2008/06/12

> Elkarrizketa: GUERRILLA TRAVOLAKA > "LEGEAK PSIKIATRARENGANA JOATEA BEHARTZEN GAITU IZENA ALDATZEKO"

  • «Legeak psikiatrarengana joatera behartzen gaitu izena aldatzeko»
  • Miguel Misse, Marina Collell eta Erik Huma Guerrilla Travolaka taldeko kideak
  • Guerrilla Travolakako kideek gogor salatzen dituzte Espainiako Genero Identitatearen Legeak transexualei ezartzen dizkien baldintzak.
  • Berria, 2008-06-12 # Jakes Goikoetxea · Donostia

Ideiak argi eta mingainak zorrotzak dauzkate. Lotsagabe baina argudioetan oinarrituta hitz egiten dute transexualez eta transexualen kontrako neurriez. Kataluniako Guerrilla Travolakako ordezkariak dira (guerrilla-travolaka.blogspot.com). Aste honetan Euskal Herrian izan dira, EHGAMek gonbidatuta.


Sarritan pentsatzen dugu transexuala izateko operatu egin behar dela, baina zuek asko hitz egiten duzue operatzen ez diren transexualei buruz.


ERIK HUMA: Operatzen diren transexualak transexual dira operatu aurretik ere.


MIGUEL MISSE: Funtsean transexualok ez diogu hainbesteko garrantzirik ematen. Pentsatzen da transexualok beti operatu egiten garela, geure burua gorrotatzen dugula... baina era horretako aurreiritziak indargabetu behar ditugu: transexual izan daiteke operatu gabe, zure gorputza ondo bizitzen baduzu.


Iazko martxoan onartu zen Genero Identitatearen Legea Espainiako Kongresuan. Gehienek, baita transexualen elkarteek ere, legea txalotu zuten. Oso gutxi hitz egin zen legeak ezartzen dituen bi baldintzei buruz agirietan izena eta sexua aldatzeko. Hain ona al da legea?


MARINA COLLELL: Legea aurrerapausoa da, saihestu egiten duelako operatu behar izatea agirietan izena edo sexua aldatzeko. Baina legeak hainbat hutsune ditu. Hasteko, aintzat hartzen ditu bakarrik adinez nagusiak direnak eta Espainiako herritartasuna daukatenak, alegia, kanpoan uzten ditu adingabeak eta atzerritarrak. Horrez gain, transexualei gainerako pertsonei eskatzen ez dien osasun maila eskatzen die: transexual batek, psikopatologiaren bat izanez gero, ezin du bere izena eta sexua aldatzeko prozesua abiatu, uste baitute agian psikopatologia dela transexualitatea eragiten duena.


Eta legeak ezartzen dituen bi baldintza nagusiak?


COLLELL: Lehena da legeak genero disforia ziurtagiri bat eskatzen duela, genero identitatearen nahasmenduaren ziurtagiria. Horrek transexualak psikiatra batengana joan eta terapia psikiatrikoa jasotzera behartzen ditu izen aldaketa bat egiteko.


Bigarren baldintzak transexualak gutxienez bi urtez hormonak hartuz beren gorputza aldatzera behartzen ditu. Hori izen aldaketa bat egiteko! Oso biolentoa da Estatuak norbait bere gorputzarentzat eta osasunarentzat kaltegarria den zerbait egitera behartzea. Hormonak hartzeak bigarren mailako hainbat ondorio ditu eta, gainera, transexualen esterilizazio kimikoa eragiten du. Estatuak zikiratu egiten gaitu izena aldatu aurretik.


Kasu guztietan gertatzen al da zikiratzea?


MISSE: Gehienetan bai.


HUMA: Mutil transexual gehienei urtebetez hormonak hartu ostean histerektomia egitea gomendatzen diete, hau da, obarioak eta uteroa kentzea. Lege honen ustezko aurrerapenetako bat da ez dela beharrezkoa sexua aldatzeko operazioa egitea agirietan izena edo sexua aldatzeko; baina kontua da bi urtez hormonak hartzeak zikiratze kimikoa eragiten duela. Beraz, lehengoan gaude.


Nolakoa da genero disforia ziurtagiria lortzeko prozesua?


MISSE: 1970eko hamarkadan Harry Benjamin Elkarteak AEBetan osasun protokolo batzuk argitaratu zituen medikuek transexualak nola tratatu jakiteko. Protokolo horiek hartzen dira erreferentziatzat psikiatria unitateetan. Protokolo horietan Bizitza errealaren testa kontzeptua asmatu zuten. Testaren bitartez astero edo hilero neurtu egiten dute ea zure bizitzan gizon baten edo emakume baten moduan bizi zaren. Gurasoak, irakasleak, seme-alabak... inplikatzen dituzte prozesuan. Mugak jartzen dizkizute eta zure bizitza berrantolatzen dute. Talde terapiak antolatzen dituzte transexualentzat, gurasoentzat... Transexual gehienentzat esperientzia gogorra da.


COLLELL: Eta larriena da agian pertsona hori psikiatrarengana joan dela bakarrik nortasun agirian izena eta sexua aldatzeko.


MISSE: Transexualak psikiatrarengana joaten dira ziurtagiria lortu eta gero endokrinologoarengana joan ahal izateko, hormonak hartzera. Ezin duzu zuzenean endokrinologoarengana joan, endokrinologoak psikiatrarengana bidaliko baitzaitu.


Prozesu horrek guztiak traumaren bat eragin al diezaioke transexualari?


HUMA: Bai. Hilean bitan psikiatrarengana joan eta zure bizitza azaldu behar badiozu eta talde terapiara joan behar baduzu, gaixo zaudela uste duzu. Azkenean sentitzen duzu ez daukazula autonomiarik zure gorputza gobernatzeko.


Iazko ekainean kontzentrazioa egin zenuten Bartzelonako Ospitale Klinikoko Psikiatria Unitatearen aurrean, transexualitatearen psikiatrizazioa salatzeko. Psikiatrekin hitz egin duzue gaiari buruz. Aurkitu al duzue zuekin bat egin duenik?


MISSE: Gurekin bat egiten dutenak gehiago dira beren kontsultetan prozedura aldatzeko prest daudenak baino. Madrilgo psikologo batek genero disforia ziurtagiriak sinatzen ditu, ohiko prozedura jarraitu gabe, baina salbuespena da. Gehienek protokoloak jarraitzen dituzte, beldurragatik.


Legeak adinez nagusiak aintzat hartzen ditu. Zer gertatzen da transexual gazteekin edo nerabeekin?


MISSE: Haurrek psikiatrarengana joan behar dute 18 urte bete arte. Ordura arte ezin duzu izena aldatu edo hormonak hartu. Oso gogorra da adin horretan jasotzen den guztiari aurre egitea.


COLLELL: Legeak adingabeak babesgabetasun egoeran uzten ditu. Amaigabeko jarraipen psikiatriko horrek hainbat transexual beren kabuz hormonak hartzera bultzatzen ditu. Bartzelonako Ospitale Klinikoaren datu batzuen arabera, transexualen %70ek baino gehiagok hormonak hartzen dituzte, inongo kontrolik gabe, hormonak merkatu beltzean eskuratuta. Hori guztia amaituko litzateke transexual batek aukera izango balu endokrinologoarengana joan, hormonak hartu nahi dituela esan eta hormonak jasoko balitu. Ez da ideologia kontua bakarrik, baita osasunari dagokiona ere.


Unibertsitateetan transexualitatea nahasmendu bat dela irakasten al da?


COLLELL: Bai. Nik Psikologia ikasketen bi urte egin nituen, eta hori irakatsi zidaten. Hainbat lagunek hala salatzen digute. Aintzat hartu behar da sexu identitatearen nahasmenduak nazioarteko gaixotasunen zerrendetan daudela. Osasunaren Mundu Erakundeak 1990eko maiatzaren 17an kendu zuen homosexualitatea buruko gaitzen zerrendatik, baina egun horretan bertan transexualitatea sartu zuen.

  • «Test baten bitartez astero edo hilero neurtu egiten dute ea gizon edo emakume baten moduan bizi zaren»
  • Miguel Misse · Guerrilla Travolaka-ko kidea
  • «Estatuak zikiratu egiten gaitu izena aldatu aurretik, bi urtez hormonak hartzera behartuz»
  • Marina Collell · Guerrilla Travolaka-ko kidea

No comments: