2008/01/31

> Iritzia: Laura Mintegi > EMAKUME NAGUSIEN SEXUALITATEA

  • Emakume nagusien sexualitatea
  • Gara, 2008-01-31 # Laura Mintegi · Idazlea

Sexua izan da frustrazioa eta aldarrikapena; inposaketa eta arma. Sexuaren potentzialitatea emakumeen garapenerako erabili ordez, berau suntsitzeko izan da erabilia


Adin ertaineko emakumeen sexualitatea ezagutzeko inkesta bidali didate Kordobatik. Lehenengo galdera adina izan da, 50-59 urte, 60-69, 70-79, 80-89 edo 90etik gora. Horri erantzutea erraza izan da. Ordutik aurrera dena izan da zalantza, baldinba, ez ote, segun eta norekin, agian noizbait, garai hartan baliteke, unearen arabera, eztakitpa...!


Galdera bakoitzarekin zalantza bera: erantzunak egiatan islatzen du sexuak sorrarazten duen kilika, edo uste/sumatzen dudana erantzuten dut, dagoeneko jakin dakidana esanez.


Nork bere buruari gezur txikiak sarri esan badizkio, une batean ez du jakiterik zer den egia eta zer egiantzekoa. Desiraren gainean constructo hutsa eraiki du, arrazionala, eta «ikasita» du bere jarrera sexuarekin, gogoratu gabe nola eragin zion sexuak lehen aldi urrunean. Ahaztu du bere jite naturala eta memorizatu ditu jokabide ikasiak, monotoniak eta harreman inposatuek metatuta. Errealitatea baino errealago bizi du buruan eraiki duen fikzioa: ez dit esaten, baina pentsatzen du; nahiz eta adierazi ez, berak ere gauza bera sentitzen du; ez zaio antzematen baina nire jokamolde hau gustatzen zaio gehien.


Genero femeninoak intentsitate handiaz bizi du desira, oraindik ez-dena, eta eroso murgiltzen da erregistro sentsorialean, definitu gabeko harremanetan, ez-berbazko lengoaian, begiraden unibertso isilean; desiraren arloan, alegia, sexualitatearen muinean.


Inkesta anonimo honetan gauza intimoak galdetzen dira (zaletasunak, praktikak, ohiturak, filiak, fobiak). Baina praktika sexuala baino gehiago, jarrera ikertu nahi dute: «zer nahi zenuke aldatu/hobetu zure oraingo harreman afektibo-sexualean? Uste al duzu egun oztoporen bat duzula zure sexualitatea bizitzeko? Zerk eragiten zaitu gehien, ziurtasun ezak, beldurrak, lotsak, zure gorputzarekiko irudiak, seme-alaben iritziak, iraganeko oroitzapenak, interes faltak, bortizkeriak, espazio egokirik ez edukitzeak, beste etapa batean egoteak, bikotekide ezak, nekeak edo sentitzeak zure bikotekideak ez zaituela nahikorik baloratzen?».


Galdera «sinpleetatik» (Heterosexuala zara? Lesbiana? Bisexuala? Besteren bat?) atoan jotzen du nahien arlora: «Bikotekide berria nahi zenuke? Gizonezkoa edo emakumea?».


Adin ertaineko emakumeek garai ezberdinak bizi izan dituzte sexualitatearekin: frankismoaren errepresioarekin hasi, 68ko ideia libertarioetatik pasa eta ondorengo destape iberikora. Dena bekatua zen garaitik pasatu ziren maitasun librera eta, azkenik, arau moralik gabeko garaira. Adinekoenak ama gazte-gazteak izan ziren; gazteenak, ordea, ama berantiarrak, profesionalak izateko presio ikaragarria pairatu baitzuten.


Sexua izan da frustrazioa eta aldarrikapena; inposaketa eta arma. Sexuaren potentzialitatea (ikus Audre Lorde) emakumeen garapenerako erabili ordez, berau suntsitzeko izan da erabilia. Eta orain inkesta batek galdetzen die: «zer gustatzen zaizu? Eta zer nahi zenuke probatu?». Ba al dago erantzunik dagoeneko?

No comments: