Showing posts with label Durango. Show all posts
Showing posts with label Durango. Show all posts

2009/10/17

> Berria: Homofobia > ELKARRETARATZEA IZAN DA DURANGON "FAXISMO ETA HOMOFOBIARI INDARTSU ERANTZUTEKO"

  • Elkarretaratzea izan da Durangon "faxismoari eta homofobiari indartsu erantzuteko"
  • Aralar, 2009-10-17
Ehun pertsona inguru bildu dira Durangoko Andra Marin Markel Ganboarekin elkartasuna adierazteko eta eraso faxista eta homofoboak salatzeko. Bertan izan dira Aralarreko kideak eta hautatuak, Iratzarriko gazteak, EHGAM eta Sare-antifaxistako kideak, Durangoko udaletxeko PNVko zinegotziak, Durangoko alkatea eta hainbat herritar.

"Gure ideiak defendatzen tinko jarraituko dugu; beldurra sortu beharrean, gertatu denak borrokan jarraitzeko indarra ematen digu, eta borrokan jarraituko dugu", horixe izan da Andra Marin elkarretaratazera joan diren guztion izenean irakurri den testuaren mezua. Ozen esan diete mehatxatzen dutenei, "zuek baino gehiago gara, zuek baino elkartuagoak gaude eta zuek baino gehiago gara zuen gorrotoaren gainetik pasatzeko".

Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak esan duenez "Markel Ganboarekin elkartasuna adierazteko bertaratu dira, eta bide batez, "azkenaldian izan den eraso faxistak salatzeko". Horren harira Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du, "horrelakoak ez gertatzeko eta errepikatzeko neurririk oraindik hartu ez dutelako".

2009/10/15

> Berria: Salaketa > DURANGOKO ARALARREKO KIDE BATEK MEHATXU "FAXISTA ETA HOMOFOBOAK" SALATU DITU

  • Durangoko Aralarreko kide batek mehatxu «faxista eta homofoboak» salatu ditu
  • Berria, 2009-10-15
Aralarreko eta Iratzarriko kide Markel Ganboak mehatxu «faxista eta homofoboak» jaso dituela salatu zuen atzo. Jakinarazi zuenez, idatziko hainbat mehatxu jaso ditu Durangoko (Bizkaia) etxeko postontzian eta atean. Besteak beste, «Comunista de mierda» (Komunista zikina), «Maricón de mierda» (Marikoi zikina) eta «Ándate con ciudado» (Kontuz ibiliz) mezuak bere izena eta Aralarren eta Iratzarriren izenak diana batean sartuta marraztua zituen bi gutun jaso ditu. Erasotzaileen helburua Ganboak bere militantzia eta borroka uztea dela gaitzetsi dute Aralarrek eta Iratzarrik, eta elkartasuna adierazi diote Durangoko gazteari eta haren familiari. Erasoa salatzeko, Aralarrek eta Iratzarrik elkarretaraztea egingo dute etzi Durangoko Andre Mari Zuriaren elizpean, 12:00etan.

> Berria: Salaketa > ESKUTITZEZ JASOTAKO IRAINEN AURREAN ELKARTASUNA ERAKUTSI DIOTE GANBOARI

  • Eskutitzez jasotako irainen aurrean elkartasuna erakutsi diote Ganboari
  • Gara, 2009-10-15
Gaztehgam zein Iratzarri elkarteetako kide Markel Ganboak bere etxeko buzoian «mehatxu faxistak» jaso izana «gogor» salatu dute EHGAM eta Aralarreko kideek.

Hain zuzen ere, bi gutun jaso ditu gazte durangarrak eta «komunista zikina», «maritxu zikina» eta «kontuz ibili» gisako irain eta mehatxuak egiten dizkiote horietan. EHGAMetik salatu dutenez, «ez da gure erakundeko militanteen kontra aritzen diren lehen aldia». Honakoa ere gaineratu dute: «Faxistek askatasun osoz dihardute heterosexual, zuri eta espainol ez garenen kontra, politikari, epaile eta polizien begionez». Hala ere, erakundeko kideek azpimarratu dutenez, «33 urte daramagu kalean, lanean, askatasun sexualaren aldeko borrokan eta horrela jarraituko dugu, faxismoaren aurrean `Stop' seinale erraldoi bat eraikitzen».

Horrez gain, Aralarreko eta Iratzarriko kideek agerraldia eskaini zuten atzo goizean Durangon, «gaztearen aurkako mehatxuak salatzeko». Bertan, «pertsona guztiek eskubide zibil eta politiko berak izan beharko lituzkete, salbuespenik gabe», azpimarratu zuten.

2009/05/17

> Berria: Maiatzak 17 > FRANKISMOAK ZAPALDUTAKO "BESTEAK" GOGOAN, DURANGON

  • Frankismoak zapaldutako «besteak» gogoan, Durangon
  • Francoren diktaduran sexu joeraren ondorioz hildakoen omenezko eskultura jarri du EHGAMek
  • Berria, 2009-05-17 # Maite Asensio • Durango
Frankismoaren garaiko beste biktimak. Haien sexu joeraren ondorioz laidoztatuak, baztertuak, espetxeratuak, torturatuak, hilak; ondoren, ahaztuak, ikusezin bihurtuak. Francisco Francoren diktaduran zapaldutako lesbiana, gay, transexual eta bisexualen omenez, Kantu isila izeneko oroitarria inauguratu zuen atzo Durangon (Bizkaia) EHGAM Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduak.

Milaka izan ziren frankismoaren garaian «beren duintasunaren alde» borrokatu ziren emakumeak eta gizonak, Imanol Alvarez EHGAMeko kideak azaldu duenez. «Era guztietako irainak eta zapalkuntzak jasan zituzten, bakarrik beraiek hautatutako pertsonak maitatu eta haiekin larrua jo nahi izateagatik». Emakume eta gizon haiek gogoan izateko, Koldobika Jauregik egindako eskultura jarri dute Landako gunearen ondoan. Kantu isila da artelanaren izena, baina Jon Maiaren bertso bat bertan grabatu ostean, isiltasunari hitzak jarriko dizkiote.

Frankismoaren «beste» biktimak dira, hain zuzen, «bestelakoak» izateagatik jazarri zietelako. «Bene-benetan ahaztuak, gehienak anonimoak, baina gure aitortza merezi dutenak», gaineratu du Imanol Alvarezek. Izan ere, frankismoaren biktimen artean, lesbiana, gay, transexual eta bisexualak izan dira isilduenak. Hala onartu du Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kideak : «Tristea da, baina esan egin behar da: frankismoak ez ezik, frankismoaren aurka borrokatu zirenek ere zapaldu zituzten gay eta lesbianak. Garai hartako ezkerreko errepresaliatu politikoen artean ere jokabide homofoboak egon ziren».

Baina justiziari begira, oroitarriaren atzean «izen-abizen zehatzak» daudela esan du Alvarezek, eta hildakoak omentzea egoki jo arren, ekintzetara igarotzeko beharra nabarmendu du, «zoritxarrez, izen-abizen horiek jardunean jarraitzen dutelako egun». Elizak ere lesbiana, gay, transexual eta bisexualen inguruan izandako jarrerari buruz hausnartu beharko lukeela gaineratu du Ahaztuak 1936-77 elkarteko kideak. Horregatik, hain justu, Durangoko Andra Maria elizaren aurrean elkarretaratzea egin zuten atzo.

76ko azaroko egun batean
Durango hautatu du EHGAMek oroitarria jartzeko, besteak beste, bertan sortu zelako elkartea. «1976ko azaroko egun batean, Antonio Quintanak eta biok topo egin genuen hemen» , azaldu du Imanol Alvarezek, EHGAMeko sortzaileetako bat izandakoak. «Bertan hasi ginen berbetan, Europako beste leku askotan bezala, Euskal Herrian ere gay mugimendua antolatzeaz. Beste inork egiten ez bazuen, guk egin behar genuela zioen Antoniok. Ni nahiko eszeptikoa nintzen, baina haren gogoa ikusita, ezin izan nion ezetz esan».

Ordutik, aurrerapausoak eman dira, baina oraindik herrialde batzuetan sexu joeragatik pertsonei jazartzen dietela eta hil egiten dituztela gogorarazi du Gema Zabaletak, Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak. Gurean ere «homofobia ekintzak» daudela eta «berdintasunaren alde borrokatzea beharrezkoa» dela gaineratu du, frankismoaren biktimek isuritako odola ez zelako alferrik izan: «Memoria eta justizia ekitaldia da hau, ez ahaztera konprometitzen gaituena».

2008/12/08

> Iritzia: Bilgune Feminista > TXAPELA BURUAN GIZONA MUNDUAN

  • Txapela buruan gizona munduan
  • Gara, 2008-12-08 # Iosune Irigoien Garcia / Edurne Epelde Pagola · Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak

Aspaldidanik emakume idazle nahiz abeslarien erreferentziak falta izan zaizkigu. Euskal kulturaz hitz egiten burua gizonezkoen irudiz betetzen zaigu eta halaxe gertatu izan da Euskal kultura mugitzen duten eskuek eta buruek zein sexu duten garbi uzten digu kartel honek. Txapelarekin identifikatu ezinean, txapelaren atzean eta kultur eremutik urrun sentiarazi gaitu.


Urteak aurrera joan ahala Durangoko Azokan gero eta liburu eta disko gehiagorekin egiten dugu topo. Zorionez disko eta liburu hauen egileak ez dira gizonezkoak bakarrik, pixkanaka kultur ekoizleen artean emakumezkoak ere beren tokia hartzen ari dira. Egun emakumeok irakurtzen ez dakigula eta gure garunak ez daudela kulturarako prestatuta baieztatzea astakeria handia litzateke. Baita euskal kulturaren hartzaileak gizonezkoak bakarrik direla esatea ere. Bistakoa da mendeetan emakumeok ukatu izan zaigun kultura bizi, gozatu eta sortzeko eskubidea gutxika berreskuratzen ari garela. Gainera, sistema patriarkala emakumezkoak kultur ekoizle ez izateko muga ugari jartzeaz arduratu bada ere, asko izan dira oztopo hauek gaindituz pentsalari, filosofo, idazle nahiz kulturzale izan diren emakumeak.


Egun, emakumeok gizonek adina irakurtzen dugula esan dezakegu eta gaitasuna izan arren, gure buruarengan nahiko sinesmen biltzen dugunean idaztera ere egiten dugu jauzi. Baina aspaldidanik emakume idazle nahiz abeslarien erreferentziak urriak izan ditugu. Euskal kulturaz hitz egitean burua gizonezkoen irudiz betetzen zaigu eta halaxe gertatu izan da urte luzeetan zehar ere; hedabideetan kulturaz hitz egiterakoan gizonezkoen lanak nagusitu direla behin eta berriz.


Hori horrela izatearen arrazoiak ez dira ezkutukoak. Patriarkatuak ongi moldatu du guztia emakumezkoen zapalkuntzak bere horretan iraun dezan. Gizonen eta emakumeen arteko botere harremanak dira sistemaren tresna nagusi, eta eredu androzentrikoen sorrerak emakumeak itzalean mantendu gaitu. Guk jasotako ereduak hortaz, gizonezkoenak izan dira oro har, eta eredurik ezak emakumezkoak ere gizonezkoen moldeekin bat egitera bultzatu gaitu. Horregatik diogu emakumeok ikusezintasun egoeran bizi garela, nahiz eta pixkanaka hori atzean uzteko borondatea eta indar nahiko agertzen ari garen egunerokoan. Sexu bereizkeriaren ondorioz, emakumeak ez du gizonak hainbat denbora, arte adierazpenak eta sormena lantzeko, ezta espazio propioa izan edo baliabide ekonomikoak izateko aukerarik ere. Historikoki, baita gaur egun ere, emakume ezberdinek egindako lanak, idazketak... itzalean geratu dira eta ez dute merezitako aitortza jaso.


Kultur eta literatur ekoizpenean emakumeok historian zehar jasan duen diskriminazioa gainditu nahi badugu bada zer eginik. Guztion borondatea beharrezkoa izango da hau lortzeko, eta egia esan aurten Durangoko Liburu eta Disko Azoka aurkezteko erabili den kartelak ez du asko laguntzen ibilbide honetan. Gerediagak, Euskal Herriko disko eta liburu azokarik garrantzitsuenaren antolatzaile izanik, zeregin horretan funtsezko ekarpena egin dezakeelakoan gaude. Horretarako Bilgune Feministak azken lau urteetan proposamenak luzatu izan dizkiogu Gerediagari. Aurtengo martxoan ere beraiekin bildu ginen eta beren jardueraren berri eman zigutenean, bertan ikuspegi feminista txertatzeko proposamena luzatu genien.


Baina berriro ere Azokaren inguruan ateratako kartelaren bidez emakumea txapelaren atzean ezkutatu dutela uste dugu. Gizonezko ikusezina omendu nahi izan dute aurtengoan, eta tira, ideia onargarria izan daiteke, baina guztiok gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna lortzeko dugun erantzukizuna kontuan hartuta eta behin eta berriz emakume erreferentzi berrien beharrean gaudela badiogu, orduan, zergatik atera dute emakumeak bazter uzten gaituen irudi bat?


Uste dugu jendartean eztabaida piztu duen kartel hau ez dela kasualitatea, ez eta huskeria ere. Euskal kultura mugitzen duten eskuek eta buruek zein sexu duten garbi uzten digu guri kartel honek. Txapelarekin identifikatu ezinean, txapelaren atzean eta kultur eremutik urrun sentiarazi gaitu, nahiz eta kartel egilearen helburua hori ez izan.


Azken asteetan Durangoko Azokako kartelaren inguruan gauza asko entzun ditugu. Horren harira, Euskal Herriko Bilgune Feminista Gerediaga elkartearekin harremanetan jarri zen bere desadostasuna adierazi eta kartela kentzeko eskatuz, baina ezezkoa jaso genuen. Jarrera ezkor honekin Euskal Herri parekide bateranzko bidean Gerediagak aurrerapausoak eman beharrean atzerapausoa eman du emakumeok «ikusezintasun bikoitzera» kondenatuz.


Jendarteko beste eragile askok ere bere desadostasuna adierazi zuen, azkenean Gerediaga elkarteak emakumeoi ere erreferentzia egiten digun spota kaleratzea lortu arte. Baina, gure ustez, spot honek ez du emakumeen ikusezintasunarekin dugun arazoa konpontzen. Spot hori egoerari emandako erantzun azkar bat izan da, oinarrian dagoen arazoa konpondu gabe, alegia, emakumeok kultur ekoizpen eta kontsumoan dugun egoerari erreparatu gabe. Horregatik egun hauetan, eta urtero egiten dugun bezala, Durangoko Azokan emakumeon ikusgarritasunaren aldeko dinamika bultzatu nahi dugu.


Parekidetasuna oinarri duen Euskal Herria nahi dugu, emakumeen erreferentez josia eta sexuaren araberako oztoporik gabea. Musika eta literaturari dagokionez, emakumeok pairatzen dugun desberdintasun egoera gainditzeko eta gure parte-hartzea eragozten duten oztopoak gainditzeko garaia da. Egin dezagun ba ikusgarri begirada soilean ikusten ez den hori.


Amaitzeko, Bilgune Feministak emakume guztiak animatu nahi ditu, inoiz baino gehiago, kultur ekimen orotan parte hartzera eta egoera edota ekimen diskriminatzaileen aurrean egunero beren haserrea adieraztera.

2008/11/20

> Iritzia: Josu Torre > IKUSEZINA

  • Ikusezina
  • Deia, 2008-11-20 # Josu Torre

Barandiaran jaunarekin afaltzeko izan nuen lehen eta aukera bakarrean 84 urteko gizon kementsu baten aurrean nengoela jakin nuen, aspaldi ordea, Galeria del Libro dendan sari bat hartu ondoren gurekin elkartu zen bertan gau luze eta aberasgarri batetan. Espeleologo bizkaitar batzuk nola halako haitzulo bat kausitu omen zutela Karrantza aldean aipatu zioten ataundar jakintsuari. Ezaugarri ba-tzuz erantzuna entzun ondoren, honako hau esan zien satorren munduan jarduten zuten gazteei: "Ea halako baten zuekin lurperatzen naizen bertatik bertara ikuskatzeko". Ez dakit promes edo hitza bete zuenetz baino asmoak berak zerbait adierazten du.


Nere buruari galdezka ari naz zertara ote datorren duela 36 urteko kontua edo jadanik duela 17 urte betiko joan zitzaigun apaiz eta antropologo maitagarria. Aipatu gauaz geroztik ez naiz behin ere aurrez aurre izan Joxemielekin baina bai ordea milaka aldiz bere irudia ikusi hedabide orotan. Eta hura, ez besterik, etorri zait gogora aurtengo Durangoko LD Azoka iragartzen duen afixa ikusi dudanean. Badira txapel janzkera moeta oso bereziak, Iparragirre, Sabino Arana edo edozein reketerena baina aipatu hori, ia zalantza gabe, Barandiaran zenarena da. Gerora, gaur berton, liburu baten ikuskatu dut baieztatzeko eta horrela deritzat. Ezohiko edo arraro xamar iruditzen zaizkio halako en-tzungailuak esekita, baina txapelaren azpi eta betaurrekoen atzeko ikusezina -hala behar 1991.ean hil zelako- Joxemiel Barandiaran da. Fijatu zaitezte!, bera da! Edo beste edonor, erabat gaurkotua. Pentsa! Landakon izango diran milaka eta milaka diska eta liburu eta Ikusezina mp3 batekin konforma daitekela dirudi edo pendrive batetik haratago skydrive batekin. Karteleko ikusezina oso modernoa da eta genero jakinik ere ez zaio nabaritzen.

2008/11/18

> Berria: Matxismoa > DURANGOKO LIBURU ETA AZOKAKO KARTELAK JARRERA KONTRAJARRIAK SORTZEN JARRAITZEN DU

  • Durangoko Liburu eta Disko Azokako kartelak jarrera kontrajarriak sortzen jarraitzen du
  • Gara, 2008-11-18 # Ianire Renobales · Bilbo

Durangoko Azokako kartelaren inguruko eztabaidek indarrean diraute. Gizarte talde eragile desberdinek euren iritzia plazaratzeari ekin diote eta oraingoan, Euskal Herriko Bilgune Feministak hartu du hitza.


Historian, emakumeak jasandako diskriminazioa eta bereizketa du hizpide talde honek eta honen arira, 2008ko Azokako kartelari uko egiten diotela jakinarazi nahi izan dute. «Aurten Durangoko Liburu eta Disko azoka aurkezteko erabili den kartelak gure ustez ez du asko laguntzen ibilbide hori aldatzen». Bilgune Feministak azoka antolatzen duen Gerediaga elkarteari kartela kentzeko eskatu dio, baina ezezkoa jaso du. Talde honen aburuz, Gerediaga aurrerapausua eman beharrean atzerapausua bultzatzen ari da.


Txapelarekin identifikatu ezin
Jakin badakigunez, eztabaida sortu duen kartelean txapela, betaurrekoak eta kaskoak ageri dira. Batzuek diotenez, bi sexuak antzeman daitezke irudian betaurrekoen eitea femeninotzat hartzen dutelako. Antza denez, kaskoek ez dute sexurik, baina iskanbila txapelarekin piztu da. Argazkian ez da ageri giza figuraren arrastrorik; hala ere, gizarte eragileek modu oso desberdinean egin dute irakurketa. Bilgune Feministaren arabera, «emakumea ez da identifikatzen txapelarekin eta horrek kultur eremutik urrun sentiarazten du nahiz eta kartel egilearen helburua hori ez izan». Gauzak hala, kulturaren esparruan ere emakumeak zapalkuntza bizi duela argitu nahi izan dute ildora. Bestalde, kartelean agertu ez arren, egileak lana izendatzeko erabili duen esaldiak ere iritziak sorrarazi ditu, «Gizon ikusezina Azokan».


Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak salaketa egin bezain laster, sumendiak eztanda egin zuen. Alde batetik, kartelaren inguruan sortutako ika-mikak gehiegizkotzat jotzen dituztenak; bestetik, sexu bereizketaren mesedetan lan egiten duela uste dutenak. Hausnarketa kontrajarriak alboraturik, Durangoko Azoka denon ahotan dago, bai, baina ez euskal kulturari buruz irmoki aritzeko.

2008/11/16

> Iritzia: Maider Alustiza Lasa > EMAKUME IKUSEZINA

  • Emakume ikusezina
  • Gara, 2008-11-16 # Maider Alustiza Lasa · Donostia

Tristura handiz, ezintasunez esango nuke, hartu dut aurtengo Durangoko Azokako kartelaren aurkezpena. Egilea izenburuarekin nahastu egin delakoan nago, «Gizon ikusezina» gabe «emakume ikusezina» islatzen baitu afixa horrek. Emakume eta euskaltzale eta Azokako partaide naizen aldetik, iraindua sentitu dut neure burua eta, oro har, emakumeei egindako bazterkeria oso larria dela deritzot. Diseinu grafikoan aritzen naiz ni ere, eta ez diot helduko kartelaren alde artistikoari, baina kartel horrek ez du emakumea ordezkatzen, soilik gizonezkoak baizik, bai irudian bai izenburuan. Emakumezko asko joan ohi gara Durangoko Azokara eta horiek ere kartelean irudikatu beharko liratekeela uste dut. Aurten huts larria egin duela helarazi diot Gerediaga Elkarteari, eta nire kexa Durangoko Udalera ere bidali dut, zerbait egin dezaten eta hurrengo urteetan epai-mahaiak emakumeok kontuan har gaitzan.

2008/11/15

> Erreportajea: Berdintasuna > BA AL DAGO EMAKUME TXAPELDUNIK?

  • Ba al dago emakume txapeldunik?
  • Eusko Jaurlaritzako Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak Gerediagari eskatu dio emakumeei erreferentzia egiten dien elementuren bat jartzeko Durangoko 43. Azoka iragartzen duen kartelean.
  • Berria, 2008-11-15 # Aitor Abaroa

Durangoko 43. Euskal Liburu eta Disko Azokari hasiera emateko hiru aste falta dira. Ohikoa ez den arren, aurten, azoka, hasi aurretik dago guztien ahotan. Eusko Jaurlaritzako Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak azoka iragartzen duen kartela aldatzeko eskaria egin baitio azoka antolatzen duen Gerediaga Elkarteari.
Durangoko Azoka iragartzeko kartela lehiaketa bidez aukeratzen da. Aurtengoan, aurkeztutako 22 karteletatik, Aritz Zabala 25 urteko diseinatzaile gasteiztarrarena aukeratu du horretarako osatutako epaimahaiak. Kartelean betaurrekoak eta aurikularrak ageri dira, eta horien gainean, txapela bat. «Betaurrekoak irakurtzeko, aurikularrak entzuteko, txapela azokak kultura eta euskararekin duen harremana adierazteko», azaldu zuen Zabalak iragan irailaren 30ean kartelaren aurkezpen ekitaldian.


Epaimahaiak, aldiz, «bisualki duen inpaktua, daukan mezu zuzena eta sinpletasun plastikoa» aintzat hartu zituen kartela aukeratzeko orduan. Honakoak izan ziren epaimahaia osatu zutenak: Armando Bayer, Bost Talde Grafikoko diseinatzailea; Rodrigo Sainz, diseinatzaile grafikoa; Txelu Angoitia, argazkilaria; Jon Irazabal, Durangoko Azokako zuzendaria eta Izaskun Ellakuriaga, Azokako komunikazio arduraduna.


Kartela aldatzeko eskariak salaketa pertsonal batean du hazia. Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak idatzizko salaketa bat jaso zuen Durangoko Azokako kartel ak eta hura aurkezteko lemak emakumeak «ikusezin» bihurtzen zituela salatzen zuena. Kartela lehiaketara aurkezteko Zabalak hautatutako esaldiak, aldiz, «Gizon ikusezina azokan», zioen.


Gauzak horrela, Berdintasunerako Defentsa Erakundeak aintzat hartu du salaketa eta ofiziozko ikerketa hasi du. Hala ere, horrelako prozedura batek hilabeteak iraun dezakeela kontuan hartuta, eta Azoka hiru aste barru egingo dela jakinik, Berdintasunerako Erakundeak zuzenean jo du Gerediaga Elkartera, eta eskari argi bat legin dio: kartela aurkezten duen esaldia aldatzea eta emakumeek kulturan duten presentziari erreferentzia egiten dion elementuren bat gehitzea irudian.


Gerediagaren oharra
Gerediaga Elkarteak, bere aldetik, ohar bat eskegi du www.durangokoazoka.com web orrian, salaketaren inguruan esan beharrekoak azaltzeko. Elkartetik adierazi dutenez, ez dute inolako polemikan sartu nahi eta ez dute komunikabideetan inolako azalpenik emango; esan beharreko guztiak web orrian irakur daitekeen oharrean daudela adierazi dute.


Jasotako salaketaren inguruan, hiru kontu azpimarratu dituzte elkartetik. Lehenengo biak, kartelean ikusten den irudiari lotuak. Lehenengoan, «txapelaren irudi tradizionala» erakusten dela adierazi dute, «argi eta garbi gizonarekin lotutako jantzi-osagaia»; baina baieztapena errealitatearekin bat ez datorrela argudiatu dute, «txapela emakumezkoek zein gizonezkoek» osagarri legez erabili izan dutela. Bigarrengoan, aldiz, karteleko betaurrekoengatik ez dela «ezer» aipatzen adierazi dute, eta «nesken modelotzat katalogatuta» daudela jakinarazi.


Hirugarrengo kontuak, azkenik, salaketan aipatzen den leloari edo esaldiari egiten dio erreferentzia. Oharrean diotenez, «esaldia ez da Gerediagak ipinitakoa, autoreak emandakoa baino, kartela lehiaketara aurkezteko». Esaldia H. G. Wells-en eleberrian oinarrituta dago. Gainera, argitu nahi dute, «esaldi hori ez dela Durangoko Azokaren leloa, eta ez dela kartelean agertzen». Horretaz gain, oharrean azaltzen dute, «kartela aukeratzeko ez dela erabakigarria izan». Izan ere, kartela aukeratzeko prozedura lehiaketa izaki, diseinatzaile bakoitzak lelo bat jarri behar du kartela identifikatu ahal izateko, epaimahaikoek ez baitute inoiz egilearen izenaren berririk izaten.


Berdintasunerako Erakundea ez da izan kartelaren aldaketa eskatu duen erakunde bakarra. Durangoko Udalaren Aholkularitza Batzordeak ere desadostasuna agertu du aukeratutako kartelarekiko; are gehiago, kartela erretiratzeko eskaria luzatu dio Gerediaga Elkarteari. Udaleko berdintasun Batzordea, aldiz, ez da horren urrun joan, eta hurrengo urteetara begira, Berdintasun Legea kontuan hartzeko eskatu dio Gerediagari.


Lertxundiren zutabea
Komunikabideetan oihartzun handirik izan ez zuen arren, hainbat web orri eta blogetan azpimarratu zuten iragan urriaren 2an Anjel Lertxundik BERRIAko Hitz Beste zutabean kartelak iradokitakoen inguruan idatzitakoa. Artikuluan esan nahi zuenaren berri eman du idazleak: «Niri ez zaizkit salaketak gustatzen eta artikuluan ere ez nuen ezer salatzen, hausnarketarako puntu edo galdera batzuk egin baino». Lertxundik azaldu du kartelak iradokitakoaren arabera, emakume eta gizonen ezaugarriei buruzko aipamena egin zuela. Lertxundiren aburuz, «onkeriazko jarrera gehiegizkoa dugu gauza batzuekiko. Askeago behar genuke, kritika soziala egiterakoan. Gainera, nik memento batean ere ez nuen artikuluan esaten kartela gustuko nuen ala ez», gaineratu du.


Artikulu hark, gainera, izan zuen bere garaian erantzuna, eta hantxe geratu zen kontua. Aritz Zabala kartelaren diseinatzaileak BERRIAko Iritzia sailean erantzun zion Lertxundiri. Ezer baino lehen, Lertxundik egindako «kritika eskertu» zuen Zabalak, bere lanari «erreparatzeagatik». Ondoren, kartelaren inguruko azalpenak eman zituen. Zabalak azaldu zuen izenburua «pertsonaia literario» batean oinarritzen zela, eta kasualitatez baino ez zela gizonezkoa. Jakinarazi zuen, gainera, betaurrekoak neska batenak direla. Zabalak aditzera eman zuen ez zuela ulertzen zergatik ikusten zuten batzuek gizonezkoa txapelaren azpian, eta berak erantzun zuen, agian, gizartean ikuspegi matxista sustraituta dagoelako zela. Azkenik, ezer ez dagoen lekuan bilatzeari uzteko eta irudiek duten genero konnotazioa ezabatzeko proposamena egin zuen.

2008/11/13

> Iritzia: Koldo Aldabe > ESTEREOTIPOAK AZOKAN

  • Estereotipoak azokan
  • Berria, 2008-11-13 # Koldo Aldabe

Izenburua pertsonaia literario batean oinarritzen da, besterik gabe, eta kasualitatez gizona da. Irudiari dagokionez: alde batetik, betaurrekoak neska batenak dira eta, bestetik, zergatik ikusi gizasemea txapelaren azpian denok badugu burua? Agian, gizartean ikuspegi matxista sustraituta dagoelako? Ez al da hobe, feminismokerian erori gabe, ezer ez dagoen lekuan bilatzeari utzi eta irudiek duten genero konnotazioa ezabatzea?». Horrela dafenditu zuen bere burua aurtengo Durangoko Azokako kartelaren egileak orriotan egin zitzaion kritikatik. Orain, ordea, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak ohartarazi du kartel hori ez dela egokia, eta Gerediaga elkarteari kartela erretiratzeko galdegin dio.


Baina, behin horretan jarrita, ez al litzateke eragingarriagoa EITBri galdegitea ez dezan dirua egin, eta gizartea bonbardatu, iragarki sexista eta iraingarriekin?

2008/11/12

> Komunikatuak: Gerediaga Elkartea > BERDINTASUNERAKO DEFENTSORIARI ERANTZUNEZ

  • Berdintasunerako Defentsoriari erantzunez
  • Gerediaga Elkartea, 2008-11-12

Berdintasunerako Defentsoria Erakundetik salaketa jaso du Gerediaga Elkarteak, Durangoko Azokaren antolatzaile den aldetik, 43. edizioa iragartzeko kartelak emakumeak diskriminatzen dituela arrazoituz. Hona hemen Gerediaga Elkarteak adierazten duena.


Harriduraz hartu dugu salaketa hori publiko egiteko erabili duten prozedura. Defentsoriatik salaketa idatziz jaso eta Gerediaga Elkarteak alegazioak aurkezteko izan duen epea amaitu orduko, hau da, prozedura administratiboa irekia izan den bitartean, zabaldu du publikoki Berdintasunerako Defentsoriak salaketa.


Egiten den salaketaren gainean hau da adierazi nahi duguna:


  • “Kartelean txapelaren irudi tradizionala erakusten dela” aipatzen da, “argi eta garbi gizonarekin lotutako jantzi-osagaia” dela azpimarratuz. Gerediaga Elkartea ez da txapelaren generoaren eztabaidan sartuko. Baina, baieztapena ez datorrela bat errealitatearekin uste du. Adibideak asko dira erakutsiz txapela emakumezkoek zein gizonezkoek osagarri estetiko lez erabili izan dutela.
  • Karteleko betaurrekoengatik ez da ezer aipatzen salaketan. Eta argitu behar dugu, nesken modelotzat katalogatuta daudela. Hala ere, ez da Gerediaga Elkartea inor neskek edota gizonek erabili dezaketen esateko.
  • Salaketan sarri aipatzen den leloa edo esaldia ez da Gerediagak ipinitakoa, autoreak emandakoa baino kartela lehiaketara aurkezteko. Izenburu hori H.G. Wells-en eleberrian oinarrituta dagoen arren, ez da Durangoko Azokaren leloa, eta ez da kartelean agertzen. Kartela aukeratzeko ere ez da erabakiorra izan. Lehiaketetan ohikoa izaten da lana identifikatzeko leloa edo esaldia eskatzea.

Gerediaga Elkartea beti izan da adierazpen askatasunaren alde eta beti babestu ditu autore eskubideak. Gerediaga Elkarteak Azokako ateak zabal zabalik izan ditu beti eta orain ere baditu, emakumeak, gizonezkoak, euskaldunak, kanpotarrak, euskaltzaleak edota interesa duen edonor euskal kulturaren egutegiko topaketa nagusian hartzeko.


Abenduaren 5etik 8ra egingo den 43. Euskal Liburu eta Disko Azoka ahalik eta erakargarriena egiten lan egin du Gerediaga Elkarteak orain arte eta horretan jarraituko dugu. Ez dugu gai honekin eztabaidarik piztu gura. Herri honetako emakume eta gizonen sen onaren esku uzten dugu kartelari buruz bakoitzak izan dezakeen iritzia. Gerediaga Elkarteak, azkenik, a genero, arraza, erlijio, ideia edo beste arrazoiren bategatik diskriminazioarik jasan dutenei elkartasuna adierazten die.

> Berria: Berdindtasuna > GIZON IKUSEZINAREN KARTELA ALDATZEKO ESKATU DUTE

  • Gizon ikusezinaren kartela aldatzeko eskatu dute
  • Berria, 2008-11-12

Berdintasunerako Defentsa Erakundeak Durangoko aurtengo azokaren kartela aldatzeko eskatu dio Gerediaga Elkarteari, azokaren antolatzaileari. Gizon ikusezina azokan leloa duen kartelak emakumeak euskal kulturan «ikusezin» uzten dituela uste du erakundeak, eta, horregatik, esaldia aldatzeko eta irudian emakumeei erreferentzia egingo dien elementuren bat ezartzeko eskatu du.

2008/10/10

> Iritzia: Aritz Zabala > DURANGOKO AZOKAKO KARTELAZ

  • Durangoko Azokako kartelaz
  • Berria, 2008-10-10 # aritz zabala · 2008ko Durangoko Azokako kartel lehiaketaren irabazlea

Hasteko eta ezer baino lehen Anjel Lertxundik egindako kritika eskertu nahi nuke, nire lanari erreparatzeagatik. Ondoren, kartelaren inguruko azalpen batzuk ematea gustatuko litzaidake, harrituta geratu bainintzen egindako erreferentziarekin.


Izenburua pertsonaia literario batean oinarritzen da besterik gabe, kasualitatez gizona dena. Irudiari dagokionez; alde batetik betaurrekoak neska batenak dira eta bestetik zergatik ikusi gizasemea txapelaren azpian denok badugu burua? Agian gizartean ikuspegi matxista sustraituta dagoelako? Ez al da hobe «feminismokerian» erori gabe, ezer ez dagoen lekuan bilatzeari utzi eta irudiek duten genero konnotazioa ezabatzea?

2008/10/02

> Iritzia: Anjel Lertxundi Esnal > IKUSEZINA, NOR?

  • Ikusezina, nor?
  • Berria, Hitz beste, 2008-10-02 # Anjel Lertxundi Esnal

Esan berri digute Durangoko Azokako aurtengo irudiak Wells-en pertsonaia literario ezagunaren erreferentzia egiten duela. Betaurrekoengatik eta aurikularrengatik bakarrik balitz, ikusezinaren sexua ere ikusezina. Txapelak egiten du ikusezina ar. Eta euskaldun. Horregatik edo, niri Wellsena baino gehiago iradokitzen dit Mogelen Peru Abarka gaurkotu bat (inork gutxik irakurtzen duelako, ikusezina dugu Peru ere). Arteak ez du ba mezuen oihartzun ugaritasuna bilatzen?


Baina Wells-engana itzuliz: kartelak bere keinua gizon ikusezinari egin beharrean, Marvelen komikietako emakume ikusezinari egin nahi izan balio? Zer nolako ezaugarrirekin adieraziko genituzke emetasuna gehi euskalduntasuna?


Galdera pertinenteak dira: emakumezkoak omen dira gehien irakurtzen dutenak, baina gizonezko batek ordezkatuko ditu aurtengo azokako irakurleak. Emakumeak, irakurleenak izanagatik ere, ikusezin.

2008/10/01

> Berria: Berdintasuna > "GIZON IKUSEZINA AZOKAN", DURANGOKO EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKAREN IRUDI BERRIA

  • «Gizon ikusezina Azokan», Durangoko Euskal liburu eta Disko Azokaren irudi berria
  • Aritz Zabala gasteiztarraren kartela izan da lehiaketara aurkeztutako hogeita bi lanen artean aukeratu dutena, epaimahaiaren esanetan, haren «inpaktu bisuala, mezu zuzena eta sinpletasun plastikoa» direla eta.
  • Gara, 2008-10-01

Abenduaren 5etik 8ra egingo den 43. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak badu jada irudia; Gerediaga Elkarteak antolatutako lehiaketara hogeita bi kartel aurkeztu ondoren, Aritz Zabala 25 urteko gasteiztarraren irudia irten da garaile.


Aurtengo edizioaren egitarauaren gai nagusia irudia izango da. Zabalak berak pertsonaia baten irudia islatu nahi izan du bere lanean, betaurrekoak, aurikularrak eta txapela dituen pertsonaia batena, hain zuzen ere. Atzo egin zen aurkezpenean elementu bakoitzaren funtzioa zein den ere argitu zuen egileak berak: «Betaurrekoak irakurtzeko, aurikularrak entzuteko, txapela azokak kulturarekin eta euskararekin duen harremana adierazteko».


«Gizon ikusezina Azokan» goiburuarekin aurkeztu zuen Zabalak bere kartela lehiaketara, eta agertzen diren elementu guztiak gizon ikusezina osatuz ipinita, «pertsonaia literario bati keinu egiten» diola gaineratu zuen.


Aritz Zabalak, Publizitate Grafikoaz gain, Argitalpenen Diseinua eta Ekoizpena ikasketak egin ditu. Estatuko eta Autonomia Erkidegoetako Eskola Kontseiluen XVIII. Topaketa iragartzeko logotipo eta kartel lehiaketaren irabazlea ere izan da. Azken sari honekin 1.300 euro jasoko ditu.


Epaimahaia osatu duten bost lagunek -Gerediaga elkarteko kide bik eta diseinuaren, komunikazioaren eta arte plastikoen arloko beste hiru profesionalek- haren «inpaktu bisuala, mezu zuzena eta sinpletasun plastikoa» aintzat hartuta aukeratu dute Zabalaren lana.


Aurten ere Durangoko Landako erakustazoka euskaraz idatzitako lanez eta euskal gaiak beste edozein hizkuntzatan biltzen dituzten argitalpenez beteko da lau egunez.


Gerediaga elkarteak antolatzen duen azokak bost sail -editorialak, banatzaileak, diskoetxeak, erakundeak eta kultur eragileak- izango ditu, eta atzo jakinarazi zutenez, egunero goizeko hamarretan irekiko ditu ateak, iluntzeko zortziak arte.