2008/06/28

> Berria: Homofobia > IKUSEZINA IKUSGAI BILAKATZEKO

  • Ikusezina ikusgai bilakatzeko
  • Lan arloan homofobia salatzeko kanpaina hasi du EHGAMek. Eta, besteak beste, gay eta lesbianen askapen eguneko aldarrikapenetako bat izango da gaur.
  • Berria, 2008-06-28 # Ainara Arratibel · Donostia

Legez urrats handiak egin dira azken hiru urteetan gay, lesbiana, transexual eta bisexualen eskubideen alde. «Baina sozialki oso atzeratuta gaude. Adibidez, oraindik ere badira beren sexu identitateagatik lanean diskriminatuak diren pertsonak», dio Xabier Moreno EHGAMeko (Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimendua) kideak. Diskriminazio eta homofobia kasuak salatu eta neurriak har daitezen eskatzeko, Homofobia, Lesbofobia, Transfobia, ez lantegietan ez inon. Zure esku dago! kanpaina jarri du abian EHGAMek. «Egun lan eremuan kolektibo gisa bizi dugun ikusezintasuna gainditu nahi dugu».


Morenok azaldu duenez, oraindik ere aurreiritzi heterosexistak daude lantoki askotan, eta asko dira horiei aurre egin behar izaten dietenak. «Bakarkako ahalegin horrekin batera, erantzun bateratua eman behar zaio egoerari. Lanean homofobiarik eta diskriminaziorik ez izatea guztion borroka baita, ez soilik homosexualena». Hain zuzen ere, erantzun bateratu hori lortzeko asmoz, sindikatuen bidez bideratu dute kanpaina. «Lau puntu dituen agiria bidali diegu egoera azalduz, beren afiliatuen artean zabal dezaten».


Baina agiri hori zabaltzetik harago, sindikatuek lan handia egin dezaketela uste du. «Batik bat diskriminazio eta homofobia kasuei aurre egiteko neurriak hartzeko orduan». Morenoren ustez, oso neurri «sinple baina garrantzitsuak» hartuz egin daiteke hori: lantokietan erabiltzen den hizkuntza zainduz, adibidez. «Hizkuntza ez homofobo eta ez sexista bat erabili behar da». Bestalde, «adi» egoteko eskatu die langile eta enpresariei. «Halako kasuren bat ikusten badute sala dezatela. Ez dezatela ez ikusiarena egin».


Transexualak dira lan arloan diskriminazio kasu gogorrenak jasaten dituztenak, Morenok azaldu duenez. «Sexuz aldatzeko prozesua abiatu, eta haiengan aldaketa fisikoren bat antzematen dutenean enpresari askok kaleratu egiten dituzte». Baina sozialki hori bezain «gogorra eta larria» iruditzen zaio iseka edo txantxen bidez ematen dena: «Homofobia hori, normalean, ez da pertsona jakin baten aurkakoa, baizik eta homosexualei orokorrean. Batik bat gizonak nagusi diren lanbideetan». Homofobia gandua deitzen zaio horri. «Zuzena ez denez eta zenbaitetan umorearekin estalita agertzen denez hutsala dela pentsatzen dute askok. Baina gay eta lesbianentzat oso iraingarria eta mingarria da».


Halaber, homofobia zuzena deitutakoa bada, eta lankide edo enpresari batek pertsona baten kontra egiten duena da. Horrek lan taldean integratzeko edota bere lan gaitasunak aurrera eramateko arazoak eragiten dizkio, besteak beste, biktimari. «Homofobia kasu hori are gogorragoa da behin eta berriz errepikatzen bada eta lankide talde batek egiten badu». Diskriminazio edo homofobia hori jasateko beldur dira beren sexu identitatea ezkutatzen dutenak. «Batik bat goi mailako karguren bat duten edo izan nahi dutenen artean gertatzen da». Egoera hori «oso larria» dela uste du EHGAMek. «Gogorra da langile gisa baloratua izateko sexu identitatea ezkutatu behar izatea». Hain zuzen ere, hori ez gertatzea da kanpainaren beste helburuetako bat. «Lan arloan ere kolektibo gisa existitzen garela aldarrikatu nahi dugu, eta pertsona eta langile garen aldetik gure eskubideak ditugula», dio Morenok.

No comments: