Showing posts with label Emakumeak. Show all posts
Showing posts with label Emakumeak. Show all posts

2009/12/14

> Berria: Emakumeak > MAIALEN LUJANBIO: BERTSOAREN DAMA, BEC-EN TXAPELDUN

  • Bertsoaren dama, BEC-en txapeldun
  • Hernaniarrak saio bikain bat egin eta txapela jantzi zuen; Arzallus bigarren. Andoni Egañak, zaleen begirune eta agur beroa jaso zituen jendez gainezka egon zen Barakaldoko finalean
  • Noticias de Gipuzkoa, 2009-12-14 # Ezpala
Barakaldo. Alaitz Errekondo lemazainaren atzetik paseilloa egin zuten zortzi protagonistek. Jendeak bero hartu zituen bertsolariak. Oso. Zalea zutik eta hunkituta. Ilaran; Iturriaga, Sarriegi, Arzallus, Colina, Egaña, Maia, Lujanbio eta Mendiluze iritsi ziren oholtzara. Beste txalo zalaparta. Baita protagonistek zaleei ere. Oilo-ipurdia.

Txaloak, txaloak eta txaloak. Lana, 14na bertso puntuagarri goizeko saioan. Zortzi agur bero. Mezu asko. Anitz. Bitartean BEC erdi ilunpean eta isil-isilik. Txaloek eteten dute isiltasuna. Tarteka eztul bat edo beste. Belodromoan duela hamabost egun aretoa hotz, baina bertso giroa bero. Atzo BECen biak bero-bero. Jendeak soinean zeramatzan berokiak ondoan laga zituzten. Berogailua martxan. Baina zaleen berotasunaren termostatoa topera. Pentsa. Asko eta asko baita manga motxean ere. Oholtza ere bero-bero. Protagonistak tentsio batean.

Agurrean hamaika aipamen egin zituzten. Lehena bota zuen Iturriagak bertsoaren jaia izan zuen aipagai: "…bihar goizean gaurkoa ez dadin / izan anekdota hutsa".

Sarriegik gogotsu ekin zion finalari eta asmo bat jakinarazi zuen: "…BECen kantatuz azken arnasa / baldin banu bezalaxe". Arzallusek ere asmo bat zabaldu nahi izan zuen: "…gure herria hartuta goazen / mende berri batengana". Sustrai Colinak, bestalde, kezka "eder" bat izan zuen presente lehen agurrean jendetzaren aurrean: "…ta ez nin-tzateke lasai egongo / faborito banintza".

Jon Maiak, berriz, harrera egin zien bertsozaleei: "…ongi etorri Euskal Herria, bertsoaren izenean / ederra zera bateginik ta, kantari zatozenean". Maialen Lujanbiok entzuleek eta bertsolariek osatzen duten "matriuska" azpimarratu zuen.

Egunkariaren afera oso kontuan izan zuten bertsolariek final guztian zehar. Egañak, hasierako bertsoan. Baita zarauztarrak eta Jon Maiak zortziko handiko lanean. Amaieran, Martxelo Otamendik eman zion garaikurra Egañari. Eta Iturriagak itxi zuten kazeta, gogoan izan zuen soinean eman zuen kamisetan: Egunkaria libre!

Zortziko handiko ariketarekin ekin zioten bertsolariek finalari. Zortziko txikiak, bestalde, aukera asko ematen ditu barrea eragiteko eta ez zuten aukera galdu zortzi protagonistek. Gaiak ere bertso zirikatzaileak botatzeko aproposak izan ziren. Iturriaga eta Colinak irri dezente sorrarazi zuten. Baita txaloak ere.

Mendiluze eta Egaña ere ondo aritu ziren.Umoretsu. Andoaindarraren lehen lan egunean, ama (Egaña) bazkari eta guzti azaldu zitzaion bazkalorduan lantegian. Mendiluzek, Egaña amari, eskari zuzen bat egin zion. Lankideen aurrean "…ez zaidazu lepoan / serbilleta jarri". Egañak bueltan zera erantzun zion: "…baina eskatzen dizut, ai seme gaztea / bukatzean ahoa, garbitzen uztea".

Bizia izan zen Maia eta Lujanbioren saioa. Dantza. Azken bertsoan zumaiar "izutuaren" kezkak aitaren batean argitu zituen hernaniarrak: "…hartu besotan eta eman niri musu / eta orduan gustuz, itoko zaitut zu".

Banaka puntuari erantzun ostean, binaka, sei puntuko motzean aritu ziren finalistak. Saio ederrena osatu zuten Egaña eta Lujanbiok. Hernaniarrak zarauztarrari giltzurrun bat eman eta ebakuntzaren ostean "elkarren ondoan esnatu zarete", zioen gaiak: Egañak "Ez dakit nola adierazi / nire eskerrona" esan orduko, Maialenek "…pentsatu bainun zuk ere berdin / egingo zenukeela". Egañak, giltzurrunaren emailea emakumea zela jakitean zera ondorioztatu zuen: "…sentiberago izan ninteke, hemendik aurrera". Hernaniarrak, "…oraingoz daukat hutsunetxo bat / zure izenarekin" amaitu zuen.

Goizeko azken ariketaren aurretik, hots, kartzela, atsedena. Jendeak hamaiketako txiki bat egin zuen nahiz eta eguerdiko ordu-bata izan. Fruta apur bat, txokolate on-tza batzuk, intxaurrak…

Iturriaga bakarrik oholtzan, eta gaia aurrez aurre -gainontzeko bertsolariek ere gai berbera izan zuten-. "Kazetaria zara, badakizu idazten ari zaren artikulua azkena izango dela" izan zuen bertsotarako lana. Durangarrak, Habanera doinuan, aldarri batekin utzi zion "kazetari lanbidea": "…Espainiak ta Marokok, hilko dute Aminetu", esanez. Sarriegi, 50 urtetan lanean aritu zen kazetariaren paperean aritu zen. Hots, Egunkaria aferak astindutako langilea.

Kazetari ikasketak dituen Arzallusek Egunkarian 16 urterekin bekario sartu zela esan zuen "Martxelok hantxe jarri ninduen, beste baten gregario…", erantsiz. Baita "…orain lumari tintaren ordez, malko pila bat dario". Edota "…notizi on asko idatzi ditu, nire kazetari senak / baina oraindik gehiago dira, idatzi gabe daudenak". Azken bertsoa ozen eta barru-barrutik kantatuz zera esan zuen: "…idatz dezadan "muga urtu da, Euskal Herria libro da" / ez da egia baina egia, bihurtuko da gerora".

Sustrai Colina, Espainiako hedabide bateko kazetari baten rolean aritu zen. Gazte batzuen atxiloketak kontzientzi arazoak sorrarazi zizkion: "…dena kontatzen hasi ezkero, postua galduko dut ta / dena niretzat gordetzen badut, neu egongo naiz galduta". Jarrera bat hartu eta zuzen bota zuen: "…ondorioak ez dit axola, datorrena datorrela / baina jendeak jakin behar du, hemen torturatzen dela".

Andoni Egaña lehen pertsonan zuzendu zitzaion "irakurleari". Euskal Herria, herri galdeketa baten ondorioz, bere buruaren jabe zela jakinarazi zuen. Eta bide batez, albiste handi bat plazaratu zuen: "nire azkenengo zutabea dut, nago pentsatzen jarria / lehendakariak izendatu nau, Kultur Sailburu berria". Gero, arratsaldeko saioko lehen agurrean, "dimititu" egin zuela zabaldu zuen zarauztarrak.

Bertsoek txaloak loratu ez ezik jendea berotu egin zuen, eta freska-tzeko, harmailetan jendeak olatu pare bat irudikatu zituen lehen aldiz.

Jon Maiak, "Berriako kazetari naiz", esan zuen lehen bertsoan. Eta hala amaitu zuen: "…artikulua bukatu det ta, orain punto ta aparte / izenburu hau ipini diot, Kartzelara naramate".

Maialen Lujanbiok doinu goxo-goxoa aukeratu zuen. Baxu kanta-tzen hasi zen, baina tinko. 40 urte kazetaritzan "jadanik ez naiz neraber" azaldu zuen. "Beraz "Berrian" uzten dizuet, nire azken zertzelada, lehen idatzi nuenagatik, naramate kartzelara". Bigarren kronika ere zuzena izan zen. "Nahiz eta ni zeldan egongo naizen, letrarik idatzi gabe / nire ideiak milaka lagunen, buruan bizirik daude". Bertso eta mezu sakonak "Martxa baten lehen notak" doinupean.

Aitor Mendiluze, "…herri baten problema" idazten aritu zen kar-tzelako lanean: Saharako herriarena hain zuzen ere. "Kontzientziak astintzeko, gaur idatzi beharko…" esan zuen "Zapatero mugi zaitez, azken arnasak dira" aipatu aurretik. Bakarkako lana amaituta Aitor Sarriegiri eman zioten gainontzeko bertsolariek azken agurra bota-tzeko gonbita. Denok bazkaltzera.

Arratsaldea "Bertsotan, bertsotan…" Zura taldearen emanaldiaren ostean, jendeak hartu zuen emanaldiaren batuta. Aretoan zegoen tronpeta jole baten gidari-tzapean Ikusi mendizaleak kantarekin hasi zen zalea kantari. Arratsaldeko saioa hasteke, eta jada bertsozalea bero-bero. Eta zozketaren ostean bertsotan aritzeko zozketa berria. Emaitza: Lujanbio, Mendiluze, Iturriaga, Egaña, Sarriegi, Maia, Arzallus eta Colina. Hernaniarrak agurtu zituen lehenik bildutakoak. Eta urruñakoak -Colina- bertsolariak "olatuak hartzen" ahaleginduko zirela gaineratu zuen.

Olatuaren kresalaz bustirik, bertsoetako bainu -jantzia hartzen -hamarreko txikia-, lehenak, Maia eta Sarriegi izan ziren. Hirugarren aritu ziren Arzallus eta Lujanbiok saio polita egin zuten. Sakona, bestalde, Colina eta Mendiluzek eginikoa.

Puntutako saioa izan zen arratsaldeko bigarren ariketa. Bizi-bizi eta umoretsu aritu ziren denak. Egaña, adibidez, oso seguru eta arin. Saio txukuna osatu zuten Lujanbio eta Colinak txikitero rolean eginiko bertso-poteoa. Baita BECeko garbitzaile lanetan aritu ziren Mendiluze eta Arzallus. Jendea gustura.

Banaka ariketa izan zuten bertsolariak ostean. Lujanbio, minbizia zuten gazte batzuen medikuaren bata jantzita aritu zen. Goxo-goxo. Arrazoi hunkigarriak bota zituen. "…Eurengan minak badu indarra, bainan bizitzak gehiago", "…ta maitasuna behar dutenak, euren gurasoak dira", "…ze bizitzako gogoa dunak, bizitzea lortzen baitu", izan zen hiru bertso oso txalotuen amaiera.

Tratu txarrak -hiltzeraino- eragin zizkion emakume baten larruan aritu zen Iturriaga. Abokatuei esker aske geratu baina kontzien-tzia arazoz lepo azaldu zen: "…zigorra kendu zidaten baina, nigan daramat kondena / bizarra eiteko aizto honekin, oraintxe bukatzen dena".

Egañaren txanda etorri zen ondoren. "Zuhaitzaren alboan opariak jartzen ari zarela, bost urteko alabak harrapatu zaitu. Begira-begira daukazula". Dotore aritu zen zarauztarra: "Olentzero ez da etorri, ta ez dakit nola esan / ERE bat ipini dute, lana egiten duen enpresan", edota "…hemen bai zuk ta bai nik(e), behar dugu disimula / nik ez zaitudala ikusi, eta zuk ez dakizula", izan ziren bi bertso oso txaloturen amaierak.

Anaia apustulari amorratua izan zuen bakarkako gaitzat Sarriegi beasaindarrak. "…ahal dela hartu ta esan, beharko diot suabe / atzokoa zen azkena, amarengatik badare".

Zelatan zeukan etxe pareko bizilagunari aritu zitzaion bertsotan Maia zumaiarra. Kezka, beldurra… izan zituen hizpide. "…ni lasai banago ere, ez noa lasai lotara", edota "…nire etxean nago-ta, ez nuke ezkutatu nahi",

"Goizero autobusean hutsik gera-tzen den eserleku bakarra zure ondokoa da", izan zuen Arzallusek bertsotarako gaia: "…autobus hontan gogoratzen naiz, pateran gentozen nornahi / han zeinen estu gentozen eta, hemen tamalez zein lasai" edota "… bi urte hontan ez dator inor, ta hemen nago neure penez / autobus berean goaz, baina bide berean ez".

Zazpiak hogei gutxietan jakin ziren bi finalisten izenak. "Amets Arzallus", esan zuen aurkezleak. Txalo zaparrada eta alaitasun oihuz hartu zuen zaleak erabakia. "Eta… Maialen Lujanbio", izan zen hurrengo izena. BECa pozez lehertu zen. Bi protagonistak besarkada handi bat eman zioten elkarri lanean hasi aurretik. Bertsozalea pozez txoratzen. Zoramena BECen.

Bi bertsolarien arteko deman bertso hunkigarri eta umoretsu mordoa entzuteko parada izan zen. "Sua" izan zuten biek bakarka ari-tzeko gaia (bederatziko txikian): "…edota jaki dena, berotzen duena / eta bi begiradek, gordetzen dutena", ondorioztatu zuen Lujanbiok. Arzallusek, berriz, bertsolaritza haritzat hartu eta "…hemen su horren bueltan, dantzan gabiltza", bota zuen.

Kartzelako bigarren ariketa, espetxea izan zen. Hau da: "Hileko aurrez aurreko bisita edo bisa-bisa daukazu gaur. Heldu zara kartzelara eta sarrerako funtzionarioak esan dizu bere aurrean biluztu behar duzu". Fin ibili zen hernaniarra. "…biluztuko nauzu eta, nire zorroa hustuko / baina bihotz barrukoa, ez didazu biluztuko", amaitu zuen bertso bat. Txukun hendaiarra ere: "…biluztu behar dugula eta, ze zabiltza gezurretan / urteak dira Euskal Herria dagoela hezurretan", adierazi zuen Arzallusek. Akabo finala. Jendea pozik. Puntuazioen aurretik, parte hartu zuten 44 bertsolariak izan zituzten bildutakoek gogoan: "zuek zarete gure gozamen iturria", esan zi-tzaien.

19.30ak. Eta "1.630,75 punturekin, irabazle Maialen Lujanbio!", en-tzun zen. BEC lehertzeko zorian. Jendeak zortzi finalisten puntuak zutik entzun eta saritu zituen. Handik aurrera, txaloak, oihuak…eta festa. Txirritaren txapelak, badu oinordekoa: Maialen Lujanbio.

2008/12/08

> Iritzia: Bilgune Feminista > TXAPELA BURUAN GIZONA MUNDUAN

  • Txapela buruan gizona munduan
  • Gara, 2008-12-08 # Iosune Irigoien Garcia / Edurne Epelde Pagola · Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak

Aspaldidanik emakume idazle nahiz abeslarien erreferentziak falta izan zaizkigu. Euskal kulturaz hitz egiten burua gizonezkoen irudiz betetzen zaigu eta halaxe gertatu izan da Euskal kultura mugitzen duten eskuek eta buruek zein sexu duten garbi uzten digu kartel honek. Txapelarekin identifikatu ezinean, txapelaren atzean eta kultur eremutik urrun sentiarazi gaitu.


Urteak aurrera joan ahala Durangoko Azokan gero eta liburu eta disko gehiagorekin egiten dugu topo. Zorionez disko eta liburu hauen egileak ez dira gizonezkoak bakarrik, pixkanaka kultur ekoizleen artean emakumezkoak ere beren tokia hartzen ari dira. Egun emakumeok irakurtzen ez dakigula eta gure garunak ez daudela kulturarako prestatuta baieztatzea astakeria handia litzateke. Baita euskal kulturaren hartzaileak gizonezkoak bakarrik direla esatea ere. Bistakoa da mendeetan emakumeok ukatu izan zaigun kultura bizi, gozatu eta sortzeko eskubidea gutxika berreskuratzen ari garela. Gainera, sistema patriarkala emakumezkoak kultur ekoizle ez izateko muga ugari jartzeaz arduratu bada ere, asko izan dira oztopo hauek gaindituz pentsalari, filosofo, idazle nahiz kulturzale izan diren emakumeak.


Egun, emakumeok gizonek adina irakurtzen dugula esan dezakegu eta gaitasuna izan arren, gure buruarengan nahiko sinesmen biltzen dugunean idaztera ere egiten dugu jauzi. Baina aspaldidanik emakume idazle nahiz abeslarien erreferentziak urriak izan ditugu. Euskal kulturaz hitz egitean burua gizonezkoen irudiz betetzen zaigu eta halaxe gertatu izan da urte luzeetan zehar ere; hedabideetan kulturaz hitz egiterakoan gizonezkoen lanak nagusitu direla behin eta berriz.


Hori horrela izatearen arrazoiak ez dira ezkutukoak. Patriarkatuak ongi moldatu du guztia emakumezkoen zapalkuntzak bere horretan iraun dezan. Gizonen eta emakumeen arteko botere harremanak dira sistemaren tresna nagusi, eta eredu androzentrikoen sorrerak emakumeak itzalean mantendu gaitu. Guk jasotako ereduak hortaz, gizonezkoenak izan dira oro har, eta eredurik ezak emakumezkoak ere gizonezkoen moldeekin bat egitera bultzatu gaitu. Horregatik diogu emakumeok ikusezintasun egoeran bizi garela, nahiz eta pixkanaka hori atzean uzteko borondatea eta indar nahiko agertzen ari garen egunerokoan. Sexu bereizkeriaren ondorioz, emakumeak ez du gizonak hainbat denbora, arte adierazpenak eta sormena lantzeko, ezta espazio propioa izan edo baliabide ekonomikoak izateko aukerarik ere. Historikoki, baita gaur egun ere, emakume ezberdinek egindako lanak, idazketak... itzalean geratu dira eta ez dute merezitako aitortza jaso.


Kultur eta literatur ekoizpenean emakumeok historian zehar jasan duen diskriminazioa gainditu nahi badugu bada zer eginik. Guztion borondatea beharrezkoa izango da hau lortzeko, eta egia esan aurten Durangoko Liburu eta Disko Azoka aurkezteko erabili den kartelak ez du asko laguntzen ibilbide honetan. Gerediagak, Euskal Herriko disko eta liburu azokarik garrantzitsuenaren antolatzaile izanik, zeregin horretan funtsezko ekarpena egin dezakeelakoan gaude. Horretarako Bilgune Feministak azken lau urteetan proposamenak luzatu izan dizkiogu Gerediagari. Aurtengo martxoan ere beraiekin bildu ginen eta beren jardueraren berri eman zigutenean, bertan ikuspegi feminista txertatzeko proposamena luzatu genien.


Baina berriro ere Azokaren inguruan ateratako kartelaren bidez emakumea txapelaren atzean ezkutatu dutela uste dugu. Gizonezko ikusezina omendu nahi izan dute aurtengoan, eta tira, ideia onargarria izan daiteke, baina guztiok gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna lortzeko dugun erantzukizuna kontuan hartuta eta behin eta berriz emakume erreferentzi berrien beharrean gaudela badiogu, orduan, zergatik atera dute emakumeak bazter uzten gaituen irudi bat?


Uste dugu jendartean eztabaida piztu duen kartel hau ez dela kasualitatea, ez eta huskeria ere. Euskal kultura mugitzen duten eskuek eta buruek zein sexu duten garbi uzten digu guri kartel honek. Txapelarekin identifikatu ezinean, txapelaren atzean eta kultur eremutik urrun sentiarazi gaitu, nahiz eta kartel egilearen helburua hori ez izan.


Azken asteetan Durangoko Azokako kartelaren inguruan gauza asko entzun ditugu. Horren harira, Euskal Herriko Bilgune Feminista Gerediaga elkartearekin harremanetan jarri zen bere desadostasuna adierazi eta kartela kentzeko eskatuz, baina ezezkoa jaso genuen. Jarrera ezkor honekin Euskal Herri parekide bateranzko bidean Gerediagak aurrerapausoak eman beharrean atzerapausoa eman du emakumeok «ikusezintasun bikoitzera» kondenatuz.


Jendarteko beste eragile askok ere bere desadostasuna adierazi zuen, azkenean Gerediaga elkarteak emakumeoi ere erreferentzia egiten digun spota kaleratzea lortu arte. Baina, gure ustez, spot honek ez du emakumeen ikusezintasunarekin dugun arazoa konpontzen. Spot hori egoerari emandako erantzun azkar bat izan da, oinarrian dagoen arazoa konpondu gabe, alegia, emakumeok kultur ekoizpen eta kontsumoan dugun egoerari erreparatu gabe. Horregatik egun hauetan, eta urtero egiten dugun bezala, Durangoko Azokan emakumeon ikusgarritasunaren aldeko dinamika bultzatu nahi dugu.


Parekidetasuna oinarri duen Euskal Herria nahi dugu, emakumeen erreferentez josia eta sexuaren araberako oztoporik gabea. Musika eta literaturari dagokionez, emakumeok pairatzen dugun desberdintasun egoera gainditzeko eta gure parte-hartzea eragozten duten oztopoak gainditzeko garaia da. Egin dezagun ba ikusgarri begirada soilean ikusten ez den hori.


Amaitzeko, Bilgune Feministak emakume guztiak animatu nahi ditu, inoiz baino gehiago, kultur ekimen orotan parte hartzera eta egoera edota ekimen diskriminatzaileen aurrean egunero beren haserrea adieraztera.

2008/11/16

> Iritzia: Maider Alustiza Lasa > EMAKUME IKUSEZINA

  • Emakume ikusezina
  • Gara, 2008-11-16 # Maider Alustiza Lasa · Donostia

Tristura handiz, ezintasunez esango nuke, hartu dut aurtengo Durangoko Azokako kartelaren aurkezpena. Egilea izenburuarekin nahastu egin delakoan nago, «Gizon ikusezina» gabe «emakume ikusezina» islatzen baitu afixa horrek. Emakume eta euskaltzale eta Azokako partaide naizen aldetik, iraindua sentitu dut neure burua eta, oro har, emakumeei egindako bazterkeria oso larria dela deritzot. Diseinu grafikoan aritzen naiz ni ere, eta ez diot helduko kartelaren alde artistikoari, baina kartel horrek ez du emakumea ordezkatzen, soilik gizonezkoak baizik, bai irudian bai izenburuan. Emakumezko asko joan ohi gara Durangoko Azokara eta horiek ere kartelean irudikatu beharko liratekeela uste dut. Aurten huts larria egin duela helarazi diot Gerediaga Elkarteari, eta nire kexa Durangoko Udalera ere bidali dut, zerbait egin dezaten eta hurrengo urteetan epai-mahaiak emakumeok kontuan har gaitzan.

2008/08/27

> Berria: Berdintasuna > AURRENEKO ALDIZ BADIAN

  • Aurreneko aldiz badian
  • Zortzi traineru ariko dira emakumezkoen Kontxako Banderan, irailaren 13an jokatuko den kanporaketan
  • Berria, 2008-08-27

Irailaren 13an jokatuko da kanporaketa zortzi trainerurekin, eta irailaren 14an estropada nagusia bezperan sailkatu diren lau onenekin. Zehaztuta dago. Jokatu egingo da. Aurreneko aldiz, emakumezkoen Kontxako Bandera antolatu da, eta atzo egin zen Donostian Banderaren aurkezpena. Antolatzaileak izan ziren bertan, bai eta parte hartuko duten taldeetako ordezkari eta arraunlariak ere. Gipuzkoakoak dira hiru talde (Hondarribia, Zumaia-Getaria eta Tolosa), Bizkaikoa bakarra (Arkoteren izenean Bizkaiko selekzioa), Kataluniako bi (Badalona eta Colera), Kantabriakoa beste bat (Astillero), eta Galiziakoa beste bat (Galiziako selekzioa).


«Kantauriko estropadarik garrantzitsuena, hain zuzen, tradizioa gizarte gero eta berdinago batera molda daitekeelako eta moldatu behar delako adibide da», esan zuen atzoko aurkezpenean Donostiako berdintasunerako zinegotzi Ainhoa Beolak. Odon Elorza alkatea, Ramon Etxezarreta Kultura delegatua, Jon Lasa Kiroletako zinegotzia eta Iñaki Galdos Gipuzkoako Kiroletako Diputatua ere aurkezpenean izan ziren, parte hartuko duten taldeetako ordezkariekin batera. Hasiera batean parte-hartzea «testigantza hutsa» izango zela eta ez zutela traineru askorik espero esan zuen Etxezarretak, baina azkenean lehiaketak parte-hartze oparoa izango duela azpimarratu zuen ondoren, eta Mediterraneoko taldeen jarduna nabarmendu.


2.778 metroko ibilbidea osatu beharko dute parte-hartzaileek Kontxan (1,5 itsas milia), eta ziaboga bakarra hartu. Irailaren 13ko kanporaketa 18:00etan jokatuko da, eta igandeko ohorezko txanda 11:00etan -gizonezkoen estropada baino ordubete lehenago-. Traineru irabazleak Kontxako Bandera eskuratuko du, «gizonezkoek jasotzen dutenaren berdina, baina emakumezkoena dela dioena», eta 6.200 euroko dirusaria -bigarrenak 4.000 eta hirugarrenak 3.200-. Ainhoa Beola berdintasun zinegotziak nabarmendu zuen 1879tik gizonezkoek baino ez dutela parte hartu «arraunaren olinpiadan», eta beharrezko urratsaegin zela: «Ateak ireki behar ditugu, kirol ekitaldi eta ekintzetan gero eta emakume gehiagok parte har dezaten, eta gizonezkoen oihartzun berbera izan dezaten».

2008/08/21

> Iritzia: Laura Mintegi > EMAKUME ERAILAK, BAKARDADEA ETA LOTSA

  • Emakume erailak, bakardadea eta lotsa
  • Gara, 2008-08-21 # Laura Mintegi · Idazlea

Latza zaie, umilagarria, emakumeak modu autonomoan bizi nahi izatea; autonomoa ekonomikoki (gero eta onartuagoa) eta autonomoa afektuen arloan. Orduan sentitzen du inpotentzia gizonezko ahulak


Bikotekidea erail eta, ondoren, norberaren burua akabatzea potentzia zantzua da. «Ez badu nirekin egon nahi, tira, ez da egongo, baina beste inorekin ere ez. Niretzat ez bada, ez da izango inorentzat».


Bikotekidea behar duelako erailtzen du gizonezkoak emakumea. Haren beharrizana sentitzen duelako. Ez du erailtzen maite duelako, baizik eta nahi duelako. Posesio nahia da, eta sentimendu hori hurbilago dago apetatik maitasunetik baino. Gizonezko bortxatzaileak bortxaketa eta indarkeria behar ditu bera nor den jakiteko. Bere emakumea gabe ez delako ezer, ez delako inor.


Maitatzeak berekin dakar maitearen zoriontasuna nahi izatea. Pertsona posesiboak, ordea, ez du gogoan maitearen zoriontasuna. Tratu txarrak ematen dituenak ez du aintzat bikotekidea pozik bizi den ala ez. Bere beharrizanak bete nahi ditu, egozentrikoa da, eta oso intsegurua da, batez ere intsegurua. Emakumea behar du, ispilua behar duen moduan, nor den jakiteko.


Gizon intsegurua hautsi egiten da emaztearekiko harremana hausten denean. Emazteak alde egiteak kolokan jartzen du bere izaera. Bere ahulezia ikusten du eta hortik datorkio indarkeriaren beharra. Nahiago du emaztea ez existitzea berarengandik aparte bizitzea baino. Ez du permitituko «berea» dena autonomoa izatea.


Gizon hauentzat mingarriena ez da, ordea, emakumeak bikotekide berria topatzea. Nahiago lukete ordezkatua izan eta beste gizon batek hartzea beren lekua, emakumeak esatea baino bakarrik egon nahi duela, ez duela inoren bikotekidea izan nahi. Latza zaie, umiliagarria, emakumeak modu autonomoan bizi nahi izatea; autonomoa ekonomikoki (gero eta onartuagoa) eta autonomoa afektuen arloan. Orduan sentitzen du inpotentzia gizonezko ahulak. Hutsaren hurrengoa dela uste baitu.


Uste horrek egiten du ulergarri bere buruaz beste egitea emaztea erail ondoren. Zertarako bizi! Ezerk ez du zentzurik dagoeneko. Bakardadeari beldurra dio eta, posesioa galdu duenez, lotsa.


Bakardadea eta lotsa ere badaude emakume sumisoaren jarreran. Bakardadeari beldurra dionez, bikote txarra nahiago du bikoterik ez edukitzea baino. Lotsa ere badu, ez soilik agerian geldituko delako nolako tratua jasan duen etxean. Lotsa da, batez ere, jendeak jakingo duelako nolakoa den beraren gizona; ezin izango du, honezkero, haren portaera zuritu.


Beldurrak eta lotsak iraunarazi egiten dute aspaldi hautsi behar ziren bikoteak (eta miseria ekonomikoak, eta azpiegitura ezak, eta erlijio zanpatzaileek...). Beldurra, alternatiba ez delako oso erakargarria; nahiz eta gizonezkoak ezer gutxi aportatu bikoteari, simetria formala mantentzeko balio du. Lotsa, begi bistan geldituko direlako ordura arte etxeko lau hormetan baino gertatzen ez ziren ezintasunak, hitz latzak, isilune ankerrak, distirarik gabeko begiradak.


Banaketa porrota da, proiektuak huts egin duelako seinale, errakuntza baten zantzua. Beldurra eta lotsa sorrarazten ditu eta, batzuetan, heriotza.

2008/07/30

> Elkarrizketa: Atsegin Odriozola · Eva Aiertza > "JENDEARI ORAINDIK EZ ZAIO BURUAN SARTZEN ARRAUNEAN IBILTZEN GARELA"

  • Atsegin Odriozola eta Eva Aiertza · Zumaia-Getaria traineruko arraunlariak
  • «Jendeari oraindik ez zaio buruan sartzen arraunean ibiltzen garela»
  • Joan den astean Gizpuzkoako txapeldun izan ziren, eta bihar estreinakoz antolatu den emakumezkoen Euskadiko Txapelketan ariko dira
  • Aiertza: «Batzuek trabak jarri eta gustatu ez zaizkigun komentarioak egin dituzte»
  • Odriozola: «Orain arte, gizonezkoek zuten jarraikortasun hori ez geneukan emakumeok»
  • Urola Kostako Hitza, 2008-07-30 # Aritz Mutiozabal

Gipuzkoako bandera lortu ondoren, Zumaia-Getariako trainerua Euskadiko Txapelketa irabazten saiatuko da bihar eguerdian Lekeition, 12:00etatik aurrera. Denboraldi hasiera bikainaren aurrean, Zumaiako Arraun Taldeko kide Atsegin Odriozola (Zestoa, 1991) eta Getariako Arraun Taldeko kide Eva Aiertza (Orio, 1989) talde berriaren bilakaeraz eta euren ilusioez aritu dira.


Bateletan eta trainerilletan badaramazue hainbat urte. Bazen garaia trainerua ateratzekoa, ezta?

Odriozola, Atsegin: Dudarik gabe.
Aiertza, Eva: Lehendik ere saiakera bat egin zen, baina estropada batzuk soilik jokatu genituen Urola Kostaren izenean. Zumaia-Getaria taldea osatzen dugun arraunlari batzuk bertan ibili ginen.
Baina estropada solteak baino ez ziren izan.
A.O.: Ez zen orain bezala izan. Aurten, behintzat, txapelketa batzuk finkatu dituzte.


Mementoz, hiru estropada antolatu dituzte: Gipuzkoako Txapelketa, Euskadiko Txapelketa eta Kontxako Bandera.
A.O.: Hiru estropada horiek finkatuta daude. Gero, beste pare bat estropada ere antolatu nahi dituztela aipatu dute. Abuztuan zehar izango dira, baina oraindik zehazteko dago guztia.


Duela hiru aste elkartu eta hasi zineten entrenamenduekin, eta hasi eta berehala Gipuzkoako txapeldun izan zarete. Elkar ulertu duzuen seinale?
A.O.: Guztiok trainerilletan ibilitakoak gara; gainera, Getaria eta Zumaia bakarrik ibili gara aurten trainerilletako ligan Gipuzkoan. Horrek ere lagundu egiten du. Lehenengo egunak gogorrak izan ziren, baina pixkanaka neurria hartuz goaz.
E.A.: Ni Getariako arraun taldeko arraunlaria naiz, baina Oriotik nator. Talde batetik bestera aldatu egiten da arraunean egiteko modua eta orain, bi taldek bat egin dugunean, elkar ezagutu behar izan dugu. Izan ere, guztiok dakigu arraunean, baina guztiok ezberdin. Hori gainditzeko lan asko egin behar izan dugu.
A.O.: Bateletan-eta hiru hilabete izaten dugu entrenatzeko... Baina Gipuzkoako Txapelketa bat-batean etorri zaigu.


Baina prestaketa handiena aurretik eginda izango zenuten.
E.A.: Bai, baina ez da horren erraza izan. Taldea osatzeko zailtasuna genuenez, arrauna utzita zeukaten jendea itzuli egin da eta beraientzat gogorra izan da; eta, batik bat, hasi eta bi astera lehen estropada jokatzea.


Hasi bezain pronto, Gipuzkoako txapeldun. Espero al zenuten?

A.O.: Lor genezakela zioten arren, ez genuen sinetsi nahi. Oinak lurrean genituela joan ginen Donostiara, eta ahalik eta hobekien egiten saiatu ginen. Estropada irabazi eta Gipuzkoako txapeldun atera ginen arren, ez ginen oso gustura geratu egindako lanarekin. Hobeto egin genezakeen.
E.A.: Gipuzkoako Txapelketako estropada jokatu aurretik, lehen postuan edo azken postuan geratu gintezkela pentsatu nuen. Gainerako taldeen aurka inoiz lehiatu ez ginenez, ez geneukan erreferentziarik. Beraz, gure lana egitera joan ginen.


Eta Euskadiko Txapelketarako prest al zaudete?
A.O.: Lan txukuna egiten ahaleginduko gara. Kasu honetan, Gipuzkoan lehiatutakoez gain, Bizkaiko Arkote taldea ere ariko da.


Ezberdina al da bateletan edo traineriletan aritzetik traineruan aritzera pasatzea?

A.O.: Arraunketa oso ezberdina da batelean edo traineru batean.
E.A.: Pertsona kopurua handitu egiten da. Esaterako, batelean 6 lagunek egiten duten arraun eta traineruan, berriz, 14k. Guztiok batera aritze hori zailagoa da.
A.O.: Arraunketa luzeagoa da eta ziabogak eurak ere gogorragoak dira. Bateletan erraz ematen duzu buelta, baina 200 kiloko ontzi batekin gehiago kostatzen da.


Bi elkarteen artean hitz egin zenuten taldea osatzeko orduan; Zumaiaren eta Getariaren artean, alegia. Nola izan zen kontua?
A.O.: Gipuzkoako eta Bizkaiko selekzioen arteko estropada jokatu genuen Zaragozan, eta bertan Kontxa jokatzeko aukera izango ote zen txutxumutxuak entzun genituen. Hondarribitarrei bertan aritzeko gonbidapen moduko bat eman zietenez, guk ere taldea atera genezakeela pentsatu genuen.
E.A.: Herri bakoitzako taldeak bakarka trainerurik osatzen ez genuenez, indarrak batzea erabaki genuen.


Egun Kontxako Bandera da estropadarik preziatuena. Emakumezkoentzat ere hala al da? E.A.: Oraindik gehiago agian, jokatzen den lehen aldia dela kontuan izanda. Izan ere, gure jardunari ez diote horrenbesteko garrantzirik ematen; oihartzun gutxiago dugu. Gure ohiko denboraldia neguan jokatzen da, batelekin eta trainerillekin, eta jendeari arraroa iruditzen zaio otsailean estropadak izatea. Beraientzat estropadak traineruenak dira, udan jokatzen direnak.
A.O.: Jendeari oraindik ez zaio buruan sartzen emakumezkoak ere arraunean aritzen garela.


Nolakoa izango da lehenengo Kontxako Estropada hori?
E.A.: Oraindik ez dakigu oso ongi, baina badirudi ez dugula igandean jokatuko, larunbatean baizik. Antza denez, tradizioa puskatzea omen da. Iritzi asko daude, baina nik uste dut tradizio batzuk puskatu egin behar direla, horiek justu-justuak ez badira.
A.O.: Hirugarren txanda bat jarri nahian urte asko daramate, baina ez dute lortu. Orduan, emakumezkoen txanda bat jartzea ez dute egokia ikusten.
E.A.: Traineru batzuk kexatu egingo direla diote. Izan ere, gu lehian ari garenean, gizonezkoek ezingo omen lukete beroketak egin.
A.O.: Lehen urtea izanda, gehiegi ere ezin dugu eskatu. Behintzat tradizio berri bat sortuko dugu, larunbateko Kontxarena.


Herria girotzen hasi al da zuekin?
A.O.: Bai. Herritarrak begira geratzen zaizkigu, ea zer moduz ari garen ikusten. Baina ohituta daude, urte osoan ikusten baikaituzte entrenatzen.
E.A.: Kanpotarrak paseatzera etortzen direnean moilara eta arraunean ikusten gaituztenean, harritu egiten dira. Are gehiago neskak garela konturatzen direnean. Argazki kamera ateratzen dute berehala.


Emakumezkoen arraunean normalizazio bat emateko aurrerapauso bat al da honakoa?
A.O.: Aurrerapauso handia da!
E.A.: Bai, baina normalizazioa ez dago gugan bakarrik. Gizarteak arruntasun osoz barneratu behar du emakumeok arraunean aritzen garela. Batzuek, ordea, oztopoak jartzen dizkigute edo gehiegi gustatzen ez zaizkigun komentarioak ere entzun ahal izan ditugu. Gizonezko arranaularientzat Kontxa da estropada preziatuena, eta gu arraunlariak garen aldetik, zergatik ezin dugu bertan parte hartu, emakumeak garelako?


Oraindik gizonezkoen kirola al da arrauna?

A.O.: Emakumeak aspalditik ari gara arraunean, baina ez da entzutera eman, futbolean edo eskubaloian bezala. Orduan, jendeari oraindik arraroa egiten zaio.


Zuen jardunak jarraikortasuna izan dezan, zein pauso eman beharko lirateke?
A.O.: Jubenilak arte emakumeak arraunean inolako arazorik gabe aritzen ziren, baina ondoren trainerurik ez zegoenez, askok utzi egin behar izaten zuten. Guk orain arte ez geneukan gizonezkoek zuten jarraikortasun hori.
E.A.: Ikasketek asko baldintzatu dute emakumeen jarraikortasuna.


Datorren denboraldiari begira, emakumeen arrauna indartzen joango dela esan al genezake?

A.O.: Badirudi segida bat izango duela. Guk behintzat itxaropen hori dugu! Ez genuke nahi abian jarri den hau bere horretan geratzea; batik bat, txapelketak antolatu eta gero. Gainera, komunikabideek bultzada handia eman digute, eta nahiko genuke hau guztia finkatzen eta sendotzen joatea. Gu jarraitzeko gogoz gaude.


Aurtengo dinamika jarraituz gero, posible al da datozen urtetan emakumezkoen traineru liga bat antolatzea?

E.A.: Gugatik balitz, posible izango litzateke...


Hori izango al litzateke normaltasun egoera batera iristeko azken pausoa?
A.O. eta E.A.: Bai!
E.A.: Hori eta gizonezkoek egiten duten distantzia bera egiteko aukera izatea... Gipuzkoako Txapelketan 2.800 metro egin genituen, trainerilletan baino gutxiago. Gizonezkoek bikoitza egiten dute eta guk berdintasuna nahi dugu, nahiz eta ibilbidea osatzeko denbora gehiago behar.
A.O.: Zaragozan ere gizonezkoek baino metro gutxiagoko distantzia jarri ziguten. Jakin badakigu gizonezkoek duten gorputza ez dugula eta ez garela profesionalak, baina normalizazio edo berdintasun batera iristeko, baldintza berak izan nahi ditugu.
E.A.: Betiere, gure gaitasuna kontuan hartuta!
A.O.: Ahal dugula erakutsi nahi dugu, zergatik ez?


Komunikabideek ere paper garrantzitsua beteko dute, ezta?
E.A.: Bai, baina bere arriskua izan dezake. Orain nobedadea denez, oihartzun dezente lortzen ari gara, baina gero isiltasuna etor daiteke.

2008/06/02

> Iritzia: Josebe Egia > GAZTEAK, GURASOAK, SEXUA

  • Gazteak, gurasoak, sexua
  • Gara, 2008-06-02 # Josebe Egia

Nire ustez, pertsonei izugarri gustatzen zaigu sexua. Eta sexuari buruz hitz egitea ere bai. «Pertsonari» diodala azpimarratu nahi dut, badaezpada, batzuk emakumeei halako gauzek nazka ematen digutela eta, noski, gizonak baino askoz ere eratsuagoak garelako ustean bizi baitira oraindik.


Ez zen nire asmoa datorrenari buruz idaztea, baina ezin dut ekidin. Hiztegian «recatado» hitza begiratuta: «1. adj. begiratu, zuhur, arretatsu, neurritsu. 2. eratsu, zintzo, xume». Gure hizkuntzak genero markarik ez duenez -ez duena esan nahi ezin daitekeenik sexista izan-, ezin eskandaluzko ezer antzeman. Baina bakoitzarentzat jarritako adibideei ere tartea eskainiko diet, eta norberak atera ditzala ondorioak: «1. Tienes que ser más recatado en esas situaciones: begiratuago izan behar duzu egoera horietan. 2. Esa mujer lleva una vida muy recatada, sin excesos y modesta: Emakume horrek bizimodu eratsua darama, gehiegikeriarik gabekoa eta apala». XXI. mendean...


Ez sexua, ez sexuari buruz jakin-nahia ez da generoaren araberakoa. Hala egiaztatu dut joan den asteko artikuluagatik hainbat pertsona ezberdinek egindako galdera ikusita: zer zioten treneko neskek? Zer demontre, zehazki, esan zioten elkarri hain beldurtuta geratzeko artikulugilea eta ni?


Galdera egin didaten askoren seme-alabak nerabeak dira. Errealitate orokorra besterik ez da sexuaz ia edozeinekin hitz egin dezakegula, gure umeekin izan ezik, gure gurasoekin izan ezik.


Gurasoak beti guraso eta, dirudien arren, garai ezberdinekoak izatearekin zerikusirik ez duten bi ezaugarri komunekin: batetik, seme-alabek pentsatzen, sentitzen eta egiten dutenaren inguruko ideiarik eza, irakasleek, sexologoek, psikologoek, hezitzaileek... baieztatzen dutenez. «Dena kontatzeko irrikaz etortzen dira, entzunak izateko gogo biziarekin». Bestetik, norberaren umeak «hori» egiten ez duelako sinesmen tinkoa.


Baina gazteek sexuaz zer eta nola esaten duten gazteei beraei entzuteak gaia nola bizi eta garatzen duten jakiteko ideia garbia ematen digu eta haien behar errealak konprenitzen eta artatzen laguntzen digu, hezteko bidea markatzen, epaitzen edo ez ikustearenak egiten jardun barik.


Egungo nerabeek historiako belaunaldirik informatuena eratu arren, nahi gabeko haurdunaldiek gora egiten dute; ondorioz, abortuek, biharamuneko pilularen erabilerak ere bai. Azken honi buruz berri pozgarria izan dugu. Ezin gauza bera esan abortuaz, injustua, garestia, tabua eta hipokrisiaz beteriko gaia izaten jarraitzen duena.


Frogatuta dago gazteak gero eta lehenago hasten direla, gehiagotan eta pertsona ezberdin gehiagorekin egiten dutela, neskek eta mutilek. Orain, bakoitzak nola bizi duen aztertuta, mutilen helburua koitoa, neska bakoitza trofeo bat; neskentzat, ordea, puta edo emakume erraz gisa ezaguna izateko arriskua, plazerrik ez sentitzeko frustrazioa, haurdun geratzeko beldurra, ezetz esateko lotsa, mutila beste batekin joatearen ezinegona... Neskentzat haurdunaldia, abortua, biharamuneko pilula.


Gure semeek eta gure alabek «hori guztia» egiten dute. Hortaz, treneko neskak zertaz ari ziren jakin nahi duenak, galde diezaiola bereari.

2008/05/22

> Iritzia: Laura Mintegi > KOPURUA EZ, TAMAINA

  • Kopurua ez, tamaina
  • Gara, 2008-05-22 # Laura Mintegi · Idazlea

Orain, egunero, ezuste ederrak ematen dizkigu prentsak. Urtero izen berriak, lan berriak, asmo berriak, ikuskera berriak


Hamaika gehi berrogei. Berrogeita hamaika (51), hain zuzen ere. Ezin kontatu Begoña Bilbao, zoritxarrez. Berrogeita hamaika emakume idazle 2008an.


Urrun gelditzen da Juanito San Martinek 1975. urtean ematen zuen zerrenda. Garaiko artikulu batean esaten zion Mari Karmen Garmendiari emakume gutxiegi jarri zituela idazleen zerrendan («Hegats»en argitaraturiko artikulu batean), hiru baino ez; hirurogeiko zerrenda batetik hiru emakume idazle soilik eta, gainera, hiru horietariko bat ez zela emakumea, gizonezkoa zela ziotson San Martinek. Juanitok izen hauek eskaini zituen orduan, 1975 urrun hartan: Milia Lasturko eta bere ahizpa, Santxa Hortiz, Maria Balda, Oxanda Gabiola, Santxa Otxoa Ozaetakoa, Luisa Miserikordiakoa, Bizenta Antonia Mogel, Rosario Artola, Rosa Bustintza, Julene Azpeitia, Tene Mujika, Marie Ariztiasaratarra, Mariejane Minaberry, Lourdes Iriondo eta, amaitzeko, Amaia Lasa eta Arantxa Urretabizkaia aipatu zituen. Hamazazpi emakume idazle euskal literaturaren historia osoan.


Kanpoan utzi zituen, hala ere, Katariñe Eleizegi, Sorne Unzueta, Mayi Ariztia, Alosko Usoa, Mayi Pelot, Henriette Aire, eta izenik ere ez dutenak: Butroeko Gómez Gonzálezen alaba edo Oroko Peru Gartziaren ahizpa.


Hogeita bat urte geroago Linda Whitek izugarri luzatu zuen zerrenda. Hirurehun emakume idazle, euskal literaturaren historian. «Emakumeen Hitzak Euskaraz: Basque Women Writers of the Twentieth Century» liburuan emandako datuek harritu gintuzten 1996an. Kalkulua egiteko erabili zuen irizpidea erraza zen: gizonezkoak zenbatzeko Villasantek erabili zuen irizpide bera. Beraz, ezin kanpoan utzi liburu bakarra zutenak, edo itzultzaileak, edo haur literaturan jardun zutenak edo artikulugileak.


Orain egunero ezuste ederrak ematen dizkigu prentsak. Urtero izen berriak, lan berriak, asmo berriak, ikuskera berriak. Azkena Garazi Goia izan da. Aurrekoa Irati Elorrieta. Orain ez asko ezagutu genituen Irati Jimenez, Uxue Alberdi, Uxue Apaolaza, eta beste hainbat.


2008an hamaika eta berrogei, berrogeita hamaika izen aipa daitezke: Uxue Alberdi, Nagore Amundarain, Uxue Apaolaza, Anuntxi Arana, Nora Arbelbide, Aurelia Arkotxa, Ainhoa Arozena, Yolanda Arrieta, Aintzane Arrieta, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Arrate Egaña, Irati Elorrieta, Amaia Elosegi, Inma Errea, Idoia Etxebarria, Ixabel Etxeberria, Enkarni Genua, Aitzpea Goenaga, Garazi Goia, Sonia González, Maite González Esnal, Lierni Ibargutxi, Aitxus Iñarra, Tere Irastortza, Arantza Iturbe, Amaia Iturbide, Karmele Jaio, Irati Jimenez, Pili Kaltzada, Mariasun Landa, Goizalde Landabaso, Yolanda Larreategi, Amaia Lasa, Gemma Lasarte, Itziar Madina, Eukene Martin, Laida Martínez, Miren Agur Meabe, Amaia Mendoza, Isabel Millet, Esther Mugertza, Jasone Osoro, Ixiar Rozas, Maripi Solbes, Castillo Suárez, Maribi Unamuno, Edurne Urkiola, Ana Urkitza, Arantxa Urretabizkaia, Itziar Zubizarreta.


Kopurua ez da garrantzitsua. Tamaina bai ordea.

2008/03/09

> Berria: Martxoak 8 > POLIZIAREN KARGA BORTITZA IRUÑEAN MARTXOAREN 8A OSPATZEN ZUTENEN KONTRA

  • Emakumearen nazioarteko eguna
  • Poliziaren karga bortitza Iruñean martxoaren 8a ospatzen zutenen kontra
  • Gara, 2008-03-09 # Kepa Petralanda / Txotxe Anduela

Hainbat pertsona jipoiturik eta emakume bat ospitalera eraman beharra. Espainiar poliziak bortizki kargatu zuen martxoaren 8a dela-eta Iruñeko Gaztelu plazan bildutakoen kontra. 3.000 pertsona elkartu ziren, haur eta pertsona nagusiak tartean.


Lekukoen arabera, bortizkeriaz kargatu zuten espainiar poliziek atzo Gaztelu plazan eta inguruko kaleetan. Martxoaren 8ko elkarretaratzea debekatuta zegoen, baina 40 kolektibok deituta bazkaria egin zen Zabaldin. Arratsaldean Gaztelu plazarantza abiatu ziren kalejiran, eta hala bidean beste ehunka pertsona batu ziren.


Jai giroa nagusitu zen, eta emakumeekin batera, gizonak eta hainbat haur ari ziren kantatzen eta disfrutatzen, kontuan izanik gainera, berez, jendez gainezka izaten dela inguru hori larunbat arratsaldetan. 3.000 pertsona inguru ziren plazan, eta Zabaldira itzultzeko kioskoari buelta ematen ari zirela, poliziak agertu ziren, peloteroak erabiliz eta korrika eginez. Lekukoen arabera, Txapitela inguruan bortizki kolpatu zuten gazte bat, eta erasoak emakumeek jasan zituzten gehienbat. Emakume bat ospitaleratu behar izan zuten, eta hainbat lagunek jipoiak jaso zituzten. Besteak beste, 15 urteko gazte bati sudurra hautsi zioten. Nabarrerian jarraitu zuen Martxoaren 8ko jaialdiak. LABek poliziaren jarrera salatu eta arduradunei azalpenak eskatu zizkien.


Baina Iruñekoa ez zen izan Martxoaren 8aren kontra poliziak egindako eraso bakarra. Barañainen ere Guardia Zibilak bortizkeriaz jokatu zuen Udaletxeko plazaren inguruan, elkarretaratzea bukatu zen unean.


150 pertsona inguru bildu ziren eguerdian, emakumeen eskubideen defentsan. Ekitaldia osoa behar bezala ospatu zen, bapatean guardia zibilez betetako hamar bat patrol bertan eta inguruetan agertu ziren arte, kontzentrazioan parte hartu gabe, bildu zen jendearen urduritasunerako.


Lasterketak izan ziren karriketan, hamar lagun inguru identifikarazi zituzten, eta auzokide batzuk mehatxatu. Lekukoen arabera, «guztiz drogaturik edota edanda zeuden guardiak».


Bilboko kaleetan, bestalde, Euskal Herrian izandako manifestazio handiena egin zen. 5.000 pertsona inguru irten ziren Areatzetik jai giroan eta errebindikazioak aldarrikatuz, Moyua plazara abiatzeko eta gero, handik, berriro Areatzera bueltatzeko. ``Nosotras decidimos. Abortatzeko eskubidea'' leloa zuen aurreko pankartak eta Bikaiko Koordinadora Feministako ordezkariek eraman zuten.


Giro alaia, errebindikazioa
Ohitura denez, hainbat kaletar manifestaziora hurbiltzen ziren ibilbidean zehar, kontuan hartuta oso giro onean ospatzen ari zela. ``Ez, ez, ez, erasorik ez'', ``Gora, gora, gora, emakumeen borroka'', ``Eskubidea abortatzeko'', ``Nosotras parimos, nosotras decidimos'', ``No es crimen pasional, es asesinato'', ``No más amenazas, no más agresiones, fuera el aborto del Código Penal'', edota ``Hoy es 8 de marzo y mañana qué, si el machismo te ataca, contraatácale'' izan ziren gehien errepikatutako leloak.


Donostian, bestalde, goizetik ospatu ziren ekitaldiak, eta arratsaldean, 1.200 pertsonek hartu zuten parte Bulebarretik abiatutako manifestazioan, ``Ez gara inorenak, bizitza gurea da'' lelo hartuta. Gasteizko Martxoak 8 Plataformak deitutako manifestazioan, bestalde, 800 lagun inguru izan ziren bi lelo zituen pankarta baten atzean: ``Nuestros cuerpos son nuestros'' eta ``Feministok eraldaketarako borroka''. San Anton plazan hasi, eta Plaza Berrian bukatu zen.


Bertan, Plataformak egun horretarako prestaturiko adierazpena irakurri baino lehen, Nafarroako mobilizazioen kontra poliziek erabili zuten bortizkeria salatu zuten. Emakumearen borroka islatzen dituzten leloak entzun ziren, eta Eliza katolikoaren mezuak salatu zituzten.


Bilgune Feministak deituta, goizean ere hainbat ekimen burutu ziren. Bilbon, esaterako, 20 bat emakumek parte hartu zuten antolatutako kotxe karabana eta bizikleta martxan. Geroago, 13.00ean, 40 pertsona elkartu ziren Santiago plazan.


Portugaleten, kontzentrazio bat izan zen eguerdian, eta 30 pertsona bildu ziren. Tolosako Trianguloan, ordu berean, gutxi gorabehera, 40 lagun bildu ziren eta Gasteizen, atzo eguerdian Korreos-en deitutako elkarretaratzean, 50 emakume izan ziren. Bezperan, hau da, ostiralean, ikasleei zuzendutako deialdia egin zuen mugimendu feministak, eta 110 ikaslek parte hartu zuten antolatutako ekitaldian.


Algortan 160 pertsona batu ziren; Azpeitian 150; Zarautzen, goizez, 70; Atarrabin 20 pertsonek kalejiran aritu ziren; Lizarran 110; Altsasun 50; Leitzan 40. Errotxapean identifikarazi zituzten bildutakoak. Talde feministek eta herri mugimenduak deituta, 150 pertsona manifestatu ziren Baionan. Ibilbidea bukatu ondoren, munduko eta Euskal Herriko historian zehar ezagunak edota errepresaliatuak izan diren emakume izenak jarri zizkieten kaleei, besteak beste, Virginia Woolf edo Eva Forest. Horrekin batera, «bortizkeria sexistak eraildako emakumeen plaza» izendatu zuten plaza bat.


``Aukera berdintasuna'' leloa zeraman pankarta batekin dozenaka auzokide bildu ziren eguerdian Barakaldoko Herriko Plazan, Argitan taldeak luzatutako deialdiari erantzunez.

2008/02/17

> Berria: Abortua > ABORTU LIBRE ETA DOAKOAREN ALDE EHUNKA PERTSONA MANIFESTATU DIRA IRUÑEAN

  • Abortu libre eta doakoaren alde ehunka pertsona manifestatu dira Iruñean
  • Apezpikuen Biltzarrak jaso ditu kontrako oihu gehienak, eta haren karikatura bat erre dute
  • Berria, 2008-02-17 # Asier Azpilikueta · Iruñea

Euskal Herriko hainbat talde feministak deituta, ehunka pertsona manifestatu ziren atzo, Iruñeko karriketan barna, abortatzeko eskubidearen alde. Aspaldiko partez, «Abortua orain, libre eta doan», «Erditu bai, erabaki ere bai», «Gure gorputza geurea da» eta gisako leloak entzun ziren Iruñean; ozen entzun ere, manifestazioak iraun bitartean ez baitziren manifestariak isildu.


Ohiko tokitik atera zen manifestazioa, baina ezohiko bidetik joan zen autobus geltokitik Gazteluko plazara. Armada etorbidea, Navas de Tolosa kalea eta Sarasate pasealekua iragan zituzten, helmugara ailegatzeko. Eta, erran bezala, etengabe joan ziren oihukatzen eta kantatzen.


Abortatzeko eskubidea. Emakumeok erabakitzen dugu zioen pankarta morea zeramaten manifestazioaren aitzinaldean, eta haien gibelean, ehunka emakume -batez ere emakumeak baitzeuden manifestazioan-. Abortu libre eta doakoaren aldekoak izan ziren oihu eta kanta gehienak. Kontrako oihuak, berriz, Apezpikuen Biltzarraren kontrakoak. «Eliza, ez sartu gure bizitzan», «Zuek, arrosariodunok, ez ukitu gure obarioak», «Kokoteraino gauzkate apezpiku harroxkoek» eta «Apezpikuen Biltzarra erretzera goaz, matxista eta patriarkala izateagatik», oihukatu zituzten, bertzeak bertze.


Espainiako Polizia eta udaltzain gutxi batzuek zaindu zuten manifestazioa. Eta ez zen aparteko arazorik izan, ez bada manifestazio erdian udaltzain batek errieta egin ziola emakume bati itsasgarriak paratzen ari zelako han eta hemen.


Gazteluko plazako kioskoaren ondoan bukatu zen martxa, eta, han, talde deitzaile guztien izenean, Miren Arangurenek eta Juana Arangurenek manifestua irakurri zuten, euskaraz eta gaztelaniaz. Zutik emakume ere kantatu zuten. Eta Apezpikuen Biltzarra irudikatzen zuen karikatura bateko pankarta erre zuten ere bai.


«Hemen ezin da»
Egiaztatze batekin hasi zuten emakumeek mintzaldia. «Hemen ezin da abortatu. Hemen, osasun publikoa klase mediko atzerakoienaren plaza propioa da. Hemen, emakumeon eskubideak ez dira errespetatzen. Hemen, giza eskubideak urratu egiten dira».


«Oztopo mediko eta juridikoen lasterketatzat» jo zuten emakumeek abortua. «Zentro publikoetan ez dute egiten. Ez da doakoa. Eta, azkenean, Guardia Zibilaren eskutik emakume eta profesionalak atxilotuz amaitzen den tranpa maltzurra da».


Nafarroan «are okerragoa» da egoera, emakumeen ustez; UPNko gobernua, «PSNren laguntzaz», legearen aplikazioa trabatzen ari baita. «Osasunbideko COFESeko hiru profesionalen kontrako epaiketa latz hura egin zutenetik, Nafarroan egondako gobernu guztiek legea urratzen jarraitu dute, eta botere judizialeko edo exekutiboko ezein agintarik ez du legea betearazteko inolako esku-sartzerik egin».


1985ean onartu zuten Espainiako Abortuaren Legea « zehazki ez aplikatzeko eta ez zabaltzeko maniobrak» egin dituzte gobernu guztiek, emakumeen aburuz. «Abortua delitu gisa mantentzen segitzeak abortua mugatzen du. Eta, gainera, gero eta zailagoa da zentro publikoetan hiru baldintzapeko abortuak dohainik eta berme guztiekin egitea. Emakumeon eskubide sexual eta erreproduktiboak deuseztatu eta zapaldu dituzte, eskukada bat botoren truke eta soldata handiz hornituriko besaulki batzuen truke».


Eliza katolikoak ere jaso zuen berea emakumeen kritiketan. «Elizak, era oldarkor eta inkisitorialean, berriz ere hauteskunde agertokia estutu du, gure bizitzetan muturra sartuz, askatasunen deuseztapenerako argudioak erabiliz».


Abortatzeko eskubidearen alde kalera ateratzen segituko dutela erran zuten bukatzeko.

2008/01/31

> Iritzia: Laura Mintegi > EMAKUME NAGUSIEN SEXUALITATEA

  • Emakume nagusien sexualitatea
  • Gara, 2008-01-31 # Laura Mintegi · Idazlea

Sexua izan da frustrazioa eta aldarrikapena; inposaketa eta arma. Sexuaren potentzialitatea emakumeen garapenerako erabili ordez, berau suntsitzeko izan da erabilia


Adin ertaineko emakumeen sexualitatea ezagutzeko inkesta bidali didate Kordobatik. Lehenengo galdera adina izan da, 50-59 urte, 60-69, 70-79, 80-89 edo 90etik gora. Horri erantzutea erraza izan da. Ordutik aurrera dena izan da zalantza, baldinba, ez ote, segun eta norekin, agian noizbait, garai hartan baliteke, unearen arabera, eztakitpa...!


Galdera bakoitzarekin zalantza bera: erantzunak egiatan islatzen du sexuak sorrarazten duen kilika, edo uste/sumatzen dudana erantzuten dut, dagoeneko jakin dakidana esanez.


Nork bere buruari gezur txikiak sarri esan badizkio, une batean ez du jakiterik zer den egia eta zer egiantzekoa. Desiraren gainean constructo hutsa eraiki du, arrazionala, eta «ikasita» du bere jarrera sexuarekin, gogoratu gabe nola eragin zion sexuak lehen aldi urrunean. Ahaztu du bere jite naturala eta memorizatu ditu jokabide ikasiak, monotoniak eta harreman inposatuek metatuta. Errealitatea baino errealago bizi du buruan eraiki duen fikzioa: ez dit esaten, baina pentsatzen du; nahiz eta adierazi ez, berak ere gauza bera sentitzen du; ez zaio antzematen baina nire jokamolde hau gustatzen zaio gehien.


Genero femeninoak intentsitate handiaz bizi du desira, oraindik ez-dena, eta eroso murgiltzen da erregistro sentsorialean, definitu gabeko harremanetan, ez-berbazko lengoaian, begiraden unibertso isilean; desiraren arloan, alegia, sexualitatearen muinean.


Inkesta anonimo honetan gauza intimoak galdetzen dira (zaletasunak, praktikak, ohiturak, filiak, fobiak). Baina praktika sexuala baino gehiago, jarrera ikertu nahi dute: «zer nahi zenuke aldatu/hobetu zure oraingo harreman afektibo-sexualean? Uste al duzu egun oztoporen bat duzula zure sexualitatea bizitzeko? Zerk eragiten zaitu gehien, ziurtasun ezak, beldurrak, lotsak, zure gorputzarekiko irudiak, seme-alaben iritziak, iraganeko oroitzapenak, interes faltak, bortizkeriak, espazio egokirik ez edukitzeak, beste etapa batean egoteak, bikotekide ezak, nekeak edo sentitzeak zure bikotekideak ez zaituela nahikorik baloratzen?».


Galdera «sinpleetatik» (Heterosexuala zara? Lesbiana? Bisexuala? Besteren bat?) atoan jotzen du nahien arlora: «Bikotekide berria nahi zenuke? Gizonezkoa edo emakumea?».


Adin ertaineko emakumeek garai ezberdinak bizi izan dituzte sexualitatearekin: frankismoaren errepresioarekin hasi, 68ko ideia libertarioetatik pasa eta ondorengo destape iberikora. Dena bekatua zen garaitik pasatu ziren maitasun librera eta, azkenik, arau moralik gabeko garaira. Adinekoenak ama gazte-gazteak izan ziren; gazteenak, ordea, ama berantiarrak, profesionalak izateko presio ikaragarria pairatu baitzuten.


Sexua izan da frustrazioa eta aldarrikapena; inposaketa eta arma. Sexuaren potentzialitatea (ikus Audre Lorde) emakumeen garapenerako erabili ordez, berau suntsitzeko izan da erabilia. Eta orain inkesta batek galdetzen die: «zer gustatzen zaizu? Eta zer nahi zenuke probatu?». Ba al dago erantzunik dagoeneko?

2008/01/17

> Iritzia: Laura Mintegi > SIMONE DE BEAUVOIR-EN IRAKASPENA

  • Simone de Beauvoir-en irakaspena
  • Gara, 2008-01-17 # Laura Mintegi · Idazlea

Eztabadaigarria da oso, Simonek ez zuela ekarpenik egin filosofian, pentsamenduan edo literaturan. Eztabaidagarria da bere teoria feminista Sartreren pentsamendu existentzialista feminismoari aplikatzea izan zela, huts-hutsean


Ez zaiola gustatzen, dio auzokideak, ez zaio batere gustatzen nola egiten diren orain gauzak: «lehen gehiegi aguantatzen genuen, baliteke, baina oraingo hau ere ez dago ondo», esaten du, «bikotekide batekin ezkondu, umeak egin, banatu, beste batekin elkartu eta ume gehiago egin, honi gehitu bikotekide berriaren umeak... ez dago jakiterik zein den familia nuklearra, non amaitzen den norberaren familia eta non hasten den hurkoarena; zenbat amama eduki dezake haur batek? Batzuek hiru eta lau amama dituzte, biologikoak eta bestelakoak, aitaren edo amaren bikotekide berriaren gurasoak ere aitite-amamatzat ditu. Ematen du den-dena dela behin-behinekoa dela, zati baterakoa...», eta burua gaitzespen keinuaz mugitzen du, destainaz.


Auzokidea ez da inoiz izan estuegia konbentzio sozialei dagokiela. Garai batean, egia da, ez zuen ondo ikusten ezkondu gabeko konbibentzia, baina gaur egun etxeko gazteenei esaten die proba egiteko aurretik, eta elkarbizitza ondo joanez gero, denbora izango dutela ezkontzeko aurrerago.


Auzokidea 1938an jaiotakoa da euskal herrixka batean, eta egun ia 70 urte ditu. Hogeita hamar urte lehenago, 1908an alegia, Simone de Beauvoir jaio zen Parisen.


Egia da ez dela gauza bera Parisen jaiotzea edo Euskal Herriko herrixka batean. Baina
emakumeentzako egoera, batean edo bestean, estua eta mugatzailea zen 1908an eta 1938an: formaziorako aukera gutxi, aitaren menpekoak ziren eta ezkontzarako prestatuak. Naturalki pasatzen ziren aitaren babespetik senarraren ordenupera, txintik esan gabe, gizonezkoaren autoritatea ez baitzen jartzen kolokan. Berdin Parisen edo Mungian, Marrakechen edo Cuencan. XX. mendearen hasieran inongo emakumeri ez zitzaion ezagutzen autonomia, irabazi beharra zuten.


Egunotan, Simone de Beauvoir jaio zela ehun urte bete direla, entzun behar izan dugu Simonek egindako gehiena Jean Paul-en itzalean egin zuela; honengandik ez balitz, hark ezer gutxi egingo zuela.


Eztabaidagarria da oso, Simonek ez zuela ekarpenik egin filosofian, pentsamenduan edo literaturan. Eztabaidagarria da bere teoria feminista Sartreren pentsamendu existentzialista feminismoari aplikatzea izan zela, huts-hutsean. Ez dago horrelako argumentaziorik eusterik. Baina, zalantza guztietatik kanpo gelditzen da Sartrek ez ziola ezertxo ere irakatsi Beauvoirri bizitzari dagokiola. Gizonezkoa zen aldetik, edozein modutan bizi zitekeen, ezkondurik edo soltero, konbentzional edo bohemio, bakarrik edo maitalearekin. Simonengandik espero zen, klase sozial bereko gizonarekin ezkontzea, burgeskume batzuen ama keratsua izatea, eta etxekoandre zentzudun gisa jokatzea, soilik. Patua markaturik zuen aurretik, eta ez zuen aukera handirik: bai ala bai, ziotson garaiak.


Simone de Beauvoirren irakaspen handiena ez dago bere liburuetan, baizik eta bere bizimoduan, erakutsi baitzuen posible zela egitea liburuetan idatzi zuena.

> Komunikatuak: Bizkaiko Emakume Asanblada > GURE GORPUTZEN JABE IZAN GAITEZEN: ABORTUA LIBRE DOHAN!

  • MANIFESTUA: GURE GORPUTZEN JABE IZAN GAITEZEN: ABORTUA LIBRE ETA DOHAN !
  • EHGAM-DOK, 2008-01-17 # BIZKAIKO EMAKUME ASANBLADA

Bartzelona eta Madrilgo klinika batzuen ixierak eta ustez legez kanpoko abortuak egiteagatik hainbat lagun atxilotu izanak jendartean sortu duen alarma dela eta, Erakunde Feministeen Kordinadora eta Bizkaiko Emakume Asanbladak ondorengoa


ADIERAZI NAHI DUGU


Berria emateko era alarmistari gure gaitzespena, izan ere, interpretazio interesatuei bide ematen baitie Espainian haurdunaldia nahita etetearen benetako errealitatea eta zein baldintzatan burutzen den itxuraldatzeko.


Mugimendu feministak bide luzea egin du emakumeek euren eskubideak gauzatu ahal izateko borrokan. Askotan, egia osoaren jabe direlakoan daudenen etengabeko erasoen aurrean, erabakitzeko gaitasunaren aurkako taldeak, esaterako, emakumeei euren epaiketa moralak ezarri nahi dizkietenak, horretarako txantajeak, mehatxuak eta gezurrak erabiliz. Horrexegatik da garrantzitsua informazioa era argi eta objektiboan ematea, gaia bere errealitatetik azalduko duen eran eta ez sentsazionalismotik, "jaiotzear zeudenen abortuak" (el país, 2007ko azaroak 27) eta halako titularrekin egiten den bezala.


Hau ez da nahitako haurdunaldi eteteen errealitatea Espainian. Non eta 2005ean euren haurdunaldia etetea erabaki zuten emakumeen % 88k haurdunaldiaren lehenengo 12 asteen tartean egin zuten. Gainerako % 12etatik % 2 baino ez dira 21 aste baino gehiagoko haurdunaldiak, eta ia guztiak fetuarentzako arriskuagatik egindako abortuak dira (kontuan izan behar baita arrisku hauetariko asko hogeigarren astetik aurrera baino ez direla ikusten). Datuok emakumeen erabakiei zilegitasuna kentzeko emandako informazioak ukatzen dituzte. Eta erakusten dute, gehienak ahalik eta lasterren abortatzen dutela, nahiz eta asko izan gaur egun nahi ez duen haurdunaldia nahita eten ahal izateko jartzen diren oztopoak.


Hauek hedatzen ari diren informazioetan ezkutatu nahi diren zailtasunak eta egungo legeriarekin sare publikoan normaltasunez abortatzea ez dagoela bermatua ahazten dutenak. Horregatik egiten diren abortuen % 2,9 baino ez dira egiten ospitale publikoetan eta % 97,1, berriz, zentro pribatuetan. Baina, gainera, onartutako hiru balizkoetan, sare publikora jotzeko zailtasun honek emakume asko abortatu ahal izateko erromesaldi batera behartzen ditu, hiri batetik bestera joatera, euren erkidegoan bertan edo beste batean, honek berarekin dakartzan lan, ekonomia eta psikologia mailako arazo guztiekin.


Bestalde, beharrezko da gogoraraztea gaur egungo legearekin ez dagoela eperik haurdun dagoenaren osasun fisiko edo psikologikorako arriskua baldin badago, beraz, garrantzitsua da informazioa zuhurtziaz ematea gizartean alarmarik sor ez dadin eta inplikatutako lagun guztien, profesionalen, zein emakumeen, errugabetasun-presuntziorako eskubidea bermatua izan dadin.


Zinez uste dugu emakumearen segurtasun emozionala eta fisikoa eta osasuna zaintzea beharrezkoa dela, eta, horregatik, ziur gaude nahi ez duen haurdunaldi baten gainean erabakitzeko askatasuna eta eskubidea dituela.


  • HORREGATIK, ONDORENGOA EXIJITZEN DUGU:
  • Haurdunaldiak etetea sanitate publikoan era normalizatuan burutu daitezela. Horrekin batera sexu eta erreprodukziorako eskubideen gaineko prebentziorako programa zabal eta eraginkorrak, bai eta Erkidego guztietan antisorgailu metodoak eskura izateko aukera ere.
  • Abortua despenalizatzea eta emakumeek euren gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea errespetatuko duen lege berri bat.
  • Atxilotutako guztien askatasuna eta historien konfidentzialtasuna gordea izatea.

2007/11/08

> Berria: Sexualitatea > DULCE TENTACION, SEXUAREN TENTAZIOAK

  • Sexuaren tentazioak
  • Dulce Tentacion emakumeentzako denda erotikoa zabaldu dute Donostian
  • Berria, 2007-11-08 # Ainara Arratibel · Donostia

Dulce Tentacion. Gozotegi baten izena dirudi, baina ez. Donostian ireki berri duten emakumeentzako denda erotikoaren izena da. Bakarrik zein bikotekidearekin era dibertigarri batean sexuaz eta erotikaz gozatzeko behar den oro topatuko dute han emakumeek: linjeria, kontsolagailuak, bibra-doreak, mahai jolasak... Nork egingo die muzin sexuaren tentazioei?


Errenterian (Gipuzkoa) duten dendaren arrakasta ikusita, Donostian bi denda zabaldu dituzte Dulce Tentacioneko jabeek: Parte Zaharreko Narrika kalean bata eta Groseko Miracruz kalean bestea. «Horren beharra zegoela iruditzen zitzaigun», dio Narrikako dendako saltzaile Edurne Montesek.


Garai batean denda erotikoak leku ilunak izaten ziren. Orain, ordea, kolorez eta argiz beteta daude. Apaletan dauden objektuek ematen diote neurri batean kolore hori.


Sartu eta eskuinera barruko arroparen atala dago: «Eskaintzarik zabalena arlo horretan dugu». Bodyak, kortseak, ohe atorrak, bularretakoak, kuleroak... Denetik aurki daiteke han. Zein baino zein erakargarriagoa, gainera.


Bibradoreak eta kontsolagailuak daude ondoan. «Oraindik ere lotsa apur bat ematen die emakumeei halakoak erostea». Erosten dutenek, ordea, ez dute kexatzeko arazorik izango. Izan ere, aukera gero eta handiagoa da. Sakelakora konektatzen den bibradorea da produktu berriena: «Emakumeak baginan sartu eta, piztuta edukiz gero, mezu edota dei bat jasotzen duen aldiro bibrazioa antzemango du». Urrutiko kontrol bidez funtzionatzen dutenak ere badira.


Kontsolagailuen kasuan, betiko moldeei eusten diote. Zakilaren edota behatzaren forma dute gehienek. Hori bai, neurri, kolore, erritmo eta estilo askotarikoak dituzte. Garai batean ez bezala, egun gehienak urarekin garbi daitezke: «Dena den, badago horiek garbitzeko produktu bat. Guk noizean behin hori erabiltzera aholkatzen dugu jendea».


Horiekin batera, bola txinatarrak dira gehien saltzen dituztenak. Plazererako ez ezik, bagina ingurua indartzeko ere erabiltzen dituzte bola horiek emakumeek: «Haurdunaldiaren ostean erabiltzeko oso aproposak dira, erditzearen ostean oso sentibera egoten baita inguru hori».


Baina, bakarka gozatzeko objektuak ez ezik, taldean zein bikotearekin sexuaz eta erotikaz gozatzekoak ere badituzte. Horien artean mahai jokoak dira ugarienak. Exxxcitacion (Kitzikapena), Pacto de Amor (Amodio Ituna), Pasion Play (Pasioaren jolasa) eta gisa horretako izenburuek argi eta garbi azaltzen dute zertarako diren joko horiek. Dena den, Montesek horri buruzko argibideak eman nahi izan ditu. «Sexu grina pizteko eta une dibertigarriak igarotzeko dira horiek guztiak».


Arrakasta handiena duten jokoetako bat Pasion play da: «Merkatuko joko erotiko osoena da». Bikotekidearekin pasiozko gaua igarotzeko osagai guztiak ditu: kontsolagailua, zaporea duten kondoiak, eskuburdinak, lubrifikatzailea, bola txinatarrak eta ezpainetako bat. Horiek baliatuta, jokoak proposatzen dituen proba dibertigarri eta bihurriak egin beharko ditu bikoteak: «Oso aproposa da egunerokotasuna alde batera utzi eta harremanari bizigarri bat eman nahi dioten bikoteentzat».


Jan daitezkeen olioak, zaporea duten lubrifikatzaileak, antisorgailuak eta mozorroak ere saltzen dituzte. Produktu erotikoen eskaintza, gainera, gero eta zabalagoa da: «Egunero merkaturatzen dira gauza berriak eta dibertigarriak. Oso zaila da denak ezagutzea. Askotan bezeroek eurek ematen digute horien berri».


Ezkondu aurreko agurrak ere antolatzen dituzte: «Arlo horretan agentzia bat bezala funtzionatzen dugu. Bezeroa etorri eta guk dena antolatzen diogu. Horretarako akordioak ditugu hainbat jatetxe, ostatu, landa etxe eta astialdi enpresarekin».


SAREKO MERKATUA.
Gero eta gutxiago diren arren, oraindik badira halako dendetara sartzeko lotsatzen direnak. Haiengan ere pentsatu dute, eta, horretarako, www.dulcetentaciones.es webgunea sortu dute. Atari horretan sartuz gero, dendan eros daitezkeen produktuak kontsulta daitezke. Behin hori eginda, on-line denda atalean sartu eta erosteko aukera izango da: «Zerbitzu hori indartzeko asmoa dugu, gainera, etorkizunean». Helbide elektronikoa ere badute -partevieja@dulcetentacion.es-, kontsultak egin ahal izateko.

2007/07/23

> Iritzia: Josebe Egia > ESTEREOTIPO PARE BATI BURUZ

  • Estereotipo pare bati buruz
  • Gara, 2007-07-23 # Josebe Egia

Gaurko honetan estereotipoen erorialdia zuekin konpartitzera nator. Mitikoak, herrikoiak, kutsu matxista dutenak edo emakumea kanpoan uzten dutenak.


Alde batetik, «Maritxu berritsu» esakuneak laburbiltzen duena daukagu, hau da, emakumeok gizonezkoek baino joera handiagoa daukagula hitz egiteko. Amaierarik ez duen hitz-jarioa omen da gure ezaugarrietariko bat, bi hitzetan esan daitekeena beste bostehun ele gehiagoz hornitzea, alegia. Gizonezkoek, ordea, di-da batean komunikatzeko ahalmen miresgarria omen daukate, hitz gutxitan dena konpontzekoa.


Bada, Ameriketako Estatu Batuetan egindako ikerketa luze eta serio baten ondorioz, «Maritxu berritsu» ondo baino hobeto izan liteke «Andoni, Peru edo Josu berritsu». Izan ere, egunaren bukaeran botatzen dugun hitz kopurua oso antzekoa da, 16.215 bat, hain zuzen. Beraz, ez da egia emakumeok hirukoiztu egiten dugunik hitz kopurua emakume izategatik eta etengabe gure ahotsa entzutea gustatzeagatik. Pertsona bat hiztuna den ala ez da gakoa, bere sexua edozein dela ere. Hona ikerketa horren ondorioetariko bat, esandakoaren adibide garbia: gehien hitz egiten zuten hiru pertsonak gizonezkoak ziren -45.000 hitz-, baina baita gutxien hitz egiten zuena ere -500-.


Beste gauza bat da, hori bai, hitz egiten dugunaren edukia. Antza denez, oraindik ere gizonek uki edo ikus daitezkeen gauzei buruz hitz egiten dute gehienbat, eta emakumeak pertsonon arteko harremanei eta sentimentuei buruz aritzen gara, neurri askoz handiago batean. Hala ere, jendartean bultzatzen ditugun baloreekin batera egitate hau aldatzen ari dela iruditzen zait, baita aldatu egiten dela ere gizona gizonekin ari denean edo emakume batekin ari denean. Pertzepzioa begi-bistako zerbait bihurtuko delakoan nago, itxaropenez, ados egongo baitzarete gauza bat kantitatea dela eta beste bat kalitatea, ezta?


Beste alde batetik, eta kantitatea alde batera utzi barik, beste ikerketa batek argi utzi du emakumeok ere amets erotikoak barra-barra edukitzen ditugula, gizonezkoen kopurua berdinduta. Amets mota ezberdinak, baina apeta sexualak denok ditugula adierazten dutenak, finean.


Betidanik, arlo hau gizonezkoen urrezko eremua izan da, sexuak euren pentsamenduen eta ametsen ehuneko altu bat betetzen duela, alegia. Beti izan da horrela eta espeziearen ezaugarritzat onartu da inongo arazorik gabe. Emakumeok, berriz, sexualitatearekin arazo gehiago izan ditugu, era askean eta osoki bizitzeko: birjintasuna, garbitasuna, amatasuna eta halako idealen mende egon gara luzaroan. Ondorioz, badirudi sexuak ez duela gure buruan lekurik, ez duela garrantzirik guretzat, ez dela plazer iturri bat.


Baina estereotipo zaharkitu bat besterik ez da. Egun, emakumeok amets erotikoak edukitzeaz gain, gizonek bezalaxe gaiari buruz hitz egiten dugu -horra hor gure hitzen edukietariko bat-. Batzuek gehiago, beste batzuek gutxiago. Hemen ere, izaera kontua da gakoa, eta pertsonaren sexuak zerikusi gutxi dauka.