, moztu eta tiroka hil zituzten bertan.


  • Zenbakia: 31
  • Homosexualitatearen aurka. Afrikako 31 herrialdetan homosexualitatea legez debekatu eta zigortzen dute, hasi kartzela zigorrak ezartzen dituzten zigor kodeetatik eta heriotza zigorra ezartzen dutenetaraino.