2008/06/02

> Iritzia: Josebe Egia > GAZTEAK, GURASOAK, SEXUA

  • Gazteak, gurasoak, sexua
  • Gara, 2008-06-02 # Josebe Egia

Nire ustez, pertsonei izugarri gustatzen zaigu sexua. Eta sexuari buruz hitz egitea ere bai. «Pertsonari» diodala azpimarratu nahi dut, badaezpada, batzuk emakumeei halako gauzek nazka ematen digutela eta, noski, gizonak baino askoz ere eratsuagoak garelako ustean bizi baitira oraindik.


Ez zen nire asmoa datorrenari buruz idaztea, baina ezin dut ekidin. Hiztegian «recatado» hitza begiratuta: «1. adj. begiratu, zuhur, arretatsu, neurritsu. 2. eratsu, zintzo, xume». Gure hizkuntzak genero markarik ez duenez -ez duena esan nahi ezin daitekeenik sexista izan-, ezin eskandaluzko ezer antzeman. Baina bakoitzarentzat jarritako adibideei ere tartea eskainiko diet, eta norberak atera ditzala ondorioak: «1. Tienes que ser más recatado en esas situaciones: begiratuago izan behar duzu egoera horietan. 2. Esa mujer lleva una vida muy recatada, sin excesos y modesta: Emakume horrek bizimodu eratsua darama, gehiegikeriarik gabekoa eta apala». XXI. mendean...


Ez sexua, ez sexuari buruz jakin-nahia ez da generoaren araberakoa. Hala egiaztatu dut joan den asteko artikuluagatik hainbat pertsona ezberdinek egindako galdera ikusita: zer zioten treneko neskek? Zer demontre, zehazki, esan zioten elkarri hain beldurtuta geratzeko artikulugilea eta ni?


Galdera egin didaten askoren seme-alabak nerabeak dira. Errealitate orokorra besterik ez da sexuaz ia edozeinekin hitz egin dezakegula, gure umeekin izan ezik, gure gurasoekin izan ezik.


Gurasoak beti guraso eta, dirudien arren, garai ezberdinekoak izatearekin zerikusirik ez duten bi ezaugarri komunekin: batetik, seme-alabek pentsatzen, sentitzen eta egiten dutenaren inguruko ideiarik eza, irakasleek, sexologoek, psikologoek, hezitzaileek... baieztatzen dutenez. «Dena kontatzeko irrikaz etortzen dira, entzunak izateko gogo biziarekin». Bestetik, norberaren umeak «hori» egiten ez duelako sinesmen tinkoa.


Baina gazteek sexuaz zer eta nola esaten duten gazteei beraei entzuteak gaia nola bizi eta garatzen duten jakiteko ideia garbia ematen digu eta haien behar errealak konprenitzen eta artatzen laguntzen digu, hezteko bidea markatzen, epaitzen edo ez ikustearenak egiten jardun barik.


Egungo nerabeek historiako belaunaldirik informatuena eratu arren, nahi gabeko haurdunaldiek gora egiten dute; ondorioz, abortuek, biharamuneko pilularen erabilerak ere bai. Azken honi buruz berri pozgarria izan dugu. Ezin gauza bera esan abortuaz, injustua, garestia, tabua eta hipokrisiaz beteriko gaia izaten jarraitzen duena.


Frogatuta dago gazteak gero eta lehenago hasten direla, gehiagotan eta pertsona ezberdin gehiagorekin egiten dutela, neskek eta mutilek. Orain, bakoitzak nola bizi duen aztertuta, mutilen helburua koitoa, neska bakoitza trofeo bat; neskentzat, ordea, puta edo emakume erraz gisa ezaguna izateko arriskua, plazerrik ez sentitzeko frustrazioa, haurdun geratzeko beldurra, ezetz esateko lotsa, mutila beste batekin joatearen ezinegona... Neskentzat haurdunaldia, abortua, biharamuneko pilula.


Gure semeek eta gure alabek «hori guztia» egiten dute. Hortaz, treneko neskak zertaz ari ziren jakin nahi duenak, galde diezaiola bereari.

No comments: