Showing posts with label Estereotipoak. Show all posts
Showing posts with label Estereotipoak. Show all posts

2009/02/17

> Elkarrizketa: Ibon de la Cruz > "GIZARTE DIONISIAKO DATORKIGU, ETA NORTASUN GERLARIA HARTU BEHAR DUGU"

  • Ibon de la Cruz. Psikologoa: «Gizarte dionisiakoa datorkigu, eta nortasun gerlaria hartu behar dugu»
  • Psikologia praktikoaren inguruko hitzaldi sorta emango du pedagogo errenteriarrak gaurtik aurrera Donostian. Garai gogorra datorrela eta, horretarako prestatzeko tresnak erakutsi asmo die entzuleei.
  • Berria, 2009-02-17 # Edu Lartzanguren
Psikologoa eta pedagogoa da Ibon de la Cruz (Errenteria, Gipuzkoa, 1969). "Psicología práctica: hacia lo políticamente incorrecto" hitzaldi sorta emango du gaurtik aurrera Loiolako Kultur Etxean (Donostia). Gaur, gizon eta emakume ereduetaz jardungo du, "Estúpida guerra de sexos" izenburuko solasaldian, 19:00etan.

Politikoki zuzena dena gizakiok benetan ditugun desioen kontrakoa dela uste duzu?
Nire tesia zera da: gure gizartea asko zailtzen ari da, eta beste ikuspegi psikologiko bat behar dugu horri aurre egiteko, depresiorik gabe eta beldurrik gabe. Krisialdiaz gain, gizarteko giroa zein nazioartekoa zailtzen ari dira. Jendea beldurtzen ari da, eta hori ez da beharrezkoa. Tresna berriak aurkeztuko ditut gaur bizitzea errazteko, jendea indartzeko, norberak bere barruko talentua eta kemena ateratzeko.

Giroa nahasten ari den eragileetako bat sexuen arteko gerra deiturikoa da. Hori gainditzerik ba al dago?
Dagoeneko gaindituta izan beharko genituzkeen gauzetaz ari gara kezkatzen, gizon eta emakumeen arteko harremanetan. Alde batera utzi behar dugu emakume-gizon gizon lehia, eta seriotasunez hasi behar dugu etorkizunari heltzen. Ez dago gizonen eta emakumeen arteko alderik, pertsonen artekoa baizik. Interes handiak daude gerra horrekin jarraitzeko. «Lotsa ematen dit gizona izatea tratu txarrengatik», diote gizonek. Ez bada! Tratu txarrak egiten duena zoratuta dago, ez du nirekin zerikusirik, ez dut zertan lotsatu.

Gizon eta emakume irudiak desmuntatu behar dira horretarako?
Emakumeak eta gizonak nolakoak izan behar duten irudiak ezartzen dizkigute. Gizonok bi aukera ditugu: ar iberiarra izan edo metrosexual biguntxoa. Emakumeek, berriz, marujona edo superwoman. Nik erakutsi nahi dut badirela askoz eredu gehiago. Ez zaio jendeari esan behar nolakoak izan behar duten, baizik eta aukera eman euren nortasuna adierazteko.

Zergatik zaude amodio erromantikoaren aurka?
Oso arriskutsua da harreman batean, ez bazaio neurria hartzen. Maitemintzea eta zorakeriak egitea ongi dago, baina hogei urteko harreman batek horretan oinarritu behar duela pentsatzeak ez du zentzurik, ezinezkoa da. Beste modu batzuk aurkitu behar ditugu, aberatsagoak. Sedukzioak du hor garrantzia. Sedukzioaren bidez tentsio bat sortzen da bestearekin. Nola erabili erakutsiko dut.

Garai zaila datorrela diote. Aholku bat emango diguzu aurre egiteko?
Joera dionisiakoak dituen gizartea datorkigu, eta batzuk begibistakoak dira dagoeneko: lidergo karismatikoa dator, norberekoikeria gutxituko da, eta talde lanak garrantzia handiagoa hartuko du. Ez beldurtu, eta kontuz ibili depresioarekin. Nortasun gerlaria hartu behar dugu.

2008/11/13

> Iritzia: Koldo Aldabe > ESTEREOTIPOAK AZOKAN

  • Estereotipoak azokan
  • Berria, 2008-11-13 # Koldo Aldabe

Izenburua pertsonaia literario batean oinarritzen da, besterik gabe, eta kasualitatez gizona da. Irudiari dagokionez: alde batetik, betaurrekoak neska batenak dira eta, bestetik, zergatik ikusi gizasemea txapelaren azpian denok badugu burua? Agian, gizartean ikuspegi matxista sustraituta dagoelako? Ez al da hobe, feminismokerian erori gabe, ezer ez dagoen lekuan bilatzeari utzi eta irudiek duten genero konnotazioa ezabatzea?». Horrela dafenditu zuen bere burua aurtengo Durangoko Azokako kartelaren egileak orriotan egin zitzaion kritikatik. Orain, ordea, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak ohartarazi du kartel hori ez dela egokia, eta Gerediaga elkarteari kartela erretiratzeko galdegin dio.


Baina, behin horretan jarrita, ez al litzateke eragingarriagoa EITBri galdegitea ez dezan dirua egin, eta gizartea bonbardatu, iragarki sexista eta iraingarriekin?

2008/09/21

> Berria: Ekitaldiak > GAY ESTEREOTIPOAK ZINEMAN

  • Gay estereotipoak zineman
  • Eduardo Nabal (Burgos, Espainia, 1960) idazle eta zinema kritikariak El marica, la bruja y el armario: homofobia femenina y misoginia gay liburua aurkeztuko du bihar, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean.
  • Berria, 2008-09-21 # Miren Mindegia · Donostia

Nabalek zinemari buruzko ikuspuntu berritzaile bat agertzen du liburuan. Bertze batzuen artean, En la ciudad sin límites, Segunda piel, The Talented Mr. Ripley, Boys don´t cry eta Todo sobre mi madre pelikulak aztertu ditu, bertan agertzen diren emakumezko pertsonaia homofoboak, berak «sorginak», «erreginak» edo «amak» deitzen dituenak; eta gizonezko gay misoginoak: «makarrak», «soldaduak» edota «bakeroak».


Homosexualitatearen zirkuluan ere estereotipoak badirela erakutsi nahi du Nabalek. Idazleak aipatu izan duen bezala, «zineman, askatasun eremu horretan, emakumezko homofobo eta gay misogino irudiak nonahi agertzen dira».


Bere iritziz, pantaila handian agertzen dena «gaurko gizartearen isla da». Horren harira, homosexualitatearen inguruan «aldaketa soziokulturala ez da behar bezalakoa izaten ari».


Nabal zinemazalea da haurtzarotik, eta idazle freelance gisa lanean gazte hasi zen, Zero, Versión Original, Monográfico eta Infogay aldizkarietan, bertzeak bertze. Burgosko unibertsitateko irakasle ibili da, eta Teoría queer (2005) saiakera liburuan ere parte hartu du.

  • Liburu aurkezpena
  • El marica, la bruja y el armario: homofobia femenina y misoginia gay. Eduardo Nabal.
  • Non. Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean.
  • Noiz. Bihar, 19:30ean.

2008/06/02

> Iritzia: Josebe Egia > GAZTEAK, GURASOAK, SEXUA

  • Gazteak, gurasoak, sexua
  • Gara, 2008-06-02 # Josebe Egia

Nire ustez, pertsonei izugarri gustatzen zaigu sexua. Eta sexuari buruz hitz egitea ere bai. «Pertsonari» diodala azpimarratu nahi dut, badaezpada, batzuk emakumeei halako gauzek nazka ematen digutela eta, noski, gizonak baino askoz ere eratsuagoak garelako ustean bizi baitira oraindik.


Ez zen nire asmoa datorrenari buruz idaztea, baina ezin dut ekidin. Hiztegian «recatado» hitza begiratuta: «1. adj. begiratu, zuhur, arretatsu, neurritsu. 2. eratsu, zintzo, xume». Gure hizkuntzak genero markarik ez duenez -ez duena esan nahi ezin daitekeenik sexista izan-, ezin eskandaluzko ezer antzeman. Baina bakoitzarentzat jarritako adibideei ere tartea eskainiko diet, eta norberak atera ditzala ondorioak: «1. Tienes que ser más recatado en esas situaciones: begiratuago izan behar duzu egoera horietan. 2. Esa mujer lleva una vida muy recatada, sin excesos y modesta: Emakume horrek bizimodu eratsua darama, gehiegikeriarik gabekoa eta apala». XXI. mendean...


Ez sexua, ez sexuari buruz jakin-nahia ez da generoaren araberakoa. Hala egiaztatu dut joan den asteko artikuluagatik hainbat pertsona ezberdinek egindako galdera ikusita: zer zioten treneko neskek? Zer demontre, zehazki, esan zioten elkarri hain beldurtuta geratzeko artikulugilea eta ni?


Galdera egin didaten askoren seme-alabak nerabeak dira. Errealitate orokorra besterik ez da sexuaz ia edozeinekin hitz egin dezakegula, gure umeekin izan ezik, gure gurasoekin izan ezik.


Gurasoak beti guraso eta, dirudien arren, garai ezberdinekoak izatearekin zerikusirik ez duten bi ezaugarri komunekin: batetik, seme-alabek pentsatzen, sentitzen eta egiten dutenaren inguruko ideiarik eza, irakasleek, sexologoek, psikologoek, hezitzaileek... baieztatzen dutenez. «Dena kontatzeko irrikaz etortzen dira, entzunak izateko gogo biziarekin». Bestetik, norberaren umeak «hori» egiten ez duelako sinesmen tinkoa.


Baina gazteek sexuaz zer eta nola esaten duten gazteei beraei entzuteak gaia nola bizi eta garatzen duten jakiteko ideia garbia ematen digu eta haien behar errealak konprenitzen eta artatzen laguntzen digu, hezteko bidea markatzen, epaitzen edo ez ikustearenak egiten jardun barik.


Egungo nerabeek historiako belaunaldirik informatuena eratu arren, nahi gabeko haurdunaldiek gora egiten dute; ondorioz, abortuek, biharamuneko pilularen erabilerak ere bai. Azken honi buruz berri pozgarria izan dugu. Ezin gauza bera esan abortuaz, injustua, garestia, tabua eta hipokrisiaz beteriko gaia izaten jarraitzen duena.


Frogatuta dago gazteak gero eta lehenago hasten direla, gehiagotan eta pertsona ezberdin gehiagorekin egiten dutela, neskek eta mutilek. Orain, bakoitzak nola bizi duen aztertuta, mutilen helburua koitoa, neska bakoitza trofeo bat; neskentzat, ordea, puta edo emakume erraz gisa ezaguna izateko arriskua, plazerrik ez sentitzeko frustrazioa, haurdun geratzeko beldurra, ezetz esateko lotsa, mutila beste batekin joatearen ezinegona... Neskentzat haurdunaldia, abortua, biharamuneko pilula.


Gure semeek eta gure alabek «hori guztia» egiten dute. Hortaz, treneko neskak zertaz ari ziren jakin nahi duenak, galde diezaiola bereari.

2007/07/23

> Iritzia: Josebe Egia > ESTEREOTIPO PARE BATI BURUZ

  • Estereotipo pare bati buruz
  • Gara, 2007-07-23 # Josebe Egia

Gaurko honetan estereotipoen erorialdia zuekin konpartitzera nator. Mitikoak, herrikoiak, kutsu matxista dutenak edo emakumea kanpoan uzten dutenak.


Alde batetik, «Maritxu berritsu» esakuneak laburbiltzen duena daukagu, hau da, emakumeok gizonezkoek baino joera handiagoa daukagula hitz egiteko. Amaierarik ez duen hitz-jarioa omen da gure ezaugarrietariko bat, bi hitzetan esan daitekeena beste bostehun ele gehiagoz hornitzea, alegia. Gizonezkoek, ordea, di-da batean komunikatzeko ahalmen miresgarria omen daukate, hitz gutxitan dena konpontzekoa.


Bada, Ameriketako Estatu Batuetan egindako ikerketa luze eta serio baten ondorioz, «Maritxu berritsu» ondo baino hobeto izan liteke «Andoni, Peru edo Josu berritsu». Izan ere, egunaren bukaeran botatzen dugun hitz kopurua oso antzekoa da, 16.215 bat, hain zuzen. Beraz, ez da egia emakumeok hirukoiztu egiten dugunik hitz kopurua emakume izategatik eta etengabe gure ahotsa entzutea gustatzeagatik. Pertsona bat hiztuna den ala ez da gakoa, bere sexua edozein dela ere. Hona ikerketa horren ondorioetariko bat, esandakoaren adibide garbia: gehien hitz egiten zuten hiru pertsonak gizonezkoak ziren -45.000 hitz-, baina baita gutxien hitz egiten zuena ere -500-.


Beste gauza bat da, hori bai, hitz egiten dugunaren edukia. Antza denez, oraindik ere gizonek uki edo ikus daitezkeen gauzei buruz hitz egiten dute gehienbat, eta emakumeak pertsonon arteko harremanei eta sentimentuei buruz aritzen gara, neurri askoz handiago batean. Hala ere, jendartean bultzatzen ditugun baloreekin batera egitate hau aldatzen ari dela iruditzen zait, baita aldatu egiten dela ere gizona gizonekin ari denean edo emakume batekin ari denean. Pertzepzioa begi-bistako zerbait bihurtuko delakoan nago, itxaropenez, ados egongo baitzarete gauza bat kantitatea dela eta beste bat kalitatea, ezta?


Beste alde batetik, eta kantitatea alde batera utzi barik, beste ikerketa batek argi utzi du emakumeok ere amets erotikoak barra-barra edukitzen ditugula, gizonezkoen kopurua berdinduta. Amets mota ezberdinak, baina apeta sexualak denok ditugula adierazten dutenak, finean.


Betidanik, arlo hau gizonezkoen urrezko eremua izan da, sexuak euren pentsamenduen eta ametsen ehuneko altu bat betetzen duela, alegia. Beti izan da horrela eta espeziearen ezaugarritzat onartu da inongo arazorik gabe. Emakumeok, berriz, sexualitatearekin arazo gehiago izan ditugu, era askean eta osoki bizitzeko: birjintasuna, garbitasuna, amatasuna eta halako idealen mende egon gara luzaroan. Ondorioz, badirudi sexuak ez duela gure buruan lekurik, ez duela garrantzirik guretzat, ez dela plazer iturri bat.


Baina estereotipo zaharkitu bat besterik ez da. Egun, emakumeok amets erotikoak edukitzeaz gain, gizonek bezalaxe gaiari buruz hitz egiten dugu -horra hor gure hitzen edukietariko bat-. Batzuek gehiago, beste batzuek gutxiago. Hemen ere, izaera kontua da gakoa, eta pertsonaren sexuak zerikusi gutxi dauka.

2007/07/01

> Iritzia: Araitz Mendibil > SEXUALITATEA ASKATASUNEZ BIZI

  • Sexualitatea askatasunez bizi
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-07-01 # Araitz Mendibil · Bilgune feministako kidea, Errenteria-Orereta

Azken urte honetan aldaketa handiak ematen ari dira gay, lesbiana, transexualen eskubideei dagokionean. Baina ezin dugu alerta jaitsi, legeek hainbat eskubideren aitortza helburu badute ere, aniztasunaren errespetutik oso urrun aurkitzen garela adierazten diguten datu eta gertaerak ditugu egunero.


Familia eta beronen egitura heterosexualaren bidez banatzen eta antolatzen ditu rolak patriarkatuak, berau «normala» eta beste guztia «desbiazioa» dela jendarteari muinetaraino sartuz. Erlijioak eta instituzioak ere, arau bihurtu duten normaltasun honen atzetik mugitu dira. Arau hausle hauek jendartetik aparte, ezkutatuta bizi behar izan dute beraien sexualitatea eta egun egoera ez da uste dugun bezain beste aldatu. Ikastetxeetan oraindik ere, bere sexuarengandik espero ez diren jarrera maskulino edo femeninoagoak izateagatik baztertuak diren ikasleak asko dira; eta hau adibide sinpleenetakoa izanik, ondoren jendartean ematen diren jarrerak are bortitzagoak izaten dira.


Aukera sexual guztiak behar dute bere espazioa jendartean. Arau mugatzaileetatik haratago joan eta jendarte anitza, oztoporik gabea eratzeko ardura dugu guztiok, norma heterosexualarekin amaitzekoa. Gure aukera sexuala momentuan dena izanda ere askatasun osoz bizitzeko eskubidea guztiok ez dugun eskubide bat da.


Dikotomiarekin bukatu

Emakume/gizon=femenino/maskulino genero dikotomiarekin amaitzeko beharra aldarrikatzen dugu jendartean. Genero eta sexuen arteko bereizketekin amaitu eta pertsona guztiak era berean baloratzeko ordua da, bere jarrera ezaugarri sexualak direnak izanda ere. Hau dugu sexuen eta rolen aferarekin amaitzeko era.


Azkenik, ezin gara ahaztu lesbianen arazo, behar eta eskubideekiko mugimendu feministatik izan dugun utzikeria. Gu geu ere arau sexualen aferan aniztasuna kontuan hartu gabe ibili izan gara urte luzeetan zehar. Bada ordua zatiketekin etxetik bertatik amaitzekoa. Horregatik dei egiten diegu feminista, emakume eta aurrerakoi sentitzen den orori ekainaren 28an egingo diren mobilizazio eta ekimen desberdinetan parte hartzera.